IZAGIRRE, Patxi: Haurrei heriotzaren aurrean minaren adierazpena normalizatzen erakutsi behar diegu

Heriotza eta suizidioa tabu diren gaiak izateak zaildu egiten du gai horien inguruko eztabaida eta hausnarketa. Nondik has gaitezke? Nola egin dezakegu planteamendu naturalagoa, eskolatik hasita?
Hezkuntzan, ikastetxeetan, normalean, heriotza gertatu denean sortzen da irakasleengan gela barruan zerbait egiteko beharra. Dena den, beste leku batzuetan ez dute ezer berezirik egiten, denborak egoera bere onera ekarriko duela pentsatzen dute, eta beste aldera begiratzen dute, edo besterik gabe, gertatu dena ukatu egiten dute. Nik uste dut irakasleak bi paper har ditzakeela: egokia, hau da, lagungarri bihurtzen denean eta minaren adierazpena (negarra, amorrua…) normalizatzeko erreferente bihurtzen denean,  edo desegokia; mina ukatzen duenean eta gertatutakoa ahaztu behar dela adierazten duenean. Nire ustez, azken hori, gerora begira arriskutsua izan daiteke. Haurrei heriotzaren aurrean minaren adierazpena normalizatzen erakutsi behar diegu.
Horrelako kasuak gertatzen direnean, irakasleen inpotentzia areagotu egiten da, eta pixkanaka konturatzen dira agian protokoloren bat izan behar dutela aurretik, kasuren bat emanez gero, nola jokatu behar duten jakiteko. Beti esaten dut, erdi brometan, ikastetxe guztietan dutela suteen aurrean zer egin behar duten azaltzen duen protokoloa, baina heriotzaren ingurukorik ez. Eta heriotza gehiago gertatzen dira suteak baino.
Aukera polita dago, bestalde, heriotzaren gaia curriculumean lantzeko, didaktikoki. Baina ez heriotza gertatu denean, baizik eta, aurretik, hainbat ariketarekin, hausnartuz, heriotza bizitzaren parte bat dela erakutsiz… eta batez ere txikiekin. Sei, zazpi edota zortzi urterekin kuriositate handia izaten dute heriotzarekiko, beldur handia diote, herstura sortzen zaie eta aukera polita izan daiteke horri buruz hitz egiteko. Gaur egun heriotza, asko ikusten da telebistan modu birtualean, baina ez dugu emozionalki lantzen. Eta Euskal Herrian, batez ere, beste kultura batzuekin alderatuta, indarra bultzatu dugu; badirudi, adibidez, hiletan negarrik ez baduzu egiten, dolua ongi eramaten ari zarela. Eta ez da horrela.
Irakasleek zuregana jotzen dutenean, nola egiten duzue lan?
Aitaren edo amaren heriotza Lehen Hezkuntzan ematen denean, alargun geratu dena ispilua izaten da seme-alabentzat. Aitak edo amak dolu prozesua ongi eramaten badu, eta haur horren psikismoa orekatua baldin badago, egoera gainditzeko baliabide propioak izango ditu. Horrela ez bada, esku-hartzea planteatzen dugu ikastetxearekin koordinatuz eta behar izanez gero, ikastetxeetara ere joan izan gara. Hasieran, alargunarekin egoten gara eta ondoren, orientazio saioak egiten ditugu irakasleekin.
Duela hiru bat urte Lantziegon hiru andereño hil zirenean, handik deitu ninduten eta alde batetik irakasleekin aritu ginen, eta bestetik, gurasoekin. Kasu hartan, zenbait dinamika bideratu genituen irakasleek ikasleekin egin zitzaten. Izan ere, askotan, gure presentzia arrotza izan daiteke haurrentzat eta horrelako dinamika bat egiteko prest dauden edo ez neurtu behar da. Printzipioz, krisia gertatu denean irakaslea bera prozesua aurrera eramateko erreferentzia izan daiteke.
Dolu prozesua ongi eramateaz hitz egin duzu; zer da dolu prozesua ongi eramatea? Zer ezaugarri ditu ongi eramandako dolu prozesuak?
Dolu prozesua, galera hori onartzeko behar dugun denbora tartea da. Batez ere hasieran sor daitekeen herstura eraldatzeko, eta oroitzapen on bihurtzeko behar dugun denbora da. Prozesu horretan denbora, pertsonaren oreka, testuingurua, bere baliabide propioak, adina, hildako pertsonarekin zuen lotura afektiboa nolakoa zen… hori guztia kontuan hartu behar da. Bidean hainbat blokeo egon daitezke. Horietako bat fideltasuna da, hau da, bada ongi sentitzen delako gaizki sentitzen den jendea, ongi jartzen badira, besteek kritikatu egingo dituztela eta pertsona hura ez zuela hainbeste maite pentsatuko dutela uste dute. Beste blokeoetako bat errudun sentimendua izaten da; batzuetan, pertsona horrekiko harremanean zenbait alderdi asetu gabe geratu dira. Azken hori garbi ikusten da suizidio kasuetan. Beste blokeo bat izan daiteke, heriotza nola gertatu denaren arabera, estres postraumatikoa izatea. Hori ez da gorputza era tragikoan ikusi dugunean soilik gertatzen, gaixotasunen prozesuetan ere ikusten da. Baztertzea beste blokeo mota bat da. Batzuk ohituta zeuden euren egoarekin dena kontrolpean izaten, pertsona narzizistak dira eta gero ezin dute, adibidez, alaba galdu izana onartu; isolatu egiten dira, munduarekin haserre daudela eta errua kanpoan dagoela dirudi. Dolu prozesuetan, indarra afektibitatean, emozioan eta intuizioan dago, ez logikan. Beraz, pertsonak duen nortasunaren arabera, blokeoak askotarikoak izaten dira.
Orokorrean, dolu prozesu batek hainbat fase ditu. Lehena, kommozioa, inpaktua, da. Hori ez da heriotzarekin soilik gertatzen, gaixotasunen kasuan, diagnostikoa jasotzean ere, inpaktua izaten da; heriotza datorrela mamitzen hasten garenean. Gero ukapena dator, gure psikismoa etsita dago, nolabait, eta geure burua hori ukatzen saiatzen da. Fase horren ondoren, atzera bueltarik ez dela konturatzen garenean, psikismoa apurtzen da, eta hori da faserik luzeena eta lantzeko zailena: aparatu psikikoaren desantolaketa deitzen diogu. Pertsona hori sasi-depresioan erortzen da, ilusio falta du, bere bizitzak zentzua galdu du. Fase horretan, zer baliabide dituen eta zein ikas ditzakeen ikusten dugu. Eta horren ondoren, blokeoak lantzen ditugu: pertsona horrekiko zuen harremana, pixkanaka agurtu dezan ariketa erritualak egiten dira…  Helburua, pixkanaka horrekin bizitzen ikasten joatea da, baina arrazionalizazio prozesuetan erori gabe; izan ere, kanpoan hori jasotzen dute askotan. Norbait egoera horretan dagoenean zerbait biribila esan behar diogula dirudi, baina pertsona horrekin egon behar dugu, gertatzen zaiona, sentitzen duena adieraz dezan. Pertsona batzuek ezin dute jasan horrelako pertsonen ondoan egotea, hasieran dolumina ematen dute, hurrengo astean gaizki ikusten dute, hurrengo hilabetean egoera berean ikusten dute eta esaten hasten dira bizitza aurrera doala… Horrelakoetan, pertsona horrek besteen minarekiko duen zailtasuna islatzen da. Dolu prozesua bizitzen ari diren pertsona askok kutsatze ikaragarria sortzen dute besteengan, baina beharrezkoa da pertsonaren erritmoa eta beharrak errespetatzea.
Dolu prozesua orekatuta edo garbituta ote dagoen ikusteko hiru parametro daude: iraupena, intentsitatea eta denbora. Pertsonak krisia duenean, zer sakontasunarekin duen, zenbat denbora irauten duen eta zer maiztasunarekin duen ikusi behar dugu. Hasieran, lehen hiru egunetan, intentsitatea % 100ekoa da, pertsona askok min fisikoa ere izaten dute hersturaren eraginez. Hiru parametro horiek dolu prozesua nola doan ikusteko objektibitatea eskaintzen digute.
Zer da ikastaroan nagusiki landuko duzuena?
Irakasleak sentsibilizatzea da helburu nagusia. Heriotzaren gaia tabu da, eta beste aldera begiratzen dugu. Hori abiapuntua izango da, hau da, krisien aurrean protokolo batzuk eraiki behar dituztela gogoratzea. Bestalde, arlo didaktikoan edo curriculumean, ikastetxeetan pertsonek edo taldeek horren inguruan formazioa jaso dezaten bultzatu nahi dut. Uste dut ikastetxe bakoitzean beraiek erreferentzia bat izan behar dutela arazoren bat dagoenean hara jotzeko; informatikan, adibidez, badira ikastetxean erreferenteak direnak eta ordenagailuekin arazoak daudenean, haiengana jotzen dute irakasleek. Bada, gauza bera. Pertsona horiek materiala jaso dezakete, dinamika horiek egitura ditzakete eta horrela ikastetxe bakoitzean motoreak sor daitezke, arazoren bat dagoenean kanpoko profesionalei deika aritu beharrik izan gabe.
Zehazki, suizidioari buruz arituko zarete.
Suizidio kasuek gora egin dute azken aldian; gazteengan, eta bereziki 15-35 urte bitartean, gero eta suizidio kasu gehiago gertatzen ari dira azken hiru urteetan eta oso kezkatuta nago gaiarekin. Ez dakit zer gertatzen ari den baina gazte asko suizidatzen dira, eta pertsona horiek ez zuten tratamendurik, dena ongi zegoen, eta horrek guztiak hausnarketa egitera bultzatu nau. Dinamika ezkutu batean sartzen dira, gezurretan hasten dira, eta porroten aurrean irtenbide desitxuratuak irudikatzen dituzte; suizidioa, kasu. Horren azpian, porrotaren aurrean gero eta ahulezia handiagoa dugula ikusten da. Ez dakigu itxaropena nola sortu, hutsuneren bat bada, isolatzen hasten dira, eta ez etxean ez institutuetan ez gara ohartzen. Ikastaroan, zer seinaleri erreparatu behar diegun eta pertsona horiekiko zer arreta izan dezakegun landuko dugu. Egoeraz jabetzen saiatu behar dugu eta itxaropena ematen saiatu behar dugu. 15-35 urte bitartean arlo afektiboan izaten diren porrotek eragin handia izaten dute, eta ikusten ari gara, gizonezkoen suizidio kasuak, maiz, homofobiarekin lotuta daudela. Homosexualitatea klandestinitatera eramaten da askotan, ez dago bizipenik, ez dago egoerari ofizialtasunik emateko aukerarik, horrek arazoak sor ditzake, eta batzuetan, suizidiora ere irits daiteke. Duela hilabete batzuk Europako Batzordeak argitaratu duen txostenak ere hori berretsi du: homofobiak gora egin duela azken sei urteetan, eta suizidio askoren arrazoia izan litekeela.
Ikastaroan, horren inguruan hausnarketa egiteko, galdera luzatu nahi nieke irakasleei: zertarako egin dezake horrelako ekintza bat gazte batek, zer premia du asetu gabe? Eta guk, zer egin dezakegu, gure rol pedagogikotik? Era berean, suizidioaren inguruan dauden mitoei buruz hitz egin nahi nuke. Besteak beste, askotan esaten da suizidioarekin mehatxatzen duenak ez duela bere buruaz beste egiten baina hori ez da horrela. Estatistikak hor daude eta handik urte batzuetara suizidioa gertatzen dela ikusten dugu, beraz mitoa apurtu behar da eta albo batera utzi behar da horri kasurik egin behar ez zaionaren ideia. Sufrimendua dago eta nola lagun diezaiokegun aztertu behar dugu.
Protokolo bat sortzearen garrantzia aipatu duzu. Zer pauso jarraitu beharko lituzke protokolo horrek?
Ikastetxeetatik deitzen nautenean, haien estiloaren arabera has daitezela esaten diet eta nik orraztuko dudala egiten dutena. Baina egiten dutena egin dezatela lehen astean, gero bestela ez duelako zentzurik; gauza ez da hilabetez buelta eta buelta aritzea, egin behar dena zehatz, era laburrean eta lehenbailehen egin behar da. Horrelako orientazioak ematen dizkiet gero haiek jarduera zehatzak eraikitzeko, ez dizkiet fitxak ematen mekanikoki dena lantzeko. Ideia nagusia hau da: haien mina adierazteko aukera sortu behar duzue. Duten adinaren arabera, hitzez adieraz dezakete errazago (DBHn eta Batxilergoan) eta hortik behera, Lehen Hezkuntzan, adibidez, jolas sinbolikoak, psikomotrizitatea… erabil daitezke. Dinamikak aldatu egiten dira hil den pertsonaren arabera eta egoeraren arabera. Adibidez, ikaskide baten aita edo ama hil bada, haurra eskolara itzuli aurretik, besteekin dinamikaren bat egitea egokia da; dinamika horren bidez, doluminak emateko era sinboliko bat sor daiteke eta gelara itzultzen denean, haur horrek babesa sentituko du.
Adibidez, behin ama batek esan zidan 15 egun pasa zirela bere senarra hil zenetik. Bi seme-alaba ditu, eta ikastolatik deitu zioten zortzi urteko semeak gelakide guztien aurrean zerbait esan zuelako.  Gelakideen aurreran jarri eta zera esan zuen: “Sekretu bat kontatu behar dizuet: nire aita hil egin da”. Andereñoa ikaratu egin zen, etxera deitu zuen, amari esan zion eta etxera etortzean amak galdetu zion semeari: “Ikastolatik deitu didate. Hori esan al duzu?”. Eta haurrak, ezetz. 15 egun pasa ziren eta eskolan inork ez zion ezer esan haur horri, inork ez zizkion doluminak eman. Haur horrek minaren adierazpena normalizatzeko beharra zuen eta horregatik esan zien hori gelakideei. Kasu horretan islatzen da ezin dugula beste aldera begiratu.
Eta zergatik ukatu zuen esandakoa, gero, amaren aurrean?
Haurren dolu prozesuetan, lehen aipatu dugun moduan, ispilua ama edo aita izaten da, eta askotan, seme-alabak aita edo amaren zaindariak bilakatzen dira; alderantzizkatutako rola da. Haurrek umezurtz geratzeko beldurra dute eta haien dolu prozesua itotzen dute bizirik dagoen gurasoa zaintzeko. Nik askotan esaten diet gurasoei euren dolu prozesua lantzeko, eta seme-alabek ongi ikusten badute, euren mina adieraziko dutela. Haien dolua adierazten dutenean aita edo ama ongi dagoela ikusten badute, barruan dutena askatuko due, baina bestela, ez. Kasu horretan garbi ikusten da ama babesteko ukatu zuela semeak, aurrez, ikasgelan esandakoa.
Hala ere, irakasleek haurra ongi ikusteko presa izaten dutela iruditzen zait eta familiak zerbait galdetzen duenean, erantzuna haurra primeran dagoela edota besteekin ongi dabilela izaten da. Baina negar egitea edo urduri egotea,  hori ere, ongi egotea da; mina eskolan, tutorearekin edo irakaslearekin adieraztea, egokia da. Bestela, ikastetxe askotan ikaratu egiten dira handik zortzi hilabetera amorrua edota krisia dagoela ikusten dutenean. Izan ere, gazteengan dolu prozesua amorruaren bidez ateratzen da askotan, ez tristuraren bidez.
Guk, haurrei, haserrea adierazteko konfiantza ematen diegunean, gurekiko konfiantza dute, baina galdetzen dutenean gauzak ukatzen baditugu, lotura hori moztuko dute. Eta suizidio kasuetan garbi ikusten da: ama suizidatu bada adibidez, aitak ez daki nola adierazi, eta erori egin dela edota bihotzekoak eman diola esan dezake. Agian etxean ez diote ezer garbi esan, baina kalean zerbait entzun du, eta kasu horietan, konfiantza apurtzen da. Zaila da haur horri ama nola eta zergatik hil den azaltzea, baina egia da bidea, beti.
Garrantzitsua da, beraz, gauzak izan diren moduan azaltzea.
Bai. Errealismoz, afektiboki babesa eskainiz eta norberak itxaropena jorratuz. Bestela, traizio txiki bat gertatzen da, haurrak eskubide osoa duelako zer gertatu den jakiteko, nahiz eta oso mingarria izan. Askotan egia jakitea oso traumatikoa izan daitekeela eta ez jakitea hobea dela pentsatzen dugu, baina denbora batera ikusten dugu, agian, haurra arazo hipokondriakoak izaten hasi dela. Gure prozesua landu behar dugu eta haurrari egia esan behar diogu memento eta modu egokiak aurkituz eta bere galderak entzunez.
Eta egokia litzateke ikasgelan, horrelako kasuren bat egonez gero, gainerako ikaskideekin gaia lantzeko aukera baliatzea?
Bai. Zalantzarik gabe. Suizidioaren kasuan, jeu de foulard delakoa gero eta ohikoagoa da Euskal Herrian. Fular batekin zintzilikatzen dira, eztarria estutzen dute sasi-inkontzientzian sartu arte, eta fisikoki zenbait sentipen sortzen dira. Era horretan hainbat suizidio gertatu dira.
Jolastu nahian, eskua joan zaielako?
Bai. Baina jolastu nahi horren azpian zer dagoen ikusi behar da. Nafarroan aurten horrelako kasu bat gertatu da eta aukera izan zen gelakideekin horri buruz hitz egiteko, ez suizidioaren inguruan soilik, baizik eta heriotzaren inguruan. Zeren urte berean bi gelakide hil ziren, bata sasi-suizidio horrekin eta bestea, gaixotasun baten ondorioz. Haurrengan beldurra, psikosia, sortu zen eta horri buruz hitz egitea irakasleen ardura pedagogikoa dela uste dut.
Baina heriotzari buruz, inguruan dugunean hitz egin behar dugu soilik, edo naturaltasunez hitz egin beharko genuke beste edozein gairen inguruan egiten dugun moduan?
Naturaltasunez hitz egin beharko genuke, sexualitateari buruz bezala, adibidez. Sexualitatea duela 15 urte tabu zen, baina garrantzitsua da ikastetxeetan lantzea bizitzaren zati bat delako. Jakina, bizitzaren alderdi atsegingarria da eta heriotzaren gaia ez da atsegina; ondorioz, tabua sortzen da. Denok dakigu hil egingo garela, hori ziurra da, eta horren aurrean nola prestatzen dugu geure burua? Horri buruz hitz egiten ez badugu, eta gaia lantzen ez badugu, ezin dugu prestatu. Heriotzaren gaia edozein unetan landu dezakegu; aitona hiltzen denean, errepideko segurtasunari buruz ari garenean… Era askotara landu dezakegu eta gero eta material gehiago sortzen ari da. Suizidioari dagokionez, 2006 urtean Estatu espainiarrean aterarako datuen arabera, kotxe istripuetan 3.200 pertsona hil ziren gutxi gorabehera, suizidatuta, berriz, 3.300. Gehiago. Datua izugarria da, eta bideko segurtasuna zaintzeko kanpaina asko egiten dira ikastetxeetan, baina suizidioa ez da behin ere aipatzen. Suizidioaren gaia klandestinitatean dago.
Txikitatik, era didaktikoan, horri buruz hitz egiteko aukera ematen badiegu, eta galdetzen hasten direnean erantzunak eskaintzen badizkiegu, haurrak trebatuko ditugu. Nahi badute hiletara joaten, nahi badute gorpua ikusten, ospitalera joaten, liburutegian heriotzaren inguruko ipuina aukeratzen uzten… utzi behar diegu. Era horretan euren beharrak asetuko ditugu.
Babestea, beraz, ez da bizitzen ari dena ukatzea, baizik eta behar duen erritmoan eta bere neurrian eskatzen duena eskaintzen joatea, ezta?
Bai, estimulazioa entzunez. Estimulazioa entzun gabe estresa eta herstura sortzen zaizkio. Heriotza barra-barra agertzen da hainbat filmetan, telebistan… Haurrengan gehiegizko estimulazioa dago heriotzarekiko, baina guztiz deskonektatua; hori da kontraesana. Hori guztia testuinguru serio eta hezitzailean sartuz gero, haurrek entzuten dute, sentitzen dute eta adierazten dute; ez dira soilik heriotzaren irudiarekin geratzen, baizik eta horren inguruan sortzen diren emozioekin.
Eta suizidioari askotan kutsu erromantikoa ikusten zaio. Suizidioaren alde gaude gaixotasuna edo ezintasuna fisikoa denean, baina psikikoa denean, ikusten ez denez, ez gara ohartzen hor azpian sor daitekeenaz, eta azken batean, eutanasia psikikoa litzateke. Suizidioa hor dagoen zerbait da eta horri buruz hitz egin behar dugu; ez era morbosoan, baizik eta aurretik sufrimendu handia dagoela, eta laguntza eskatzeko aukerak badirela planteatuz.