Marrazten ikasi garunaren eskuineko aldearekin

Kirola zen nire bizitza, eta kirolari begira bizi nintzen. Gorputz ariketa, behaketa eta lanketa fisikoa bizitzeko beste modu bat da, margotzea edo gustuko duzun edozein jarduera izan daitekeen bezala. Margotzea, konparaketarekin jarraituz, kirola modu profesionalean edo formalean egitearen aurkakoa da. Marraztean, dena ahazten dut eta  nire gorputza dudanaren kontzienzia joango balitzait bezala sentitzen naiz. Lehen egiten nuenaren aurkakoa, hain zuzen ere.  Zenbat denbora pasa ote dut gorputzak ikusten? Gorputzak lantzen? Lana barrutik eta dedikazio osoz egiten denean, onura asko jasotzen dira, baina gainbehera datorrenean, kolpeak ere tamainakoak izaten dira. Nire bizitzan aldaketarako garaia etorri zen, eta margotzeak bizitzeko bide berriak ireki zizkidan.
Eskultore baten lanak interesatu zitzaizkidan lehendabizi, haren pasioa ikusi nuen eta ezin nuen sinetsi; hark sentitzen zuen gauza bera sentitu nahi nuen. Margotzen hainbeste disfrutatzen zela ikusita, hori sentitzeko gogoa piztu zitzaidan. Nire gorputza oso ongi ezagutzen nuen eta besteena ere bai; kirolak eman dit hori. Eta, koadroekin ere, argazkiekin egiten nuen gauza bera egiten hasi nintzen, hurrengo egunean margo paleta bat erosita. Behatzeko gaitasuna da, finean, margotzea. Jendeak hainbat gaitasun ditu eta behatzeko ere, batzuek besteek baino gaitasun handiagoa dute, baina ikas daiteke, eta garatu ere bai.
Margotzea, adieraztea da, baina errealitatea norberaren ikuspuntutik filtratuta,  eta norberak nahi duen modura espresatu behar luke. Gauzak, hainbat eratara ikusten eta adierazten ditugu denok, eta horrela izan behar du gainera, baina norberaren ikuspegia bakarra dela, eta zeinen garrantzitsua den, horretaz kontziente al gara? Gizabanakoaren aberastasun indartsuaz ari naiz.
Garrantzitsua da, irakasleak gaitasunak izatea, ondoren ikasleei transmititzeko. Irakasleak ikusten badaki, behatzen badaki, ikusten eta behatzen irakatsiko du. Ezinezkoa da margolari ona izatea gauzak diren moduan adierazten jakin gabe. Bizitza aurreiritzirik gabe, epaitu gabe ikusteko gaitasuna edukitzea, eguneroko bizitzan jokatzeko eraren edo bizimoduaren adierazle da. Errespetu eta tolerantzia jarrera lantzen da. Errealitatea den bezala, objektiboki, adierazteko gai dena edozer gauza egiteko gai dela iruditzen zait.
Behatzen jakitea gaur egungo gizakiaren oinarrizko gaitasuna dela uste dut, eta ez dakit ikastetxeetan hori bermatzen den, biderketak egiten ikastea bermatzen den moduan. Idazten jakitea bezain garrantzitsua izan beharko luke artistikoki adierazten jakiteak. Ikasleek ezin dute ikastetxetik atera begiratzen ikasi gabe. Bizitzan, oinarrizkoa da. Gaur egun beste arlo batzuei garrantzi gehiegi ematen zaie eta ez dago lanak baloratzeko ez irizpiderik, ez ardatzik. Arituz, ikasi, konpartitu eta bidea irekitzen da.