KONSUE, Salinas: Etiopiari laguntzeko proiektua

Etiopian jaiotako alaba du Konsue Salinasek, eta haren bila hara joan zenean, ideia batekin itzuli zen: zerbait egin behar zuela bertako egoera hobetzen laguntzeko. Hilabete batzuk geroago, iazko martxoan, lagun bat hara zihoala eta, harekin joan  zen, Cielo 133 erakundearen azpiegitura erabilita. Tenpera batzuk, margoak, pintzelak… maletan sartu, eta Addis Abebarako hegazkina hartu zuen. Eskola batera joan, eta haientzako materiala zeramala esan zien. Besoak zabalik hartu zuten Konsue haurrek eta irakasleak, eta primeran pasatu zuten material horiekin hainbat eskulan egiten: “Eskolara hurbildu nintzen, umil, eta esan nien hemen irakaslea nintzela eta margo batzuk eraman nituela, ea tailerrak egin nahi zituzten… Oso pozik hartu ninduten. Irakaslearekin ere oso ongi moldatu nintzen, eta elkarri lagundu genion. Esperientzia polita bizi izan genuen; haientzat errealitatetik urruntzea izan zen, materiala ere ez baitzuten ezagutzen”, azaldu digu Konsuek.
Etiopiako eskolei laguntzeko proiektua abian jarri zuten handik itzulitakoan, eskolak berritzeko proiektua, zehazki. Eta, horretarako, zenbait erakusketa egiteaz gain, hainbat eskolatan ekimenak egiten ari dira. Konsue Iruñeko Arturo Kanpion ikastetxeko irakaslea da, eta bertan, azoka solidarioa egiten ari dira. Ikastetxe horretan, kultur aniztasuneko taldea sortu da aurten, bederatzi pertsona ari dira lanean, eta Saharari eta beste herrialde batzuei laguntzen dieten moduan, Etiopiari laguntzeko programa  bertan txertatu dute. Iruñeko beste zenbait ikastetxetan ere Etiopiara laguntza bidaltzeko hainbat ekimen egiten ari dira: Ermitaberri ikastetxean, adibidez. Eta García Galdeano ikastetxean ere parte hartuko dute, azoka bat eginez.
Horrez gain, CANek “Zeuk aukeratu, zeuk erabaki” izeneko proiektua du, eta horren barnean sartu dituzte Kibebe Tsehay eta Lemlem Infantil izeneko eskoletan jantokiak egiteko proiektuak. Oraingoz, behar den diruaren herena lortu dute. “Lemlem Infantil eskola auzo txiro batean dago, eta bertan lau gela eraikitzea nahi genuke, izan ere, haur askok ez dute eskolara joaterik”, esan digu Konsuek.
Hasieran, Konsuek ez zekien proiektua nola planteatu: “Nire eskola hango eskola batekin senidetzea pentsatu nuen, baina, gero, jendearen jarrera ona zela ikusita, ikasturtean behin eskolan zerbait egitea bururatu zitzaigun; alde batetik, dirua lortzeko eta, bestetik, zenbait gauza lantzeko”. Izan ere, helburua, Etiopiako eskolak berritzeko dirua lortzea da, baina hori bezain garrantzitsua da eskolatik bertatik hori guztia sentitzea, eta eskolan laguntza hori helarazteko egiten den lana ere. Eskola komunitate guztiarekin lantzen duten proiektua da: haurrekin, familiekin, irakasleekin… “Etxean hitz egitea, eskolan hitz egitea eta familiarekin komunikazio zuzena izatea beharrezkoa da. Ez du zentzurik dirua lortzeak, gaia ez badugu lantzen”, esan digu Konsuek.
Ikasgelako lana
Etapa guztietan landu daitekeen proiektua da. Konsue bost urteko haurren irakaslea da eta ikasgelan, Etiopiako eskolei laguntzeko kaleratu duten egutegia aitzakia hartuta, hainbat gai lantzen dituzte; hango arazoak hemengoekin alderatzen dituzte, eta haurren iritziak jasota, asko ikasten dute elkarrengandik. Aurretik dakitena bateratu egiten dute, eta horrek taldean ikasteko aukera ematen die. “Normalean haurrei ez diegu entzuten, eta hori aldarrikatu beharko genuke. Hausnarketa egiten dute, eta hori oso garrantzitsua da. Entzungo bagenie, munduari bira emateko tresnak eskuratuko genituzke; horregatik ulertu behar da proiektua eskolatik”, esan digu Konsuek.
Eskolan, liburu azoka egiteko material bilketa egin zuten iaz. Lau urte zituzten orduan ikasleek. “Etxetik liburuak ekartzen zituzten eta egunero sailkapena egiten genuen, euro batean, bi euroan edo hiru euroan saltzeko. Magia modukoa izan zen, ipuin txokoa nahiko utzita zegoen, eta irakurzaletasun ikaragarria piztu zen. Gainera, azoka zer den ikasi zuten; haiek egindako diruarekin aritu ziren, eta batzuk saltzaileak ziren, eta besteak, erosleak. Eskolara ekarri zuten materiala baliatuta, zenbaketa, sailkapena, idazketa, zenbakiak… landu genituen. Askotan oso itxiak gara curriculumarekin, baina gauza asko egin daitezke curriculumeko alderdiak beste era batera lantzeko”, azpimarratu du Konsuek.
Gainera, Etiopiako haurrek gabezia asko dituzten arren, haiek dituzten gauza batzuk hemen ez dituztela ikusten dute ikasleek; adibidez, han hormigoizko patiorik ez dutela, eta, kalera ateratzean, mendian bezala daudela. Hango argazkiak ikustean, ikasleek “Zeinen ongi!” esaten dute askotan, eta hori oso garrantzitsua da, Konsueren ustez. Laguntza nola iristen den ere ikusten dute haurrek: “Abenduaren 25ean Olentzero iritsi zen Kibebe Tsehay eskolara. Orduan ateratako argazkietan ikusi genuen horma bat margotuta zegoela, eta haurrak pozik jarri ziren, haiek egindako ahaleginak fruituak eman dituela ikusi zutelako”, aipatu digu.
Horrelako ekimenek hezkuntzari haize berriak ekartzen dizkiotela dio Konsuek: “Ideia baldin baduzu eta egokia dela uste baduzu, aurrera; beti egongo da ideia hori gogoko duen jendea. Eta hori beharrezkoa da, bestela gure eskolak estatikoak izango dira. Gaurko Hezkuntza sisteman haize berriak sartzea kostatu egiten da”.
Prozesua azkarra izan da, baina aurrera doa, jende askori esperientzia polita iruditu zaiolako eta parte hartu duelako. Horrek guztiak, etorkizunean, jendeak nahi duen bidea hartuko duela dio Konsuek eta garrantzitsua izango litzatekeela eskola bakoitzak elkartasun proiektu bat izatea. Edozein norabide hartuta ere, bidea egiten ari dira, eta Etiopiako haurrei eskola txukunagoak izateko aukera zabaldu diete. 
“Aukera duenak gaitasuna du” erakusketa 
Etiopiako eskolei laguntzeko erakusketa ibiltaria egiten ari dira, “Aukera duenak gaitasuna du” izenburupean. Hainbat irakasle eta guraso proiektuan parte hartzen ari dira, eta Esther Martinez de Apodaka arduratzen da erakusketaz. Estherrek eta beste guraso batzuek toki batetik bestera eramaten dute erakusketa: Burlatara, Hondarribira, Atarrabiara… Sentsibilizazio kanpaina egiteko tresna ezin hobea da.
Cielo 133 Gobernuz Kanpoko Erakundearekin elkarlanean ari dira proiektua aurrera eramaten. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.cielo133.org helbide elektronikoan sar zaitezkete. Bertan, “Proiektuak” atalean sartu, ondoren “Etiopia” jartzen duen horretan, eta, azkenik, “Eskolen elkarlan proiektuak” atalean. Web orri horretan, ikasgelan egin dituzten hainbat jarduerei buruzko informazioa eta adibideak aurki ditzakezue eta baita Konsuek berak Irakasleentzako Formazio Planaren barnean aurkeztu zuen ponentzia ere.