APPLE, Michael: Eskoletan demokrazia lortzeko, inguruan gertatzen den guztiak demokratikoa izan behar du

Zein da hezkuntza onaren ezaugarri nagusia?
Hezkuntza ona, komunitate osoaren parte hartzearen inguruan gauzatzen da, teknologia tokiko, herrialdeko edo nazioko gaiekin estuki lotuta dagoelako ustearen giroan, haurrak eta irakasleak errespetu handia duten giroan. Oinarria, gauza horien guztien konbinazioa da. Eskola edo hezkuntza ez da gauza bakar bategatik ona izango. Ikas komunitateak komunitate handiago batekin lotuneak izatea ezinbestekoa da.
Zein dira egungo gizartean eskolak gainditu behar dituen arazoak?
Bistakoa da, adibidez, aldaketa ekonomikoak izaten direnean, zaila izaten dela hezkuntza arduratsua eraikitzea. Aldaketa ekonomiko handiak jasaten ari gara eta komunitate asko, irakasleak, eta gobernuko langile asko, errespetu falta handiz ikusten dira. Nire iritziz, hezkuntzari dagokion errespetua lortzeko, politika aldatu beharko litzateke, eta, aldi berean, babes ideologikoa, ekonomikoa eta soziala eman beharko litzaioke, eskolek bete behar duten eginkizuna bete dezaten. Behin baliabide horiek edukiz gero, lan gogor horretan ari den jende askok errespetua izango luke.
Zer egin beharko litzateke eskola demokratikoak eraikitzeko?
Eskoletan demokrazia lortzeko, inguruan gertatzen den guztiak demokratikoa izan behar du. Eskolak gizartearen zati moduan ikusi behar ditugu. Ikastetxeen barnean gertatzen dena soilik ez, ikastetxe horrek inguruarekin dituen loturak ere kontuan hartu behar ditugu. Eskolan egiten dugun guztia pertsonen bizitzekin lotura du, beren borrokekin, itxaropenekin… Lotura horiek ezagutu behar ditugu, eta ez du esplotaziorik egon behar. Hezkuntzaren demokraziak ez du soilik lotura ikastetxeekin, nahi dugun gizarte motarekin eta nahi dugun politika motarekin lotuta dago.
Demokrazia denon parte hartzean oinarritzen da, komunitate osoaren parte hartzean. Adibide bat eman nahi dut: AEBko New Jersey estatuko auzo txiroetan irakasle hasi nintzen  19 urteko gaztea nintzenean. Bazen eskola hartan Joseph izeneko haur afroamerikar bat; hegoaldetik etorri zen eta ez zekien ez irakurtzen ezta idazten ere. Bazkalorduan harekin elkartzen hasi nintzen, nik laguntza eskaintzen nion eta Joshepek ere, irakasle izaten laguntzen zidan. Orduan, ebaluazioa egiteko era ezarrita zegoen: estatuak egiten zituen azterketak. Emaitza onak lortuz gero, ikasleak onak zirela esaten zuten eta ikasleek emaitza onak lortuz gero, irakasleok onak ginela. Josephek bi ikasgai suspenditu zituen, horien artean matematika; baina, lana eginez, nota igotzea lortu zuen, 10ekin hasi zen eta 67 arte. Auzo txiroetako eskola haietan, ordea, 70 lortu behar zen ikasgaia gainditzeko. Ezarrita zegoen prozeduraren arabera, Josephek ikasturtea errepikatu behar zuen, eta irakasle izaten lagundu ninduen arren, nik eman behar izan nion albistea; hirugarren maila errepikatu beharko zuela, alegia. Josephi buruz entzun nuen azkena estatuko espetxean zegoela izan zen, drogarekin zerikusia zuten arazoengatik atxilotu zutelako. Oso garrantzitsua da, beraz, eskoletan egiten dugunak haurrekin eta komunitateekin lotura duela ulertzea eta, era berean, irakasleok haurrengandik eta komunitatearengandik ikas dezakegula ikustea. Hezitzaileok eta formatzaileok gure lana komunitateko kideei entzun gabe egiten badugu, Josephen moduko haurrei arretarik eskaintzen ez badiegu, porrot egingo dugu.
Eskola demokratikoek eta ikas komunitateek indar handia dute. Zein da horren arrazoia?
Esaten nuen moduan, eskolek gizartearen gaineko bestelako ikuspuntua dute. Eskolak gizartearen zati dira eta harreman menderatzaileak aldatzeko gaitasuna dute. Era berean, ekonomiaren zati dira, eta eskoletan egiten duguna aldatzen badugu, ekonomia aldatzen dugu edota klaseen arteko harremanak aldatzen ditugu: esate baterako, gure ikastetxeetan guraso txiroen parte hartzea bultzatuz. Ezin dugu kanpoko aldaketen zain egon, orduan guk eskolak aldatzeko. Hori da har litekeen posiziorik okerrena. Eskolek demokratikoak izan behar dute, baina kontua ez da ikasleek dioten guztiari men egitea, politika eraldatzaileak bultzatu behar ditugu, eta kontuan izan behar dugu heziketa kritikoa elkarrizketan eta elkarrekiko errespetuan hasten dela. Eskola demokratikoek eta kritikoek erabateko parte hartzea eskaini behar diete irakasleei, haurrei eta komunitateei. Baina eskolek eta komunitate demokratikoek curriculumarekin eta irakaskuntzarekin ere zerikusia dute; kultura komuna eta curriculum komuna zer diren definitu behar dute. Ikastetxearen antolaketa soilik aldatzen badugu, curriculuma aldatu gabe eta pedagogia aldatu gabe, ez gara ari ikas komunitateak sortzen edo heziketa-ekintza kritikoak sortzen, soilik eraikinaren itxura aldatzen ari gara.
Kontuan hartu behar dugu haurrak ez direla gurasoen jabetza, bizitzako aktoreak dira eta ondasun kulturala eman behar diegu. Eskola demokratikoak ikasleengandik, gurasoengandik eta komunitatearengandik etortzen diren arazo sozialen inguruan antolatu behar dira.
Eskola demokratikoak aztertu dituzu. Emango al zeniguke ikastetxeren baten adibiderik?
Adibidez, Porto Alegren, Brasilen, hiritarren eskolak deitzen dituztenek aurrekontu komunitarioak dituzte. Munduan ikas komunitateen inguruan egindako hezkuntza erreformarik handiena egin dute han, eta faveletan bizi diren haur txiro askok ikasketetan porrot egin dutenez, nekazal eremuetako haurrak kontuan hartuz, denen parte hartzea bultzatzeko moduko ikastetxeak antolatu dituzte, eta ikastetxearen administrazioa komunitateak aukeratzen du. Aldaketa nabarmena izan da. Brasilen nahiko bortitzak diren haur taldeak daude eta, askotan, haurrak hilik agertzen dira kalean; talde paramilitarrak marihuana erretzen edo itsasgarria arnasten ari diren gazteak bilatzera ateratzen dira kalera eta gizartearen parte ez direla esaten diete, lapurrak direla, eta hurrengo goizean haien gorpuak azaltzen dira kaleetan. Talde horiekin lanean ari dira; udal diruarekin komunitate zabala sortu dute eta, gazteak baztertu beharrean, euren parte hartzea bultzatzen dute. Bi espetxe itxi behar izan dituzte, gazteak orain gizartearen zati sentitzen direlako eta arazorik ez delako. Hortik asko dugu ikasteko.
Eta AEBn?
Fratney Street eskolari buruz hitz egin nahi nizueke, Milwaukee hirian dago, Winsconsin estatuan. Milwaukee hiria oso zatituta dago, historian zehar hiri industriala izan da, orain lantegiak ixten joan dira eta, hezkuntzari dagokionez, pertsona guztien beharrei erantzungo dien eskola sistema sortzen saiatu dira. Eskola horretan hiru haur eta guraso mota daude: % 50ek gaztelaniaz hitz egiten du, % 25 ingelesak dira eta % 25 afroamerikarrak dira. Klase ertaineko haur batzuk badira, baina gehienak txiroak dira, eta Hezkuntza Ministerioak azterketa egin zuenean, haurren % 75ek ez zuen gainditu. Eskolako giroa kaskarra zen: ikasleek ez zuten diziplinarik, ez zituzten ikasgaiak gainditzen, mahai gainean lo geratzen ziren, elkarri paper zatiak botatzen zizkioten… Irakasleek ikusi zuten ezin zutela horrela segi, gurasoekin elkartu ziren eta euren seme-alabentzat zer nahi zuten galdetu zieten. Hiru hilabete eman zituzten bilerak egiten, eta diskriminazioa baztertzeko eta eskola sistema aldatzeko ahalegina egiten hasi ziren. Curriculumean aldaketak egin zituzten, eta haurren esperientziak kokatu zituzten curriculumaren erdigunean. Bestalde, eskola elebiduna izatea erabaki zuten, ingeles hutsean lan egiteak beste hizkuntza batzuk hitz egiten zituzten haurrak (% 50) baztertzea zekarrelako eta, modu horretan, ez zituzten ikasgaiak gainditzen. Programa elebidunak lan handia eskatu zien irakasleei. Gainera, hilero hizkuntza aldatzen dute; hilabete batean dena ingelesez ematen dute eta, hurrengoan, dena gaztelaniaz. Azterketak bi urtez bertan behera uztea erabaki zuten, guraso boluntarioek eskola bete zuten eta, bi urteren buruan, haurren % 90ek gainditu zuen. Ondoren, lanari buruzko datuak begiratu genituenean, ikusi genuen horrelako hirietan, elebiduna izanda, lana topatzeko aukera %  900 hazten dela.
Chicagon bada beste ikastetxe bat. Han, abian dute “Matematikak justizia sozialerako” programa, eta eskolan irakasten den matematika komunitatearen arazo handien inguruan antolatzen dute. Matematikak oso garrantzitsuak dira eurentzat eta ikastetxean zein komunitatean ikasten dira. 12-15 urte bitarteko gaztetxoek oinarrizko estatistika ikasi behar dute, baina gaia zaila da, eta irakasleek ikusi zuten, hori guztia irakatsi behar bazuten, ikasleentzat zentzua izan behar zuela. Beraz, inguruan dituzten adibide praktikoak lantzeari ekin zioten. Ikasleei horrelako gauzak planteatu zizkieten: “Matematikak oso garrantzitsuak dira eta guk ikusiko dugu zergatik. Euria egiten duenean itoginak sortzen diren ikastetxe batean zaudete, eta ikasgela bakoitzean 41 ikasle zaudete (beste eremu batzuetan 21 izaten dira). Ikerketa egingo dugu zuetako bakoitzarekin urtean zenbat diru xahutzen den ikusteko (gutxi gorabehera 4.700 dolar dira eta besteen kasuan, 17.000 dolar urtean). Gurasoen soldaten batezbestekoak aztertuko dituzue eta zuen komunitateko eta komunitate aberatseko egitura fiskalak alderatuko ditugu”. Modu horretan, haurrek gurasoen esperientzia ezagutzen eta ulertzen dute; gurasoen langabezia tasa, komunitate aberatsen langabezia tasa… Eta horrek guztiak matematiken inguruko interesa pizten die. Azterketa egin zenean, aurretik ia inork gainditzen ez zuen arren, % 97k gainditu zuen azterketa. Diziplina arazoak ia guztiz desagertu ziren, gurasoek babesa eman zieten irakasleei, eta transformazioa eredu bihurtu da, kanpoan zein barnean; arrakasta nabarmena da. Baina, jakina, horrek guztiak ministerioko funtzionarioen eta irakasleen lan handiagoa eskatzen du.
Irakasleek lan handia egin behar dute, beraz, eskola demokratikoetan. Nola aldatzen da irakasleen papera?
Eskola demokratikoetan aritzen diren irakasleek eta hezitzaileek kritikoak izan behar dute, eta hezitzaile kritikoek hiruzpalau lan egin behar dituzte. Hasteko, gizartean gertatzen ari denari buruzko egia esan behar dute. Bestalde, espazio horietan lanean ari den jendearen idazkariak izan behar dute eta jende horrekin elkarlanean aritu behar dute, zer egin daitekeen ikusteko. Azterketa kritikoa, borroka horietan parte hartzen badugu egin daiteke soilik. Gizartean oso garrantzitsuak diren borroka asko daude, baina hezitzaileak egiten dituen gauza asko eskoletan daude, eta hor eragin behar du.
Kalitatea versus ekitatea eztabaida hor dago. Zer esango zenuke horren inguruan?
Kalitatea estandar altuetara sakrifikatzen ari gara eta, era berean, ikusten dugu ikasle aberatsek eta txiroek elkarrekin oso emaitza onak atera ditzaketela.
Edozein hezkuntza sistema bere irakasleekin demokratikoa ez bada, ezin du demokratikoa izan eskoletan. Gaur egun, zenbait eskola existitzen dira forma ez demokratikoan, batzuek horri onura ateratzen diotelako. Hori aldatzea ez da erraza, lanordu asko eskatzen ditu eta irakasleek, berez, lanordu asko dituzte; irakasleak elkarlanean aritzea eta mugimenduak sortzea eskatzen du, eta horrek denbora eskatzen du. Gainera, irakasleei ezin diegu eskatu gizartean gertatzen den guztia orekatzeko. Hezitzaileak gara eta eskolan eta ekonomian, aldi berean, esku hartu behar dugu. Baina ez da bidezkoa irakasleak gertatzen den guztiaren errudun egitea.  Eskolako errendimendua handitu nahi badugu, bi gauza egin behar ditugu: ikasgelako ratioak 10 ikaslera murriztuko ditugu eta bakoitzari errespetuzko sarrera eskainiko diogu. Irakasleak ikasleengan sinetsi behar du; nik ez dut nahi nire seme-alabek arrakasta lortu ezin dutela pentsatzen duen irakaslerik.
Zure iritziz, zein litzateke gurasoen papera?
Guztiz engaiaturik dauden gurasoak nahiko nituzke eskoletan. Ezin dut irudikatu gurasoek aktiboki parte hartzen ez duten eskolarik. Baina ez soilik euren artean jarduten duten gurasoak, haurrak komunitate osoaren etorkizuna dira, eta, beraz, helburua ez da gurasoak soilik inplikatzea, eskolan komunitateko kide guztiak inplikatzea baizik. Eskola eta inguruaren arteko harresiak gainditu beharko dira eta ahal den erlaziorik irekiena sortu.
Eta testuinguru horretan, zein dira eskola demokratikoak sortzeko arriskuak eta kontuan izan beharrekoak?
Demokrazia kritikoa konplexua da eta emaitzak inoiz ez daude bermatuta. Horrelako planteamenduek erasoak jasoko dituzte askotan, kapitalaren eskuetan dauden komunikabideak aurka izango ditugu maiz, eta alderdi kontserbadoreak porrot egin dugula adierazten saiatuko dira.
Prozesu horietan, gobernuak ikasteko eta kritikak jasotzeko prest egon behar du, estatuak demokratikoa izan behar du, hau da, ikasten eta irakasten duen estatua. Beraz, estatuak ez ditu ikas komunitate horiek eraikitzen, baina ikas komunitateko kide moduan aritu behar du. Chicagon, adibidez, matematika talde horrekin, gurasoek erabakiak hartuz parte hartzen dute, baina eskoletako aurrekontua murrizten ari denez, kontseilu demokratiko horiek diote ezin dituztela zenbait gauza egin, eta zer kendu behar duten aztertzen ematen dute denbora.  
Irakasleen konpetentziak, baliabideak eta, batez ere, babesa behar dira hezkuntza demokratikoak eta kritikoak eskatzen dituenak egin ahal izateko.
Zintzoak izan behar dugu. Jende askok eskola demokratikoak eta kritikoak babesten dituela esaten du, baina oso berekoi ager daitezke euren seme-alabei buruz ari direnean; gainerakoak beren garapena oztopatzen edo mantsotzen ari direla pentsa dezakete. Gurasoei erakutsi behar diegu ez garela euren seme-alabak sakrifikatzen ari.
Ulertu behar dugu hezkuntza politiko-kritikoak kontraesanak izan ditzakeela. Era berean, ikas komunitateetan lanean ari direnek arrakasta eurentzat soilik ez gordetzea garrantzitsua da; arrakasta publiko egin behar da, gurasoek ere ezagut dezaten. Korrontearen kontra goaz eta komunikabideak baliatu behar ditugu.
Itxaropenari eustea oso garrantzitsua da. Munduan dauden hezkuntzari buruzko ikuspegiek aldaketa zaila dela esaten digute, baina guk itxaropenari bizirik eutsi behar diogu.
Gurean curriculum berria martxan jarri nahian gabiltza… Gizarteko mugimenduek curriculumarekin ados egon beharko luketela aipatu duzu. Baina, nola egin hori?
Gizarte mugimenduek aldaketa asko eragin dute. Eskolak ez du curriculuma aldatuko, ez bada gizarte mugimenduak bultzatuta. Munduko ikas komunitateen edo eskola demokratikoen historia ez da behinola estatuak ideia bat eduki zuela eta gero eskoletan ezarri zuela. Gizarte mugimenduek aldatzen dituzte estatuak eta gizarte mugimenduak izango dira hezkuntza eraldatuko dutenak, curriculuma aldatuko dutenak.
Adibide gisa, AEBn dugun curriculuma jarriko dut. Curriculum sexista eta arrazista da, ez du aipatzen ez emakumeen mugimenduaren historia, ezta afrikar edo latinoen historia ere. Emakumeen mugimenduek, edota afroamerikarren eta latinoen mugimenduek, aldarrikatzen dute ezin dela egun irakasten den moduan irakatsi. Haiek dira hezkuntza aldaketa bultzatuko dutenak, gizarte mugimenduek sustatuko baitituzte  curriculumeko aldaketak.
Beraz, galdera, jada, ez da nola lortu gizarte mugimenduen babesa, baizik eta nola izan hezitzaile irekiagoak, eta nola parte hartu eta entzun gizarte mugimenduek diotena, zein diren euren beharrak, euren ezagupenak eta egin beharko litzatekeenari buruzko iritzia. Ez dut uste gure aurka doan ezer denik, baina badira hezitzaileak, gizarte politika arduradunak eta zuzendaritzetan dihardutenak, curriculumaren inguruan gizarte mugimenduek ez dakizkiten gauza asko dakizkitenak. Ez dugu horrelakorik egin behar. Ikasmailei buruz hitz egin dezakegu, baina helburua ez da goitik behera begiratzea. Eraikuntza hori erabat aldatu beharra dago, elkarrizketaren kontzeptuak alderik alde mugi daitezen eta hitzak birkoka daitezen.
Geuk ere badugu zer irakatsi. Adibidea jarriko dut. Gizarte mugimenduetan diharduen jende askok orain irakasten ari den guztia alboratu beharko litzatekeela dio, dena bota, dena da jakintza matxista, azal zurien jakintza edo espainiarren jakintza, adibidez. Hori akats epistemologikoa da. Jakinduria borrokaren ondorena ere bada, ezagupen guztia da ahaleginaren emaitza. Jakintzak zentzuzko elementuak ditu eta baita okerrak ere, eta bakoitzak dugun hezkuntza jakituriatik aztertu beharko genuke, zein den ezagupenari buruzko galdera. Auzia ez da dena bota edo dena gorde, ez. Hau zertarako da ona, eta zertarako txarra? Beraz, denon mugimendu komuna eta mugimendu parte hartzailea izan beharko luke, gizarte mugimenduek irakatsiko ligukete eta, aldi berean, guk ere irakatsiko genieke. Hori da eskolaren arrakastaren abiapuntua. Hezitzaileok eta irakasleok irakatsi behar dugu, baina gizarte mugimenduen esana kontuan hartuz.
    "Pobreziak, askotan, eskola porrota justifikatzeko balio duen arren, bera horren kontrako adibidea dela dio Applek: “Familia txiro batean jaio nintzen, eskola txiroetara joan nintzen, eta erabiltzen nituen liburuak eta materiala oso zaharrak ziren. Eta, orain, hemen nago. Nire lagun guztiak, ordea, ez daude hemen. Dena den, dena okerragoa izango litzateke, irakasleek ez balute egiten duten lan ikaragarria egingo”.