Makina Erremintaren Institutua, Elgoibar: EJE proiektua. Enpresak sortuz ikasteko aukera

Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuko Erdi Mailako Heziketa Zikloko ikasleak ari dira esperientzia aurrera eramaten, Iñaki Ugalde irakaslearen laguntzaz. Duela bi urte, ikasketaburuak ikasgai berri bat eman behar zutela esan zien Iñakiri eta beste lankide bati: Enpresa txikien eta enpresa ertainen administrazioa eta kudeaketa. Ikasgaia zaila da, eta arintzeko, betiko metodoa hautsi beharra ikusi zuten, Iñakik esan digunez: “Lan egiteko betiko modua aldatu behar genuela ikusi genuen. Eskolak betiko moduan ematen direnean, irakasleak eskola ematen du, ikasleak erdi lo egoten dira eta parte hartzea oso baxua izaten da. Horrelakoetan, irakaslea eta ikasleak aspertu egiten dira”. Eta gauzak aldatzeko asmoz, EJE proiektuari buruzko ikastaroa egin zuten Iñakik eta lankideak. EJE, proiektuetan oinarritutako metodo pedagogikoa da; interesgarria iruditu zitzaien, eta ikasgelan aplikatzea erabaki zuten.
EJE proiektuak egiazko enpresa bat sortzea du helburu. Finantzazio iturriak egiazkoak dira, ikasleek banketxera joan behar dute kreditu bat eskatzera, enpresa gidatu behar dute… Normalean kooperatiba bat sortzen dute, Iñakik bidea zehazten die eta ikasleek erabakitzen dute zer pauso emango dituzten.
Eginkizun-aldaketa prozesua
EJE proiektuan, irakaslearen funtzioa eta eskolak erabat aldatzen dira. “Aplikatuko genuena metodo berritzailea izango zela esan nien, eta eginkizun-aldaketaren prozesu horretan haiek ere parte hartuko zutela, prozesua dinamikoa izango zela”, esan digu Iñakik. “Unitate didaktiko guztiak ez emateari beldurra dioten irakasleak badira, baina hemen ez da halakorik gertatzen. Azkenean, beste era batera, baina teoria guztia ematen dugu, prozesuak aurrera egin ahala ikasleek beharrezko dutelako. Haiek egiten dizkidaten galderek teoria azaltzeko aukera ematen didate, eta horrek jarrera aldaketa dakar, behar dutena haiek eskatzen dutelako”, jarraitu du Iñakik. Autogestionatutako taldeak dira, eta irakasleak gidari lana egiten du. Ikasleren batek arazorik baldin badu, denei ematen die azalpena, noizbait egoera horretan egonez gero, arazoa konpontzen jakin dezaten. “Nik, ikasgelan, dagokidan ardura nire gain hartzen dut, baina nabarmendu gabe. Eska diezadatela laguntza behar dutenean. Ez diet ezer inposatzen, prozesu horretan bitartekaria naiz, orientatzailea, eta behar duten informazioa jasotzera nora jo behar duten esaten diet. Espazio berriak sortzen ditugu, pentsatzeko denbora hartzen dugu, eta eguraldi ona egiten badu, ikasgelan egon beharrean kalera ateratzen gara. Lana bera da, baina gusturago daude”, jarraitu du Iñakik. Irakaslea taldekide bat gehiago da, eta horrek asko aldatzen du ikasgelako giroa.
Egiazko enpresa bat sortzeak beldurra eman zien hasieran ikasleei, ez baitzuten beren burua enpresa bat gidatzeko prest ikusten. Baina, pixkanaka, beldur hori desagertzen joan zen eta eskola orduak iristeko gogoa areagotu  egin zen. Motibatu egiten dira, eta enpresa nola doan jakiteko irrikaz egoten dira.
Hasieran ez zuten konfiantza handirik elkarlanean hasteko, Iñakik esan digunez: “Inork ez die inoiz gaitasun guztiak lantzen utzi. Betiko sistema ezagutu dute: ikasgelara joan, irakasleari entzun eta kito. Baina, orain, euren lana balioesten dute, eta proiektua aurrera aterako dutela sinesten dudala ikusten dute”. Ikasleek beren gain hartzen dute proiektuaren ardura guztia, irakasleak proiektuaren atzean dagoen ardura baino ez du hartzen. Norberak dituen gaitasunen eta zaletasunen arabera banatzen dituzte eginkizunak, elkarren artean ados jartzen dira eta ardurak betetzen dituzte; izan ere, batek huts eginez gero, talde osoak jasaten ditu horren ondorioak. Eta, gainera, denak inplikatzen dira denen lanean, eta talde-lanak garrantzi handia hartzen du. “Elkarri laguntza eskaintzen diote une oro, ezin dute inor baztertu. Konpromiso jakina eta helburu jakina dituen lan-taldeak badaki zer egin behar duen. Prozesuaren emaitzak beren gain hartzen dituzte, eta garrantzi handia du horrek. Enpresa ongi edo gaizki badoa, arduradunak haiek dira. Nik bitartekoak eta laguntza eskaintzen dizkiet, baina enpresak porrot egiten badu, ardura haiena besterik ez da, eta hori onartzen dute. Talde lanean aritzeak dituen zailtasunak ezagutzen dituzte, eta elkarri ardurak eskatzen dizkiote”, esan digu Iñakik. Komunikazioak, beraz, garrantzi handia du prozesu guztian.
Ikasleak talde-lanaren garrantziaz jabetu dira, haietako batek esan duenez: “Talde lana egiterakoan, askotan, norberak etxean egiten zuen zegokion zatia eta, ondoren, dena grapatu eta irakasleari entregatzen genion. Nik ere hori egiten nuen, baina orain ikusi dut benetan talde lana zer den. Egunero zure lankideak jasatea zer den ere, ez dut jakin orain arte”. Elkarrenganako errespetua izatea izan da zailtasun handienetako bat ikasleek diotenez, eta aurreiritziak alde batera utzi behar izan dituzte lana egiteko. Denek egin behar dute ahalegina enpresa ongi joan dadin, izan ere, norbaitek egin beharrekoa egiten ez badu, gainerakoen lana ere oztopatu egingo du. Esaterako, produktuak jaso behar dituenak jasotzen ez baditu, garraiolariak ezingo ditu bidali, produkturik ez dagoelako. Beraz, elkarri laguntzen diote, arazoak gainditzeko eta proiektua aurrera eramateko.
“Berrikuntza eta ikaskuntza bultzatu nahi ditugu. Ikasleek gauza berriak egin daitezkeela ikusi dute; ikasgelan beste era batera egin daitekeela lan. Ekintzaile izaten ikasi dute, euren ekarpenak egiten. Talde kohesioaren garrantziaz ere jabetu dira. Arazo askori egin behar izan diete aurre, eta erabakiak denen artean hartzen ikasi dute. Beraz, ikasgelako ereduak aldatu behar ditugu. Komunikazioa eta lan kooperatiboa beharrezkoak dira, norberak ondokoari lagundu behar dio  helburu nagusia lortzeko, eta elkarlananean aritzen dira. Enpresan, lanpostu guztiek duten garrantzia ikusten dute, eta lidergoaren kontzeptua lantzen dute; norberak bere lan esparruko lider sentitu behar du”, esan du Iñakik.
Erronka nagusia proiektuaren garapena helburu bilakatzea da, eta, helburua, proiektuaren garapenaren atzean dauden pertsonak dira. Proiektua amaitu edo ez, horrek ez du garrantzirik, berdin du enpresa ongi edo gaizki joan den. Bizi izandako guztia da garrantzitsua, egindako lana. Ikasleak lanerako era praktikoan prestatzen dituzte, eta bertan topatuko dituzten gorabeherak ahalik eta erarik egiazkoenean aurkezten dizkiete. Ikasleek diote, lanerako asko ikasi duten arren, batez ere pertsona gisa ikasi dutela.