Seaska, Iparraldea: Antzerki topaketak Miarritzen

Iazko ikasturtean hirugarren aldiz antolatu zituen Seaskak Ipar Euskal Herriko ikastoletako haurren antzerki topaketak. Emanaldiak Saran, Donibane Garazin eta Miarritzen izan ziren. Miarritzeko emanaldietan egon ginen eta bertan bizitzen zena ikusteko aukera izan genuen. Besteak beste, argi gelditu da haurrentzat berezia izaten dela emanaldien eguna.
Goizeko hamarretan bildu dira Ipar Euskal Herriko hainbat ikastolatako haurrak Miarritzeko Pax aretoan. Hainbeste entseatu ostean, iritsi da beren antzerkiak eta kantu antzezpenak jendaurrean egingo dituzten eguna. Lerroetan isil-isilik eta euren kideak errespetatuz, ikastola bakoitzeko taldearen antzezpenak ikusten dituzte haurrek. Kanboko, Baionako, Miarritzeko, Uztaritzeko eta Angeluko ikastoletako haur taldeak dira, 5-7 urte bitartekoak.
10:00etatik 13:00ak artean zazpi emanaldik izan dute lekua. Hiru antzerki, atsedenaldia eta ondoren beste lau. Lehoiak, saguak, esploratzaileak, antxumeak, otsoak… denak izan dira bertan, eta presentzia handia izan dute abestiek. Antzezpena egin aurreko minutuetan artega daude taldekideak, baina behin oholtzara igo ostean, alai, bizi eta dotore dabiltza. Emanaldiak amaitu eta gero, Pax aretoaren inguruan dagoen belardira joan dira bazkaltzera, etxetik ekarritako ogitartekoekin.
Arratsaldean joko eta jolas askotarikoak egingo dituzte irakasleekin, Xiba jokoa, besteak beste. Egun berezia da haurrentzat, baita irakasleentzat ere.
JANINE URRUTY irakasleari elkarrizketa
Nola sortu ziren topaketa hauek?
Ideia Euskaraz Bizi ekimenetik sortu zen, Seaskaren baitan. Haurrek euskaraz hitz egiteko gero eta zailtasun gehiago dauzkatela konturatzen gara. Eskolan euskaraz egiten badute ere, ohartzen ginen eskolaz kanpo elkartzen zirenean frantsesez aritzen direla. Beraz, zerbait egitearren eta ezaguna dugunez antzerkiak hizkuntzarekiko duen onura, horrekin hasi ginen. Bestelako interesak ere ikusi genituen: hizkuntza ikastea antzerkia praktikatuz, elkarretaratzea, euskaraz hitz egitea…
Horren azpian badago beste zerbait oso garrantzitsua. Beti joaten gara beste batzuen ikusgarriak ikustera. Haurrekin egiten ditugunak bikainak direla ohartzen gara eta beraientzat ikusgarri bat baino askoz gehiago izan daitekeela uste dugu.
Nola lantzen duzue antzerkia?
Nire esperientziari dagokionez, urtean zehar antzerki bat lantzen dugu ikasgela bakoitzean. Adibidez, Eguberrietarako antzerki handi bat egiten dugu 1. eta 2. zikloarekin eta gu 2. ziklokoak garenez, zati hori hemen egiteko apailtzen dugu. Nik 25 haur dauzkat gelan, bi mailetan, beraz, lan asko da. Ez dugu urte osoan zehar egiten, beharren arabera antolatzen dut nire egitaraua. Adibidez, Hizkuntza ikasgaian antzerkia ikasketa hoberenetakoa da. Antzerkia ikasketa bikaina da gauza askotarako.
Haurrek gozatzen al dute?
Bai, haurrak oso gustura daude. Asko gustatzen zaie eta gainera asko ikasten dute. Nortasun mailan biziki aberatsa da, beren beldurrak gainditzen eta errespetatzen ikasten baitute, antzerkian ez baita zernahi egiten. Beraientzat antzerkiak besteen aitzinean egiteagatik du interesa eta hori biziki aberatsa da hizkuntzarentzat. Haur bakoitzak antzerki osoa goitik behera ikasten du, gogoz.
Urduri jartzen al dira?
Bai, oso. Gaur egin dugun antzerkiak ez du zerikusirik ikastolan egiten dugunarekin. Taulagain horretan galdurik zituzten beren erreferentziak, eta eskuin eta ezker ez zen Kanbon bezala. Baina antolatu dira, egin dute eta atera dira. Niri aldi oro galdetzen didate: ondo egin al dugu? Eta nik baietz esaten diet eta kontent dira. Adin horretan oraindik nigan sinesten dute!
Nolako emanaldiak egiten dituzue? Nola hautatzen dituzue gaiak?
Askea da, baina agerian da alegiak eta ipuin klasikoak asko gustatzen zaizkiela. Ni konturatu naiz, biziki modernoa den gure gizarte honetan, haurrek biziki maite dituztela klasikoak, otsoa agertzen denekoak eta halakoak. Ipuin horiek funtsezko garrantzia dute.