Kronika

Azkenean ere, hilabete batzuen ostean, Euskararen Nafar Institutuak badu zuzendaria
Irailaren 12an aurkeztu zuen Nafar Gobernuak Enai, euskara politika bultzatzeko asmoz sortutako erakundea. Hautaketa prozesua luzea, konplexua eta gorabehera handikoa izan da, eta bidean ustezko hautagaiak ere izan dira. Kargua, azkenean, Xabier Azanza Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak hartu du, kudeaketan eta giza baliabideetan aditua denak. Zuzendari berriak, hiruhilabeteko menia hartuko du Enai ezagutzeko eta bere lehen eginbeharra, Iruñerriko ikerketa soziolinguistikoa egitea izango da.
Abenduak 6, euskal egutegiaren aldeko aldarrikapen eguna
Abenduaren 6a Espainiar konstituzioa ospatzen den eguna da eta Hego Euskal Herriko Hezkuntza komunitateko hainbat kide eta ikastetxek jai eguna ez ospatzeko erabakia hartu zuten, Euskal Herriak Bere Eskolaren proposamenarekin bat eginez. “Jaiegun inposatuaren” aurrean, “Hezkuntza Sistema Nazioanalaren bidean kokatutako euskal egutegiaren” alde egin guran.
Printzipioz ikastetxeek autonomia dute euren egutegia finkatzeko bertako erabaki marko nagusienean hala adostuz gero. EHBEk bildu ahal izan dituen datuen arabera, aurtengoan Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko “40 ikastetxe inguruk egin dute abenduaren 6an euren jarduera normaltasun osoz burutzeko saiakera baina oztopoak ugari izan dira”.  EHBEren ustez, “Campos eta Perez-Nievas hezkuntza sailburuak dira ikastetxeen autonomia zein erabakiak gauzatzeko eskubide urraketaren erantzuleak”. Kasu batzuetan, nahiz eta ikastetxeek ateak irekitzeko erabakia organu gorenean hartu, “Eusko Jaurlaritzako presioen ondorioz” atzera bota behar izan dute erabakia. Zailtasunak zailtasun, eskola normaltasun osoz ireki ez zen eskoletan ere bestelako alternatibak gauzatu ziren, ikastetxe batzuetan irakasleak lanean zeuden, guraso batzuek haurrak ikastolara eraman zituzten  eta  herri eskolak antolatu ziren, “bestelako hezkuntza sistema bat irudikatzeko asmoz”. Gainera, aurten inoiz baino ikastetxe gehiagotan egin da ofizialki irekitzeko saiakera eta lehen aldiz, Araba eta Nafarroara hedatu da dinamika.
Jaiegunaren aurretik prentsaurreko bat egin zuten eskola zabalduko zuten ikastetxe batzuetako ordezkariek, ikasle mugimenduko hainbat ordezkarik eta EHBEko kideek. Bertan hezkuntza sailaren jarrera salatu zuten eta “Ikastetxe bakoitzak bere egutegia erabakitzeko duen eskubideari helduz, inposatzen zaizkigun jai egun arrotzen gainetik, guk geuk erabakitako jai egunen araberako egutegia eraikitzeko apustuaren alde” egin zuten.
Agerraldian, gainontzeko Euskal Herriko ikastetxeak bide hori jorratzera deitzen dituzte. “Euskal Egutegia praktikan jartzea Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde hartzen den konpromezua da”.
Ikasle abertzaileaken V. Kongresua,  Eraiki eta Irauli
Abenduaren 15ean, Ikasle Abertzaleak-en osoko bilkura izan zen Altsasuko Lortia Kultur Etxean. IAren V. Kongresua izan zen honakoa eta datozen lau urteetarako lan lerroak eztabaidatzeko eta zehazteko asmoz bildu ziren.
Hiru hilabeteko Itzartu deituriko prozesuan zehar, IAko kideek hiru ponentzia oinarri hartuta, (Egoeraren azterketa, Ponentzia politikoa eta Ponentzia organizatiboa) hausnarketa eta eztabaida prozesuan izan dira, ekarpenak eginez. Bilkura honetan, ekarpenak landu eta horien ondorioak aztertu eta definitu dituzte.
Hausnarketa gai nagusiek, aurrera begirako ildoak zehaztera eraman dituzte IAkoak, berain esanetan. Alde batetik, “Euskal Hezkuntza esparruan emandako aurrera pausuak baloratu eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren eraikuntzan ikasle mugimenduaren indarrak lerrokatu beharra ondorioztatu dugu”. Bestalde, “Hezkuntza merkatuaren beharrak asetzetzeko tresna gisa” ikusten dute, “pertsona askeak hezteko helburutik arras urrun”. IAkoen iritziz, hezkuntza antolaketak ikasle mugimenduan eragina du, ikasleria akritiko eta sumisoa” bultzatzen duelako. Hortaz, lan lerro garrantzitsua da ikasle mugimendua antolatzeko gaitasuna bermatzeko eskubide demokratikoen alde egitea.
Bi lan ildo nagusi jorratu dira etorkizunerako, bata “ERAIKI ildoa, Hezkuntza Sistema Nazionalaren eraikuntza bultzatzeari dagokiona, eta bestea, IRAULI ildoa,  ikasle mugimenduaren antolatzeko gaitasuna bermatze aldera irabazi beharreko eremuei” dagokiona.
Osoko bilkuran 150 kidek parte hartu zuten eta bertan izan ziren baita ere hainbat eragile gonbidatu gisa, besteak beste Euskal Herriak Bere Eskola, Euskal Herrian Euskaraz, Bilgune Feminista, gazte mugimendua, LAB, Nazio Eztabaidagunea eta Herrialde Katalanetako ikasle mugimendukoak. 
Ahaztuak 1936-1977 frankismoko biktimen eta errepresaliatuen elkarteak ekarpena egin nahi izan dio Euskal Curriculumari txosten bat landuz, memoria historikoa hezkuntzaren bitartez trasmititzeko beharraren ondorioz. Txosten hori,  Sortzen-Ikasbatuaz, Ikastolen Konfederazioak eta Nazio Eztabaidaguneak hartu dute eta eragileen esanetan, Ahaztuak elkarteak ekarpen  “garrantzitsua” egin du. Euskal curriculumaren helburuetako bat, Historia Euskal Herriaren ikuspuntutik aztertzea da eta ekarpen horien bitartez bestela “azaleratzen ez diren hainbat gai” jorratzeko beharra landuko da: emakumeen lana, frankismoak eragindako sufrimendua edota biktimen eskubideen defentsa, besteak beste. Martxelo Alvarez Ahaztuak-eko ordezkariaren ustez, memoria historikoa ez da “iraganeko kontua, orainaldiarekin eta etorkizunarekin, eta indarrean dagoen eredu demokratikoarekin lotuta” dagoen auzia da.