Hazitegi proiektua: 0-6 urteko haur eskolak

Hazitegi proiektua Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean hasi zen mamitzen. Eskola batek, haurraren garapen ahalik eta osasuntsuena eta egokiena bultzatzeko zer nolako ezaugarriak izan beharko lituzkeen definitzea izan dute helburu hasieratik, eta zenbait aldagaik haurren garapenean duten garrantzia eta eragina ikertzen hasi ziren. Hasieran, 0-3 urte bitarteko hezkuntza ikertu zuten, baina geroago, proiektua zabaltzea eta 6 urte bitarteko haurrak aintzat hartzea erabaki zuten. Ikerketa hutsean geratu gabe, hori guztia praktikara eraman nahi zuten eta gaur egun, proposamena lantzen ari dira, prest dutenean liburu moduan plazaratzeko. Alde batetik, marko teorikoa izango du, eta bestetik, arlo praktikoan, euren planteamendua haur eskoletan aplikatzeko proposamen zehatza egingo dute.
Eskainiko duten ikastaroaren helburua hori izango da hain zuzen ere; eskolen egoera aztertzea eta hobekuntzak egiten saiatzea, edo horretarako tresnak eskaintzea.
Eskola egokiak
Baina, zer beharko luke eskola batek haurren garapenarentzat egokia izateko? Bada, zenbait ezaugarri bete beharko lituzke: alde batetik, irakasleek haurren garapenarekiko eta beharrekiko sentikortasun handia erakutsi beharko lukete, eta hitz egiteko eta azalpenak egiteko unean, kontuan izan beharko lukete hori. Bestalde, garrantzitsua litzateke erritmo biologikoak errespetatzea (nola ulertzen diren, nola kudeatzen diren…), haurren beharrak asetzeko nolako espazioak dauden, eskolarako trantsizioa prestatzea…
Hazitegitik, haurrari bere interesen arabera mugitzen uztea garrantzitsua dela ikusten dute. “Haurrari naturak berak erakusten dio zein den bidea, hori frogatuta dago. Helburua, espazio, material eta jarduera anitzak proposatzea da, baina ezer inposatu gabe. Gure ustez testuingurua eta harremanen testuingurua zaindu behar ditugu, eta hori errespetatuta, gizaki bakoitza egoki garatuko dela uste dugu. Horretarako haurra begiratu behar dugu eta ez hainbeste geure eskemetara moldatuarazi”, esan digu Alex Barandiaranek.
Era berean, kontuan hartu behar dugu zer jarduera eta nola aurkezten dizkiegun; ez baita gauza bera fitxa bat edo esperimentatzeko zerbait eskaintzea. Garrantzitsuena, haurra espazio horretan seguru sentitzea da, era horretan ikerketa eta esplorazioa bultzatzeko.
Haurra seguru sentitzen bada, eta beldurrik ez badu, esploratu egingo du, baina zer esploratu eman behar diogu eta horrek aberatsa izan behar du. Agian, guztiek ez dute memento oro gauza bera esploratu nahi eta hori, helduak garapenerako jartzen dion oztopoa izan daiteke. Programazioa oso estua baldin bada, egoera blokea daiteke, haurrari bideak mozten zaizkio eta ondorioz, haurrak, jokabide ez egokiak har ditzake. Alexek esan digunez, denek une berean gauza bera egitearen ideia teorikoki eusterik ez dago. Autonomia bultzatzea, beraz, garrantzitsua da: “Inposaketaren bidez ez dugu autonomiarik edota garapen autonomorik sustatuko. Aniztasuna eskaintzean, bi gauza lortzen ditugu; alde batetik aniztasunari erantzutea, eta bestetik, autonomia garatzeko aukera”, esan digu Elena Lopez de Aranak. “Haur Hezkuntza esplorazio garaia da; ateak irekitzeko garaia. Muga bakarra helduok jar dezakeguna da, irakasleek edo gurasoek. Jarduerak, beti, orri batean marrazkiak egitea edo gometxekin ibiltzea baldin badira… Hori ez da esploratzea”, jarraitu du Alexek.
Irakasleei lan egiteko eran, zenbait aldaketa egin beharra ekarriko lieke horrek, baina Iñaki Larreak esan digunez, ez luke lan gehiago ekarriko: “Kontua da zenbat denbora ematen dugun, askotan, haur bat motibatua ez dagoelako. Motibatua ez dagoenez, aldamenekoari joka hasten da, edo jolasean hasten da, edo fitxa hartu eta bota egiten du, adibidez. Horrek ondorioak dakartza ikasgelako martxan, eta ildo horretatik, agian prestakuntza mailan edo antolaketa mailan lan gehiago izan daitekeena, inbertsio bat da, ondoren haurrek denborarik galtzen ez dutelako eta irakaslearen esku-hartzea errazten delako. Irakasle asko kexatu egiten dira, adibidez, beti joka dabilen ikasleren bat dutelako, baina zergatik galdetu behar da, ea zer egon daitekeen horren atzean”.
Egin beharreko aldaketak
Hori guztia aurrera eramateko beharrezkoa da espazio fisikoaren antolaketa egokia egitea. Hainbat eskoletan egindako ikerketetan ikasgelak maiz oso txikiak izaten direla ikusi dute Hazitegikoek eta lehen aldarrikapena hori da: esperimentatzeko edota mugitzeko aukera handiagoa eskainiko duten ikasgela handiagoak behar direla, alegia. Haurren beharretara egokitutako espazioak behar dira, ez helduen beharretara egokitutakoak. “Gure proposamena hiru dimentsiotako espazioak izatea da, haurrek 0-6 etapan mugitzeko aukera izan dezaten, alderdi psikomotorea lantzeko aukera areagotzeko. Era berean, hainbat egitura egotea proposatzen dugu, haurrak, libreki eta nahi badu, espazio hori esplora dezan. Gaur egun ez dago horrelakorik, agian ez delako horretan pentsatzen”, esan digu Alexek.
Era berean, kanpoko espazioak egokitu beharko lirateke, esploratzeko espazioak izan daitezen, naturarekin harremanetan egoteko modukoak: landareekin, hondarrarekin, animaliekin…
Beste proposamenetako bat ikasgelan hainbat adinetako haurrak elkartzea da, imitazioz ikasten dutelako eta haur nagusien aldetik, jokabide afiliatiboak sustatzen direlako. Elenak esan digunez, “horrek aukera ematen die rolak aldatzeko, txikiak direnak gerora eredu izango baitira. Taldea homogeneoa baldin bada, norberak duen roletik ateratzea zaila izaten da”. Eskola txikien erreferentzia badute, eta oso aberasgarria dela ikusi dute.
Aldarrikatzen duten beste gauzetako bat, gurasoen eta irakasleen arteko harremana bultzatzea  da, eta gurasoak eskolan presente egotea. Batzuetan muga espaziala dagoela dirudiela diote, eta bi espazioen artean koherentzia mantentzeko garrantzitsua litzatekeela esan digu Alexek: “Gurasoak geletan sartzea eta komunitatea bertan egotea proposatzen dugu. Eskola espazio itxia izaten da askotan; ikasleen eta irakasleen eremua, eta hori gainditzea garrantzitsua dela uste dugu”.
Baina, Hazitegikoek aztertu dituzten eskola gehienak, behintzat, nahiko urrun daude proposatzen duten eredutik. “Helduok jartzen ditugun mugez gain, administrazioak berak jartzen dituenak topatzen ditugu; ratioak, gelen tamaina…”, esan digu Iñakik. Eskoletara egindako bisitetan denetik ikusi dutela esan digute; oinarrizkotzat jotzen dituzten gauzarik ez dutenak, baina baita oso ongi dauden eskolak ere, esperimentazioari sekulako garrantzia ematen diotenak, lan handia egiten duten irakasleak…
Nolanahi ere, funtsezkoa da haurra begiratzeko moduaren inguruan pentsatzea, eta horri garrantzi berezia emango diote ikastaroan. Lan egiteko beste modu batzuk ere posible direla adieraztea edo hobetzeko ideia batzuk eskaintzea da helburua. Egiten ari direna zergatik egiten duten hausnartzea izango da lehendabiziko gauza, eta ondoren, gaur egun duten errealitatea hobetzeko zer egin dezaketen hausnartzea.