LOPEZ-GOÑI, Irene: Irakasleen prestakuntza diseinatzeko une egokia da, eta hori baliatzen jakin behar dugu

Nafarroako ikastolek hainbat arazo eta oztopo izan dituzte aurrera egiteko. Zein da gaur egungo egoera?
Hamalau urte daramatzat Nafarroako Ikastolen Elkartean, eta gizartearen aldaketarako une garrantzitsua izan daitekeena, Nafarroako ikastolentzat nik ezagutu dudan lasaiena dela esango nuke. Gorabehera handiak izan dira gure historian zehar eta sorreratik, legeztatu gabeko ikastola multzoa izan dugu. Horrek, kasu batzuetan (Erentzun ikastolaren kasuan, esaterako) 30 urtez iraun duen borroka eragin du eta ondorioak jasan ditugu, halabeharrez, bai profesionalki eta baita geure artean ere. Ikastola horiek ez dituzte gainerako ikastetxeek izan dituzten baliabideak jaso, ez giza baliabideak, ezta baliabide didaktiko eta pedagogikoak ere. Gainerako ikastolek ikastola horiek babestu dituzte, eta horrek menpekotasun egoerak eta gauzak egiteko era bereziak sortu ditu; urteetan zehar emandako babesa eskertu behar zaie, beraz. 2007ko dekretuarekin, legeztatu gabeko ikastolak legeztatu zituzten, eta horrekin batera proiektu batzuk bidean geratu dira, eta irakasleek eta gurasoek egindako lan handia, neurri batean bederen, ere bai. XXI. mendean garrantzitsua zen gurasoek jakitea seme-alabek euren ikastolan eskola liburua izango zutela; izan bazuten, baina beste era batera, edo beste eskola batzuekin akordioak lortuta. Orain, gutxieneko babes administratiboa lortu da eta bitxia da, hainbeste urte eskola liburu horiek eduki nahian igaro ondoren, legeak, berriki, deuseztatu egin ditu. Beraz, poz txiki hori ere ez dute izango. Baina, hori guztia gaindituta, nik uste dut etorkizunari baikortasunez begiratzen diogula, alderdi negatiboa alde batera utzita.
Berako Labiaga ikastolan ere gorabehera handiak izan ziren. Zertan da auzia?
Beran, gorabehera handiak izan ziren Bigarren Zikloan. 1992tik borrokan aritu dira, eta lan ikaragarria egin dute etapa hori legeztatzeko. Berako klaustroa eredugarria da, lan izugarria egin dute; proiektuan sinesten zutenez, urteak eman dituzte gutxiago kobratzen, soldata elkarren artean banatzen eta Ikastolen Elkarteak duen elkartasun kutxatik dirua jasotzen. Ikastolan DBH izateko urte askotako borrokaren ondoren, erabakia hartzeko unea iritsi zen: Lehen Zikloari soilik eustea edo Bigarren Zikloa eskatzen jarraitzea, eta batzarrak Lehen Zikloari eustea erabaki zuen. Jende asko urte luzez aritu da lanean, eta egindako lana islatuta geratu ez dela sentitu dute baina batzarraren erabakia onartu dute.
Dena den, Nafarroako Ikastolen Elkartetik lanean jarraitzen dugu, ikastolek gurekiko identifikazio handia dute eta horrek abantailak dakartza. Askotariko ikastolak ditugu: handiak, txikiak, herrietakoak, hirietakoak… Haien artean aldeak daude, egoera soziolinguistiko ezberdinak dituzte, baina heterogeneotasun horretan, Nafarroako Ikastolen Elkarteak biltzen gaitu.
Nafarroako ikastolek, egoera politikoak eta egoera soziolinguistikoak eraginda, ezaugarri bereziak dituztela aipatu duzu. Etorkizunean Ikastolen Elkartea erakunde nazional bakarra izango da. Nola bizi du prozesu hori Nafarroako Ikastolen Elkarteak? Nola ikusten du bere burua erakunde nazional horretan?
Nik uste dut anbiguotasunez bizi dugula. Alde batetik, Nafarroan identifikazio handia dago herrialdearekin berarekin. Nafarroako Ikastolen Elkartea talde bat da eta beharrezkoa da, baina, aldi berean, euskalduntasunaren ikuspegi zabala dugu eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren zati gara, jakina. Bien aldeko sentimendua dagoela uste dut.
Hitz egin dezagun curriculumari buruz. Nola ari da aplikatzen Nafarroan?
Lan handia dugu egiteko. Eskizofrenia moduko zerbait dugu; alde batetik, euskal curriculumarekin bat egiten dugu eta guretzat erreferente bat da eta, beste aldetik, Nafarroako gobernuak legez ezartzen diguna dugu. Hori da dugun markoa, eta orain arte egoera horretan mugitu gara. Pedagogook, gure ikastoletako ikasgeletan gertatzen denak kezkatzen gaitu eta garrantzitsua iruditzen zait, eskolak ematean egiten duguna gaur egungo hizkuntza pedagogikora pasatzea, hots, konpetentzien hizkuntzara. Hori erronka handia da, ez da erraza, eta arrazoi askorengatik, gainera. Maila batetik bestera egoera asko aldatzen da. Lehen Hezkuntzan egokitzapen txikiak beharko genituzke hori egiteko, baina Bigarren Hezkuntzan arazoa sakonagoa da; hasteko, edukien azterketa sakona egin beharko litzateke, bestela zaila izango litzatekeelako aldaketa egitea. Bigarren Hezkuntzan edukiak transmititzeko era tradizionalari jarraitzen diogu, baina orain, beste gauza bat eskatzen zaigu, eta eduki teorikoak edo akademikoak guztiz baztertu gabe gure ikasleak ikasi dutena praktikan jartzeko gai ote diren egiaztatu beharko dugu. Horrek lana eskatzen du, eta bada Ikastolen Elkarteak berriki proposatu duen ekimen bat: pedagogiaz arduratzen garenok bilera batzuk egitea konpetentzien paisaiari norberak bere alorretik begiratzeko (hizkuntza, kirola, aisia eta abar).  Curriculumaren diseinuan esperientzia handia duten bi irakasle etorri zitzaizkigun Belgikatik. Proposamen interesgarria egin ziguten: ikasleek ikasitakoa egiaztatzeko, konpetenteak diren edo ez ikusteko, egoerak sortu behar ditugula. Ideia interesgarriak azaldu zituzten, eta orain gure lana horiek jasotzea eta lantzea da.
Gaitasunen gaia lantzeko irakasleen prestakuntzaren beharra aipatu duzu. Ikerketa egin duzue Unibertsitatean horren inguruan. Azalduko al diguzu zer ikertu duzuen eta zer behar ikusten duzuen alor horretan?
Alde batetik, gure ikasleak konpetenteak izateko zer motatako curriculuma diseinatu behar dugun, eta beste alde batetik, zer irakasle mota behar dugun; zer gaitasun izan behar dituen irakasle batek gaur egun gure eskolan. Guk, ikerketa horretan, bigarren gaiarekin lotutakoa aztertu dugu: Europan Bigarren Mailako Irakaskuntzako irakasleak prestatzeko zer eredu dauden aztertu dugu, irakasleek zer motako profilak dituzten eta zer gaitasun lantzen dituzten. Portugal, Herbehereak, Frantzia, Italia, Alemania, Ingalaterra,  Finlandia eta Suedia aztertu ditugu. Unibertsitatean bi Erasmus programaren arduradun izan naiz, bai Holandan eta baita Portugalen ere, eta horrek lana erraztu du neurri batean. Eredu idealik ez dago ziur aski, baina ikusi behar dugu zein diren interesgarriak, zergatik diren interesgarriak, eta Euskal Herrian zer eredu aplika ditzakegun edo erabil ditzakegun. Europan gaitasunen araberako curriculumak ikusi ditugu irakasleen prestakuntzarako plangintzetan, eta eredu batzuk interesgarriak dira.
Aztertu dituzuen eredu horietatik guztietatik, zein da zure ustez hemengo egoerara egokien moldatuko litzatekeena?
Agian, aurkitu dugun onena Herbehereetakoa da. Gaitasun batzuk ezartzen dituzte, curriculuma gaitasun horien arabera aztertzen dute, eta unibertsitateko curriculuma ere horri begira dago. Lehengo curriculumak antz handia zuen guk genuenarekin. Guk irakasleen prestakuntzan beti oso irakaskuntza teorikoa egin izan dugu, eta hori da gure arazoa. Europan, curriculuma berritzen ari diren estatu guztiek, bai Portugalek, bai Ingalaterrak, bai Frantziak… garrantzi handiagoa ematen diote practicumari. Izan ere, gaitasunak praktikatzen ikasten dira, bereziki gaitasun profesionalak. Guk aldaketa behar dugu alor horretan, bai ikasleekin eta baita irakasleen prestakuntzari dagokionez ere. Baina irakasleen prestakuntzarekin buruhausteak ditugu, unibertsitateak oso teorikoak direlako, jakintzaren gordeleku moduan ikusi dira beti, eta ezagutza praktikarekin lotzea mailaz jaistea izango balitz bezala ikusten da; ezagutza praktikoa ez da unibertsitateko ezagutza gisa hartzen. Badira arazoak, beraz.
Unibertsitatean, aurrerantzean izango diren aldaketak prestatzen ari dira. Balia al daiteke une hau irakasleen prestakuntzan beharrezko ikusten diren aldaketa horiek egiteko?
Baina, jakina. Une hau oso interesgarria da, unibertsitatean gauza asko aldatzen ari direlako. Irakasle-ikasketa berrien diseinuaren dekretua atera da, baina gauza asko lotu gabe utzi ditu dekretuak. Marko nagusia definitu dute, baina besterik ez, barruko paisaia margotzeko dago. Hori arriskutsua da, unibertsitateko betiko eredua ahalik eta gutxien aldatuta aplika dezakegulako, gure artean ez haserretzeko eta bakoitzak ematen duena ematen jarraitzeko. Baina pena izango litzateke aukera galtzea, ikasketak nahi dugun eran diseina ditzakegulako eta irakasle berrien profila, curriculumaren eta gaitasunen arabera diseina dezakegulako. Alde batetik, curriculuma bera diseinatu beharko da, baina garrantzitsua da, baita ere, unibertsitatearen, administrazioaren eta ikastetxeen arteko lotura bermatzea. Hori guztia taxutu gabe dago, eta lotura horiek egitea zaila da; unibertsitateak ikertu egiten du, goi mailako eremuan aritzen da, bai arlo akademikoan eta baita ikerketa arloan ere, baina ez daki oso ongi errealitatean zer gertatzen den. Ez du biderik ikastetxeetan zer gertatzen ari den, eta irakasleek zer behar duten eta zer eskatzen duten jakiteko. Ikastetxeetan ere, oso gutxitan hartzen da kontuan unibertsitatea; prestakuntza iraunkorrerako, esaterako, ez da unibertsitatea kontuan hartzen. Arazoa handia da, eta ez dakit nola, baina unibertsitatea, administrazioa eta ikastetxeak lotzea beharrezkoa da, hortik sortuko baita derrigorrean izan behar dugun lankidetza.
Eta nola gauzatu beharko litzateke irakasleen prestakuntza hori?
Irakasleen prestakuntzan hiru eremu bereiz daitezke: hasierako prestakuntza, “indukzio tartea” deitzen dena eta prestakuntza iraunkorra. Irakasleen prestakuntzari buruz hitz egitean, soilik hasierako prestakuntzaz ari garela pentsatzen dugu, baina hori akats nabarmena da. Indukzio tartea, hau da, irakasleak ikasketak amaitu eta lanean ematen dituen lehendabiziko urteak, oso garrantzitsuak dira, denbora tarte horretan garatzen baitira bereziki irakasleen gaitasun profesionalak. Unibertsitateak lehen eremuan baino ez du garrantzirik, gero ahaztu egiten da eta okerrena zera da; hutsune hori ez duela inork betetzen, adiministrazioak ere ardura hori ez duelako bere lehentasunen artean kokatzen. Hemen, gainera, teorian ikasitakoa era deduktiboan jartzen da praktikan, ez da era induktiboan egiten, beste herrialde batzuetan bezala. Beste herrialde batzuetan irakaslegaiak ikastetxera joaten dira eta, ondoren, unibertsitatera bueltatzen dira zer egoera topatu duten aztertzera, praktikatik abiatzen dira. Agian, biak landu behar dira, baina gauza asko dugu aztertzeko, eta une egokia eta polita da horretarako. Baliatzen jakin behar dugu.
Ikerketa horren ondoren, proposamenik egin al duzue?
Bai. Ikerketaren helburua proposamena egitea zen. Nafarroan administrazio berria dugu, eta badirudi gauzak egiteko gogoa duela. Administrazioa gakoa da horrelako gaietan, enplegu sortzaile nagusia delako eta hala ez denean, gure kasuan, esaterako, prestakuntza eredu berriak martxan jartzeko bitarteko ekonomikoak ditu. Eskolak funtsezkoak dira eredu hori abiatzeko, eta etorkizuneko irakasleen bilgune izango diren ikastetxeak baliabidez hornitu beharko dituzte. Irakaslegaiak ikasgeletan sartzea ez da nahikoa bertan tutore egokirik eta aditurik aurkitzen ez badute. Lan aukera berria izango litzateke gaur egun eskoletan dauden irakasleentzat. Tutore horiek ordu batzuk izango lituzkete lan hori egiteko, bere prestakuntzarako eta baita unibertsitateko irakasle taldearekin koordinatzeko ere. Israelen, adibidez, tutore horrek beste funtzio pedagogiko batzuk ere baditu eta hura da unibertsitatearekin harreman zuzena duena edo, adibidez, legea aldatuz gero, horren gaineko prestakuntza berezia jasotzen duena. Ondoren bere ardura izango litzateke hori guztia ikastetxeari eta irakasle berriei transmititzea.
Irakasleen prestakuntzaren garrantzia aipatu duzu, ikasleak gaitasunetan hezteko eta ikastetxeetatik ikasle prestatuak ateratzeko. Zein dira irakasle horiek izan beharko lituzketen ezaugarri nagusiak?
Lehenik, berezkoak ditugun gauza egokiak indartu eta ziurtatu behar ditugu. Gure irakasleek, oraindik, atxikimendu errotua dute beren eskolako proiektuarekin eta hori gure alde dugu. Abiapuntua hori sendotzea da eta ondoren, zuhurrena, arazo berriei erantzutea izango litzateke. Gaur egungo eskolan askotariko partaideak izan behar ditugu, ez soilik irakaslea, baizik eta irakaslea, gizarte eragileak, udaletxeetako hezkuntza arduradunak… Eskola gizarteari zabaltzea garrantzitsua da. Gu nahiko irekita egon garela uste dut, Europarekin alderatuz ikusten baitugu eskolak gizartearekin lotura izan duela. Hemen askotan ikastola da herriko hainbat jaialdi antolatzen dituena: Olentzeroa dela, festa bereziren bat dela… Bide hori ez dago itxita, baina taldean lan egiteko gaitasunak ere garatu behar dituzte irakasleek. Sentsibilitate soziala duen irakaslea behar dugu, etengabe aldatzen ari den errealitate sozialera moldatuko dena.
Eta bestetik, bada, gurean gutxi landu dugun alderdi bat, harremanekin lotura duena: komunikatzen jakitea, alegia. Horretaz jabetzea oso garrantzitsua da; irakasleek komunikatzen baldin badakite, berezko gaitasuna dutelako da, ez guk bereziki landu dugulako. Eta gaitasun hori oso garrantzitsua da.
Etorkizunari begira zer lehentasun ikusten dituzue?
Hiru prestakuntza motak, -hasierakoa, indukzio garaikoa eta iraunkorra-era koherentean lotu beharko genituzke. Indukzio tartearena lantzen ari gara Ikastolen Elkartean; ea nola egin dezakegun hori era egokian. Prestakuntza iraunkorrari dagokionez, ikuspegia aldatzea da erronka nagusia, eta gela barruan gertatzen dena ulertzen lagundu behar diogu irakasleari. Orain denok ikasgela barruan sartu behar dugu elkarrekin ikasteko. Jada ez diogu inori erakutsi behar onak garela. Hori erakutsita dago, Euskal Herriak erakutsi du bere ereduak funtzionatzen duela. Prestakuntza oso garrantzitsua da, baina proiektuen bidezko prestakuntza; gela barnean gertatzen dena aztertu behar dugu eta denok elkarrekin ikasi. Ikuspegi aldaketa behar da alde horretatik. Gainera, eredu onak ditugu, badira irakasle interesgarriak. Nik uste dut hemen irakasle motibatuak ditugula, gurean irakasle izateak plusa du, eta, gaur egun, irakasleok gizartea euskalduntzeko eragilerik garrantzitsuenak izaten jarraitzen dugu. Beraz, oraindik ardura berezia dugu, motibazio bereziaeta horri eutsi behar diogu. Gurean irakasleek lan asko egiten dute euskararen alde eta, beraz, gizartearen alde. Hori aitortu behar zaie.
Eta prestakuntza arloan egon litezkeen horiez gain, ba al da beste erronkarik?
Mundu globalizatuak hainbat erronka ezartzen dizkigu. Alde batetik, Mendebaldean, familiaren egituraren aldaketa erronka bat da. Etorkinak ere hor daude, Nafarroan asko daude, eta bakar batzuk hurbiltzen dira ikastoletara; gaztelaniazko ereduetara jotzen dute gehienek eta hori dela eta, bistan da, gure hizkuntza ereduak egokitu behar ditugula. Hor ere badugu zeregina, ez dakigulako oso ongi nola aritu, eta unibertsitatean ere ez diegu asko laguntzen horretan. Elkarlana bultzatu beharra dago, indibidualismorantz jotzen ari gara eta. Eta bestetik, erronka bat izango litzateke, gauzak etengabe egiten aritu beharrean, pentsatzeko tarte bat hartzea, konturatzeko bide luzea egin dugula eta ongi ari garela.
Amaitzeko, aipa ditzagun Nafarroako Ikastolen Elkarteak esku artean dituen proiektuak. Proiektu horien artean irakurketa ulertzeko mintegia duzue. Azalduko al diguzu zertan oinarritzen den?
Lan interesgarria egiten ari gara. Irakurketaren ulermena hobetu behar  genuela ikusi genuen, eta ez genekien oso ongi nola egin. Hasteko horri buruz asko dakien pertsona bat ekarri genuen, Victor Moreno, harekin aritu ginen eta irakasleen prestakuntzarako alderdirik garrantzitsuenak  zerrendatu genituen. Urtebete pasatxo eman genuen harekin, baina nahikoa ez zela ikusita, mintegia sortu genuen gure artean; irakurketa ulertzeko mintegia. Irakasleek, aztertzen genuen edozein gairen inguruko proposamen didaktikoa egin behar zuten. Bi urtez aritu gara era horretan, irakasleek testuak eta galderak sortzen zituzten, gaitasun jakin bat gelan nola landuko zuten pentsatzen zuten, eta proposamena mintegira ekartzen zuten. Pixkanaka, irakurketa ulertzeko gaitasun horiek ikasgelan lantzeko proiektuak eginez, irakasleen prestakuntza ziurtatu dugu. Benetako prestakuntza egin dugu, ez soilik entzunez eta praktikarik egin gabe, baizik eta denek parte hartuz. Orain, lanak jaso ditugu eta materiala talde txikiagoan aztertzen ari gara. Guk landu ondoren, berriro ere batera jarri ohi dugu, ikastoletara eraman ohi dugu, bertan praktikan jartzen dute eta baloratu egiten dute. Feed-back horretan ari gara eta oso pozik gaude. Hiru edo lau urte dira, baina denbora horretan lanketa interesgarria eta zabala egin dute irakasleek. Irakurketa ulertzeko proiektuak, beraz, irakasleen prestakuntzarako balio izan du eta baita materiala sortzeko ere. Norbaitek materialen bat sortzen du, beste ikastetxe batean aplikatzen da, eta emaitzaren arabera ikusten dugu egokia den edo ez.
Irakasleen prestakuntzarako oso interesgarria izan da, eta, bide batez, prozesua amaitzen denean, irakurketaren ulermenerako material izugarri ona izango dugu. 
Pedagogo ibiltaria dela dio Irenek, asko gustatzen baitzaio eskolak bisitatzea. Edozein tokitara joaten dela ere, bertako eskolaren bat bisitatzen du. Europako eskola mota gehienak ezagutzen ditu: Montessori, Steiner, Gardner, Pedagogia Instituzionala… Berdin dio bidaiaren arrazoia zein den, laneko bidaia den edo oporrak diren; beste batzuentzat elizak eta monumentuak ikusi beharreko elementuak dira, eskolak dira derrigorrezko Irenerentzat.