Wikiak eta webquestak irakaskuntzan

Teknologia berriek ekar diezazkiguketen onurez asko hitz egin bada ere, zenbaitetan zalantzan jartzeko, ez dago dudarik ezinbesteko bihurtu direla egun bizitzaren alor guztietan. Irakaskuntzan ere horrela izan da; izan ere, teknologia berri horiek ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan laguntzeko ate ugari zabaltzeaz gain, baliabide interesgarriak ipini baitituzte gure eskura. Alde batetik, erabilerrazak diren eta instalaziorik behar ez duten tresnei buruz ari gara; bestetik, hori baino garrantzitsuagoa den ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ulertzeko modu berri batez. Tresna eta filosofia berri horiek ikasleen partaidetza, autonomia eta elkarreragina modu erakargarrian eta dohainik susta dezakete eta, irakasleoi dagokigunez, multimedia baliabideez osatutako jarduerak diseinatzeko baliagarriak gerta dakizkiguke, sarri ikasleen motibazioa pizten lagunduz.
Gauzak horrela, ikastaroaren helburu nagusia sareak eskaintzen dizkigun erreminta horietatik bi, sakonki eta praktikoki ezagutzea izango da: wikiak eta webquestak.
Wikiak, ezaugarri bereziko webguneak dira. Gune horietan hainbat erabiltzailek orrialdeak sor, edita, ezaba eta eralda ditzakete, aldi berean zein une desberdinetan arituz. Aipatutako izaera berezi horrek, batik bat, lankidetzan aritzeko eta elkarlanean idazteko tresna ezin hobe bihurtzen ditu. Prozesu osoan zehar egindako aldaketa guztiak gordeta gelditzen dira eta nork eta noiz egin dituen ere, ikus daiteke. Wikipedia da wiki baten adibiderik ezagunena.
Webquestak, ikerketara zuzenduriko jarduerak prestatzeko diseinatutako webguneak dira. Erabiltzen eta kudeatzen den informazio guztia edo ia guztia saretik dator eta, konstruktibismoaren ildotik, ikasleak aztertu, sintetizatu eta ebaluatzera bultzatzen ditu, besteak beste. Irakasleek diseinaturiko jarduera horrek ikasleak aktiboki parte hartzea du helburu, baita lankidetza-ikaskuntza, nahiz denborari etekin handiagoa ateratzea ahalbidetzea ere. Ikasleak ordenagailu aurrean, nora ezean, informazio bila jartzea ohikoa izaten da, bilaketa prozesuari denbora gehiago eskainiz, informazioaren tratamenduari eta eraldatzeari baino. Bada, ongi egituratutako webquesta azken horren atzetik joango da. Webquestek hainbat atal dituzte, eta atal bakoitzak jardueraren helburua, nondik norakoa eta balorazioa argi zehazteko aukera ematen du, irakaslearen hausnarketa sakona eskatuz: ikasleak lanean jarri aurretik, alde batetik; eta, bestetik, ikasleari jarraibide zehatz eta argiak emanez.
Wikiak eta Webquestak zertarako erabil daitezkeen aztertuko dugu, abian dauden esperientziak ezagutuko ditugu, adibide ugari ikusiko ditugu eta, batez ere, tresna horiek sortzen, kudeatzen eta multimedia baliabideez aberasten ikasiko dugu. Ikastaroaren amaierarako partaide guztiek webquest eta wiki bana sortuko dituzte, eta horietan, irudiak, audioak eta bideoak txertatuko dituzte.
Ikastaroaren helburua wikiak eta webquestak sortzen eta kudeatzen ikastea izanik, beronen izaera, batik bat, praktikoa izango da, nahiz eta erreminta horien oinarri pedagogikoak ere, aipatu eta azalduko diren.