Hezkidetzaz. Berdintasunerako jolastokia. Hezkidetzaren eta espazioaren gaineko baliabideen gida

2005ean “Berdintasunerako jolastokia. Hezkidetzaren eta espazioaren gaineko baliabideen gida” argitaratu zuen Hernaniko udalak. Udalak antolatutako hezkidetza programa baten barruan ikerketa bat egin genuen eta horren emaitzak gida horretan plazaratzea erabaki zuen. Gidaren helburua, jolastokiaren berdintasunezko erabilera ahalbidetzeko zenbait idea eskaintzea da.
Neurri praktiko eta sinple batzuk garatu ditugu gida horretan. Neurrion xedeak hauek dira:
- Genero estereotipoak jarraitzen ez dituzten espazioen erabilera bultzatzea.
- Nesken eta mutilen arteko elkarrekintza-mota aldatzea.
- Neskak kanpoko espazioak erabiltzera animatzea, baita ariketa fisiko gehiago egitera, haien gustukoak diren jarduerak bultzatuz.
- Espazioaren erabilera baldintzatzen duten hierarkiak apurtzea.
- Neskek erabiltzen dituzten espazioei nortasun eta garrantzi handiagoa ematea.
- Mutilentzako kirol eta lehia-jolasen aurrean beste aukera batzuk ematea.
- Espazioen dibertsifikazioa bultzatzea.
- Espazioak erraz eraldatzeko bitartekoak ipintzea.
1. Neurri orokorrak
A. Egoeraren diagnostikoa egitea. Neskek eta mutilek espazioaz berdin gozatzea zailtzen dituzten elementuak aurkitzea.
B. Ikasleen, irakasleen eta familien parte-hartzea bultzatzea. Horrela, espazioaren erabilera sexistez jabetuko dira eta hobetzeko proposamenak errazago onartuko dituzte.
2. Espazioaren diseinua
A. Kirol-ekintzetarako espazio gutxiago erabiltzea. Kanpoko espazio gehienak kirolerako prestatuak daude,  pertsona gutxi batzuk soilik erabil ditzakete aldi berean, eta gainerako ikasleek (gehienez, txikiak eta neskak) geratzen den espazioa baino ezin dute erabili. Kirol-espazioak, gainera, mugaturik dauden bakarrak dira, eta ekintza jakin baterako prestatuak. Jolastokiak neutroak, irekiak eta balioaniztunak izatea gomendatzen dugu.
B. Kirolerako ez diren kanpo-espazio alternatiboak egokitzea. Interesagarria izango litzateke askotariko taldeak gustura ibiltzeko eremu anitza sortzea.
D. Espazio estali gehiago egokitzea. Espazio horiek hainbat jardueratarako prestatu beharko lirateke edo erraz moldatzeko modukoak izan beharko lukete.
E. Barruan hainbat eremu eta eremu bereiziak sortzea. Aisialdia barne-espazioetan ere ematen da, eta, horregatik, funtsezkoa da hainbat jardueratarako lekuak egokitzea.
F. Espazioa jarduera anitzetarako erabiltzeko material mugikorrak jartzea.
G. Espazio atseginagoak sortzea. Espazio arrotz batek jarrera arrotzak bultzatzen ditu. Espazioa banatzen duten hesiak eta hormak edo giro gogor eta arrotza sortzen duten elementuak kentzea komeni da. Leku atseginak sortu behar ditugu.
3. Espazioaren erabilera
A. Espazioaren erabilera arautzea, ordutegi batzuen arabera: Helduek eta mutilek haien gogoa ezartzen dute besteen gainetik. Hori, ordutegia antolatuta konpon daiteke sexu eta adin guztiei aukera bertsuak emanez.
B. Nesken espazio eta jarduerak balioestea. Onartu eta balioesteaz gain, nesken jarduerak denentzako interesgarriak diren ekintza gisa onartu behar dira; izan ere, jarduera horietako askok neska zein mutilentzat interesgarriak diren gaitasunak lantzen dituzte.
D. Lehiakorrak ez diren jolasak, jolas mistoak eta lankidetzarako jolasak ezartzea. Espazioa beste era batera erabiltzeko, jarduera berriak sartu behar dira, adibidez, lehiakorrak ez diren jolasak eta neskek eta mutilek batera burutu ditzaketenak. Era berean, beharrezkoa da modu naturalean burutzen dituzten ekintza mistoak behatzea eta indartzea.
E. Azpiegitura eta espazio handiak behar ez dituzten kirol-jolas erraz gehiago sartzea: Jolas arruntak sar daitezke, adibidez: pala, badmintona, goma, soka eta beste asko. Mota horretako jolasek neskek (eta mutilek) kirol ekintzak burutzea bultzatuko lukete.
F. Talde mistoen (adina eta sexua) jarduerak. Sexuan eta adinean oinarritzen diren taldeek banaketa eta hierarkiak bultzatzen dituzte. Hainbat sexu eta adineko ikasleen arteak loturak sortu behar dira.
G. Talde txiki mistoetan egiteko ekintzak. Talde handiek ekintza hierarkikoak edo aurkakotasun ekintzak errazten dituzte, talde barruan aliantzak eta kategoriak ezartzen dituztelako. Komenigarria da talde txikiekin ekintzak antolatzea.
H. Ikasleek haien arteko aldeen inguruan hausnartzea. Espazioaren erabileraren inguruko jarrera aldaketa eragin edo indartu daiteke egoera ezagutzea bultzatuz.
I. Pertsona dinamizatzailea gehitzea. Dinamizatzailea pertsona giltzarria da, bereziki espazioen erabileraren aldaketa-prozesu baten hasieran, joera betiko ohiturak iraunaraztea delako.