Seaskak Frantziako Gobernuaren jarrera salatu du

Frantziako Hezkuntzak bere hitza bete ez duela salatzeko mobilizazioa egin zuen Seaskak joan den otsailaren 11n. Ikasturte hasieran jakinarazi zuen Seaskak sei hilabeteko lanen ondoren Frantziako Hezkuntzarekin akordioa lortu zuela. Frantziako Hezkuntza akordioa berrestearen zain zeudela esan zuen orduan Paxkal Indo Seaskako presidenteak, baina Akademia Ikuskaritzaren bidez, Frantziako Gobernuak ukatu egin zuen, gerora, akordioa lortu zutenik. Negozioazioak iazko urtarriletik ekainera bitartean izan zituzten, lau punturen inguruan ados jartzeko. Horien artean nagusia, irakasle postu kopurua kalkulatzeko irizpideetan ados jartzea zen.
Seaskak gero eta irakasle gehiago ditu baina Frantziako Hezkuntzak ez dizkio behar adina baliabide ematen. Aurten 200 ikasle gehiago ditu Sesakak, baina bere gain hartu behar izan ditu 14 lanpostu eta erdi, hau da, 300.000 euro. Bestalde, datorren ikasturtean ikastola berriak ireki nahi dituzte Bidarten eta Itsasun, eta 2010. urtean Lekuinen beste ikastola bat irekitzea aztertzen ari dira.
Baina pauso horiek emateko, akordioaren beharra dute, eta Frantziako Hezkuntzaren izenean diharduten ordezkariak “joko maltzurrean” dabiltzala uste dute ikastolek.
Murgiltze ereduarekin kezkatuta
Frantziako Gobernuak irakasle izateko eskakizunak gogortu nahi ditu eta horrek kezka piztu du hizkuntza gutxituetan diharduten murgiltze ereduetan. Bretainia, Alsazia, Katalunia, Okzitania eta Euskal Herriko ordezkariek agiri bateratua helarazi diote gobernuari, aldaketak guztiengan izango duen eragina salatzeko.
“Zuei esker 10 urte, zuekin behar bezainbeste”
Seaskaren Integrazio Batzordeak kanpaina abiatu du eta orain arte bezala, aurrera begira ere, adimen urriko haurrak eskolaratzeko “berme bakarra elkartasuna dela” azpimarratu dute. Hamar urteko ibilbidea ospatzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte.