131:Ajeak astindu ezinik ikasturte berrian

Zabaldu da atea. Euskal Herrian milaka ikasleri eskola barrura sartzeko tenorea heldu zaie.
Ibilbide berri bat hasiko dugu denok, 2008-2009koa, hain zuzen. Ibilbide berri horretako helburuak, gutxi gorabehera, finkatuak dauzkagu hezkuntza komunitatea osatzen dugun kideok.
Ezin esan, hala ere, aurreko ikasturteko ajeak atzean utzi ahal izan ditugunik: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan behar baino irakasle gutxiagorekin hasi dira, geletan ikasleak pilatu behar izan dituztelarik; Nafarroa Garaian, eleaniztasuna lortzeko hizkuntza eredu bakarraren interpretazio murrizgarriarekin abiatu dira, gaztelania-ingelesa eta euskara-ingelesa ereduen artean hautatu beharko dutelarik; eta, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, berriz, besteen artean, EAEko Lege-biltzarrerako hauteskundeen ondorengo itunek Hezkuntza Sailaren norabidea eta orain arteko politika alda dezakete.
Bestalde, bi urte beteko dira Oinarrizko Hezkuntza Akordioa sinatu zenetik. Orduan, testu hark horrela esaten zuen: “Akordioak eztabaidarako abiapuntu izan nahi du. Molde zaharrak apurtu, aurrera begira jarri, eta Euskal Herriaren hezkuntza bere herritarren beharretara egokitzea du xede. Egungo zatiketa sozialaren arriskuak gainditu (bi sare, heziketa eta aukera desberdinak…), hezkuntzaren dualizazioari neurria hartu eta biztanleen herri identitatea eta kohesioa lortu nahi du”.
Gaurkotasun handiko asmoak, edonola ere, hezkuntza komunitatearen baitan konpondu gabeko auzien seinale. Egun mahai gainean ditugun hainbat gatazken eta hutsuneen gakoak ulertzeko baliagarria izan litezkeenak, gainera.
Etxe honetan,  hamar urte egingo ditugu ikastaroak eta jardunaldiak antolatzen, euskaraz. Urte hauetan, 9 topaketetan eta 8 jardunaldietan, 241 ikastaro antolatu eta 6.500 jende prestatu ditugu euskaraz, bada zerbait!
Testuliburuak, ordenagailuak eta koadernoak estreinatu diren egun hauetan, arkatzak zorrotz eta liburuak azaleztatu berriak dauden honetan, begira diezaiegun zabaldu berri dugun ate horretatik sartu den haurrari eta gazteari.
Beharbada, haien begietan gutaz nahiko luketena edo behar luketena ikusten ikasiko bagenu, hezkuntzan dituzten eskubideen inguruan hausnartuko bagenu, eta horiek lehenetsiko bagenitu, gaur egun askatzeko hain zailak diruditen korapiloak ez lirateke hain estuak izango.
Euskal Hezkuntzaren gurpila beste bira bat osatzera abiatu da. Izan beza bira ardatza Euskal Herriko ikasleek dituzten hezkuntza eskubideak eta Euskal Herriak, herri gisa, dituen eskubideak. Ikasturte berri on guztioi!