Ikasleek ez dute esperientziarik ahozko hizkuntza jasoan hitz egiteko. Ahozko aurkezpenik apenas egiten da eskola garaian. Zer ondorio ditu horrek? Nola saihestu hori?

Irakasle Ikasketak egiten dabiltzan gure ikasle batzuk etorri berriak dira Herbereetatik. Erasmus programaren barruan, hango unibertsitate batean izan dira. Zoratuta etorri dira: “zenbat galdetzen duten hango ikasleek, zenbat hitz egiten duten, zenbat dakiten”... Guk, hemengo irakasleok, adin desberdineko ikasleekin aritzen garenok gure eskolan, nahiko genuke ahozko hizkuntzak toki gehiago izatea, ikasleek gehiago eta hobeto hitz egitea. “Zer egin? Nola egin?” galdetzen dugu irakasleok. Eskola orain arte idazketari (genero idatziei) loturik dagoen erakunde gisa ulertu dugu: eskolan idazten ikasten da, irakurtzen eta ulertzen ere bai. Eta trebetasun horiek dira seguru aski hizkuntzaren ikaskuntza prozesuaren erdigunean daudenak oraindik ere...
Hala ere, gizarteak gero eta trebezia handiagoa eskatzen digu ahozko adierazpenaren arloan. Gaurko gizartean beharrezkoa da “ondo hitz egitea”. Garrantzitsua da jendaurreko hitzaldiak egitea, debate batean parte hartzea, disertatzea, akordioetara iristea. Herrialde baten demokraziarako garrantzitsua da herritarrak ahozkoan ondo moldatzea eta prestatzea. Eskolak gai hau planteatu behar du, eta, oro har, planteatu duela esan dezakegu. Orain artean landu duguna, irakurtzea eta idaztea, ez dira nahiko gaur egungo gizarte post-industrialean. Gure kasuan, gainera, hizkuntza gutxitu batekin ari garela, “normalizazio” bidean jarri nahi duguna, ez dugu erabilera bermatua. Eta hizkuntza bat garatuko bada, funtsezkoa da gutxienez hizkuntza hori hitz egitea. Ahozko hizkuntzaren arazoa konplexua da eta inplikazio askokoa.
Ahozko hizkuntzaren konpetentzia garatu nahi dugu, beraz. Ez gara hutsetik abiatzen, ordea. Ahalegin handiak egin dira euskal eskoletan hizkuntza garatzeko. Eta ahozkoa egin da, noski, irakasle/ikastetxe batzuek beste batzuek baino gehiago edo sistematikoago edo kontzienteago egin dute agian, baina ahozko hizkuntza praktikatu da. Orain, nolanahi ere, badakigu mintzamena lantzeko modua hobe daitekeela. Esate baterako, herrialde frankofonoetan azken urteotan pedagogiaren arloan sartu den berrikuntza nagusietako bat mintzamenarekin lotuta dago. Gure eskolak bizi duen egoera, ahozkoaren kezka, hobetu nahia, ez da, inondik ere, arrotza Europari begiratuz gero: Belfasteko St Mary unibertsitateko Eibhlín Mhic Aoidh izan da urrian HUHEZIn bisitan eta Ipar Irlandan gaeliko murgiltze ereduetan ahozko hizkuntzari tarte gehiago emateko egiten ari diren saiakeren berri eman digu.
Ahozkoa bai, baina zer, zelan? HUHEZIko hizkuntzen departamentuan egiten ari garen proiektu baten ildotik, bi alor ikusten ditugu ahozko hizkuntzaren ikas/irakaskuntzaren arloan. Batetik, gelako interakzioak ugaritzea eta sofistikatzea; eta, bestetik, ahozkoaren lanketa programatikoa diseinatzea, hau da, testu molde bat ikasteko eta ikasitako hori ebaluatzeko sekuentzia planifikatuak diseinatzea.
Ikus ditzagun bi arlo horiek.
Gelako interakzioak
Gutxi dakigu gure herrian irakasleok gelan ditugun ahozko portaeren gainean. Zein portaera diskurtsibo daukazu, irakasle? Nola kontenplatzen duzu ikasgela? Nolako galderak egiten dituzu? Ikasleek zer motako erantzunak jaulkitzen dituzte? Desafiatzen dituzu erantzunak? Kexu gara ez dutelako parte hartzen, galdetuta isilik geratzen direlako, “bai”, “ez”, “bost”, “gorria” erantzuten dutelako. Baliteke portaera horiek txikitatik barneratzen dituzten errutina batzuekin loturik egotea, gure eskolaren kultura batekin. Izan ere, zoritxarrez, gure eskolaren kultura ez dago oro har partehartzearekin loturik, hau da, gelaren elkarrizketa dinamika partekatu batekin, ikasle-irakasle interakzioarekin. Gelako interakzio mota aldatuz, irakasleak gelan beste rol bat hartzean, ikasleek aukera gehiago dute partehartze luzeago eta konplexuagoak egiteko (konplexuagoak diskurtsiboki, morfosintaktikoki, kognitiboki).
Izan ere, ikusten ari gara irakaslearen berbaldiak funtsezko egitekoa duela: alde batetik, ikasleen partehartzean; eta, beste batetik, jakintzaren trataeran. Irakasleak zer nolako estrategiak darabiltza? Interakzioaren ikuspegi honetatik, garrantzitsua ez da galdetzea ikasleek zer ikasi duten txekeatzeko (jakintzaren eredu erreproduktibo bat), baizik eta elkarrizketa bat irekitzea jakintza bera garatzeko (curriculumaren trataera aberatsagoa, sorkuntza eta aurkikuntza bilatuz).  Irakaslearen rola ezin da bereiztu, bere hautaketa metodologikoa ere ez.  Ikuspegi “demokratiko” bat izatean, ikasleen emankortasuna bilatuko dugu: talde txikietan jardutea, hitz ematea, entzutea, entzunaren inguruan lan egiteko estrategia sofistikatuak garatzea (galdera motak, esan dutena errebotatzea, konstatazioak, jarrera irekia, etab.). Modu honetan ikasleen arteko elkarrizketak ere bultzatzen dira. Urruti gaude oraindik estrategiarik hoberenak zeintzuk diren identifikatzetik, baina ikusten ari gara irakasle batzuek kontzienteki erabiltzen dituztela estrategia batzuk: aditze aktiboa, interakziorako diskurtsoa, etab. eta erantzun luzeagoak eta konplexuagoak jasotzen dituztela. Alegia, ikasleek ahozko hizkuntza (askotan H2), praktikatzeko eta bat-bateko autoerregulazioak egiteko parada dutela. Honek guztionek inplikazio metodologikoak ditu: irakasleok darabilgun metodologia ukitzen du. Metodologia tradizional batek ez du horrelako elkarrizketarik kontenplatzen.
Gelaren antolaketa ere ukitzen du interakzioaren alderdi horrek. Lanak talde txikitan planteatuz gero, ilarak eta biribilak apurtuz, irakasleak aukera gehiago du taldearekin gaia eraikitzen laguntzeko, taldeari egokitutako galdera finagoak, doituagoak eginez. Gela barruko komunikazioa sortzea, esanahiak elkarrekin sortzea dakar, ez da mezua transmititzea, elkarrizketaren bitartez irakastea baizik. Interakzioaren perspektiba honek, jakintza elkarrekin eraikitzearen zentzuan, fokoa irakasle guztiongan jartzen du, eta ez soilik hizkuntza irakasleengan. Eskolako errutinek ikasleen parte hartze autonomo eta konplexuak lortzearekin amestu behar dute.
Kontua ez da orain interakzioaren izenean hitz eta pitz aritzea ikasle-ikasle, ikasle-irakasle. Interakzioa emankorra izateko kokatua izan behar da eta interlokuzioa eskatzen du: asmo bat daukan solaskide bat topatzea, bere hitza aintzat hartzea, bere hitza zurean sartzea. Alabaina, ez da zuzena pentsatzea asko hitz eginez hobeto hitz egingo dutela. Andamiatze lanak egin behar ditugu irakasleok: norbaitek irakatsi behar digu jada egiten dakiguna hobeto egiten.  Gure eskolaren arazoetako bat ahozkoaren auzi horretan horixe izan da, zuzendu ditugula “joaten gara bibliotekara?, ikusi dotzut lehen”, etab., baina ez diegula irakatsi ondo egiten dakitena hobeto egiten: elkarrizketan sakondu, pentsamendu konplexua garatzeko ziztatu. Ezta ere, prozesu bat azaldu, arrazoiak eman, zerbait azaldu.
Ahozko generoak lantzea
HUHEZIn hizkuntza ematen dugun irakasleoi beti haserretu izan zaizkigu gure ikasle euskaldun zaharrak ahozko azterketak suspenditzean. Ama hizkuntza euskara izan, euskara "jatorra" izan, eta hala ere gainditu ez! Euskaldun zaharra izatea ez da inondik ere berme, ezta euskaraz eskolatu izana ere, ahozko disertazio jaso bat, berbazko ekoizpen planifikatua eta jantzia egiteko. Ahozko hizkuntzan arrakasta izatea asmoa adieraztea da, fokalizatzen jakitea, modalizatzen, esan ahala besteari moldatzeko erabakiak hartzen… eta hori praktikaren eta kontzientziaren fruitu dira, ez dira berez ikasten.
Ahozkoaren lanketak badu zer ikusia ahozko hizkuntza bera ikas-irakasgai objektutzat hartzearekin. Bestela esanda, ahozko generoak sistematikoki lantzearekin. Ahozko hizkuntza unean-unean presente izatearekin batera (gelako interakzioak), jite pogramatikoa izatea. Gure eskoletan generoak lantzen ditugunean, zergatik egin azken xede guztiak idatzizkoak? Azalpenak, debateak, kontaketak, txiste lehiaketak, albistegiak, elkarrizketak, antzerkiak, boz gorako irakurketak, iragarkiak, bertsolaritza… Testu moldeok ahoz trebatzeko lanabesak dira, beren baitan, sekuentzia didaktikotan antolatuta. Ildo honetatik, Joaquim Dolzek zioen “mintzamenak irakasgaia ere izan beharko luke”1. Beharbada, etorkizunean izango dugu mintzamen irakasgaia martxan, baina bitartean ahozko jarduera-proiektuak egin ditzakegu, ikasleak ahozko ataza konplexu eta planifikatuak ekoizten. Hizkuntza praktikatzeko aukera eman behar diegu, eskola hizkuntza ikasteko eta hainbat erabilera “probatzeko” toki bat da. Zirkulu itxia da: berbara ekartzen ez den hizkuntza herdoildua gelditzen da eta ez da erabiltzen; erabiltzen ez dena ez da ikasten eta garatzen…
Hitz egin dezagun genero formalez eta informalez. Egia da gure hizkuntzak askotan ez duela erabilera informala ziurtatuta eta horretaz kontziente garela. Hutsune hori betetzeko, besteak beste, hainbat eskolatan bertsolaritza lantzen da hizkuntza orduetan. Gure gizartean horrenbeste eta hain ondo errotua dagoen praktika, hizkuntza aldetik horren aberatsa dena gainera, eskolak aprobetxatu nahi izatea oso normala da. Baina ez da nahikoa bertsolaritza lantzea “informal” delako hori lantzeko, eta ezta ere zuzena pentsatzea bertsolaritza dena denik informal (genero espektro ikaragarri zabala du: bertso afariko “informaltasunetik”, txapelketa finaleko kartzelako gaiaren “formaltasun” eta solemnitaterainokoa). Bertsolaritza eskolara eramatea onuragarria da praktika sozial onartua, “bertakoa”, eta aberatsa delako (hizkuntzaz gain, musika, kultura, trebetasun pertsonalak jorratzeko bide eman baitezake, ikus Bertsolaritzaren curriculuma). Horiek horrela, ez du estaltzen ezta konpontzen ahozko hizkuntza lantzeak dakartzan eskakizunak, gorago seinalatu ditugu batzuk.
Garrantzitsua da ahozkoa “ikusgarri” jartzea gure eskoletan: ikasleek eta irakasleek ikus dezatela ahozkoa, ahozko ekoizpenei garrantzia ematea, ez azpi-disziplina gisa tratatzea. Ahozkoa ikusgarri jartzeak behagarri eta ebaluagarri jartzeko kezka dakar. Ahozko hizkuntza lantzeak tresneria apur bat eskatzen du: kamerarekin ikasleen grabazioak egin, nork bere burua ikustea eta entzutea, ikasleen gaitasuna aztertzea , ikasleen zailtasunak kontuan hartuta mintzamena lantzeko praktikak antolatzea, eredu onekin alderatzea, gorputzaren imintzioa, doinua, ahoskera… Praktika horiek berehala barneratzen dituzte ikasleek eta guri lan egiteko modu berriak irekitzen zaizkigu. HUHEZIn bertan ari gara jada horrelako proiektuekin erabat murgildurik. Motibazioak gutxi baziren, orain badugu kanpo eragile bat ere: 2010.urterako Bologna datorrela-eta, badakigu gure graduko ikasleek (orain lizentziatu edo diplomatu esaten diegunek) ahozko aurkezpen bat egin beharko dutela ikasketen amaieran, graduko titulua eskuratzeko.
Nondik hasi ez badakizu eta praktikak aldatu nahi badituzu, irakasle, zeure burua behatzetik hasi. Idatzi egunkari bat, jaso gelan egiten duzuna. Zeure burua grabatu jarraian. Galdera hauek egin ikusitakoaren gainean: zer gordeko nuke?, zer aldatuko nuke?, zer gehituko nuke? (Olga Esteve, 2007). Galdera horiek ditugu gure hausnarketa eta gure transformazioa abiatzeko modu bat. Garapen profesionalerako ikasketa gure esperientzia eta gure praktikaren hausnarketatik abiatzea da kontua.•
--------------------
1 Euskalnews aldizkaria, 352. alea