129: Kontsentsuak behar dira, ezbairik gabe, baina betetzeko!

Zenbat metroko distantzia ote dago Lakuako Kultura Sailetik Hezkuntza Sailera?
Hezkuntza Saila legeak agintzen duen gisan ikasleek eskolaldia amaitzean bi hizkuntza ofizialak menperatzeko proposamena jorratzen ari da. Kultura Sailak EUSKARA 21 etorkizunean garatu beharreko hizkuntza politikari buruzko eztabaida eta gogoeta abiatu du. Batak bestearen beharra du, eta EUSKARA 21 egitasmoak bere proposamena egiterakoan kontuan izan beharko du ikasleek eskolaldia amaitzen dutenean B2 maila lortu behar dutela, eta hizkuntza politikak, dagokion heinean, hori horrela izan dadin bermatzeko neurriak proposatu beharko dituela.
Orain 25 urte EAEn kontsentsua lortu omen zen hizkuntzen arloan. Legeak bi hizkuntza ofizial ezagutu zituen komunitate horretan:euskara eta gaztelania. Kontsentsua, berriz, bi hizkuntza ofizialak menperatzea izan zen, eta ondoren egindako legeek ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean bi hizkuntza ofizialak ezagutu behar dituztela agindu zuten.
Ibilbide horretan, 25 urte horietan alegia, ikasle guztiak erdaldunduta atera dira eskolatik. Ez da gauza bera gertatu euskararekin. Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoan zehazten diren B2 probak eman dituen emaitzak lekuko: A ereduko 0 ikaslek gainditu dute, B ereduko 3tik 1ek eta D ereduko 3tik 2k.
Ondorioz, frogatu da darabilzkigun politikak eta sistemak ez dutela balio euskalduntzeko. Eta hori egiaztatu da.
Beraz, bi helburu izanik —euskalduntzea eta erdalduntzea, frogatu da denak erdalduntzen direla eta frogatu da gutxienak euskalduntzen direla—profesionalki eta pedagogikoki begiratuta zintzotasunez jokatu behar badugu, ez al dugu neurririk hartu behar?
Bestalde, euskara irakastea inposaketarekin lotzeko joera arriskutsua eta tentagarria egon liteke, gurasoek beren seme-alabek zein hizkuntzatan ikasteko aukeratzeko duten eskubidearen izenean. Baina zergatik ikusten da inposaketa gisa euskara eta ez gainerako ikasgai eta ikasgai horietako edukiak? Edo inork pentsatu ote du matematika, fisika edo ingelesa inposatzen zaionik eskolan? Eta zergatik euskara bai?
Arazoei konponbidea eman behar zaie, zalantzarik gabe. Eta une honetan hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntza aztergai daude. Urte luzeetan bide batzuk saiatu dira, eta horiek, eman dituzten emaitzak eman dituzte.
Denen desiragarri litzateke gauzak norberaren borondatearen arabera egin ahal izatea. Oraingoz, lege bat dago, aspaldi lortu omen zen kontsentsu batek indartzen duena, eta martxan ipini ziren ekinbideen emaitzak azaltzen dituzten probak.
Horiek guztiak kontuan, neurriak hartu eta bide berriak saiatzeko tenorea da, bidean aurrera egiteko proposamenak egin eta aurkeztekoa. Eta Euskararen Kontseiluak egin du berea.
Berandu baino lehen proposamen gehiago beharko luteke mahai gainean, ea Kultura eta Hezkuntza Sailaren arteko distantzia txikitzen den eta ildo berean doazen bien ekimenak!