Bakearen kultura zabaltzea helburu

Museoa 1998an sortu zuen Gernika-Lumoko udalak, historia museo moduan, Gernika Museoa izenarekin. Orduan, 1937ko apirilaren 26an Alemaniako Condor Legioak eta Italiako aire indarrek, Francoren agindupean, herrian egindako bonbardaketa zen museoaren ardatza. Baina, 2002an, Gernikako Bakearen Museoa Fundazioa sortu zen, eta bonbardaketaren berri ematea nahikoa ez zela iritzita, orokorrean bakearen kultura zabaltzeko helburua zehaztu zuten. Beraz, 2003. urtean, Gernikako Bakearen Museoa izena hartuta zabaldu zituen berriro ateak.
Erakusketa iraunkorra bisitatzen dutenek hiru atal nagusi ikusteko aukera dute: hasteko, bakea bera zer den azaltzen saiatzen dira. Bigarren atalean, Gernikako bonbardaketaren nondik norakoak ezagutzeko aukera ematen dute, eta alemaniarrekin berra-diskidetzea nolakoa izan zen azaltzen dute; eta amaitzeko, gaur egun munduan bakearen egoera nolakoa den aztertzen dute. Azken atala aztertzeko, bi gela dituzte; lehenean giza eskubideak aztertzen dira, bizitzarako eskubidea, askatasunez bizitzeko eskubidea eta berdintasun eskubidea; eta bigarren gelan, Euskal Herriko gatazkaren inguruko informazioa aurki daiteke. Idoia Orbek esan digunez, ideia orokorra ematen saiatzen dira gela horretan.
Hezkuntza Zerbitzua
Hezkuntza Zerbitzua 2006an jarri zuten abian Gernikako Bakearen Museoan, eta Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleekin aritzen dira batik bat.
Hainbat tailer eskaintzen dituzte, eta dinamikoak eta parte hartzeko modukoak izatea nahi dute. Jolasen bidez lantzen dituzte gaiak askotan; jolas kooperatiboak eginez, emotibitatea eta enpatia lantzen dituzte. Museoan gela berezia dute tailerrak egiteko.
Tailerrak egin aurretik, irakasleekin hitz egiten dute, eta gaia lantzeko edo osatzeko baliagarri izan daitekeen material eta dokumentuen zerrenda bidaltzen diete Hezkuntza Zerbitzutik. Bestalde, museoko ordutegia eta eskolakoa askotan bat ez datozenez, ordutegia moldatzeko arazorik ez dute izaten.
Gaur egun, garrantzi berezia ematen diote giza eskubideen tailerrari. Talde gehienek tailer hori lantzen dute, eta denbora aldetik ere egokia da, ordu eta erdi inguru irauten baitu. Giza eskubideei buruzko ideia orokorra eskaintzen saiatzen dira bertan. Tailer guztiekin egiten duten moduan, hasteko, jolasak egiten dituzte eta, ondoren, ikasleek giza eskubideen gainean duten ezagutza zenbaterainokoa den ikusten dute.
Ondoren, gaia aztertzen dute. Bost edo sei talde egiten dituzte, eta talde bakoitzak giza eskubide bat lantzen du; horretarako, egunkarietako artikuluak erabiltzen dituzte, artelanen kopiak, egunkarietatik ateratako txisteak… Ariketak egiten dituzte hainbat gai lantzeko: aske bizitzeko eskubidea, berdintasuna, esklabotasuna, familia, iheslariak eta hezkuntza.
Eta, azken ariketa, hausnarketa izaten da, talde handian bateratzen dute talde txikietan aztertutakoa. Orduan, galdera egiten diete ikasleei: “Nolako gizartea nahiko zenukete?”, eta hainbat pertsona irudikatzen dituzten koloretako paperak hartuta; haientzat gizarte perfektua litzatekeena irudikatu behar dute.
Tailer didaktikoez gain, ikasleentzat prestatutako materialak ere badituzte. DBHko ikasleentzat koaderno didaktikoa dute eta, museoa ikusi ondoren, gelan bertan ikusitakoak lantzen jarraitzeko aukera ematen die horrek. Aurrerantzean, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat ere koadernoa prestatzeko asmoa dute.
Bestalde, Gernikako bonbardaketa lantzeko webquesta ere badute, eta hori lantzeko ez dago museora joan beharrik; edozein ikastetxek eskura du, interneten, museoren web orrian.
Oharrak:
- Gehienez, 25 pertsonak osatutako taldeak hartzen dituzte.
- Iraupena, aukeratutako tailerraren araberakoa da (1 h.- 2:30 h.)
- Tailer guztiak euskaraz zein gaztelaniaz eskaintzen dituzte. Bisita gidatuak, berriz, lau hizkuntzatan eskaintzen dituzte: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
- Taldeek arduradun batekin joan behar dute.
- Tailerrak doakoak dira.
Hezkuntza Arloa
Tailer didaktikoak
- Bakea (15 urtetik gorakoentzat)
- Historia eta bitartekaritza (DBH eta Batxilergoa)
- Giza eskubideak (DBH eta Batxilergoa)
- Irakatsi gabeko irakasgaia (DBH)
- Hiroshima-Nagasaki (LH)
- Bake Hatzak (LH)
Material pedagogikoak
- Gernikako bonbardaketari buruzko webquesta
- Koaderno didaktikoa (Bigarren Hezkuntza)
Dokumentazio zentroa
- Gerra Zibilari eta Gernikako bonbardaketari buruzko dokumentazio zentroa ere badu museoak.
GERNIKAKO BAKEAREN  MUSEOA
      Foru Plaza, 1
      48300 GERNIKA-LUMO
      Bizkaia
      Telefonoa: 946 270 213
      www.bakearenmuseoa.org
      hezkuntza.museoa@gernika-lumo.net