Kronika

Maiatzean sartzearekin batera, hezkuntza arloko jaiak iritsi zaizkigu. 
Milaka pertsona bildu ziren Senperen, maiatzaren 11n, Herri Urratsen mende laurdena ospatzeko. 25.000 pertsona bildu zituen Iruñean, bestalde, hilaren 18an Bultza euskal hezkuntza lelopean egin zen Sortzen-Ikasbatuaz-en 13. jaiak eta jaialdia egin zuten baita ere bi egun geroago, Aian, euskal eskola publikoaren alde. Maiatzaren 25ean, berriz, milaka lagun bildu ziren Amorebietan, Ibilaldian, Bizkaiko ikastolen festan. Ekainak ere, hainbat jaialdi ekarriko dizkigu: ekainaren 1ean Eskola publiko elebidunaren festa izan zen Arrangoitzen Ikas-Bi elkarteak antolatuta, eta Euskal Eskola Publikoaren aldeko festaren 17. edizioa ospatu zuten Barakaldon EHIGEren eskutik. Ekainaren 15ean, berriz, Bastidan izango da zita, bertan izango baita Araba Euskaraz jaia.
Hainbat mobilizazio izan dira maiatzean Euskal Herrian
Maiatzak hainbat mobilizazio eta protesta utzi ditu gurean, eta horietako askok, ekainean zehar jarraipena izango dutela dirudi, ekainaren 2an greba mugagabea hastekotan baitziren Iruñeko Udal Haur Eskoletako langileak. Apirilean eta maiatzean hainbat mobilizazio eta greba egun egin ondoren, udalarekin akordiorik lortu ezean, greba mugagabeari ekingo ziotela iragarri zuten langileek.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeetan, berriz, mobilizazioak izan ziren  maiatzaren 20an. Bi orduko lanuztea langile gehienek egin zuten ELA eta LAB sindikatuen arabera. Administrazioari eta patronalei negoziazio prozesua abiatzeko dei egin diete sindikatuek eta itunpeko ikastetxeen langile guztien lan baldintzak hobetu beharra aldarrikatu dute: soldaten parekatzea eskatzen dute, hau da, sare publikoko irakasleek adina irabaztea, eta eskolako lanaldia murrizteko eskaria ere egin dute. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak langileen aldarrikapenak zilegi direla esan du, baina lanuztea neurriz kanpokoa izan dela uste du, itunpeko sarearen finantzaketaren gainean eztabaida sakona egin behar dela nabarmendu duen arren.
Bestalde, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako egoera dela eta ere, hainbat protesta izan da azken hilabetean. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak aurrera eraman nahi duen erreformaren kontra greba egin zuten irakasleek eta ikasleek. Erreformaren arabera, 11.000 irakasle lanpostu galduko dira Estatu frantziarrean. Eta irakaskuntza zerbitzu hobearen alde, maiatza amaieran ere, hainbat bilkura izan dira. LAB sindikatuak, bere aldetik salatu du, Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dizkiola euskarazko irakaskuntzari behar dituen baliabideak eskaintzen, ikasle kopuruak gora egiten duen arren. 
Euskararen legeak aldaketarik ez eta ingeles gehiago ikastetxeetan
Nafarroan, Euskararen Legea aldatzeko aukera bertan behera geratu da oraingoz. Maiatzaren 8an bozkatu zuten lege proposamena Nafarroako Parlamentuan, Foru Erregimeko Batzarrak bere oniritzia eman ondoren, baina Txentxo Jimenez NaBaiko parlamentaria Himalayan oporretan zela eta, proposamena ez zen aurrera atera. Nafarroako Ezker Batuak Parlamentuan erregistratu zuen berriro Euskararen Legea aldatzeko lege proposamenaren ekimena, ekainean bozkatuko da berriro Foru Erregimeneko Batzarrean eta ondoren, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurara iritsiko da berriro ere eztabaida. Aldaketa eginez gero, Iruñerria osoa eremu mistoan egongo litzateke 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera; Aranguren, Galar, Beriain eta Noain Elortzibar eremu mistora pasako lirateke. Herri horietako bizilagunek, beraz, D ereduan ikasteko, errotulazioa elebidunez izateko eta administrazioan paperak euskaraz eskatzeko eskubidea izango lukete, besteak beste. Euskalgintzako hainbat eragileren iritziz aldaketa ez da nahikoa eta legea errotik aldatu beharra aldarrikatu dute
Bestalde, Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak, atzerriko hizkuntzak irakas-hizkuntza gisara txertatzeko plana egin dezala eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Planaren helburua 2011 urterako ingelesez irakatsiko duten 50 ikastetxe izatea da. Gaur egun hamar ikastetxe publikok eskaintzen dute British eredua (gaztelania eta ingelesa irakas-hizkuntza gisa dituen eredua) eta datorren ikasturtean bost ikastetxe publikok programa aitzindaria abiatuko dute: Hizkuntzen Tratamendu Integratua. Bost ikastetxe horietan gaztelaniaz eta ingelesez irakatsiko dute, eta euskara hautazko ikasgaia izango da. Oraingoz ez dute argitu nola txertatuko dituzten Hizkuntza Tratamendu Integratua eta euskarazko irakaskuntza D eredua eskaintzen duten ikastetxeetan. 
Frantziako diputatu talde batek hizkuntza gutxituak ondare gisara hartzeko emendakina sartzea erabaki du. 
Dena den, emendakina Frantziako Konstituzioan sartu aurretik, Senatuak onartu beharko du lehenik eta ondoren, Asanblea osoak. Euskalgintzako hainbat eragilek zuhurtasunez hartu dute berria. Izan ere, Frantziako gobernuak behin eta berriz egin dio uko hizkuntza gutxituak aintzat hartzeari eta horiek indartzeari. Maiatzean bertan Frantziako parlamentuak ez zuen hizkuntza gutxituen ofizaltasuna aitortzea onartu, eta 2009ra atzeratu zuen lege koadro bat osatzeko proposamena. Gainera, Frantziak ez du Europako hizkuntza gutxituen ituna sinatu, eta Nazio Batuen Erakundeak eskatutakoari uko egin dio.