Euskara, euskaldunak eta euskal zibilizazioa: Euskal curriculum baterako materialak

Gaur egun badakigu inkontziente kolektiboa existitzen dela, eta, zenbait ikerketa zientifikoren bidez, hainbat gauza inkontzientetik kontzientera edo kontzientetik inkontzientera pasa daitezkeela frogatu da. Populazioen genetikaren inguruko ikerketek laguntza handia eskaini dute azken urteetan, eta horiek, zer garen eta horrelakoak zergatik garen jakiteko informazio zabala eskaini digute. Herri batek, urte askotan zehar, asimilazio-prozesua jasaten duenean, haren energia murriztu egiten da eta zenbait alderdi higatuz joaten dira erabiltzen ez direlako; azkenean, ahaztu egiten dira eta inkontzientera pasatzen dira. Inkontziente horrek, dena den, kolektibitatean irauten du (adibidez, hizkuntzak bizirik irauten badu, Euskal Herrian gertatzen den moduan), eta hori erreal bilakatzen da euskal jendeak bere burua munduan egoteko era (kultura) taldean dagoela ezagutzen duenean: toponimian, kantuetan, bertsolaritzan, jaietan, hizkuntzan, zenbaki-sistemak antolatzerakoan, koloreak izendatzerakoan, auzolanean, matriarkalismoan, mundu sinboliko panteista-naturalistan, eta abarretan. Elementu horiek guztiak antzinakoak dira, baina oraindik ere erabiltzen ditugu nahiz eta haien esangura sakona kontzienteki ezezaguna zaigun... Hori dela eta erabiltzen dugu inkontziente hitza. Elementu horiek guztiak gure kontzientera ekartzea, eta gure nortasunaren transmisioan berriro ere zirkulazioan jartzea da euskal antropologiak eta irakaskuntzak egin behar duten ezinbesteko lana, herri desberdindua izaten jarraitzeko.
Gure herria, jakina, modernotasunean txertaturik dago eta pentsatzeko era logiko arrazionalistaz blai eginda dago. Ilustratuak gara eta logika abstraktua menderatzen dugu. Baina gure arimaren beste aldean, beste logika mota bat, aspaldi-aspaldikoa dena, oraindik bizirik dago. Logika hori herri aborigenena da (Europako azken herri aborigena baita gurea) eta Lévi-Strauss antropologoak “konkretuaren logika” deitu zion. Konkretuaren logikaren arabera, mundua ulertzeko erabiltzen diren kategoriak kontzeptuak baino kontzepzioak dira. Alegia, irudi abstraktuak (konbentzionalak) izan baino, konkretuak eta sentimenduz beterik dauden kategoriak dira eta naturarekin harreman handia dute. Azken horrek inguruan ditugun beste kulturekiko guztiz ezberdin egiten gaitu.
Koloreei dagokienez, adibidez, euskaldunok espektro kromatikoa beste era batera antolatua izan dugu, eta egutegiari dagokionez, esaterako, ilargi-egutegia izan dugu oinarri denbora neurtzeko nahiz eta orain greko-erromatarrek ekarritakoarekin nahasturik dagoen. Goi Paleolito garaietatik (30.000 urtetik) informazio askok iraun du euskal kulturan eta Jose Migel Barandiaranek esaten zuenarekin bat egin behar dugu baieztapen honetan: Euskaldun Herria herri kontserbadorea da. Alegia, lehen genuena aldatu den arren, antzinakoa ez dugu guztiz baztertu, eta garatuz, geureari eutsi diogu.
Zailtasunak
Inkontziente kolektiboa izateak, talde batek bere burua subjektutzat onartzea dakar, eta, bereizte horrek irautea nahi duelako bere horretan jarraitzea, askotan, arazo politiko bihur daiteke. Beraz, erresistentzia asko topa ditzakegu gure herriaren inkontzientea kontziente bihurtzeko bidean. Izan ere, kontuan hartu behar dugu horrelako prozesu bat martxan jartzea psikoanalisi kolektiboaren prozesu batean murgiltzea bezalakoa dela. Eta horrekin batera geure burua ezagutzea, edota gure ondarea osatzen duten alderdi asko interpretatzen eta ulertzen hastea.
Mari aztertzea, adibidez, emakumeek Euskal Herrian izan duten garrantziaren adierazle da. Hori, gizarte matriarkalistarekin eta gizarte-sistema berdintzaileekin loturik dago, eta baita zuzenbide ez patriarkalista eta hiritartasunaren aurrean herritartasunaren aldeko sistemarekin ere. Bizia bi elementurekin lotzen zen: emakumearekin eta lurrarekin. Biek ematen dute bizia, eta biziaren sekretua azaltzeko emakumea da erreferentzia, unibertso sinbolikoa egituratzerakoan. Jainkoa emakume jaio zen gure artean. Gainera, Lurra osotasuna da eta dena dago harekin elkarloturik. Unibertso panteista batean bizi izan gara, beraz, eta euskaldunok milaka urtetan eraikitako mundu sinboliko horrek zerikusirik ez du gero greziar-erromatarrek ekarritako jainko ar, krudel eta zanpatzaileekin. Gainera, Lurra osotasuna izanda (gu ere) eta zati guztiak harekin elkarloturik izanik, jabetza pribatuaren printzipioa anakronismo hutsa zen. Lurrak komunalak ziren eta lanaren eta produkzioaren helburua ez zen etengabe garatzea, bizitzea baizik. Gaur egun logika horrekin biziko bagina, antikapitalista bihurtuko ginateke, ezinbestean. Era berean, denboraren kontzeptua ez zen lineala, zirkularra baizik, eta zirkulu hori oso ongi lotzen zen ilargi-zikloarekin.
Paleoantropologiak, paleohizkuntzalaritzak, hermeneutikak eta populazioen genetikak egindako azken ikerketek Euskal Herria Europako enborgune dute. Antropologiaren harribitxi baten aurrean gaudela diote munduko ikerlari ospetsuenek. Alabaina, arazo bat dago, eta hau da: informazio hori gutxi batzuek dute eskura, elitista da oso. Oso garrantzitsua litzateke, beraz, gure irakasleen artean ahalik eta gehien zabaltzea, haiek transmisio-lana egin dezaten, eta garrantzitsua izango litzateke baita ere, herritarren artean ezagutaraztea, gure herriaren autoestimua eta gure kulturarekiko arreta hobetzeko. Dena den jardunaldiotan, irakasleak estrategikoak direnaren mezua zabaldu behar da. Hezkuntza estrategikoa da eta inoiz baino garrantzi handiagoa eman behar diogula uste dugu. Hori dela eta, ikastaroaren bidez parte-hartzaileak trebatuko ditugu, ondoren, bakoitzak, bere kasa hemen ikasitakoa eta lortutako informazioa zabal dezan.
izango duena. Arazoa da, informazioa gutxi batzuen esku dagoela, elitista dela. Garrantzitsua da, ordea, ahalik eta gehien zabaltzea eta hezkuntzak horretan paper garrantzitsua joka dezake. Guztia kontziente egin eta zabaldu behar dugu, eta irakasleak estrategikoak dira lan hori egiteko. Bide horretan hezkuntza estrategikoa da, nahiz eta ibilbide pertsonalak ere berebiziko garrantzia duen. Hori dela eta, ikastaroaren bidez partehartzaileak trebatuko ditugu, ondoren, bakoitzak, bere kasa gaia azter dezan.