ROEGIERS, Xavier eta PEYSER, Alexa: Integrazioaren pedagogian helburua ez da ezagutza; ezagutza, gaitasunak garatzeko baliabidea da

Zein da BIEFen lana?
Alexia: Herrialde askotan egiten dugu lan, curriculumean, eskola programetan, material didaktikoaren lanketan, irakasleen prestakuntzan eta ebaluazio sisteman. Hori guztia gaitasunetan oinarritutako ereduaren barnean lantzen dugu; integrazioaren pedagogian oinarritzen gara. Integrazioaren pedagogiaren oinarria gaitasunen araberako ikuspegia da. Integrazioaren pedagogia, egoera-arazo bat konpontzeko baliabideak mobilizatzea da; baliabide horiek mugitzen ikastea. Horrela, zentzua emango zaio haurrek ikasten dutenari eta gainera, arazo hori konpontzeak, herritar parte-hartzaileak, kritikoak eta laguntzeko prest dauden herritarrak sortzea ahalbidetuko du. Helburua ez da jakitea; ezagutza bidea da, gaitasuna garatzeko bidea edo baliabidea. Esate baterako, gidatzeko, frenatzen, autoa nola osatzen den, gidatzeko arauak zein diren, argi berdeak aurrera egin dezakegula esan nahi duela eta gorriak, geratu egin behar dugula esan nahi duela jakin behar dugu. Baina hori guztia jakiteak ez du esan nahi gidatzen dakizunik; elementuak, baliabideak dituzu, baina gidatzea horiek artikulatzea, bateratzea eta kotxea A puntutik B puntura mugitzea da.
Xavier: Baldintza batzuekin, jakina. Hau da, autoa A puntutik B puntura mugitzea, inor harrapatu gabe! 
Alexia: Ezagutza garrantzitsua da, baina ez da gaitasunen sinonimoa. Gauzak jakiteak ez du esan nahi horietan trebea zarenik, trebea izateko, gai izateko, elementu horiek guztiak egoera jakin batean erabiltzen jakin behar duzu eta arazoak konpontzen jakin behar duzu. Horrek gaitasunaren dimentsio sozialera garamatza; ni ez naiz gai autoa mugitzerik ez badut.
Xavier: Gaitasunak curriculumean definitzeko beharra hortik dator, era konplexuan eta era zehatzean aldi berean. Era zehatzean, gaitasuna lortu dela ebaluatu ahal izateko. Zeren hori da gaitasunekin dugun arazoa: nola ebaluatu?
Alexia: Normalean irakasleentzat zaila da ebaluazio horretan justua izatea. Hau da: zuk esango didazu gidatzeko gai naizen edo ez autoa leku batetik bestera mugitzen dudala ikusten duzunean. Arau batzuk daude ebaluazio horiek bidezkoak izan daitezen. Adibidez, hiru aukera izango direla autoa mugitzeko eta horietatik bitan ongi egin behar duzula, ikus dadin ez dela zorte kontua izan, edota beldurrak geldiarazi bazaitu, hurrengo batean aukera izan dezazun gidatzeko gai zarela erakusteko. Beraz, huts egiteko eskubidea aurreikusten da eta haur bakoitzaren ikasketa prozesua errespetatzeko eskubidea aintzat hartzen da, ikasleen erritmoa errespetatzen da.
Xavier: Bat egiten dugu ikasgelara erreformarekin iristeak sortzen duen ardurarekin. Lan egiteko eran bat egiten dugu puntu askotan Ikastolen Konfederazioarekin; sintonia topatu dugu. Ikastolen Konfederazioak, guk eta nazioarteko hezkuntza arloko zenbait erakundek, UNESCOk eta UNICEFek esaterako, kalitatearen eta ekitatearen arazoari aurre egin behar diegu; kalitatea eta ekitatea uztartu behar ditugu. Gaitasunen araberako ikuspegiak horri erantzuten dio baldin eta ikasgelan aplikatzen bada. Ardura horretan ere, bat egin dugu. Eta joera hori, hezkuntzan orokorrean gertatzen ari denaren kontra doa, izan ere ikasgelan ikasleen arteko aldea handitzen ari da. Ekitatea alde batera uzten ari da, azkarragoak direnei laguntzen zaie eta motelago doazenak baztertzen ari dira. Ekitateari garrantzia eman behar zaio eta horretarako tresna egokiak erabili behar dira.
Zer da Euskal Herrian topatu duzuena? Ikastolek urte asko daramate lanean eta euskal curriculumaren gaia ere aspaldikoa da… Sintonia aipatu duzue, non topatu duzue sintonia hori?
Alexia: Hezkuntza proiektuaren jatorria garrantzitsua da guretzat. Proiektua testuinguru zehatz batean txertatzen da eta oso era egokian. Gurasoen paperak atentzioa eman digu, prozesuaren eta proiektuaren alde aktiboa direlako. Gainera denboran zehar proiektua legitimatu egin da eta pauso berri bakoitza pentsatuz eman da, bai barne mailan eman diren pausoak eta baita gizarteko hainbat eragilerekin batera eman direnak ere. Sistemaren barneko edozein elementu berri kontsultatzen da eta sistemaren hartzaileek (eskola komunitatea, gurasoak, haurrak…) balioztatzen dute. Lan egiteko logika horrek bat egiten du BIEFekin eta gaitasunen araberako ikuspegiarekin. Urteen poderioz frogatutako metodologia izan da eta nahikoa solidoa, koherentea da, baina beti logika lokal, nazional, kultural bakar bati erantzuten dio. Ideia hori, hau da, integrazioren pedagogia euskaldun bat izatea (edo angolara, mauritaniarra…) kanpoko ereduak goitik behera instalatuko direnaren logikarekin haustea da eta nonbaiten funtzionatu badute, hemen ere funtzionatuko dutenaren ideiarekin haustea. Beste herrialde batzuetatik inportatutako proiektu horiek porrot egin izan dute; garapen bidean dauden herrialdeetan askotan ikusi izan dugu hori. Izan ere, sarritan ez da planteatu ere egin eskolaren testuinguruaren garrantzia eta zer beharrei erantzun behar dien. Baina hemen, hausnarketa hori hasieratik egin da.
Xavier: Lan hau proposatu zigutenean, harritu egin ninduen ikastolen lanaren dimentsio humanistak. Nahiz eta ikasle bakoitzarekin arduratu, dimentsio unibertsalaz eta eskolak komunitatearen barnean duen funtzio unibertsalaz ere arduratzen dira. Hori ere bat dator gure ikuspegiarekin.
Baina arazo bat dugu: curriculuma beti estatuak berak ezarri du eta horrek gutxieneko batzuk ezartzen ditu. Gauza bat gaitasunak dira, eta bestea une oro jakin beharrekoa… Nola uztar daiteke hori?
Xavier: Hezkuntzari dagokionez, munduan estandarizazioa da joera orokorra. Lana erreferentzia marko batzuetara bideratzen da eta askotan ikusi dugu marko horiek hutsak direla, hau da, ez dutela edukirik. Erreferentzia marko horiek ditugula jakinda, izan Europakoak edo estatutik datozenak, erronka, hezkuntza proiektu indartsuen, zehatzen eta egokien bidez erantzutea da, hutsik dauden espazio horiek betetzeko. Lan hori behetik gora egin daiteke ikastolek duten proiektuaren modukoekin. Beraz, bi puntu horiek elkar daitezke; eskolak dituen beharrak alde batetik, eta gizarteak dituen beharrak  bestetik, horrela orain arte hutsik egon diren arlo horiei erantzuteko.
Estandar multzo horiek eta indarrean dagoen normalizazioa, normalean ikasleen prestakuntzara bideratuta daude, gizartean aktibo izango dien emakume eta gizonak prestatzera bideratzen dira, hau da, hezkuntzaren alderdi bakar batera. Baina alderdi soziala, kulturala eta komunitarioa ere aintzat hartu beharko litzateke.
Ikastolen izaeraren zeinu bat euskal kulturaren transmisore izatea da. Gaitasunen araberako ikuspegiak bermatuko al luke kultura transmisio hori?
Alexia: Bai, argi eta garbi. Gaitasunen araberako ikuspegia, integrazioaren pedagogia, metodo bat da, baina tokian tokiko taldeek garatu behar dute, hezkuntza sistemaren aktoreekin elkarlanean. Guk metodoa lantzen dugu baina horrek balioak eta lehentasunak islatu behar ditu, gizarteak dituen helburuak islatu behar ditu eta elementu kulturala gaitasun horietako bakoitzaren formulazioan egongo da. Beraz, elementu kultural hori haurrek ikasi behar dutela pentsatzen dugun horretan islatzen da. Eta horiek herrialde bakoitzak hartzen dituen erabakiak dira.
Xavier: Jar dezagun gaitasunen inguruko adibide bat: norbaitek gertaera historikoak ikas ditzake, herri baten historia atzerriko bisitariei azaltzeko. Adibide horretan, gaitasuna, lan jakin bat edukitzera bideratua dago, gida izatera bideratua, alegia. Baina gaitasun bera beste era batera azal dezakegu: herriaren historia ulertzea, hori interpretatzeko eta historiari buruz dakigun horretan oinarrituta, herritar kritikoak izateko. Kasu horretan, elementu beretsuak rol aktiboagoan ikusiko ditugu. Ikasle horrek eduki bera jasoko du, historia ikasiko du, baina herritar parte-hartzailea, kritikoa bilatu nahi dugu, gizartean integratua dagoena. Bi adibide horiek bi logikari erantzuten diete eta logika horiek herriak aukeratzen ditu. Gu neutralak gara gaitasunei ematen zaien edukiari dagokionez, baina metodologia bermatzen dugu. Erabaki hori, historia gida izateko ikasiko duen edo herritar kritikoa izateko ikasiko duen, herriak edo komunitateak hartu behar du; ikasleek hezkuntza sistema horretatik ateratzean nolako profila izatea nahi duten zehaztu behar dute.
Hori da eztabaida guztiak zabaltzeko eta amaitzeko egiten dugun galdera: pentsatu al duzue irteera profil horretan? Zein da zuek 12 urteren ondoren ikastolatik ateratzea nahi duzuen ikasle mota? Eta irteera profil horren arabera, bidea eraikitzen da, gaitasunen bidez eta metodologia eta tresna zehatzen bidez.
Bide horretan irakasleek garrantzi handia dute. Gaitasunen araberako ikuspegian zertan aldatzen da irakaslearen lana?
Alexia: Irakasleak hezkuntza sistemaren zutabe garrantzitsua dira. Gainera, erreforma ez bada behar den moduan ulertzen, aldaketak ez badira egoki ulertzen, erresistentzia gehien egin dezakeen taldea da eta erreformaren emaitza txikiago dezake. Behetik gorakoa den logika batean gaude, eta metodologiak, aldaketa txikiak egitea proposatzen du, pixkanaka, aldaketa bortitzik egin gabe eta irakaslearen eguneroko lana gehiegi oztopatu eta aldatu gabe. Hori da, agian, arrakastaren gakoetako bat. Informaziorik izan gabe, aldaketak erresistentzia dakar, berria den orok beldurra sortzen du. Ideia, aldaketa, egiten ari den lanaren jarraipen eta hobekuntza gisa planteatzea da; ikaskuntzari zentzu handiagoa ematen dion zerbait gaineratzea, baina orain arte egiten ari dena zalantzan jarri gabe, nola irakasten den zalantzan jarri gabe. Soilik aldaketa txikiak sartzea eta denbora tarte batzuetan programan dituen gaiak ez irakastea, baizik eta denbora batez irakasten aritu dena artikulatzea.
Ikasle askok egiten dute hori eta irakasle onek ere egiten dute; hainbat gai harremanetan jartzen dituzte. Batez ere, Lehen Hezkuntzan, irakasle bakarra izaten delako eta ikasleei, aurreko egunean matematiketan ikusitakoa beste alor batzuetan nola erabil daitekeen galdetzen die, adibidez. Integrazio egoeren bidez, ikasleei euren lana eta hainbat gai harremanetan jartzea ahalbidetzen dieten tresnak eskaintzen dizkiegu. Beraz, berrikuntza pixkanaka doa. Praktikak erakutsi du modu horretan ikaskuntza prozesua hobea dela, herrialde askotan ebaluatua dago. Ikaskuntza horiek, denbora gehiagoz irauten dute eta ikasketak zentzu handiagoa du, ikasleak zergatik ikasten duen ulertzen duelako. Ikaskuntza hori adierazgarriagoa da, zentzu handiagoa du eta denbora luzeagoz irauten du. Era berean, ikasleak emaitza positiboak ikustean, motibatu egiten dira.
Beraz, prozesua irakasleen eskuetatik pasatzen da. Informazioa eta ikasgelan erabiltzeko tresnak helaraziz gero, ez dira gabeturik sentitzen, ez dira lekuz kanpo sentitzen.
Eta horrek guztiak zer isla du irakasle eskoletan? Balia al daitezke horrelako irakasleak sortzeko?
Alexia: Hori beste zutabeetako bat da. Baina zer gertatzen da normalean? Ikasgelan egiten diren praktika aldaketa horiek, emaitza positiboak ekartzen dituztenak, bertan egiten dira, irakasleek eurek egiten dituzte, ez dira inposatuak. Mugimendua behetik gora doa eta horrek, jakina, eragina du irakasle eskolen programetan. Izan ere, programa zehatzekin erantzun behar diote gaitasunen logikari, bertatik ateratzen diren irakasleek, jaso duten prestakuntzaren bidez, gaitasunen gainean lan egiten jakin dezaten. Dena domino efektuaren antzekoa da: norberak egiten duenak eragina du gainerako elementuetan. Irakasle ikasketak zenbait urtetakoak izaten dira, herrialdearen arabera, eta  horrek, irakasle eskoletako programak egituratzeko beharra sortzen du, irakasleek gaitasunen gainean nola irakatsiko duten ikas dezaten.
Eskolei autonomia dezente ematen zaie euren programak garatzeko. Metodologia horrek ikastetxeen artean alderik ez egotea bermatuko al luke? Ala arrisku hori hor dago?
Alexia: Hori aztertzen aritu gara. Metodologia horrek atal bat har dezake ikastola guztiek jarraitzen duten zutabe nagusiaren barnean. Beraz, gaitasunen gaiari dagokionez, bidezkoena zutabe nagusi batean ados jartzea da, eta ikastola guztietan komunak izango diren zenbait elementu finkatzea; kulturari dagokionez, helburuei dagokienez… Definitzeke dagoen atal bat legoke, balio zehatzagoak hartuko lituzkeena eta norberaren ezaugarrietara egokituko litzatekeena. Beraz, nortasun komuna izango litzateke alde batetik, eta norberaren ezaugarriak jasoko lituzkeen atala, bestetik. Guatemalako kasua datorkit gogora, osagarri etniko garrantzitsuak dituztelako. Erronka bera dute nazio mailan; guda zibilaren ondoren, bake akordioak izan ziren eta etniek eta hizkuntzek leku garrantzitsua hartu zuten; haiek ere integrazioaren pedagogia aplikatu dute eta curriculum komuna ezartzea lortu zuten. Horrek gaien % 70 hartzen du eta gainerakoa, % 30, ingurune linguistiko bakoitzaren araberakoa da. Haiek erabaki zuten zein gaitasun landuko diren aniztasun kulturalari, linguistikoari, historikoari eta etnikoari aurre egiteko. Hori guztia adostu behar da, eta marko bat errespetatu behar da, baina ondoren, norberak berea aplika dezake.
Ikastoletan, duela 30 urte, gaitasunen gainean egiten zen lan edukien gainean baino gehiago. Eta izpiritu hori leku askotan mantendu da.
Alexia: Bai. Guk ikastoletan horrekin bat egiten duten puntuak aurkitu ditugu, teknikoki.
Adibidez? Zein dira puntu horiek?
Alexia: Adibidez, hizkuntza edozein izanik ere (euskara, gaztelania, frantsesa edo ingelesa), hizkuntzaren ikaskuntzak duen estatusa. Horrek hizkuntzaren ikaskuntza komunikatzeko gaitasunaren zerbitzura jartzen dela islatzen du. Hori da gaitasunen ideia, gauzak zentzua duen zerbaitegatik egitea.
Bestalde, konturatu gara, ikastola batzuetan irakasleek gai berriak ikasten ez diren uneak hartzen dituztela; bi edo hiru egunez geratzen direla eta berrikuspenak egiten dituztela; horiek integrazio moduluak dira nahiz eta izen hori ez duten edo haiek ez diren horretaz konturatu. Beraz praktika badago, gaia baino urrunago edo nota baino urrunago doan praktika, ikaskuntzak hezkuntza proiektu zabalago batean duen funtzioa bilatzera doan praktika.
Ebaluazioa aipatu duzue lehen. Gai horretara bueltatuz, zer sinesgarritasun dute zuentzat PISA neurketek?
Xavier: Gaur egun guztiok ditugu arazoak nazioarteko frogekin. Herrialde batzuetan gatazkan gaude PISAren gisako nazioarteko frogek gaitasunak neurtzeko duten moduarekin. PISA moduko frogekin, batez ere baliabideak neurtzen dira, hau da, lehengo adibidera bueltatuta, autoaren mekanika edota autoa era koordinatuan gidatzen jakitea. Baina hori soilik ebaluatzen badugu, estandarren logika batean egongo gara, ezagutza mailaren logikan. Gure logika, ordea, baliabide huts horiek baino haratago doa, ikasleen ikaskuntza maila ebaluatu nahi dugu, baina ez soilik baliabideei dagokienez, batez ere, gaitasunei dagokienez, hau da, jakin dezaten baliabide horiek egoera zail batean erabiltzen. Madagaskarren adibidez, froga horiek egin dira, eta jakina da, integrazioaren ikuspegi horren baitan lan egin duten ikasleek 20 punturen gainean hiruzpalau gehiago lortzen dituztela baliabideen gaineko frogak neurtzen direnean, integrazioaren pedagogia landu ez dutenen aldean. Baina ezagutzen gaineko frogak jartzen zaizkienean, teknika frogak, kalkulu frogak… integrazio egoeren bidez lan egin duten ikasle horiek, puntuazio hobea lortzen dute baita ere, puntu bat 20en gainean. Beraz, horretan ere hobeto ikasi dute.
Horrez gain, PISA moduko frogek ikasleen artean dauden aldeak neur ditzakete soilik, baliabideak edo ezagutza neurtzen direnean. Testuinguru horretan erraza da ondorio honetara iristea: haur horiek hobeto ikasten dituzte baliabideak baina 20tik puntu bakarra soilik lortzen dute. Hori da nazioarteko froga horien bidez zabaltzen den diskurtsoa; integrazioaren pedagogiak lagun dezake, baina oso gutxi laguntzen du. Baina guk, gaitasunen lorpena neurtzeko eskatzen dugu ez soilik motxila ezagutzaz betetzea, baizik eta haien tresnak egokitu ditzatela ebaluatu behar dena ebaluatzeko. Ez soilik ikasten dena ebaluatzeko, baizik eta ikasten den hori nola erabiltzen den, hau da, gaitasun maila ere ebaluatzeko.
Gaitasun horiek barneratzeak, zalantzarik gabe bermatuko luke ezagutza lortzea, orduan?
Alexia: Bai, jakina. Pentsatu besterik ez da egin behar guretzat eskola garaian zein ikasketa izan zen adierazgarriena eta seguru aski, arazoren bat konpontzeko minutu batez balio izan diguten gauzekin gogoratuko gara.
Xavier: Azpimarratu nahi nuke gaitasunen araberako ikuspegia hainbat eratara uler daitekeela eta ulertzeko era horiek, askotariko emaitzak ematen dituztela. Adibidez, gaitasunak zeharkako gaitasun moduan soilik ulertzea, porrota izan da aurreko urteetan. Maila horretan geratzeak gauzak orokorki planteatzea zekarren ezinbestean, eta egunerokoan irakasleek ez zekiten eskolak nola antolatu hain orokorrak ziren enuntziatu horiei erantzuteko. Gainera ebaluazioa arazoa zen, planteamenduak zehatzak ez zirenez, ezin zirelako behar zen moduan, objektiboki ebaluatu. Beraz, gaitasunen ikuspegiaren hainbat bertsio daude eta emaitzak, askotarikoak edo zehatzak dira baita ere.
Alexia: Horregatik hitz egiten dugu guk integrazioaren pedagogiaz eta hori ongi egituratutako metodologia bat da.
Xavier: Indargunerik handiena ebaluazioaren arazoari aurre egiten dion ikuspegia dela da, agian. 
Integrazioaren pedagogiari buruz gehiago jakiteko, Xavier Roegiersek berak idatzitako izen bereko liburua irakur dezakezue: “Integrazioaren pedagogia. Gaitasunak eta ezagutzak txertatzea ikaskuntzan”.  Bertan integrazioaren pedagogiaren oinarriak azaltzen ditu egileak.