124: D ereduak, euskara hutsekoak, edukietan ere emaitzarik altuenak lortzen ditu

Askotan esan dugu egindako lana neurtu egin behar dela eta emaitzek bidea eman behar digutela geure eguneroko egitekoa hobetzeko. Jakina da neurketek oso arlo zehatzak, ez integralak, hartzen dituztela kontuan. Hala ere, eta behar den prudentziarekin hartuz, hezkuntza sistema hobetzeko pista batzuk emateko balio dezaketela uste dugu, ebaluatzen ez denak ez baitigu inongo laguntzarik eskaintzen.
2006an, 15 urteko gaztetxoei (15 urte eta 4 hilabetetik 16 urte eta 4 hilabetera bitarteko ikasleak neurtu ziren) egindako Zientziak, Matematikak eta Irakurketa PISA ebaluazioen emaitzak argitaratu berriak dira.
EAEko emaitzen arabera, D ereduak lortzen ditu emaitzarik altuenak bai sare publikoan eta bai itunduan. A ereduak, aldiz, emaitzarik baxuenak lortzen ditu bi sareetan. Neurketa horietan, orokorrean, itunduan emaitza altuagoak izan dira publikoan baino, edozein eredu kontuan hartuta ere. Dena den, ikasleen eta zentroen arlo ekonomikoa, soziala eta  kulturala kontuan hartuz eta koefiziente konpentsatzaile bat aplikatuz, aldeak murriztuko lirateke.
A ereduan ikasten ari direnen maila ekonomikoari erreparatzen badiogu, datu oso aipagarria jasotzen dugu: A ereduan maila sozial baxuenekoek ikasten dute sare publikoan eta maila sozial altuenekoek, aldiz, itunduan. Bitxia, ezta?
Iparraldeko datuak Frantziako estatukoetan sartuta daudenez, ezinezkoa zaigu horiek lortzea. Hego Euskal Herria begiratuz gero, Nafarroan EAEn baino emaitza hobeak lortzen dira Zientzietan eta Matematiketan. Irakurketan, berriz, txarragoak.
Alderaketekin jarraituz, Hego Euskal Herriko emaitzak Espainiako estatukoak baino dezente hobeak dira eta Frantziakoak baino pixka bat hobeak.
Datuekin amaitzeko, PISA neurtzen dituzten herrialdeen batezbestekoan aurkitzen garela esan genezake. Ez goitik eta ez behetik. Eta, aurrekoan (2003an) bezala, gure hezkuntza nahiko ekitatiboa dela ondoriozta liteke. Portzentualki, oso maila altuko eta oso maila baxuko ikasle gutxi ditugu, erdiko mailetan aurkitzen direlarik gehienak.
Neurketetan ikasleek erabilitako hizkuntza oso kritikatua izan da PP eta PSOE alderdien eta CCOO sindikatuaren aldetik, B eta D ereduetan ikasten ari diren ikasleek zergatik ez duten euskaraz egin esanez.
PISA ebaluazioan  ez da hizkuntza neurtu baina hizkuntza tresna garrantzitsua da galdetzen dena ulertzeko eta norberak ezagutzen duena adierazteko. Alde horretatik, bakoitzak hoberen erabiltzen duen hizkuntzan egitea ulergarria da, ezta? Dena den, euskaraz ikasleen %13,6k soilik egiteak zer pentsa eman beharko liguke. Datu horren arabera, elebidun orekatu gutxi sortzen ditu eskolak. Benetan adierazgarria!
Oro har, hau esan liteke:  euskaraz ikasteak onurak dakartzala eta hizkuntzen arteko transmisioa ongi ematen dela.