La Anunciata ikastetxea, Donostia: Natura ezagutzeko hamaika proiektu

Ingurumenarekin lotura dute La Anunciata ikastetxeko ikasleek lantzen dituzten ikerketa proiektu guztiek. Donostiako ikastetxea bada ere, Pasaiatik oso gertu kokatua dago, eta Oarsoaldean egiten dituzte azterketak. Horietako asko ura aztertzeko lanak dira; Jaizkibel, Ulia eta San Markos mendietako iturriak aztertu dituzte, Lezoko erreka bateko parametro fisikoak eta kimikoak, eta Molinao errekan parametro biologikoak ere aztertu dituzte, mikroorganismoen azterketaren bidez. Guztira, Pasaiako hamar erreka aztertu dituzte. Eusko Jaurlaritzak antolatutako ‘Ibaialde’ proiektuaren bidez, bestalde, bi ibai ikertu dituzte: Oiartzun ibaia eta Molinao ibaia. Eta ‘Azterkosta’ programa ere lantzen dute.
Baina, bada gehiago ere. Juan Carlos Lizarazu irakasleak esan digunez, Irunen beste proiektu bat egin zuten: Plaiaundin, landareen gainean. Parke ekologiko horretan zer zuhaitz mota dauden aztertu zuten ikasleek, eta gida dikotomikoa osatu zuten hainbat landare mota sailkatzeko; horrekin batera, ibilbidea zehaztu zuten, parkeko landare guztiak ikusteko.
Beste proiektuetako bat sagardoaren gainekoa izan zen; sagardoa nondik datorren aztertu zuten, eta nola hasi ziren egiten, zer makineria dagoen, nola garatu den… Eta sagarretik ateratzen den muztioa sagardo bihurtzeko prozesuan parte hartzen duten onddoak ere aztertu zituzten.
Ikerketa lanak egin ondoren, ikasleek hiru joko sortu dituzte; bata zuhaitzei buruzkoa da, txikientzat batez ere; beste bat, ibaiaren gainekoa da, eta hainbat atal ditu: kirolak, animaliak, landareak… Eta energiari buruzko jolasa ere badute, monopoliren antzekoa; Energipoli izena jarri diote, eta energiarekin lotutako galderak erantzun behar dira. Diruarekin jolasten da, eta beraz, matematika lantzeko balio du.
Ikasleak ikerlari, baita asteburuetan ere
DBHko 3. mailan hasten dira ikasleak ‘Ibaialde’ proiektua lantzen, baina, batez ere, ondoren, Batxilergoko 1. mailan, aritzen dira proiektu horietan lanean. Maila horretan, ikasturtean zehar, euren kabuz egin behar dute ikerketa, eta nahi izanez gero, Batxilergoko 2. mailan jarrai dezakete ikerketarekin. Ikasle asko gustura daude esperientziarekin, eta eskola amaitu arte jarraitzen dute ikerketa munduan sartuta. “Ikasle batzuk boluntarioak dira, eta, letretan egon arren, gustuko dute ikerketaren mundua, eta gustura aritzen dira lan horiek egiten”, esan digu Lizarazuk. Horrelakoetan, eskola-orduz kanpo aritzen dira lanean, arratsaldeetan edo asteburuetan.
Proiektuek ikasturte osoan zehar irauten dute, Lizarazuk esan digunez: “Batxilergoko 1. mailan ikerketa bat nola egiten den azaltzen diet. Ikasleek gaiak proposatzen dituzte, eta egingarria den ala ez ikusten dugu. Ingeniaritza genetikoaren gaineko proiektua egin nahi dutela esaten badute, ezinezkoa dela esaten diet, eta, horretarako, unibertsitatera joan behar dutela. Batzuetan nik ematen dizkiet gaiak, eta haiek aukeratzen dituzte”.
Irakaslea eta ikasleak, guztiak daude gustura egindako lanarekin, eta datozen ikasturteetan bide beretik jarraitzeko asmoa dute. 
Haizea Larunbe. Ikaslea.
Haizea Larunbek “Gure eskualdeko iturburuak” izeneko lana egin du ikaskide batzuekin batera. Jaizkibel, Ulia eta San Markos mendietara igo dira han dauden iturriak ikusteko eta horien egoera nolakoa den aztertzeko. Atera duten ondorio nagusia hau da: ez daude iturburu asko, eta ur asko galtzen da dagoen sistema ez delako egokia, eta ura etengabe isurtzen delako. Asteburuetan egiten zituzten lana egiteko irteerak; igande goizetan mendira joaten ziren, eta, ondoren, laborategiko frogak ikastetxean egiten zituzten. 
Nola topatu zenituzten iturriak?
Mendiko bideetatik joaten ginen, eta topatu egiten genituen. Horrekin batera, mendiko mapak hartu genituen, eta iturburuak kokatzen joan ginen.
Aztertutako guztia paperean jaso duzue. Zer pauso eman dituzue lana osatzeko eta antolatzeko?
Lehenik, erabilitako metodologiaren azalpena egin genuen. Gipuzkoako uraren egoera nolakoa den azaldu genuen; eta urtegiek ur asko dutela ikusi genuen. Uraren kalitateak nolakoa izan behar duen zehaztu genuen, eta, ondoren, iturriak eta horien ingurunea nolakoak diren, emariek duten kokapena, pertsonak sar daitezkeen edo ez… horrelako datuak bildu genituen. Gero, uraren frogak egin genituen: ph-a, nitritoak, nitratoak… Frogak han bertan egiten genituen, eta, ondoren, eskolan errepikatzen genituen, batez bestekoak ateratzeko.
Zenbat denbora eman duzue lanean?
Ia urte osoa behar izan dugu, baina alde teorikoa eta praktikoa landu ditugu, eta oso interesgarria izan da.