Imanol Urbietaren ekarpen pedagogikoa

Musika haurren ondasuna eta eskubidea da 
Josu: Nik uste dut Imanol Urbietaren ekarpen pedagogikoa aldarrikatzeko eta marko pedagogiko batean jartzeko ordua iritsi dela. Gertatzen da, Imanolek ez duela beste batzuek egin duten moduan bere pentsamendua teorizatu eta ez du esan nondik norako pedagogia ildoak jarraitzen zituen. Bere ideiak idatzi izan ditu hainbat tokitan, eta horiekin, eta Imanol ezagutu dugulako, ildo pedagogikoa atera liteke. Niri iruditzen zait hori planteatu egin behar dela. Imanol pedagogo musikal bezala aurkeztera ausartuko nintzateke; baina lan horretan hitzari garrantzi handia eman diola azpimarratuz. Hau da, haurrei doinu batzuk helarazi dizkie eta doinu horiekin doazen mezuak hasieran poeten eskuetatik edo beste pertsona batzuengandik hartu bazituen ere, gero bere hitzak sartzera ausartu zen, eta bere hitzak musikatzen hasi zen.
Kontxi: Ni ados nago horrekin. Imanolek berak beti esan du edozein hezitzailek haurraren beharrei entzun behar diela, eta heziketa integrala osatu behar dela. Ez dela espezialistez edo espezialitateez inguratutako gauza partzelaturik egin behar. Ni erabat ados nago. Musikarengatik egin da ezagun, baina nik uste dut musika bakoitzean eta kanta bakoitzean, lerro artean irakurri behar dela eta hortik mamia atera behar dela.
Iñaki: Ados nago ni ere. Haren lan batzuk guztiz pedagogikoak dira, eta haurraren zatiren bat garatzera doaz, zuzenean. Xixupikan, adibidez, hizkuntza lantzeko kanta asko ditu euskararekin eta euskararen foniarekin oso kezkatua zegoelako. Eta beste abesti askok, oso aberatsak direnez, beste hainbat gauza jorratzeko aukera eskaintzen dute. Imanol, aspaldi, duela 40 urte, euskal trasmisioa egiten hasi zen eta hori lan guztian azaltzen da, gauzarik sinpleenean ere. Demagun sol eta mi notak landu behar direla; hori lantzeko edozein gauza idatz dezakezu, baina Imanolek Nafarroako herrien izenak sartzen ditu, adibidez. Haurrek, kanten bidez ikasten dituzte izenak eta beste zenbait gauza, eta hori da nire iritziz, egin duen ekarpenik handienetakoa. Ez diot ezer kentzen haren lan pedagogikoari, eta orain gainera, hezkuntzan, modan jarri da gure kulturaren transmisioa, horren beharra orain aurkitu izan balute bezala. Baina badira duela 40 urte lan hori egiten ari ziren pertsonak. Hori oso aberatsa da eta egin beharreko zerbait. Guk ez baditugu geure kultura eta nortasuna transmititzen, geurea denarekiko maitasunik ez badugu transmititzen… gero eta zailagoa izango da herri honen etorkizuna. Imanolen kantuetan maiz agertzen da gure herriarekiko maitasuna.
Kontxi: Hori da. Beste kulturak ulertzeko, lehenik zureaz jabetu behar duzu. Arrisku handia dago, barrukoa ezagutu gabe, kanpora begira jartzeko.
Josu: Imanolek lan horiek egin ditu eta zabaldu egin ditu. Irakasle askok jarraitu dute hori baina azken hamar urteetan beste fase batean sartu gara eta pedagogian, eskoletan eta gizartean aldaketa izugarriak datoz. Eskaintza euskaldun musikal pedagogiko horri, orain etortzen ari diren ideia berriek nola eragiten dioten ikusi behar dugu. Uste dut gaur egun dauden arriskuak definitzeko ahalegina egin behar dugula. Gaur egun, haurra bere osotasunean hartu beharrean, eta gizartea aldatzea ahalbidetuko dion mundu propioa eraikitzen laguntzeko haren beharretatik abiatu beharrean, haurra produkziorako prestatu behar dugula defendatzen duen ildoa gailentzen ari da, eta produkzioaren beharrek esango dute haurra nola hezi behar dugun. Horrek zuzenean jotzen dio aipatzen ari garen pedagogia mota horri.
Gaur egun, eskoletan, gelak zatitzen dira, orduak zatitzen dira, gaiak zatitzen dira, liburuak zatitzen dira, haurrak zatitzen dira… Eta pentsamendu zatitzaile horrek zuzenean jotzen dio Imanolen eskaintzari. Agian, batzuentzat, egokia da, pertsonaren zati bat baino ez dutelako aprobetxatu nahi, eta ez osotasuna. Imanolek, ordea, musika zeharlerro gisa erabili du eta bertan matematikak, giza zientziak, etxeko giroa edota haurraren negarrak landu ditu; denak lotu ditu musikaren bidez.
Beraz, haurra era jakin batean hezi nahi duten heziketa ildo berri horiek hartuko nituzke, ispiluan jarriko nituzke eta esan: arrisku hauek ditugu eta gauzak era batera edo bestera egiten baditugu, korronte batek edo besteak irabaz dezake. Eta uste dut, Imanolek bultzatu duen korronte pedagogiko unibertsal horrek irabaz dezakeela, munduan pedagogo ezagunenak izan direnek jarraitu duten ildoa izan da, eta haurraren beharrak eta gizartearen beharrak osotasunean hartzen ditu. Hori ez da gaur datorrena. 
Iñaki: Akaso horrekin bat etor litezke euskal curriculumak jasotzen dituen gaitasunak. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak aintzat hartu ditu eta Eusko Jaurlaritzak bere egin ditu. Planteamendua ongi dago, baina egiten den moduaren arabera, emaitza askotarikoa izan liteke. Gaitasunen gaia zabala da; eta jaso dituzten horiez gain, badira beste gaitasun mota batzuk ere.
Haur txikiaren beharrak bihotzekoak dira, haurra sentimendua da eta arrazoiak ez du funtzionatzen; bere burua bihotza da, eta musikak garrantzi handia du horretan. Izan ere, musika da, elementu guztietan, bihotzera lehena iristen dena. Haurrak txiki-txikitatik bizi du musika eta musika eta arrazoiketa zailagoa egiten zaio. Normalizazio linguistikoa lortzeko bidean, haurrei “egin euskaraz” dioten kartelak jartzen aritzeak, ez du halako eraginik; haurrei euskaraz aritzeko, jolasteko eta sentimenduak bizitzeko aukera eman behar diegu. Arrazoia beste zerbait da, garrantzia du baita ere, baina bestelakoa da. Haurra, batez ere, sentimendua da, eta Imanolen lana hori guztia lantzeko baliatu behar dugu.
Kontxi: Eta hainbat musikak eta hainbat kantuk bere sentimenduei hitzak jartzen laguntzen diote haurrari. Haurra adin batean ez da bere sentimenduei hitza jartzeko gai, eta kantek sentimendu horiei hitza eta izena jartzen laguntzen diote haurrari, baina, guri ere, hezitzaile gisa, haurrek bizi dutenari izena jartzen laguntzeko aukera ematen digu musikak.
Josu: Espezialisten lana aipatu nahi nuke. Imanolen lana 12 urte bitarteko haurrei iristen zaie gutxi gorabehera, baina handik aurrera, hau da, Piagetek definitu zuen fase sentimental hori guztia pasa ondoren, gazteentzat egindako kanta batzuk badira, baina badirudi ez dela 18 urtera bitartean egin duen hori guztia sakontasunez lantzeko aukerarik. Irudipen hori dut. 
Iñaki: Bi gauza daude. Lehena, lanak erantzuna eskatzen duela. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan abesteari lotuagoak egoten dira, eta beti daude hori lantzeko prest dauden irakasleak… Baina 12 urtetik gora ez dute abesten eta ordura arte egindako lana pikutara doa. Niri pena izugarria ematen dit.
Josu: Erronka handia dugu.
Iñaki: Imanolek gauzak egin ditu, baina 12 urtetik gora, institutuetan, ez dago erantzunik.
Kontxi: Nik ez dakit adin horretan nola egiten den musika eskoletan, eta zer egiten den, baina pentsatzen dut, eskolan beste lehentasun batzuk jartzen direla eta agian, ikasleei musikarekin aurrera egiteko motibazioa falta zaiela. Motibazioa, eskolatik bertatik falta da; eta hor espezialisten munduan sartzen gara. Espezialista batek haur askoren eta hainbat mailaren ardura du eta haren baldintzak ziurrenik ez dira aproposenak gaztetxo horiek guztiak estimulatzeko eta motibatzeko. Orduan, pentsatzen dut, batzuek musikaren historiara (gauza nahiko teorikoa) jotzen dutela, beste batzuek kantura jotzen dutela, beste batzuek musika tresnetara; txistua, gitarra… Eta gitarra batek ahotsaren lagungarri izan beharko lukeen arren, haurrek gitarra eskuetan hartzen dutenean, kantatzea kosta egiten zaiela ikusten dugu. Beraz, espezialistak dituen baliabideen arabera, eta dituen erraztasun pertsonalen arabera, egokien iruditzen zaiona lantzen du.
Joxean: Nik ikusten dudana da, institutuetan musika ez dela gozamena den ikasgaia. Semearekin argi ikusten dut etxean; beste edozein ikasgairekin bezala da, eta asko kezkatzen dira, esaterako, musikako azterketa dutenean. Soinua, abiadura, frekuentziak, grafikoak… lantzen dituzte eta musika baino, ia fisika da.
Josu: Imanolek markatu duen ildo musikal pedagogikoak, 12-14 urte bitartean emaitza onak eman ditu, gustuko ditugunak eta inork eztabaidatzen ez dituenak. Eta nire galdera da: zergatik ez dira horren izpiritua eta erabili diren elementu teorikoak programa berezi bat egiteko kontuan hartzen? Izpiritu hori beste kantu batzuekin azal daiteke, edo beste eduki batzuekin, nahi den eran, baina emaitza onak eman dituenari eutsiz. Ikastoletan helduagoentzat zer planteatzen zuten ikustera joan nintzen bilera batera, eta haserre bizian amaitu nuen, ikusi nuelako han zegoen nahia Frantzian eta beste nazioetan egiten den musika programa gurera ekarri eta hona egokitzea zela. Baina ez nuen ikusi gure herrian sortu den ildo pedagogiko hori, emaitza onak eman dituen hori, jasotzeko asmorik. Uste dut lan handia dugula 14-18 urte artean musikaren tratamenduak nolakoa izan behar duen definitzen. Nik uste dut, funtsezkoak diren elementuak antzeman, eta proposamen horretan txertatu behar ditugula.
Iñaki: Nik seigarren maila arteko ikasleak ditut, eta hortik gora ez dakit zer gertatzen den. Baina, nire iritziz, Batxilergoraino bateratuak diren eskola pribatuetan eta ikastoletan, ikastetxe mailan zerbait plantea daiteke, eta Lehen Hezkuntzan landutakoari jarraipena eman dakioke. Hortik kanpora, DBHra iristen direnean, batzuek agian ez dute apenas abestu eta haiekin abesten aritzea oso zaila dela iruditzen zait. Espezialistek adin batetik aurrera gehiago landu dezake beharbada, baina hortik behera, haurrekin ordu gehien pasatzen dituen irakasleak ardura handia du haurraren kantagintza prozesuan. Nik musikari adin horretan kantagintza deitzen diot eta hori irakasleak egin behar du, baina espezialistak erraztasunak eman diezazkioke. Ikastetxean, musikak, kantagintzak, jarraipena izan behar du eta urtez urte abesti batzuk landu behar dira. Txanela edo Urtxintxa proiektuak hartzen dituzu, eta abesti mordoa dago bertan. Hortik ikasturtean zehar ikasteko batzuk har daitezke eta tutoreari horiek lantzeko eska dakioke. Eguna abestuz hastea eta amaitzea bezalako gauza politik ez da. Gauza horietan dago espezialisten lana. Hortik ikusten dut bidea.
Kontxi: Zarauzko ikastolan asko abesten da, horrekin kezkatuta zegoen irakaslea egon zelako eta Imanolek haurrak animatzen jakin zuelako. Imanolek beti esan du, musika haur guztien eskubidea den ondasuna dela, eta musika belarri ona duenak eta belarri txarra duenak egin behar duela, ahots ona duenak, eta txarra duenak. Baina espezialisten artean, zenbat topatuko dituzue desafinazioak onartzen dituztenak? Ziurrenik,oso gutxi. Imanolek desafinazioak onartzen zituen, normaltzat hartzen zituen eta haurrak ez ziren baztertuak sentitzen une batean desafinatzen zutelako, jarraitzera animatzen zituen. Gure ikastolan zortea izan dugu eta orain geratu den irakasleak ere, ahal duen neurrian, estilo horrekin jarraitu du. Zarauzko ikastolan haurrek DBH egiten dute, eta bada musika giro bat.
Iñaki: Musika azken finean ez da emaitza bat, bizipen bat baizik, eta gaizki abesten duenak ere bizi egin behar du hori.
Kontxi: 4. mailan eskoletan matematika emateko espezialistarik ba al da? Nik ikusten dut musikari, oraindik, beldurra zaiola eta musika emateko musika jakin behar dela diote, matematika erakusteko matematika jakin behar den moduan. Baina, matematika ematen dugu, eta zergatik beldurtzen gaitu musikak? Topaketetan nire helburuetako bat joango diren irakasleak horretara animatzea da, eta esatea: zu gai zara hori egiteko, haurraren aurrean dagoen pertsona zu zara, eta barruan duzun altxorra abian jarri behar duzu. Kanta gutxi dakizkizula pentsatzen baduzu, hornitu zaitez. Oso gauza gutxirekin, musika mailan jakintza gutxirekin, etekin handia ateratzeko aukera dago. Baikortasun hori transmititu behar dugu.
Iñaki: Adibidez, ni eskiatzera joango banintz, ziur nago lehen egunetan ez nukeela batere gozatuko. Baina ikasten dudanean eta pixka bat gehiago dakidanean, orduan,  gozatuko dut. Haurrak zerbait ikasten dutenean, eta lau kortxea eta bi beltzekin zerbait egiteko gai direnean, poztu egiten dira. Gainera, nik lana sinatzeko esaten diet, haiena, pertsonala delako eta norbaitek kopiatzen badu, horri plagioa deitzen diotela erakusten diet. Eta flauta jotzen dutenean ere, estuasun bat izaten da, kontzertua izaten delako eta besteen aurrean jo behar dutelako; besteek kritikatzeko aukera dute, gainera. Hori gainditzean, asebetetzen dira musika ikasi dutelako, eta jendeaurrean aritzeko beldurra ere, gainditu dutelako.
Kontxi: Jendearen aurrean jo behar dute, edo abestu, edo dantza egin; nerbioak pasa behar dituzte baina musikaren bidez hori guztia errazago pasa dezakete. Musikaren inguruan edota dantzaren inguruan egiten ditugun harremanek, ausardia puntu bat ematen digute eta pentsatzen dut haurra zarenean ere gauza bera gertatzen dela. Musika eskolan bagenuen 3. mailako haur bat; txirula oso ongi jotzen zuen, baina oso lotsatia zen eta Imanolek bakarrik jotzeko esaten zion. Behin haurrak esan zion: “Imanol, beti niri esaten didazu eta lotsatu egiten naiz, baina lagundu iezadazu lotsa gainditzen”. Beraz, jendearen aurrean egoten jakitea ahabidetzen duten gauzak dira.
Iñaki: Eta entzuten ikasi behar dute baita ere… Ondoren besteek egin dutena baloratzeko eta bestela, gainera, errespetu falta ikaragarria delako.
Kontxi: Gure ikastolan duela gutxi izandako bilera batean esan zuten Txanela proiektuan oso ongi markatuta dagoela zer egin, lan koadernoa nola landu… eta irakasleak hori egiteko gai sentitzen dira, baina nire beldurra horretara bakarrik mugatzea da. Txanelak baliabide batzuk eskaintzen ditu baina liburu batera mugatuta zaude, nolabait, eta kanta zehatz batzuk dituzu. Horrez gain, beste asko dago eta hori gure egin behar dugu.
Joxean: Irakasleek askotan esaten dute material asko ez jartzeko astean ordu eta erdi besterik ez dutelako… 
Kontxi: Baina nik uste dut helburu nagusia ez dela kantak ikastea. Bai, ikasturtea amaitzerako kanta batzuk ikasiko ditugu baina helburu bakarra ez da hori. Nik uste dut batuketak egiteko zortzi mila ariketa egiten badira, musikan kortxeak eta beltzak biko neurri batean lantzeko, beste zortzi mila ariketa egin ditzakezula, zortzi mila kanta abes ditzakezula, zortzi mila dantza dantza ditzakezula… Guztia, kontzeptu bera lantzeko. Horrek ez du esan nahi haurrak kanta horiek guztiak memorizatu behar dituenik, baina, fisikoki, gorputzez gauza horiek guztiak bizi izan ditu, gauza bera lantzeko hainbat adibide landu ditu. Ondoren, espezialistaren unea iristen denean, orduan jakingo du txuria eta kortxea zer diren… Iritsiko da gorputzez landu duena teorizatzeko, irakurtzeko edo idazteko unea, baina ez dugu presarik izan behar.
Iñaki: Azkenean, irakurketarekin eta idazketarekin gertatzen dena gertatzen da musikarekin ere. Lan koadernoak musika paperean jartzeko eta paperean jarritakoa irakurtzeko aukera ematen digu, baina, aurretik, hor jarri behar duzunaren bizipena izan behar duzu. Ezin daiteke musika tresna bat jotzerakoan erritmo bat eraman, baldin eta zuk ez baduzu erritmoa barneratu. Batzuek ez dute erritmoa sekula barneratzen baina saiakera horretan, hainbeste ariketa egiten badira, jolasen bidez… ikasten dute. 
Joxean: Gure musika eskolan idaztea, azkena da. Musika idaztea eta diktaketak egitea, azkeneko gauza dira.
Iñaki: Kantagintzaren inguruan, gauza batetaz jabetu nintzen. Urtero jaialdiak egiten ditugu, eta behin, amaitzean, pertsona batek galdetu zidan ea haur horiek nola abesten zituzten Pello Joxepe eta horrelako kantak, jada ez dituela inork abesten. Baina, haurrei gustatu egiten zaizkie eta abestu egiten dituzte. Beraz, letrak ezer esan ez edo asko esan, haurrek gozatu egiten duten une bat iristen da, eta hori da prozesuaren bidez lortu beharko genukeen gauza; abestea gustuko izatea, besterik gabe. DBHn adibidez, abesti rockeroak jartzen dira, baina abesti horiek sarritan ez dute melodiarik eta ezin dira abestu; kantu horiek bizitzeko, entzuteko… dira, baina ez abesteko.
Joxean: Lehen, ikastolarekin irteerak egiten genituenean, abestu egiten genuen. Gaur egun, askotan, bakoitza bere musikaren joaten da, MP3a belarrian jarrita. Bakoitzak bere gustuak ditu eta berea entzuten du.