Kronika

Heletako eskola publikoko gurasoek ez dute begi onez hartu bertako zuzendariari Ahatsako eskola publikoan egun erdiko lanpostua eman izana.
Maria Claire Larrea Heletako eskolako irakasle eta zuzendaria da, baina Paueko Akademiak bere funtzioak aldatu ditu eta Ahatsako eskola publikoan euskara eskolak emateko postua ere eman diote. Gurasoek ez dute Paueko Akademiaren erabakia onartu eta Larreari Ahatsako postua hartzea galarazi diote, Akademia Ikuskaritzak hartu duen erabakiak euskararekiko axolagabetasuna erakusten duela uste dutelako. Gurasoek salatu dute eskolak euskaraz emateko gai ez den irakasleren bat bidali izan duela Paueko akademiak Heletara eta gutun bat bidali diote Philipe Carriere Paueko Akademia ikuskariari arazoa bidera dezan eskatzeko. 
Ereduen aldaketarik ez da izango datorren ikasturterako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Eusko Jaurlaritzak ez ditu hizkuntza ereduak aldatuko 2008-2009 ikasturterako, beraz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola publikoek eta itunpeko ikastetxeek A, B eta D ereduei eutsiko diete datorren irailean, Pedro Otxoa Hezkuntza sailburuordeak iragarri duenez. Gurasoek beraz, seme-alabak orain arteko ereduetan matrikulatuko dituzte. Dena den, Otxoak gogorarazi du ikastetxe bakoitzak eskainiko dituen ereduak eskariaren araberakoak izango direla. 
Otxoak jakinarazi du hizkuntza ereduak gainditzeko A, B eta D ereduak aldatzeko aurreproiektuaren zirriborroa lantzen ari direla eta apirilean bertan aurkeztuko dietela eragileei zirriborro hori ekarpenak egin ditzaten. Izan ere, Eusko Legebiltzarrera eraman aurretik, proposamenak ahalik eta babes handiena izan dezan nahi dute. Legebiltzarrak osoko bilkuran onartu beharko du lege proiektu berria, hizkuntza ereduak bertan behera uzteko eta eredu bakarra hartuko duen sistema berria ezartzeko. Ondoren, Hezkuntza Sailari egokituko zaio legea garatzea horretarako dekretu eta aginduak emanez.
Irakaskuntza sistema berriarekin A, B eta D ereduak desagertuko lirateke eta euskara irakats hizkuntza nagusia bihurtuko litzateke. Eusko Jaurlaritzaren eredu berriak, euskaraz ulertzeko eta adierazteko gaitasuna bermatu nahi du; euskaraz ikasten duten ikasleek eguneroko harremanetarako euskara erabiltzeko gaitasuna izango dutela bermatu nahi dute eta 16 urterekin, Derrigorrezko Hezkuntza amaitzean, hizkuntza era egokian erabiltzeko gai izatea, hau da, Europako Erreferentzia Markoak ezartzen duen B2 maila lortzea. Ikastetxeek, bestalde, tokian tokiko hizkuntza eskakizuei erantzuteko autonomia izango dute, baina lortu beharreko helburuak eta markoa mugarri izanda. Hori guztia ezartzeko hamar urteko epea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak.
Nafarroako irakasle ordezkoak protestan  
Nafarroako Gobernuaren ordezko irakasleen lanpostu zerrendetan sartzeko sistema berria dela eta, hezkuntza alorrean diharduten sindikatu guztiak, AFAPNA, ANPE, CCOO, CSIF, ELA, LAB, EILAS eta UGT desados agertu dira sistemaren aldaketarekin.
Irakasle finkoen ordezkapenak egiteko, oposizioak gainditzen dituztenekin “Lehentasunezko zerrenda” osatuko du Hezkuntza Departamenduak, eta horien atzetik joango dira gainditzen ez dutenak. Azken horien artean, azterketen emaitzek balio handiagoa izango dute lehen baino.
Sindikatuen arabera, orain oposizioetako emaitzak balio arras handiagoa hartuko du norbanakoaren esperientziarenak baino. Gauzak hala, ez dute justua ikusten horrek sor ditzakeen ondorio posibleak. Adibidez, urteak  lanean daramatzan irakasleak edozein kasugatik ez baditu oposaketak gainditzen, esperientzia urria baina emaitza hobeak dituen irakasle batek lehentasuna izan dezake sistema berri horretan. Hortaz, sindikatuen ustez, aldaketa horiek  irakasleak egoera prekarioago batera bidera tuko ditu. Sindikatuek auzia epaitegietara eraman dute eta erabakia “erabateko inposizioa” dela salatu nahi izan dute. Sindikatuen ustez, zerrendak osatzeko sistema zaharrean emaitzei ere garrantzia ematen zitzaien baina esperientziak % 60 balio zuen eta egitura orekatuagoa zen.
Besteak beste, erabakiaren inguruko kexa plazaratzeko, otsailaren 28an eta martxoaren 4an greba egin zuten Nafarroako hainbat eta hainbat irakaslek. 2000 dira irakasle ordezkoak, eta lehen greban, sindikatuen arabera greba % 70k egin zuen, gobernuaren arabera, berriz, % 31k. Martxoaren 4an,  ostera, sindikatuen arabera 900 irakaslek hartu zuten parte mobilizazioetan eta Hezkuntza Departamentuaren arabera, 690ek. Bigarren horretan, irakasle iraunkorren bateratzea areagotu zen.
Martxoaren 6rako hirugarren greba deitua bazuten ere, Perez Nievas kontseilaria negoziatzen hasteko prest agertu zen eta bertan behera utzi zuten deialdia. Sindikatuek, oposizioaren emaitza eta esperientziaren arteko oreka izatea nahi dute, eta horretarako foru agindua kentzea nahi dute.
Iruñeako Donibane auzoko bizilagunen plataformak auzoan euskarazko eskola eskatzen jarraitzen dutela gogorazi du. 
Asier Biurrun, plataformaren ordezkariak gogoratu du, behin eta berriz eskatu izan dietela Iruñeako udalari eta Nafarroako Gobernuari auzoan D eredua ezartzeko, eta “seme-alabak euskaraz heziak izan nahi badute beste auzoetara jo behar dutela” salatu dute. Plataformak, udal zinegotziekin eta Nafar Gobernuko parlamentariekin hainbat bilera hitzartu ditu auzokideen kezka azaltzeko. Bitartean, Udalbide eta EKEk seigarren urtez jarraian D ereduan matrikulatzeko kanpaina martxan jarri dute, haien iritziz Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuak ez duelako hori lantzen, derrigorrezko irakaskuntzan dabiltzan ikasleen familien herenak D ereduaren eskaera egiten duen arren.