Waldorf pedagogia

Udako Topaketetarako proposatutako ikastaroaren bidez lortu nahi dudan helburu nagusia, Waldorf Pedagogiaren sorrerarantz eramango gaituen ibilbidea eskaintzea da, elkarrekin egin dezagun, horren paisaiak eskaintzen dizkigun ñabarduretaz gozatuz. Beraz, guretzat ibilbidearen helmuga izango den Waldorf Pedagogiara iritsi baino lehenago, eta horrek eskainitako edertasunaz modu egokiagoan disfrutatzea ahalbidetzeko, ibilbidea zenbait etapatan banatuko dugu, horietako bakoitzean, geldiunea egiteko eta ikusitakoari buruzko hausnarketa eta eztabaida sortzeko aukera edukiz.
Ibilbidearen helmuga aipatu dudanez, garrantzitsua iruditzen zait ibilbidearen jatorriari ere erreferentzia egitea: Waldorf Pedagogiak, aztergai izango diren beste erreferente nagusi batzuen modura, hezkuntza berrikuntzaren beharra aldarrikatu zuen, horri benetan esanahia emateko urratsak ezarriz. Kronologikoki, ibilbidearen jatorria XIX. mende bukaeran, eta batez ere, XX. mende hasieran kokatuko dugu, orduan hasi baitziren indarra hartzen hezkuntza beste ikuspegi batetik aztertzeko beharra azpimarratzen zuten mugimenduak. Ordura arte Eskola Tradizionalaren irakaskuntza eredua nagusitzen zen, baina berrikuntzaren beharra aldarrikatzen zutenen ikuspegitik, hezkuntza eredu batek bestelako konfigurazioa erakutsi behar zuen. Eskola Berriaren mugimenduak eskaini zituen konfigurazio horren ardatz nagusiak: horien guztien artean paidozentrismoa da azpimarragarriena. Hezkuntza prozesuan haurrari benetako protagonismoa eman behar zaiola aldarrikatzen du, haur eta pertsona moduan dituen interesen ara-bera lan eginez. Eskola Berriarekin lotuta, beste ikuspegi batzuk azpimarratzea ere oso erakargarria izango zaigulakoan nago, hala nola Neill eta Summerhill-eko Eskola, batez ere, askatasunaren inguruko planteamendua garatuko duena.
Ardatz horiek izango dira gure ibilbidearen etapa batzuen adibidea, horietan zehar garatutako hausnarketak eta eztabaidak, ibilbidearen helmuga izango den Waldorf Pedagogia, askoz modu esanguratsuagoan aztertzea ahalbideratuko digute. Hezkuntza berrikuntza beharra aipatu dugu, eta Waldorf Pedagogiak eskainitako planteamendua erabat txertatuko da hori lortzeko saiakeran; hezkuntza askatasun indibidualarekiko garapen moduan kontsideratu nahi du: “Gure helburu nagusia, euren kabuz beren bizitzei helburuak jartzeko eta norabidea emateko gai izango diren gizabanako libreak heztea izan behar da”. R. Steiner.
Horiek dira, beraz, proposatutako ibilbideari buruzko azalpen batzuk, baina paisaiaz benetan gozatzeko, ibiltzeari ekitea besterik ez zaigu geratzen.