130: Prestakuntzaz eta euskarazko ikastaroen eskaintzaz hainbat kontu

Inork gutxik zalantza egingo du prestakuntzaren beharraren inguruan. Edonork prestatu behar du bere burua jardun bat burutu ahal izateko, eta prestakuntza horrek segida behar du, gainera.
Horregatik, azken urte hauetan berebiziko garrantzia hartzen ari da etengabeko prestakuntza, edo hainbat herrialdetako hezkuntza sistemetan jasota duten gisan, bizitza guztirako prestakuntza.
Baieztapen horrek sektore guztietarako balio du, are gehiago hezkuntzarako. Etengabe eraldatzen ari den jendartearen beharrak asebeteko badira, hezkuntzak adi egon behar du haietara, eta hezitzaileak prestatu egin behar du bere burua erronka berrietarako eta, haien ezaugarriak kontuan izanik, belaunaldi berriak hezteko.
Hezkuntza, gainera, une garrantzitsu eta erabakiorrean murgilduta dago. Eta zer esanik ez euskal hezkuntza. Europatik datozen gaitasunen inguruko planteamendu berriak, Estatu frantziarretik eta Estatu espainiarretik derrigorrez ezartzen diren curriculamak, euskal curriculuma, hizkuntzen eta eleaniztasunaren trataera, balioen garrantzia, haurrak bere osotasunean kontuan izan eta hezteko beharra, teknologia berrien kudeaketa bidezkoa… zalantzarik gabe, bada non ekin!
Hezitzaileen prestakuntza diseinatzerakoan hainbat adierazle izan beharko dira kontuan: epe motzerako, ertainerako eta luzerako beharrak, kalitatea, aplikagarritasuna eta beste hainbat.
Kalitateari dagokionez, prestakuntzaren edukia eta formatua zaintzeaz gain, euskaraz izatearen beharra azpimarratu behar da. Are gehiago, kontuan izanik, Euskal Herrian euskarak bizitzen jarraitzen duen egoera, hizkuntza gutxiagotua izaten jarraitzen baitu.
Hezkuntza alorra benetan euskaldunduko bada, eta horrek ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean euskararen ezagutza eta erabilpen mailan ondorioak izan ditzan nahi bada, hezitzaileen prestakuntza euskaraz sustatu beharra dago, ezinbestez.
Helburu horrekin, HIK HASI egitasmoak UDAKO TOPAKETAK prestatu ditu bederatzigarren urtez. Eta helburu horrekin, bide batez, HIK HASIk elkarlanerako hitzarmena egina du UEU, Udako Euskal Unibertsitatearekin.
Hitzarmen horren ondorioz, uda honetan 70 ikastaro eskainiko dira euskaraz Baionan, Iruñean, Donostian eta Eibarren.
Denona den eta denon diruarekin kudeatzen den UPV/EHUk, alta, udako ikastaroen erreferentea izanik, uda honetan 94 ikastaro, biltzar, tailer eta abar eskainiko ditu gaztelaniaz, 8 ingelesez eta 3 euskaraz.
Dagoena ikusirik, bistan da euskarazko prestakuntza sustatu, babestu eta lagundu beharra dagoela.
“Pixka bat es mucho” lema zabaltzen ari da Eusko Jaurlaritza non-nahi. Horrela izango da hastapenean, beharbada. Baina Hezkuntzak gehiagora joan nahi du eta behar du. Eta hori, sortzen diren ekimenak diruz lagunduz gauzatzen da, esaterako. Uda ona izan!