Euskarako irakaskuntza Iparraldean

Gero eta eta ikasle gehiago eredu euskaldunetan
Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian euskarako irakaskuntzaren egoerari  argazkia atera genion apirileko alean, eta Bidasoaren bestaldera jo dugu oraingoan. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, euskara ez da ofiziala, baina horrek dakartzan zailtasun guztien gainetik, euskarako irakaskuntzak bere lekua egin du, eta ez hori bakarrik, D eta B ereduetako ikasle kopuruak gora egiten du urtetik urtera. Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) urtarrilean kaleratutako datuen arabera, irakaskuntza elebiduna edo murgiltze eredua eskaintzen duten eskolak % 42tik % 51ra igo dira azken urteetan, hiru sareak baturik (ikastolak, sare publikoa eta sare pribatua). Ikasle elebidunen kopurua berriz, hiru urte horietan % 24tik % 29ra igo da. Ama eskoletan edo lehen mailan, 3 ikasletik batek euskaraz edo euskara ikasten du, eta bigarren mailan, bostetik batek. Kontuan izan behar dugu, hala ere, zenbait datuk 20 ikasletik bakarra euskalduntzen dela diotela, eta EEPk berak emandako datuen arabera, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, lizeoetan ikasten zuten hamar ikasletik bederatzik frantsesez ikasten zutela 2004-05 ikasturtean. Gaur egun, datuak bertsuak dira.
Hemendik aurrera, ikasle horiek guztiek, sare elebidunean ikasten duten ikasleek, alegia, beren euskara maila frogatu beharko dute Hizkuntza Bizien Europako Kontseiluaren Erreferentzia Marko Bateratuak zehazten duenari jarraiki. Eta lanean ari dira orain, lortu beharreko mailak zein diren zehazteko. Lan horretan ari da EEP, eta horrez gain, euskara eta euskarako irakaskuntza bultzatzeko asmoz, proposamena egin eta programazioa osatu du EEPk. Batzuek begi onez hartu dute EEPren proposamena, gauza gehiago egin behar diren arren, bidea behintzat irekitzen duela uste baitute; baina kritikak ere jaso ditu proposamenak, besteak beste, ikasteko hizkuntzaren hautua gurasoen esku uzten duelako. Plangintza berria martxan da eta zenbait alderdi hartuko ditu kontuan: 
- Irakasleen prestakuntzarako egiturak egokitzea.
- Frantziako Hezkuntzak ikasleek lortu behar dituzten mailak zehaztuko ditu.
- Lehen mailako ikastetxe elebidunetako irakaskuntzaren antolaketarako norabide dokumentua osatuko da.
- Eskola publikoko lehen mailako irakasle postuak esleitzeko ratioa zehaztuko dute.
- Lehen maila publikoetan euskara ordu gehiago emateko aukera zabalduko da.
- Seaska eta Frantziako Hezkuntza arduradunak akordioa lortzeko urratsak egiten hasi dira.
- Irakaskuntza elebiduneko bigarren mailan euskaraz ematen diren ordu kopurua handituko da.
Proposamen horrekin batera, berriki jakin dugu, Frantziako diputatu talde batek hizkuntza gutxituak ondare gisara hartzeko emendakina sartzeko erabakia hartu duela. Frantziako Konstituzioan sartu aurretik, Senatuak onartu beharko du lehenik eta ondoren, Asanblea osoak. Aurrerapausoa izan litekeela dirudien arren, euskalgintzako hainbat eragilek zuhurtasunez hartu dute berria, izan ere, maiatzean bertan Frantziako parlamentuak uko egin zion hizkuntza gutxituen ofizialtasuna aitortzeari eta datorren urtera arte atzeratu zuen lege koadro bat osatzeko proposamena. Gainera, Frantziak, ez du Europako hizkuntza gutxituen ituna sinatu eta Nazio Batuen Erakundeak eskatutakoari uko egin dio.
Horrek guztiak eragina izan dezake irakaskuntzan, jakina. Eragina izan dezakeen moduan, datorren ikasturtean ez dela irakasle gehiago izango sare elebidunean Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Horren harira hainbat protesta izan dira azken hilabeteetan eta gurasoek hainbat eskola okupatu dituzte.  Era berean, LAB sindikatuak salatu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dizkiola euskarako irakaskuntzari behar dituen baliabideak eskaintzen, ikasle kopuruak gora egiten duen arren.
Egoera nahasi samarra dirudien arren, baikor egoteko arrazoiak badira: gero eta guraso gehiagok egiten du euskarako irakaskuntzaren aldeko apustua eta ikasle kopuruak gora egiten du urtetik urtera bai ikastoletan eta baita sare elebidunean ere. Oraindik lan asko dago egiteko, baina gaur arte egindako ibilbideak emaitza onak eman ditu. Datozen orrialdeetan ikusiko duzuen moduan, norbere aldarrikapenekin, baina, orohar, baikor agertu zaizkigu irakaskuntzako hainbat ordezkari egoeraren azterketa egiterako orduan.
Paxkal Indo. IKASTOLAK. SEASKA 
Baikor begiratzen die Paxkal Indo Seaskako lehendakariak, gaur egungo egoerari eta geroari. Seaskak 40 urtetan (heldu den urtean beteko ditu lau hamarkada) egindako lana fruituak ematen ari dela dio. Oraindik lan asko egin behar dela uste du, egoera politikoa hobea den arren, egoera soziolinguistiko okerragoan arituko direlako hemendik goiti, baina Seaska lanerako tresna ederra dela dio, eta aurrera egiteko arazorik ez dutela izango. Urtarrilean hartu zuen kargua eta lan asko duen arren, Seaskaren ardura izatea ezin ederragoa dela esan digu Indok.
Azalduko al diguzu zein den egun Seaskaren egoera?
Gutxi gorabehera 40 urteko historia dugu (heldu den urtean 40 urte beteko ditugu) eta Iparraldean D ereduan ari garen bakarrak gara. 2500 bat haur badira, orain pixka bat gehiago, 21 ikastola ditugu (ama ikastolak eta lehen mailakoak), hiru kolegio eta lizeo bat. Ikasleen % 7rat iristen gara, gutxi gora behera, zehazki ez baitugu behin ere ikertu, baina % 7 ez da aski euskararen salbatzeko eta beharrezkoa da Seaskaren egoera garatzea. Urtero, % 3-5 arteko garapena dugu, 100 bat haur gehiago izaten ditugu, jakinez eskola publikoetan galtzen dituztela, eta eskola pribatuetan orohar, haur kopuruari eusten diotela. Publikoak arrazoi soziodemografikoen eraginez galtzen ditu ikasleak; izan ere, populazioa emendatuz doa, baina Frantziako zaharrak honat etortzen direlako erretiroa hartzen dutenean, ez haur asko jaiotzen delako, eta eskolak ez dira betetzen. Seaskan garatzera kondenaturik gara, D eredua eskaintzen dugun bakarrak garelakotz. Badakigu B ereduan ari diren ikastetxe publiko eta pribatuetako haurrak A2 maila lortzen dutela 12 urtetan, hau da, atzerritar hizkuntzaren nozioa, eta Euskal Herrian euskara atzerritar hizkuntza izatea, bitxia egiten zaigu. Nozioekin ez da hizkuntza bat salbatzen eta Seaskaren oinarria, euskararen salbatzeko indarra egitea da. Guk 12 urtetan, ikasleek euskara eta frantsesa maila egokia izatea nahi dugu. Gure sistemak pedagogia mailan funtzionatzen duela erakutsi dugu, ikasleek emaitza onak lortzen dituzte, baina inguru frantsestua dugu. Egoera zaila da, baina atzera begiratzen badugu, egin dugun bidea poztekoa da. Atzera begiratuz gero, zer bide ederra egin dugun eta gaur egun Seaska zeinen tresna ederra den; hori dut ikusten.
21 ama ikastola eta lehen mailako ikastola, 3 kolegio eta lizeo bakarra. Ikasleak bidean geratzen al dira?
Lehen mailaraino ez dugu galtzerik, oso gutxi. Lehen mailatik Bigarren mailara gutxi, % 10, baina normala da. Hiru kolegio ditugu: bat Donaixtin, bestea Kanbon eta bestea Ziburun. Batzuetan hurbiltasunagatik beste ikastetxe bat hautatzen dute. Adibidez, Baigorrin kolegio elebiduna bada, eta ikasle bat Bankatik etortzen delarik, Ziburu aski urrun geratzen da, beraz, errezki uler genezake gertutasunagatik, batzuetan, ikasleak galtzea. Haurrentzat autobusean egunero ordu bete edo gehiago ematea denbora gehiegi da, eta ezin ditugu kolegio gehiago ireki. Kolegiotik lizeorat ere, galtze asko dugu baina bi arrazoi badira; alde batetik, haur askirik ez dugu eta ezin ditugu aukera guztiak eskaini (ez dugu teknika arloko Batxilerrik, arruntak baino ez: literatura eta zientifikoa). Bestetik, ikasleek, Seaskan 13-14 urte pasatu dituztelarik, batzuetan, airea hartu nahi izaten dute eta beste eskola batzuk ezagutu nahi dituzte. Gainera, Baiona, Zuberoatik urrun da. Baina pentsatzen dut oraindik gauza horiek lantzen ahal ditugula. Komunikazio arloan lana egin behar dugu, eta burasoek seme-alaba zaharrenak Seaskara ekar ditzaten saiatu behar gara, ondorengoak ere ikastolara ekartzeko.
Bestalde, pixka bat zaharragoak diren haurrak Seaskan nola eskolatu ikertuko dugu laster; 6 urterekin, 9rekin, etorri nahi badute, sistema bat sortu nahi dugu. Joan den azaroan Bretainian izan ginen topaketa batzuetan eta Galesko ordezkari batek inmertsio azeleratua edo intentsiboa deitzen duten protokoloak nola funtzionatzen duen erakutsi zigun. Han 12 urte arte hartzen dituzte haurrak nahiz eta galesez ez hitz egin, eta sei hilabetez hizkuntza ikastaro trinkoak eskaintzen dizkiete. Bide hori jorratu behar dugu.
Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntzari dagokion proposamena egin zuen irakaskuntza arloan. Zer irakurketa egiten du Seaskak horren gainean?
EEPn badira biziki inportanteak diren bi gauza: nahiak eta epeak. Epe laburrerako zehaztu dituzten nahiak guk Seaskan aspaldi lortu ditugu; adibidez, euskararen maila. Haiek galdegiten dutena eta guk galdegiten duguna ez da maila bera. Guretzat eskola publikoetan eskatzen den A2 maila pentsaezina da; gure haurrek bost urterekin idazten balekite, publiko elebidunean euskararen mailari dagokionez egiten dituzten azterketak egin ahal izango lituzkete. Beraz, hori onartezina da guretzako. Baina, bestalde ikusi behar da zer bide egin nahi izan den; euskara ez da ofiziala Estatu frantziarrean eta ez hori bakarrik, ez gara existitzen. Dagoen lege bakarrak dio, ahal dela, eskolan hizkuntza erregionalak erakutsi behar direla, bertzerik ez. Eta orain bada EEP moduko erakunde bat, ofiziala, euskararen aldeko politika bat sortu duena eta hezkuntzan zerikusirik baduena. Finean, urrats handia da. Guk, euskaltzaleok, mila kritika egiten ahal ditugu, ez delako behin ere aski egiten denarekin, baina espero dut lehen urratsa baizik ez dela izanen. Bestetik, EEP tresna politikoa da, eta guri, euskaltzaleoi, dagokigu tresna horrekin lan egitea; mailu batek ez du sekula iltze bat sartuko atzean eragiten dion pertsonarik ez badu. Euskaltzaleok dugu lan hori egin behar. Entzun dudalarik lehengo astean Herri Urratsen EEPren lehendakaria, Max Brisson, UMPkoa, eskuindarra, hark erratea Seaska 40 urtez izan ez bazen, ez zela elebidunik izango eskola pribatu eta publikoetan, gauza on bezala hartzen dut. Guri dagokigu lan egitea eta guri baita ere, erratea, haien lana ez dela aski fite, aski ongi egiten. Bistan da. Guk akuilu lana egin behar dugu. Badakite nolakoak garen eta zer erra dugun euskararen salbatzeko, badakite noraino joaten ahal garen lan horren egiten. Eta errespetatzen gaituzte, bai EEPk eta baita beste erakunde eta alderdi politikoek ere.
Seaskan ikuskariarekin negoziaketan ari gara eta EEP bitartekaritza lana egiten ari da. Ez dut uste Seaskarentzat gauza askoz gehiago egiten ahal duenik, gu autonomoak baikara. Orain arte lortu ditugun irakasle postuak ministroarekin ditugu negoziatu eta ez Pauen den Akademia Ikuskaritzarekin. Horrek erran nahi du Seaska oso berezia dela, sinbolikoki garrantzi handia dugu.
Irakasleen postuak aipatu dituzu eta gai horren harira gatazkak izan dira berriki…
2008ko eskola sartzea zaila ukanen dugu; bi urteko haurrak aintzat hartuta 14 postu behar ditugu eta bi lortu ditugu; bat, aspaldi zor ziguten zuzendaritzarako. Beraz, irakasle bakarra lortu dugu 100 ikasle berrirentzat, jakinez bost urtez, 41 ikasleko postu bat eman digutela. Beraz, irakasleen kopurua jaitsi egin da, eta ikasleena igo. Urtarrilean hiru urteko epe luzerako plana negoziatzen hasi ginen eta 2009an aplikatuko dugu. 2008ko iraileko sartzerako orain arte ez da araurik finkatu estatuarekin, publikoan badituzte kalkulatzeko modu batzuk eta pribatuan ere hainbat sistema adostu dituzte, baina Seaskarekin ez dute horrelakorik inoiz egin. Eta ez baditugu irakasleen kontratazioa arautzeko kopuru zehatzak finkatzen, beti izango dugu gatazka. Frantziako estatu osoan 11.000 irakasle postu baino gehiago kenduko dituzte eta ez dut erranen guk bi lortzea asko denik, baina testuingurua hori da, denetan murrizten dituztela postuak eta aukerak. Oso zorrotzak dira eta guk zerbait lortu dugu. Egoera ez da erraza.
Nola begiratzen diozue geroari?
Euskararen egoera aldatu egin da eta Seaska ere bai; duela 20 urte mespretxuz hartzen gintuzten askok eta gaur egun ohartzen dira egiten dugun lana ona dela eta ikastoletatik ateratzen diren ikasleak, ikasle onak direla. Denborarekin gure lekua lortu dugu.
Gaur egun lehengo ikasleek dituzte ardurak eta Seaskaren filosofia ez dugu geureganatu behar, gure baitan dugulako, Seaskan energia berria sartuko da eta uste dut garatze fase eder baterat pasatuko garela. Gauzak pixkanaka aitzinatzen ari dira guretzat, dena nahi dugun bezain fite joaten ez den arren.
Jakes Sarraillet. IRAKASKUNTZA PUBLIKOA
Jakes Sarraillet, euskarako ikuskaria da bigarren mailan; kolegioetan eta lizeoetan. Bordeleko errektoretzari lotua da Jakes Sarraillet, baina bere lan eremua Euskal Herria da, eta bertako Bigarren Mailako ikastetxe publiko eta pribatu guztietan aritzen da. Ikuskaritza lana egiten du baina beste gauza aunitz egiten ditu, formakuntzaz arduratzen da, eta irakasleak hartzeko konkurtsoetan euskararen alorraz arduratzen da. Euskal irakaskuntza garatzen ari bada, familiek eskatzen dutelako dela dio, eta baikorra da. Irakaskuntza publikoaren egoerari buruz mintzatu gara Sarrailletekin.
Zertan da euskararen egoera ikastetxe publikoetan?
Euskara ikasteko bi molde badira publikoan, alde batetik bide elebiduna eta bestetik, hautuzko bidea; azken horrek erran nahi du, kolegioko lehen bi urteetan astean bi oren ematen direla euskaraz eta kolegioko azken bi urteetan, astean hiru oren. Lizeoan, astean hiru oren izaten dira. Orokorki errateko, euskararen erakaskuntza garatzen ari den bidea da, bereziki adar elebidunean; urtetik urtera kopuruak % 5 eta % 10 artean emendatzen dira. Eta hautuzko bidean, aldiz, kopuruak mantentzen dira, ez dira gehiago goratzen ari. Horrek erran nahi du familiek eraginkortasunaren aldeko hautua egiten dutela, hautuzko bidean euskaraz mintzatzen ez baita ikasten, aldiz, elebidunean, gehiago ikasten da, nahiz emaitzak ez diren beti onak. Elebidunean diren ikasleek, ama eskola eta lehen maila euskaraz egiten dute, eta hor parekotasun elebitasuna da, erran nahi du, denboraren erdia euskaraz egiten dutela, eta beste erdia, frantsesez. Aldiz, kolegioan parekotasun hori galtzen da, eta astean denboraren herena egiten dute euskaraz. Eta jakina, gero eta oren gehiago euskaraz eskaini, emaitzak ere hobeak izanen dira. Hori da murgiltze sistemarekin gertatzen dena, ikasleek maila hobea lortzen dute, lehenago.
Gero eta gehiago dira, orduan, sare publikoan euskaraz aritzen diren ikasleak.
Bai. Garapen horren ideia baten emateko jakin behar da memento honetan, 2007ko ikasturte hasieran, Ipar Euskal Herriko Ama Eskoletan haurren % 40 elebidun sarean zirela, publikoan edo pribatuan; Lehen Mailan % 33, kolegioan % 15 eta lizeoetan %9. Baina kopuruak etengabe emendatzen dira.
Adinak aurrera egin ahala, dena den, jaisten doa.
Bistan da. Baina pentsa daiteke datozen urteetan Kolegioetan ere kopuruak goratuko direla. Ama eskoletan % 40 direla ikusirik, horrek segida ukanen duela pentsa daiteke. Batzuk bidean geratzen dira; lehen mailatik kolegiora pasatzean galtzeak gertatzen dira, baina, gehienbat, kolegiotik lizeora pasatzean izaten dira. Izan ere, kolegiora haur guztiak joaten dira, baina ateratzen direnean mila bide dituzte aukeran, noranahi joaten dira eta adar elebiduna erakaskuntza orokorreko lizeoetan egiten da soilik, ez Lanbide Heziketarako lizeoetan eta bestelakoetan. Hor apaltze handia gertatzen da horregatik, besteak beste.
Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratua dela eta, ikasleek euskara maila egiaztatu beharko dute. Zertan da hori?
Egiten ari den gauza da. Europako Markoaren araberako lehen mailako euskarako programak landu genituen. Kolegiorako bi atal daude, lehen urratsa eta bigarrena, eta kolegioko lehen urratsa ofizialki argitaratu da. Orain bigarren urratsa lantzen ari gara eta, normalki, heldu den urtean argitaratuko da. Lizeorako mementoz ez da egina. Ikasleek lortu behar dituzten mailak finkatuak dira eta hautuzko bidean, lehen mailatik ateratzean, A1 maila behar dute, eta elebidun bidetik ateratzen direnek, A2 maila. Gero kolegiotik ateratzean, hautuzko bidean ari direnek A2 maila behar lukete eta elebidun saretik ateratzen direnek, pentsatzen dut B2 moduko zerbait beharko dutela ukan, baina oraino ez dira eginak.
Hori eredu elebidunentzat litzateke, baina, esan duzunez, 9-10 ordu ematen dituzte astean euskara ikasteko eta euskaraz ikasteko. Ordu kopuru horrekin halako emaitzak lor al daitezke?
Galderazko puntua bada hor nonbait. Dena den Euskararen Erakunde Publikoarekin ari dira orain gauza batzuk martxan ezartzen oren kopuru handiagoak euskaraz izateko. Heldu den sartzean kolegio batzuetan euskaraz oren gehiago egiten hasiko dira, adibidez, Hendaiako kolegioan fisika euskaraz eginen dute. Orain arte denek egiten zuten euskara, geografia eta historia euskaraz; hemendik aitzina, beste gai batzuk eginen dira euskaraz, ez dakigu oraino zein epetan eginen den, baina aurreikusi diren gaiak matematika eta kirola dira. Horrek arazo handiak pausatzen ditu, irakasle euskaldun gehiago atzeman beharko direlako. Irakasleak hartzeko frantses sisteman konkurtsoa ez da euskaldunak hartzeko egina eta hori konpondu beharreko gauza da, aski konplikatua izanen dena, dudarik gabe.
Euskararen Erakunde Publikoak egindako programazioak edo proposamenak kritikak jaso ditu. Zer iruditzen zaizu?
Euskararen Erakunde Publikoa historia luze baten ondorio da, eta historia luze horretan estatua beti partaide izan da. Iduritzen zait nahiz kritikatua izan den eta nahiz gauzak hobeki egin daitekezkeen, EEP urrats baikorra izan dela, dudarik gabe. Euskararen kasuan, estatuak, arazo horri konponbidea eman behar zaiola eta euskararen erakaskuntza garatu behar dela erabaki du. Alde horretatik bide onean garela iduritzen zait. Dena den, ikusten dut EEPk egindako proposamenean kopuruak handitzen direla baina ez direla helburuak finkatzen, ez da erraten, adibidez, hemendik bost urtera ikasleen % 50-60 elebidunean izanen da. Hori faltan botatzen dut.
Eta bide horretan pixkanaka aurrera eginda, murgiltze eredua ikastetxe publikoetan eskaintzeko aukerarik ikusten al duzu?
Bai. EEPren administrazio kontseiluak egin duen azken bilkuran irakaskuntza publikoa, ama eskoletan, murgiltzearen inguruan esperientzia batzuk egitea onartu dute, eta heldu den sartzean bi eskoletan, bederen, esperientzia hori eginen da; Donibane Garazin eta Azkainen. Beraz, denboraren erdia baino gehiago euskaraz izanen da, ez dakit zenbat, baina hori onartu dute emaitzak zein diren ikusteko, legeak onartzen ez duen arren. Estatuko kontseiluak hartutako erabaki batek erraten du ezin dela denboraren erdiz baino gehiago irakatsi frantsesa ez den hizkuntza batean, beraz, hor bada onartutako lege urraketa. Bistan da emaitzak onak izango direla, denok dakigu hori, gero eta euskara gehiago, emaitzak hobeak izango dira, bereziki haur ttipiekin. Bi eskola ez da ainitz, baina pentsa liteke datozen urteetan eskola gehiagotan eginen dela. Garrantzitsua da gauzak mugitzen direla eta bide onetik ari garela. Gero, hori, aski izanen ote den Iparraldean euskara denetan atxikitzeko, beste zerbait da. Gizarteak ere behar du bere gain hartu eta bultzatu, baina erakaskuntzan gauzak bide onean dira. Nik pentsatzen dut bidea luzea izanen dela, baina alde baikorra ikusi behar da.
Beraz, etorkizunari baikor begiratzeko moduan?
Baikor begiratzen dut, bestela ez nuke lan hori eginen. Lehenik, atzera so egiten baduzu, nahiz bide zaila eta bihurgunetsua izan den, gauza ainitz egin dira. Duela 20 urte Iparraldean nehork ez zuen erranen horrela izanen ginenik; ez zen euskarako irakaslerik, esaterako. Bestetik, ez dugu atzera eginen, mantso ibiliko gara beharbada, baina atzerabiderik ez da. Hirugarrenik, ikusten dut gizarte eskaera badela. Baina bidean badira puntu beltzak ere, euskararen erabilera, adibidez. Gazteek euskaraz ikasten dute baina gero frantsesez mintzatzen dira eta bizitza normalean euskaraz mintzatzeko parada gutxi da, bereziki hemen, kostaldean. Beste puntu beltz bat da kanpoko jende ainitz etortzen dela Euskal Herrirat bizitzera eta ez dakigu zer jarrera izanen duten euskararekiko. Gauza ainitz geratzen da egiteko, baina mentalitateak aldatzea biziki luzea da, jendearen ikusteko manerak aldatzea luzea da, eta denbora beharko du. Hizkuntza bat biziki fite galtzen ahal da, belaunaldi batez edo bi belaunaldiz, baina gero berreskuratzea biziki luzea izaten ahal da. Hegoaldean, hizkuntza ofiziala izanik, D ereduan aritzen diren ikasleen maila askotan ez da oso ona. Denbora behar da, eta Iparraldean gehiago, baina aitzina goaz.
Maite Oxandabaratz. IRAKASKUNTZA GIRISTINOA
Maite Oxandabaratzek Hezkuntza Katolikoaren Zuzendaritza Diozesanoan egiten du lan. Aholkularia da eta irakaslegaiak eta ordezko irakasleak laguntzen aritzen da. Ikastetxe giristinoetan ere, gero eta gehiago dira euren seme-alabak eredu elebidunean matrikulatzen dituzten gurasoak, eta Maitek esan digunez, ikasleek haien artean ere, euskaraz aritzeko gero eta joera handiagoa dute. Ikasketak euskaraz egitea oraindik askoren buruan sartu ez den arren, gaur egun, beste sentsibilitate bat, beste borondate bat badela dio eta euskarazko irakaskuntzak gero eta indartsuago jarraitzen duela aurrera. 
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastetxe giristinoetan, ama eskolan hiru eta lau urteko haurrentzat murgiltze sistema proposatzen dute eskola batzuetan. Bost urtetik hamaika urtera, B eredua eskaintzen dute eta 12 ordu egiten dituzte astero euskaraz jolasgaraiak ere, barnean sartuta. 12 urtetik aurrerako ikasleentzat, bederatzi kolegio dituzte eredu elebidunean, baina astean bost-zazpi ordu baino ez dituzte eskaintzen; hiru ordu euskara ikasteko baliatzen dituzte, eta gainerakoak gairen bat ikasteko.
Euskararen Erakunde Publikoak egindako proposamenak aukerak zabaldu dizkiela dio Maitek: “EEPk proposatu duena Hezkuntza Nazionalak onartzen du, eta guri horrek aukera berria  zabalduko digu. Orain arte ez zuten horrelakorik onartzen eta gu sasi-eskola antzeko batzuk ginen. Aldiz, urtarrilean EEPk aurkeztutako programazioaren bigarren zatiak, burasoek B edo D eredua hautatzea errespetatzen du. Gu lanean ari gara; proiektua jarri dugu martxan. Ebaluazioan ikusten bada emaitzak ez direla onak, pentsatuko dute ez duela merezi irakasle bati ordaintzea lan horren egiteko. Baina ikusten bada euskararen inguruan zerbait hobetzen dela, beharbada luzatuko dute. Onartzen ez badute, D eredua ez digute onartuko eta, derrigorrez, B eredua egitera behartuko gaituzte. Baikorra kausitzen dut baimena, baina gobernuak ordaintzeko behar da ere haiek nahi dutena egin.”
Iparraldean 56 eskola giristino daude, horietatik 27 elebidunak dira eta 11 eskoletan murgiltze eredua dute. Ia ikasleen erdiek aukeratzen dute elebitasuna, baina baliabideak ez dira onenak Maitek dioenez: “Hizkuntza arrotza dute haurrek, euskara ez da ama hizkuntza gehienentzat eta kopuruak kezkagarriak dira baita ere. Nola lan egin ongi 25-26 haur dituzularik? Lehen mailan batezbestekoa 25 ikasle dira”. Irakasleek, gainera, euskaraz aritzeko gaitasuna izan behar dute, formazioa oso garrantzitsua da, baina horretan ere ahal dutena egiten dutela esan digu Maitek: “Hiru sare gara eta bakoitzak ahal duen edo nahi duen bezala antolatzen du. Guk formazioa Bordelen egitea pentsatu dugu, eta gure irakaslegaientzat euskara lantzeko formakuntza saioak ere antolatuko ditugu”.
Bada beste arazo bat ere; irakasle guztiak ez daudela ados hezkuntza elebidunarekin: “Ez da beti euskararen kontra daudelako, baina haien ohiturak aldatzen dira elebitasuna irekiz; ikasleak ez dituzte haientzat egun osorako, beste irakasleekin partekatu behar dituzte eta hori ez dute denek erraz onartzen. Gainera badakite elebidun sistema baldin bada, badirela frantses postuak ixteko arriskuak, erakasle bat ezin duzulako, adibidez, bost ikaslerekin utzi”, azpimarratu du Maitek. Irakasle horiek euskara mehatxu gisa hartzen dute maiz.
Euskara maila apalagoa
Hamaika urteko ikasleek euskara maila gero eta apalagoa dutela dio Maitek. Horietako askok inguru frantsesa dute eta kolegioan sartzen direnean, eredu elebiduna alde batera uzten dute zailtasunak dituztelako eta azterketak euskaraz egiteari beldur diotelako. Dena den, euskaraz segitzen badute, 14-15 urte dituztenerako euskara sakondu dutela eta kolegietan euskarazko ordu kopurua handituz gero, euskararen irakaskuntza hobetuz gero, Europako Erreferentzia Markoak zehazten duen B2 maila lortzeko moduan izango direla uste du. Lortu beharreko maila zehaztua egotea positiboa iruditzen zaio Maiteri, ikasleek zein irakasleek horra heltzeko ahalegina egingo dutelako.
Dena den, baikor izateko arrazoirik ikusten du, eredu elebidunean gero eta ikasle gehiagok ematen baitu izena urtetik urtera. Egindako bidearekin pozik da Maite: “Beti behar da hobetu, eta bada lana erakaskuntza hobetzeko, baina poztu egiten nau haur erakaskuntza elebidunean kopuruak gora egiten duela ikusteak. Espero dut gero eta euskaldun gehiago izanen direla”. 
EUSKARAREN ERAKUNDE PUBLIKOAREN PROGRAMAZIOA
Euskararen Erakunde Publikoak euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren garapena eta egituratzea helburu dituen epe luzerako programazioa osatu du. Programazioaren lehen atalak, irakaskuntza eskaintzaren garapen plana finkatu zuen, eta bigarren atalak, euskarazko irakaskuntzaren egituraketa eta antolaketa kualitatiboa jorratzen ditu.  Zazpi norabide nagusien inguruan egituratzen da programazioa eta norabide bakoitzak egitasmo zehatzak proposatzen ditu.
1. norabidea: Euskararen irakaskuntza eskolan egituratu, lortu beharreko gaitasun mailak zehaztuz eta, ebaluazio eta ziurtapen prozedurak abian jarriz, maila guztietan eta sare guztietarako.
2. norabidea: Lehen mailako irakasleen hastapeneko formakuntza eta etengabeko formakuntza egokitu, sare guztietan, irakaskuntza elebidunaren berezitasunak hobeki kontuan hartzeko.
3. norabidea: Lehen mailako ikastetxe elebidunetako irakaskuntzen antolaketarako orientazio dokumentua burutu, oinarri komuneko ezagutzak eta gaitasunak eskuratzeko beharra, eta aldi berean, irakaskuntza elebidunaren berezitasuna kontuan hartuko dituena. 
4. norabidea: Eskola elebidunei irakaskuntza baliabideak emateko eta kentzeko erabakien prestakuntzarako egiteko era berria martxan ezarri, beharren kalkulu teorikoa eta irakaskuntza praktikoaren antolaketa uztartzen dituena.
5. norabidea: Lehen mailako sail elebidunetan euskarazko irakaskuntzaren ordu kopurua handitzera behartzen duten esperimentazio pedagogikoak ahalbidetu eta lagundu.
6. norabidea: Hezkuntza Nazionalaren eta Seaska Federazioaren arteko hitzarmena burutu: lehen mailako irakaskuntzarako baliabideak emateko, bigarren mailako orduak finkatzeko, ikastetxe berriak irekitzeko erak eta hizkuntza gaitasunen ebaluazioa kudeatzeko tresna partekatuak definitzen dituena.
7. norabidea: Irakaskuntza elebiduna sendotu kolegio eta lizeoan, euskaraz emanak diren irakaskuntza ordu kopurua handituz.