Ekintza, DONOSTIA: Ekintza Ikastolako gazteen motorrak martxan

Teknologia irakasgaiko makina bat proiektu aurkeztu digu Amaia Martinezek: “Proiektuak motorrekin egin ditugu, engranajeak gehitu dizkiegu abiadura jaisteko, eta pilen bitartez dabiltza. Zirkuituak antolatu ditugu, hainbat helbururekin”.
Gelako gaztetxo bakoitzak, bere proiektua egin du. “Irakasleak zirkuitua eman zigun, eta gure irudimenarekin proiektuak asmatu ditugu”, dio Amaiak. Hala, ikasleek, irakasleak aurkeztutako zenbait zirkuitu ikusi ostean (bi abiadurakoak, karreran amaitzen direnak, argiak dituztenak…), beren proiektuaren araberako zirkuitua hautatu zuten.
Amaiak hainbat proiektu aurkeztu dizkigu; besteak beste, disko-jogailua. “Etengailua zapalduz gero, jiraka hasten da, eta beste etengailua zapalduz gero, igo egiten da”, azaldu digu.
Amaiak gaztelua seinalatu digu: “atea igo eta jaitsi egiten da, eta, igotzerakoan, argia piztu eta itzali egiten da”. Autobideko hesia ere badago. Hesia igotzean argi berdea pizten da, eta jaisten denean, berriz, gorria. “Beste hori autoa da, bi abiadura ditu, aurrera eta atzera ibiltzen da, eta argiak dauzka”, jarraitu du Amaiak. Ikasleek, kasu horretan, gurpilak erosi zituzten, baina gainerako piezak eurek egin dituzte, okumea erabilita.
Igogailua ere badago teknologiako lanen artean. “Igotzerakoan argi berdea pizten da, eta jaisterakoan, pisuaren arabera, gorria. Autobideko hesiaren proiektuaren antzekoa da”, azaldu digu gazteak. Lantegietako makinen antzekoak diren proiektuak ere erakusgai daude. Babak makinan sartzen dira, ibilbidea egiten dute, eta kutxa batean amaitzen dute. Zubi altxagarria ere ikusi dugu; igotzen eta jaisten den bakoitzean argi gorri eta berdeak pizten zaizkio.
Errota bat ere bada, noranzko bikoa. “Jostailu baten modukoa da, oso sinplea”, dio Amaiak. Fabrika makina konplexuago bat, eta zubi altxagarri konplexuago bat ere erakutsi dizkigu, eta gora igotzen den teleferikoa ere ikusgai dago. “Mugimendu horiek pila eta motorren bitartez lortzen ditugu. Engranajeak erabiltzen ditugu motorraren abiadura geldotzeko”, adierazi du Amaiak.
Teknologia ikasgaia ematen den lau asteko ebaluazioan egin dituzte proiektuok. “Materiala kanpoan erosi eta lantegira eramaten dugu. Bertan antolatzen ditugu gure ideiak, eta ebaluazio osoa horretan ematen dugu”, esan digu.
Hori bai, Amaiak dioenez, eskuak lanean jarri aurretik, burua jarri behar izaten dute lanean: “Proiektuaren memoria aurretik egiten dugu. Proiektuaren krokisa, engranajeak nola lotu… Proiektu horri buruzko memoria beste pertsona batek irakurtzen badu, gai izan behar du hasieratik bukaerara egitasmoa burutzeko”.
Ikasleek halako proiektuak egitea gustuko dutela esan digu Amaiak: “Hasieran galduta sentitzen zara, baina gero gustukoa eta polita da”.