Aresketa ikastola, AMURRIO: Argitxo Egutegiak

Ikasturte hasieran hasten da guztia. Egutegia banatzen dute ikastoletan, eta, horrekin batera, gurasoei ikastaro batzuetan parte hartzeko eskaintza egiten diete, garrantzitsua delako familian euskarak lekua izatea. Argitxo Egutegia, Euskaraz Bizi egitasmoak eskaintzen duen “Joko eta jolasak euskaraz” izeneko ikastaroarekin uztartuz gero, emaitza aberatsagoa izan daiteke. Helburua, seme-alabak ikastetxetik kanpo daudenean, gurasoekin euskaraz aritzeko baliabideak izatea da, eta, horretarako, zenbait jolas erakusten dizkiete gurasoei.
Baina gurasoentzat bakarrik ez, irakasleentzat ere tresna baliagarria izan nahi du egutegiak. Egutegiak era askotako jolasak eskaintzen ditu eta jolas horiek gelan ez baizik, gelatik kanpo lantzea komeni da. Irakasleek egutegiak hilabete horretarako proposatzen duen jolasa atsedenaldietan dinamizatzen badute, jolas hori euskaraz sistematizatzeko aukera gehiago dago. Lehenengo egunetan irakasleak lan gidatua egin beharko luke, jolasaldiak trebakuntza saio bihurtuz. Ondoren, haurrek jolasa ikasi dutenean, dinamizazioan eragin beharko du irakasleak. Hilabetea amaitzen denean, berriz, behaketa lana egin behar du, haur bakoitzak ikasitakoa bere kasa egiten duten edo ez ikusteko.
Beraz, Argitxo Egutegiak izeneko egitasmoak ikastolako eremu ez-curricularrean eta familiartean eragiteko helburua du.
Amurrioko Aresketa ikastola
Euskal Herriko ikastetxe askotan animatzen dira gurasoak Argitxo Egutegiak izeneko egitasmoak eskaintzen dituen ikastaroetan parte hartzera, eta Amurrioko Aresketa ikastolak eskaintza hori egiteko erabakia hartu du aurten, euskara bultzatzeko dinamika mota horiek egokiak iruditzen zaizkielako.
Hasieran uste baino guraso gehiagok eman dute izena ikastaroan. Lau egunetan izan dituzte saioak, zortzi ordu guztira. Guraso euskaldunek eta erdaldunek hartu dute parte, eta euskaraz eta gaztelaniaz egin dituzte ikastaroak. Bizkaiko Urtxintxa Eskolak eskaintzen ditu saioak; txosten bat osatzen dute beraiek proposatutako jolasekin eta Argitxo Egutegian planteatzen dituztenekin, eta tartekatzen joaten dira.
Gurasoek jolasak ikasten dituzte, eta ikusle izatetik dinamikan parte hartzera pasatzen dira.
Hasteko, “ezagutza jolasak” egiten dituzte, eta askok elkar ezagutzen ez duten arren, oso giro ona izaten dute haien artean. Ondoren, egutegian agertzen diren jolasak ikasten dituzte. Euskararen alde lotsak eta beldurrak alde batera uzteko prest izaten dira gurasoak, eta Argitxo lagun hartuta, egitasmoak seme-alabekin euskaraz aritzeko eskaintzen dien aukerari heltzen diote. 
GURASOENTZAKO AHOLKUAK
Era guztietako gurasoek har dezakete parte egitasmoan: euskaldunek eta euskaldunak ez direnek. Horietako bakoitzari aholku zehatzak ematen dizkio Ikastolen Elkarteak, euskararen erabilerari dagokionez.
Guraso euskaldunei
Zer egin?
- Etxean euskaraz egin.
- Euskara eskaini eta euskara eskatu. Haurra beste norbaitek zaindu behar badu, euskaraz egingo diola ziurtatu. Eskolaz kanpoko ekintzak ere euskaraz izan daitezela.
Zer ez egin?
- Euskaraz haurra aurrean dagoenean soilik egin.
- Euskara ikastolaren lana balitz bezala hartu. Etxean hasi behar dute ikasten eta erabiltzen.
Nola hobetu?
- Bikotekideek haien artean euskaraz hitz eginez.
- Familiarteko harremanak euskaraz izanez.
- Haurrarekin ahozko harremanaz gain, bestelakoak ere euskaraz izanez (etxeko lanak egiten lagunduz…)
Euskaldunak ez diren gurasoei
Zer egin?
- Eskaini. Haurra zaintzeko laguntza behar izanez gero, pertsona horrek euskaraz jakin dezala.
- Eskatu. Eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz izan daitezela. Etxean zenbat eta euskara gutxiago izan, kanpoan gehiago beharko du.
Zer ez egin?
- Haurraren ikasketa prozesua gure gauza ez balitz bezala jokatu.
- Ardura eskolaren bizkar utzi.
Nola hobetu?
- Motibatuz. Garrantzitsua da haurrak ikustea euskararen ikaskuntzak gurasoen babesa duela.
- Ikasiz. Ez da erraza, baina ezta ezinezkoa ere.
Bietako batek euskaraz dakienean
Zer egin?
- Beharrezkoa da euskaraz dakien bikotekideak haurrarekin euskaraz hitz egitea.