Elebitasunetik eleaniztasunera

Europako Erreferentzia Markoarekin bat eginez
Hizkuntza ereduen erronka Euskal Herri osoari dagokion arren, Nafarroako egoera landu zen joan den otsailaren 20an Iruñean egin ziren jardunaldietan. Elebitasunetik eleaniztasunera. Euskarazko irakaskuntza erronka berrien aurrean izenburupean euskal hezkuntzak dituen aukerak eta oztopoak aztertu ziren. Azken urteotan D ereduak gora egin du Nafarroan, baina era berean, Hezkuntza Departamentuak ingelesa indartzeko hainbat saiakera egin ditu, I eta J ereduekin lehenik, British izeneko ereduarekin ondoren, eta aurten proposatutako eredu berriarekin azkenik; hau da, % 40 ingelesez, % 40 gaztelaniaz eta % 20 aukerako hizkuntzan.
Nafarroan euskarak duen egoera berezia da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskara ofiziala da; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, ez da ofizialtasunik eta Nafarroan, denetik dagoela esan daiteke: eremu euskalduna alde batetik, eremu ez euskalduna bestetik, eta eremu mistoa deitzen dena azkenik. Hala ezarri zuen 1986ko abenduaren 15ean onartu zen 18/1986 Legeak. Beraz, kokatuta daudeneko eremuaren arabera, eskubide ezberdinak dituzte nafarrek hizkuntzari dagokionez. Aipatutako eremu horietatik, euskara eremu euskaldunean soilik da ofiziala. Eremu mistoan, herritarrei zenbait eskubide aitortzen zaizkien arren, euskarak ez du ofizialtasunik. Eta hizkuntzari dagokionez, funtsean, elebakartasunerantz zuzendutako politika egin dute azken urteetan Nafarroan, Europako beste hizkuntzekin osatzeko saiakerak izan diren arren. Etorkizunean, Europan ikasle eleanitzak prestatzea izango da erronka nagusia, elebakartasuna eta elebitasuna alde batera utzita. Eta horren beharra azpimarratu zuten, hain zuzen ere, Iruñean bildutakoek.
Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoak hizkuntzak ikasteko eta irakasteko irizpideak eta orientabideak finkatu ditu eta horrek bultzada eman diezaioke euskarari baldin eta era egokian aplikatzen bada.
Europako Erreferentzia Marko Bateratua
Europako Erreferentzia Marko Bateratuak hizkuntzak, curriculumari dagozkion orientabideak, azterketak, eskuliburuak… lantzeko oinarri komuna ezartzen du Europa osoan. Hizkuntza bat ikasten duten ikasleek ikasi behar dutena deskribatzen du markoak, baita era egokian jarduteko garatu behar dituzten ezagutzak eta gaitasunak ere. Era berean, hizkuntzaren menderatze mailak finkatzen ditu eta horien bidez ikasleak egin duen aurrerapena neurtzeko aukera ematen du. Beharrezko ikusten da hizkuntzen ikaskuntza bizitza osoan zehar sustatzea. Markoa oinarri bateratua da eta hizkuntza komunikazio tresna izanda, ikasleek zer ikasi behar duten deskribatuko du.
Markoak era berean, hizkuntza horien inguruan lortutako mailari dagokionez, autoebaluaziorako tresna zehazten du: portfolioa. Autoebaluazioaren bidez, ikasleek hainbat hizkuntzatan dituzten gaitasunak bertan jasoko lituzkete. Eta horrez gain, hizkuntzen pasaportea deitzen dena ere zehazten du; horrek, pertsona bakoitzak hainbat hizkuntzatan duen ezagutza maila jasoko du eta Europako edozein herrialdeetan izango du balioa. Beraz, Europako edozein herrialdetan egiaztatu ahal izango dugu gure hizkuntza gaitasuna.
Edozein hizkuntzak bere egin dezake markoa eta irakaskuntzako eragile guztientzako tresna izango da. Paul Bilbao, Behatokiko zuzendariak esan zuenez, tresna interesgarria da, hizkuntza guztietan nolabaiteko homologazioa lortzen delako.
Markoak erreferentzia maila bateratuak zehazten ditu hizkuntzaren menderatze maila zein den neurtzeko eta horretarako neurketa irizpide batzuk eta deskripzio irizpide batzuk finkatzen dira. Erreferentzia maila horiek definitzeko, markoak, ebaluaziorako deskribatzaile argigarriak erabiltzen ditu, ikasleak zein erabiltzaile mota multzoren barruan sartzen diren ikusteko. Deskribatzaile argigarri horiek hiru irizpideren arabera finkatzen dira: komunikazio jarduerei dagokienez, estrategiei dagokienez eta komunikazio gaitasunei dagokienez. Horren bidez, erabiltzaile motak zehazten dira: oinarrizko erabiltzailea, erabiltzaile independientea eta erabiltzaile gaitua.
Aurrerantzean zenbait gai definitu beharko ditugu: adibidez, zer hizkuntza gaitasun izan behar dute ikasleek DBH amaitzean?
Paul Bilbaok esan zuenez, B2 erabiltzaile mota lortu behar dugu: “Euskarak estatusa duen lurraldean ari bagara, B2 maila lortu behar dute gutxienez, erabiltzaile independienteak izan behar dute, zalantzarik gabe. Baina Nafarroan egitura arazoa dugu horri dagokionez. Hori legeak ezarritako eremu euskaldunean ari diren ikasleei soilik aplika diezaiekegu nolabaiteko babes juridikoa dagoelako. Baina, beste bi eremuetan diskurtso propio eta koherentea ere gara dezakegu, eta hor aplikatzea edo ez, borondatearen esku gera liteke. Lehen, legearen arabera, gaitasun maila nahikoa eskatzen zen, baina orain hori kuantifikatu eta markora ekarri behar dugu. Teorian, hizkuntza baten ofizialtasunak eta hezkuntzak harremana dute eta ikasleek lortu behar duten ezagutza maila ofizialtasunaren ondorio juridikoari lotzen zaio”.
“Azken boladan asko aipatzen da 2002an Bartzelonan Europako Batasuneko ministroen kontseiluak egin zuen bilera. Han, Europako Batasunak hizkuntz aniztasunaren inguruko proiektua aurkeztu zuen eta adin goiztiarrean ikasleak beste hizkuntzaren bat ikasteko bidean jartzea komeniko litzatekeela esan zuten. Baina kontuan izan behar dugu Europako Batasunak egiten dituen gomendioak estatuetan oinarritutakoak direla eta hori ez zaiola gure errealitateari lotzen. Beraz, diskurtsoa, bereziki, euskarak izaera ofizialik ez duen Nafarroako bi zonaldeetan garatu behar dugu”, jarraitu zuen Bilbaok. Horrek aukerak ekar ditzakeen moduan, arazoak ere ekar ditzake Bilbaoren hitzetan: “Bi hizkuntza horiek zein izan behar duten definitzeko proposamenak egiten hasi dira: lehena estatuko hizkuntza, bigarrena nazioarteko hizkuntza eta orain hizkuntza mota berria sartu dute: adopzio hizkuntza pertsonala. Etorkinen kasuan adopzio hizkuntza pertsonala bizi diren estatuko hizkuntza litzateke. Totum revolutum bat dago; proposamena egin dute, baina ikusi dute ez dela aplikagarria eta guk pentsatu behar dugu, nola txertatzen dugun hori geure diskurtsoan”.
Markoa aplikatzen hasi dela esan zuen Paul Bilbaok. Estatu frantziarren markoa aplikatzen ari dira, eta ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean, hizkuntza biziei dagokienez, nolako erabiltzaileak izango diren zehazten da.
Euskararen Kontseiluaren proposamena
Euskal Autonomia Erkidegoan curriculum berrian, markoak aplikatzen dituen maila horiek aipatzen dira eta DBH amaitzean, ikasleek bi hizkuntza ofizialetan B2 motako erabiltzaileak izan behar direla eta hirugarren hizkuntzan B1 maila lortu behar dutela zehazten da. Beraz, markoaren araberako planteamendua egin da dagoeneko.
A, B eta D ereduek ez dute emaitza onik eman gaur arte eta orain, Europako markoaren aplikazioarekin batera, eredu bakarra aplikatzekotan da Eusko Jaurlaritza. Horretarako, proposamen bat egin zezala eskatu zion Euskararen Kontseiluari eta proposamen horretan hainbat alor jaso dituzte, tartean hizkuntzaren ebaluazioari dagokiona.
Ebaluazioak behetik gorakoa izan behar duela proposatu dute Arantxa Urbe, txostenaren egileak eta Hik Hasiko kideak esan zuenez. Eta ebaluazio hori egiteko zenbait une proposatu dituzte: 
- Haur Hezkuntzaren amaieran, hau da, ikasleek bost urte dituztenean, ikasleek ezagutzen dituzten hizkuntzen aurre-ebaluzioa egitea, ebaluazio glotobiografikoa. Proba horretan entzumena eta adierazpena neurtuko lirateke. Beraz, ikasleak Lehen Hezkuntzara sartzean, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez duen maila zein den jakiteko modua izango litzateke eta irakurketa-idazketa prozesuan sartzera doanean landu beharko duena zer den jakingo genuke.
- Lehen Hezkuntzako Lehen Zikloaren amaieran neurketa egitea proposatzen dute. Horrek aplikatu ditugun plangintzak egokiak diren edo ez ikusteko balioko luke eta ikasleak hizkuntza aldetik planifikatu dugun neurrian garatzen ari diren edo ez.
- Lehen Hezkuntzako Bigarren Zikloaren amaieran, LOEk diagnosia deitzen den proba ezartzen du, eta legez egin behar da neurketa hori.
- Lehen Hezkuntzako Hirugarren Zikloaren amaieran, B1 proba pasa behar lukete bai euskaraz eta baita gaztelaniaz ere.
- DBHko Lehen Zikloaren amaieran, LOEk diagnosiaren beste proba bat ezartzen du.
- DBH amaitzean, euskaraz eta gaztelaniaz B2 maila izan beharko lukete ikasleek eta atzerriko hizkuntzari dagokionez, B1 proba pasa beharko lukete.
Eusko Legebiltzarrak euskararen maila B2 mailaren parekoa izatea ezarri du, baina Euskararen Kontseiluak, B2 maila gutxienekoa izatea proposatu du: “Maila nahikoa apala da eta pentsatzen dugu ikasle asko hortik gora daudela. Beraz, nahi duten ikasleei C1 probara aurkezteko aukera ematea proposatu dugu”, esan zuen Urbek. “Gure ustez ebaluazioak hezigarria eta deskribatzailea izan behar du, asmatzen ari ote garen eta akatsak edo zuzendu beharreko alderdiak non egon daitezkeen ikusteko. Hori dela eta, ebaluazio horiek fundazio batek egitea proposatu dugu, soilik administrazioaren eskuetan geratu gabe. Fundazio hori administrazioak, unibertsitateak, Euskararen Kontseiluak eta hezkuntza eta hizkuntza arloan aritzen diren eragileek osatzea aurreikusi dugu. Horien lana proba horiek prestatzea, kudeatzea eta emaitzak publiko egitea litzateke, baina emaitza horien trataera hezitzalea eginez”, gaineratu zuen Urbek.
Bestalde, ikasleak ebaluatzeaz gain, ikastetxeak eta euren hizkuntza proiektuak ebaluatzea proposatu dio Euskararen Kontseiluak Hezkuntza Sailari, baita erantzukizunak zehaztea eta mailakatzea ere. Izan ere gerta daiteke ikasle batek B2 maila bere erantzukizunez ez lortzea, baina gerta daiteke ez gainditzea ikastetxe horrek ez duelako hizkuntza proiekturik, edo duena ez delako egokia. Kasu horretan erantzukizuna kolektiboa izango litzateke eta horrelakoetan, administrazioak ikastetxe horretan emaitza horiek izateko gertatu dena aztertu dezala proposatu dute. Ikastetxeak baliabide gehiago behar baditu edo indartze neurriak behar baditu, aplikatu beharko zaizkio. Eta erantzukizuna kolektiboa den kasuetan, ikasleei beste aukera bat ematea eskatzen da. Azkenik, ikasleek hizkuntzak egiaztatzeko agiriak izango dituzten moduan, ikastetxeek ere halakoak izatea proposatu du Kontseiluak.
Maria-Jose Azurmendi
Eleaniztasunaren ikuspuntutik, hizkuntza bat baino gehiago dakizkien pertsonak, hizkuntzek elkarri eragiten dioteneko komunikazio gaitasuna garatzen du. Beraz, ikasle batek bigarren hizkuntza ikasten duenean, ez du ama-hizkuntzari dagokion gaitasunik galtzen; ikasleak ez ditu elkarren artean harremanik ez duten komunikatzeko eta jarduteko era berriak hartzen, ikaslea eleaniztun bihurtzen da eta kulturartekotasuna garatzen du. Maria-Jose Azurmendi psikologia katedradunak, eleaniztasunaren garrantzia aintzat hartu eta hizkuntzen irakaskuntzari buruz hitz egin zigun, psikologia eta soziologia kontuan izanik. Hemen duzue Azurmendik esandakoaren laburpena.
Elebitasuna eta elebiduntasuna ez dira gauza bera eta uste dut bereiztea komeni dela. Elebitasuna gizartean ematen da eta elebiduntasuna, pertsonengan. Gauza bat da gizarte elebiduna izatea eta beste bat, hainbat hizkuntza ukipen egoeran egotea eta maila berean ez dauden hizkuntzak ikastea. Gurean euskara, atzerriko hizkuntza izango balitz bezala ikasten da eta ukipen egoeran badago ere, ez balego moduan funtzionatzen du. Beraz, egoera horretan elebiduntasuna garatzea nekeza da.
Nik garrantzi handia ematen diot harreman sareari eta interesgarria iruditzen zait, pertsonaren nortasuna nola lotzen den hizkuntzaren jabekuntzarekin harreman sarearen arabera. Ukipen egoeran dauden hizkuntzen kasuan, nortasunak garrantzia hartzen du; euskara ikastean, eta gaztelania ikastean agian ere bai, nortasun arazoak sortzen dira. Interesgarria da beraz, pertsona bakoitzak dituen harreman sareak aztertzea eta sare horietan hizkuntzek nola funtzionatzen duten ikustea.
Bestalde, psikologiaren helburu nagusia prozesuak eta portaerak azaltzea da, pertsona mailan eta talde mailan. Eta bai prozesuetan eta baita portaeretan ere, hizkuntzek garrantzi handia dute, hain zuzen ere hizkuntzen bidez transmititzen ditugulako. Motibazioak ere garrantzi handia du. Ingelesa, adibidez, komunikatzeko ikas dezakegu, atzerrira goazenean elkar ulertzeko. Baina ukipenean dauden hizkuntzak ikasterakoan, hizkuntza gutxituak arazo asko topatzen ditu. Gurean, gaztelania ikastean inork ez dio bere buruari galdetzen ongi menderatu nahi duena edo ez. Gure kasuan beraz, arazoa euskararekiko motibazioa da, ez beste hizkuntzekiko motibazioa. Eta afektibitateari dagozkion ezaugarriak ere, normalean gutxiengo egoeran dauden hizkuntzekin lotzen dira, beldurrez aritzea, esaterako.
Adinari dagokionez, onena hizkuntza ahalik eta azkarren ikastea da: bi eta hiru urte artean aldaketa batzuk ematen dira eta adin horretan piskologikoki ematen diren hainbat ezaugarri balia ditzakegu. Euskara dominatzailea izateko, garrantzitsua izango litzateke euskalduna ez denak hizkuntza hori lehen bait lehen ikastea, bi urterekin bada, hobe. Adin horretan soziologikoki dauden ezaugarriak ere baliatu behar ditugu, haur horiek etxean eta eskolan dituztenez gain, ez dutelako bestelako harreman sarerik izaten.
Eragin handia dute baita ere atxikimenduak eta sozializazioak. Eta baita autonomiak eta elkarrekintzak ere. Eta imitazioa eta sormena ezin ditugu alde batera utzi. Imitazioaren bidez gauza asko ikasten da baina euskara hizkuntza bizia izatea nahi badugu, beharrezkoa da sormena lantzea. Bestalde, garrantzitsua da gure haurrak euskararen erabilera anitzean heztea.
Soziologiari dagokionez, oso garrantzitsua da hizkuntz ukipenean dauden hizkuntzak zein diren jakitea. Hizkuntzak ukipen egoeran daudenean, asimetriak egoten dira eta desoreka geroz eta handiagoa izan, hizkuntzetako batek botere handiagoa izango du. Hegoaldean gaztelaniak du boterea, euskara egoera okerragoan dago, eta interesgarria litzateke euskararen aldeko diskriminazio positiboa egitea. Beraz, hizkuntz ukipena estatusaren arabera ere ulertu behar da eta euskararena pixkanaka aldatzen ari den arren, erakargarriagoa da gaztelania euskara baino. Dena den, askotan, nortasunak bultzatzen gaitu hizkuntza baten aldeko hautua egitera; adibidez, unibertsitatean euskaraz ikasten duten ikasle askok nortasunarengatik egiten dute nahiz eta askok onartzen duten beren euskara maila gaztelania maila baino baxuagoa dela. Haientzat biderik errazena gaztelaniaz ikastea litzateke baina ez dute horrela egiten. Askotan, D ereduan ikasi duten arren, euskara hizkuntza berezi moduan ikasi dute eta akademikoki ongi funtzionatu badu ere, ez dugu lortu bizitza osorako hizkuntza izatea.
Nik uste dut eleaniztasuna beharrezkoa dela. Baina gure egoera soziala ez da eleanitza eta eleanizdunak sortzeak arazoak dakartza hizkuntza gutxituarentzat. Psikologia aldetik frogatua dago eleaniztasuna posible dela, beraz, psikologikoki hainbat hizkuntza ikas ditzakegu inongo arazorik gabe. Arazoa, soziologian topatzen dugu eta psikologiaren eta soziologiaren arteko lotura beharko litzateke.
Euskara hizkuntza osoa izatea eta gure gaitasuna osoa izatea nahi badugu, ezinbestekoa dugu motibazioa gure alde erabiltzea.
Pablo Sotés
Eleaniztasuna posible dela aldarrikatu zuen Pablo Sotés NUPeko psikologia irakasleak eta mitoa hautsi behar dela aipatu zuen, eleaniztasuna ez delako hainbat elebakartasun biltzea, baizik eta zerbait gehiago. Dena den, hizkuntza bat baino gehiago lantzean kontuz aritu behar dugula aipatu zuen, gehitze horrek positiboa izan behar duela eta eleaniztasun gehigarria bilatu behar dugula bertako hizkuntzari kalterik egin gabe. Kasu horretan eleaniztasunak eragin positiboa izango du garapen kognitiboan. Hor kokatuko litzateke Sotés-en esanetan elkarmenpekotasun linguistikoaren teoria; hizkuntzak elkarren menpe daude eta hizkuntza baten bidez ikasten duguna beste hizkuntzetara transferitzen da.  Hauek dira Sotések azaldu zizkigun zortzi ondorioak:
1 Europako hezkuntza sistemetan derrigorrezko hezkuntza amaitzean, atzerriko hizkuntzak menderatzea helburu nagusi bihurtu da.
2 Hizkuntza bat ikasteko ahozko eta idatzizko trebetasunez gain, hainbat gaitasun menperatu behar dira. Eskolan hizkuntzen arteko zubia jartzea ezinbestekoa da. Hori lortu ezean, ezin izango dugu eleaniztasun aberasgarria lortu.
3 Eleanitza izateak hainbat abantaila ditu.
4 Eskolako testuinguruan hirugarren hizkuntza ikasteak garapen kognitiboan eta gainerako hizkuntzetan ondorio mesedegarriak ekar ditzake.
5 Hizkuntzak irakasteko tresna gisa erabiltzea, irakaskuntza eleanitzaren metodologiarik eragikorrena da; hizkuntzak erabiltzea eta ez hizkuntzak irakastea.
6 Murgiltze ereduak bigarren hizkuntza ikasteko eraginkorrak badira, hirugarren hizkuntza ikasteko ere eraginkorrak izango dira.
7 Eskola edo programa eleanitza bultzatzeak hainbat hezkuntza mailatan burutu behar den epe luzerako proiektua eskatzen du.
8 Eskola elabidunak eleaniztun bihurtzeko hizkuntzen artean zubiak eta integrazioak bilatu behar dira nahitaez. 
Lizarra ikastola
Lizarra ikastola Nafarroako eremu mistoan dago kokatua, baina eremu ez euskaldunean bizi diren ikasleak ere joaten dira bertara. 1970ean sortu zen eta 35 ikaslerekin hasi zuen ibilbidea haur erdaldunen murgiltze sistema moduan, orduan batek ere ez baitzekien euskaraz. Ia 40 urteko ibilbidea egin du Lizarra ikastolak eta gaur egun hizkuntzen trataera euskaldun eleaniztuna dute, hau da, hizkuntza gutxituan ardaztutako eleaniztasuna. Josu Reparaz zuzendariak eta Maider Etxaniz, curriculumaz kanpoko arloko arduradunak eman ziguten esperientziaren berri.
Lizarra ikastolan hizkuntzen trataera euskaldun eleaniztuna egiten dute, hau da, enbor moduan euskara dute, haiek indartu nahi duten hizkuntza delako. Bigarren hizkuntza gaztelania da, ikasle gehienen ama hizkuntza delako. Ondoren ingelesa agertzen da beste adar garrantzitsu moduan, eta azkenik, frantsesa lantzen dute 12 urtetik aurrera. Ikus 1. irudia.
Zuzendaritzak eta hizkuntza arduradunek hizkuntza-proiektu berri baten beharra ikusi zuten duela urte batzuk. Gizartea asko aldatzen ari da eta hizkuntzaren eta eleaniztasunaren ikuspegi berriak kontutan hartuz, egoera berrira egokitu beharra zegoela ikusi zuten.
Bide horretan, ikastolako hizkuntzen erabilera eta trataeraren diagnosia egin zuten. Diagnosia egitea urte osoko lana izan zen eta egoera ezagutzeko eta hurrengo urratsak emateko oinarria izan zen. Hortik abiatuta lehentasun batzuk eta helburu batzuk finkatu zituzten eta ‘Hizkuntza Proiektua’ dokumentuaren lehen bertsioa idatzi zuten: hizkuntzekiko esku-hartze eremuak zehaztu zituzten eta funtzionamendu markoa finkatu zuten. Lau urteko lan plangintza estrategikoa da, eta lau urtetik behin berrikusten dute beharrezkoak diren aldaketak egiteko. Hori finkatuta, urteko plan zehatzak egiten dituzte eta Hizkuntza-proiektua bera aldatzen joaten da.
Hizkuntza-proiektuaren beharra
Hizkuntzaren eta horren didaktikaren ikuspegi aldaketarekin behar batzuk ikusi zituzten Lizarran. Hizkuntz irakasleen artean ez zegoen batasunik metodologiari zegokionez eta gehienetan, ikuspegi estrukturalista nagusitzen zen. Ikuspegi komunikatibora jo behar zutela ikusi zuten argi eta garbi; ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa ongi ulertu behar zituztela eta baita ere ekoiztu, bai ahoz eta bai idatziz. Beste gauza batetaz ere jabetu ziren: ikasleei oso denbora gutxi uzten zitzaiela hitz egiteko. Hortik ondorioztatu zuten ahozko eta idatzizko komunikazioan hutsune handia zela eta hainbat erabaki hartu zituzten, adibidez, jendaurreko azalpenak eta irakurketa ozena lantzea. Euskarako irakasleak hori lantzen zuen: aho komunikazioaren elementuak, eman beharreko pausua… Eta gainerako irakasleek hori bera eska zezaketen bazekitelako ikasleek hori landuta zutela. Hizkuntza batek komunikaziorako gaitasuna eskaini behar du eta hori, ikasgai guztietan landu behar den zerbait da. Hizkuntza eskolako bizitzaren erdi-erdian kokatzen dute. Ikus 2. irudia.
Beraz, hizkuntzarekiko xedea hau litzateke: ikasleen komunikazio gaitasunak garatzea, hizkuntza bizitzako egoera eta behar guztietarako tresna eragingarri gisa erabil dezaten.
Beraz, eleaniztasunaren ikuspegi aldaketa ematen da: ikuspegi elebakarretik eleanitzera. Hizkuntzak modu isolatuan lantzen ziren eta ez zegoen horien arteko koordinaziorik; mintegi bakoitzak bere lan ildoa zuen eta hori aldatu beharra ikusi zuten. Beraz, ikuspegi eleanitzaren aldeko apustua egin zuten: hizkuntza batean lortutako hainbat gaitasun eta ezaguera, erabiltzen diren beste hizkuntzetara transferitzen dira, baldin eta beste hizkuntza horietan komunikazio aukerak eta motibazioa ematen badira. Eta horretan lanean jarri ziren Lizarran. Baina aldaketa horrek, izugarrizko komunikazioa, koordinazioa eta formazioa eskatzen zuen.
Hizkuntza-proiektua, euskara eta euskalduntasuna ardatz harturik, ikastolan lantzen diren hizkuntzak, eta beste arloetan, irakaskuntzari eta erabilerari dagozkien alderdiak era koherentean biltzen dituen dokumentua da Lizarrako ikastolakoentzat. Eta  Hezkuntza komunitate osoaren erantzukizuna eskatzen du. Eskolako eremu guztiak kontuan harturik hizkuntza politika eraginkor baten planifikazioa beharrezko ikusi zuten eta horretarako, diagnostikoaren ondorioak ongi aztertuta eta hizkuntzaren egoeraren hobekuntza bultzatu nahi zutenez, esku-hartze eremu guztietan eragin zuten.
Eremu pedagogikoan, curriculumaren eremuari garrantzia ematen diote eta gela barruan hizkuntzari dagokionez, hizkuntzako arloetan eta bestelakoetan gertatzen diren harremanak eta elkarrekintza didaktikoak kontuan hartzen dituzte. Hizkuntzen arloko eta gainontzeko arloetako curriculumak agertzen dira eta helburuak, jarduera motak, metodologia eta ebaluazioa zehazten dituzte. Hizkuntzaren garapenean, ikastolan lantzen dituzten hizkuntza guztien artean hizkuntzaren inguruko helburu eta edukien sekuentzializazio garbia eta koordinatua garatzea, ikuspegi metodologiko bera partekatzea eta elkarreragina bideratzeko estrategiak partekatzea giltzarri dira. Proiektu osagarriak eta profesionalen prestakuntza ere bertan txertatzen dira. Interakzio didaktikoaren atalean, berriz, hauek sartzen dira: gela barruko harremanak, arlo bakoitzean zer hizkuntza erabiltzen den, gelako lanean ikasleek ahozkotasuna lantzeko zer aukera duten eta hori guztia aurrera eramateko zer baliabide dituzten.
Bestalde, askotan alboratzen den curriculumaz kanpoko eremua ere lantzen dute. Izan ere, euskararen normalizazioan pausoak emateko, ezinbestekoa da arlo akademikoaz gain, ikaslearen gainerako bizitza esparruetan eragitea, haietan ohiko komunikazio hizkuntza euskara izan dadin bitartekoak jarriz.  Ikus 3. irudia.
Kontuan hartu beharreko beste eremu bat, eremu instituzionala litzateke. Eta harremanak ere, ezin dira alde batera utzi. Lizarra ikastolak etengabeko harremanak ditu inguruarekin eta familiekin eta esparru horretan hartzen dituzten erabakiak funtsezkoak dira testuinguru ahalik eta euskaldunena ziurtatzeko eta ikasleen euskara erabiltzeko aukerak zabaltzeko. Hizkuntza paisaia zaintzeko hizkuntza irizpideak ezarri eta horien jarraipena ziurtatu beharra ikusi dute, baita hezkuntza komunitatearen harreman sareetan euskararen erabilera eragozten duten etenak identifikatzeko eta gainditzeko estrategiak zehaztu beharra ere.
Beraz, eleaniztasuna lantzeari garrantzi handia ematen diote Lizarra ikastolan, beti ere, euskaran oinarrituta. Bide horretan jarraitzen dute lanean eta oraingoz, emaitza onak jaso dituzte.