Zer ondorio izango ditu haurrengan gorputz hezkuntzako orduen murrizketak?

Hezkuntza Sistemaren hainbat erreforma eta aldaketa ezagutu izan ditugu. Administrazio bakoitza, garaiko balio eta ikuspegiaren arabera bultzatu nahi duen gizarte eredua lantzeko aukeraz baliatu da. Oraingoan gainera (Euskal Autonomi Erkidegoko Curriculuma dela eta), behingoz, geure kulturarekiko arrotzak ez diren edukiak jorratzeko eskumena dugu.
Maiz entzun eta irakurri izan dugu Derrigorrezko Hezkuntza Sistemaren helburua belaunaldi berriak bizitzarako prestatzea dela, gizartean txertatzeko trebatzea, haien garapen soziopertsonal osoa bermatzea; modu horretan, egungo gizartean ditugun aldeak gutxituz. LOGSE izeneko Hezkuntza Sistemaren Erreforma irizpide horiekin bat egiten saiatu zen neurri batean: integrazioari esker ikasle guztiak elkarrekin lankidetzan, ikasle bakoitzaren ezaugarri eta beharretara egokitutako curriculuma, haurra bere osotasunean ulertzea (adimen eta ezagutza intelektualera soilik mugatu gabe), ordura arte gutxietsitako hainbat arloetan trebatutako irakasleak (musika, plastika, gorputz hezkuntza), irakasle laguntzaileak bermatzea, errendimenduari dagozkion emaitzak soilik ebaluatzen dituzten irizpideak baztertzea…
Eskolaren eraginak mugak ditu eta ezin dugu gizarteak dituen arazo guztien erantzule bihurtu; hiritarrengan eragiten duten beste zenbait aldagai ezin ditzakegu baztertu. Tarteka, hainbat arazok, komunikabideetako lehen orrialdeak betetzen dituzte: genero indarkeria, arrazismoa, xenofobia eta etorkinekiko jarrera baztertzaileak, bandalismo portaerak; bullyng-a eta kideenganako erasoak eta jazarpenak, arazoak konpontzeko biolentziaren kulturak, bestela pentsatzen dutenenekiko tolerantziarik eza, garapen jasangarria, klima aldaketa... Arazo horiei erantzuteko asmoz, neurri isolatu moduan, Unitate Didaktiko bana sortu izan da eta eskola guztietara banatu. Beraz, muinera jo beharrean eta egiturazko eraldaketak proposatu beharrean, adabakiak ezarri izan dira.
Zer islatzen dute arazo horiek guztiek? Ez ote dugu abiapuntu edo ikuspegi desegokia izango? Ez al ditugu hutsuneak zenbait eremu (afektibitatea, emozioak, baliabide sozialak, harremanak...) lantzerakoan? Ez al ditugu gehiegi lehenesten adimenarekin eta eremu kognitiboarekin lotutako edukiak, errendimendua eta bikaintasuna irizpide gisa hartuz? Ohartzen al gara oinarrizko hezkuntzak kohesio sozialean izan dezakeen eraginaz?
Egia esan, hemendik kanpo ere inboluzio garaiak bizi ditugu, etapa hori lan merkaturako prestaketa gisa ulertzen dugu eta irakasgaien artean hierarkiak ezartzen ditugu. Herrialde baten Hezkuntza Sistemaren kalitatea neurtzeko adierazle gisa zientzietako ikasketetan matrikulatutako ikasle kopurua erabiltzen hasi ez dira, bada! Beraz, badakizu, zure seme-alaben irakasleak arlo guztiak garrantzitsuak direla esaten badizu... ez egin kasurik!, hori zaharkitutako ideia besterik ez da eta, nonbait.
Baina egindako galderari jarraituz, hel diezaiogun Gorputz Hezkuntzaren arloari. Curriculum berrian, derrigorrezko ordu kopurua ia erdira jaitsi dute (% 40), astean saio bakar batera mugatuz. EAEko curriculumaren arabera, Gorputz Hezkuntzan jorratu beharko diren helburu eta gaitasunak irakurtzen baditugu, benetan garrantzitsuak direlaz ohartuko gara (EHAA 2007-11-13). Ez dugu uste inor horiek gutxiestera ausartuko denik. Baina norbaitek uste al du hain garrantzitsuak diren helburuak hain denbora gutxirekin lor daitezkeenik? Arloak duen garrantzi pedagogikoa aitortu eta gero, nolatan murriztu daiteke eskainitako denbora? Kontraesan hori argitzeko eta erabakiak zuzentzeko gogoetaren beharra sumatzen dugu. Ezer baino lehen, hezkuntza komunitateak (eta oro har gizarteak) ondo ezagutu beharko luke arlo horren bidez zer lantzen den, soilik gimnasia eta kirolarekin identifikatzen dituzten uste okerrak gaindituz.
Zertarako balio du, bada, Gorputz hezkuntzak?
Gorputz Hezkuntza irakasgaia berezia da besteen aldean. Ikasgelako aulkian eserita, geldirik, ordu luzeak pasatu ordez, espazio fisikoa eta zereginak goitik behera aldatzen dira. Bertan sortzen diren elkarrekintzek Hezkuntza Proiektuetan ezarritako zehar lerroak, balioak, jarrerak eta portaerak lantzeko aukera aparta eskaintzen digute.
Pedagogikoki hain aberatsak, baliagarriak eta hezitzaileak diren testuinguru eta nahita diseinatutako egoera gutxi lortuko ditugu: lankideen izerdiak elkartu eta konpartitu helburu bera lortzearren, interes pertsonalaren aurretik taldekoei lehentasuna eman, tranpa eginaz garaipena eskuratzeko aukera izan arren neure burua autokontrolatzea, emozioak puri-purian dauden unean aurkariak eta araudiak errespetatzeko gai izatea, norbere gorputza onartzea, besteekin komunikatzeko eta erlazionatzeko ditugun aukerak esperimentatzea, aisialdirako ohitura osasuntsuak bereganatzea, eskolaz kanpoko ordutegian burutuko ditugun hainbat jarduera ere euskararekin lotzea…
EAEn haurren % 32k gehiegizko pisua du eta % 14ek obesitatea. Joera gorantz doa, eta zenbaitentzat hori da XXI. mendeko izurritea. Haurrek mugimendu-jolasak baztertu dituzte, ez dira beren kabuz mugitzen eta elikadura ohitura gero eta kaskarragoak dituzte. Gizentasuna, gizarte modernoetako gaixotasun gehienen arrisku faktorea da eta joera sedentario horiei aurre egiteko haurtzarotik mugimenduaren kulturan heztea beharrezkoa da. Konponbide gisa, Bruselako Parlamentuak Europako Batasuneko kide diren herrialde guztiei eskaera luzatu die: derrigorrezko hezkuntzan astero gutxienez hiru ordu berma ditzatela. Kontuan izan behar genuke, esate baterako Estatu frantziarrean, astero lau ordu eskaintzen dizkiotela gorputz hezkuntzari. Nola uler daiteke hemen aurkako joera hartzea?
Baina aspaldian nagusitzen ari den irizpide neoliberaletan oinarrituta ere, Gorputz Hezkuntzaren aldeko argudioak topa ditzakegu:
Zenbait azterketek irizpide ekonomikoetan oinarriturik, jarduera fisikoaren sustapenean dirua inbertitzea errentagarria dela erakutsi dute. Hau da, hiritarrek kirola egin dezaten bideratutako euro bakoitzeko, hurrengo 25 urtetan 50 euro aurreztuko lirateke sedentarismoaren ondorioz sortuko liratekeen gaixotasunei erantzun beharrik egongo ez litzatekeelako.
Bestalde, hainbat ikerketek frogatu dute jarduera fisikoa neurri egokian egiteak errendimendu akademikoa hobetzen laguntzen duela. Izan ere, lasaitu eta gero, arreta handiagoz ikasteko ahalmena dugu eta autokonfiantza, motibazioa, espektatibak eta kemena areagotzen dira. 
Zergatik murriztu nahi dute?
Irakasgai batzuen ordutegi murrizketak PISA txostenean omen du jatorria. Derrigorrezko Hezkuntzako etapen amaieran herrialde bakoitzean eskuratzen duten maila neurtu dute. Hainbat herrialderen sailkapena eratu da, baina sailkapen horretan postu batzuk aurreratu nahi izateak ez gintuzke itsutu behar eta ez genuke iparra galdu behar. Lehentasunak berbideratzeko, aurretik Oinarrizko Curriculum Diseinua eta Hezkuntza Proiektuak aldatu beharko genituzke, koherentziari eusteko.
Ordutegi murrizketa justifikatzeko ikasleek eskola orduz kanpo kirola egiten dutela aipatu dute. Baina ikasle guztiek ez dute horrelakorik egiten eta gainera, Gorputz Hezkuntzako arloa kirola baino zerbait gehiago da; akatsa litzateke bi jarduera horiek identifikatzea. Eskola-orduetan jarduera motorren bidez heztea da helburua, (eta ez alderantziz, keinu tekniko batzuk irakastera mugatu). Kirola ez diren eduki ugari erabiltzen dira horretarako. Bestalde, atentzioa ematen digu hemengo administrazioa ez dela eskola kirolaren finantziaketan inplikatu eta orain, funtzio hezitzailea onartzen diola entzuten dugu. Norbaiti burura al dakioke ingelesa curriculumetik ezabatzea ikasle asko beren kabuz akademietara joaten direla argudiatuz?
Aldi berean, esan dute, orain arteko ordutegiari eustea ez dutela debekatuko eta horretarako legean zirrikitua utzi dutela: bost ordu astero, eskola bakoitzak nola banatu aukera dezan. Baina zergatik kendu zaizkio orduak arlo horri eta ez beste bati? Zergatik dira irakasgai batzuk soilik ezinbesteko?
Erabaki desegokiak berbideratzeko garaiz gaude; gure haurren, gazteen eta belaunaldi berrien etorkizunak hainbeste merezi du. Kontuan har ditzagun haien heziketa, osasuna eta garapena pertsona gisa (ez lan-merkaturako lehengai gisa soilik). Azterketa korporatibista eta interes endogamikoak gaindituz, Oinarrizko Hezkuntzaren xedearen gaineko eztabaida egin beharko genuke, Euskal Herriko gazteria nola prestatu nahiko genukeen argituz.