126: Euskarazko irakaskuntza Nafarroan erronka berrien aurrean

Kezka dago Nafarroan Hezkuntza Departamentuak hizkuntzei ematen dien trataera dela-eta. Orain, iritzi guztien gainetik ingelesa irakatsi nahi du nola-hala.
Hiru hilabeteko birziklapena eskaini eta 200 irakasle izango ditu prest datorren ikasturterako. Hori da hori lana egiteko abiadura, ezta? Prestakuntza egokirik gabe posible al da emaitza egokiak lortzea? Bada, ziurra dena da, emaitza egokirik gabe zalantzan jarriko dela ingelesaren irakaskuntza.
Lehen, 1986ko Foru Legeak Nafarroa zatitu zuen hiru hizkuntza eremutan (euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna), eremu euskaldunari soilik aitortuz  euskararen ofizialtasuna.
Duela urte gutxi “Hizkuntza ereduek sortzen duten zatiketa perbertsoa da” zioen Luis Otano Adarra pedagogia elkarteko sustatzaile historikoak.
Konproba litekeenez, hainbat zatiketa ematen da Nafarroako hezkuntzan: hizkuntza eremuak, hizkuntza ereduak, eta hain agerikoak ez diren baina eragina duten sareen arteko zatiketa sozialak eta abar. Banaketa horiek guztiek  zaildu egiten dute herritarren kohesioa, behar berezia duten ikasleen inklusioa, hizkuntzen normalizazioa eta planifikazio koherentea egitea.
Europako komunikazio inguruko etorkizuna aztertzerakoan, adosten den irizpide nagusienetakoa da eskolatik hiritar eleanitzak atera behar direla.
Nafarroan, gaur egun arte, D ereduan ikasitakoek lortu dute hiritar elebidunak izatea. Ikastolak izan ziren aintzindari egiteko horretan. Orain ere, aintzindari dira ikasle eleanitzak sortzen, azken urteetan ingelesa goiztiarra eskaintzen, eta, hainbatetan, frantsesa gehitzen Bigarren Hezkuntzan.
“Hizkuntzaren bizikidetzako eredua” ezarriko du Nafar Gobernuak 2008-2009 ikasturtean. Hau da, ingelesa eta gaztelania. Eta, D ereduan zer?
Otsailaren 20an Iruñeko NUPen egindako “Elebitasunetik eleaniztasunera” jardunaldiak kezka eta behar horri heldu zion. Diziplinartean arituz, psikologo, pedagogo, legegile, soziologo, irakasle, katedradun eta abar aritu ziren proposamenak egiten: haurrek hizkuntzak ikasteko duten gaitasuna, hizkuntzen arteko transmisioa nola gertatzen den, hizkuntz  proiektu zehatzak aurkezten, arlo kurrikularra eta ez-kurrikularra nola uztartu proiektu berean,  ebaluazio jarraitua eta hezitzailearen garrantzia hezkuntza prozesuak hobetzeko eta abar.
Iruñeko jardunalditik zera ondoriozta genezake: hezkuntza eleanitzak eleaniztasun printzipioak errespetatu behar dituela, bitarteko egokiak jarri, ebaluatu, emaitzen aurrean neurriak hartu... Bestela, nekez lortuko dira hiztun eleanitz, elebidun eta elebakarrak ere. Gauzak ezin dira besterik gabe egin!