ESTRUCH, Joan: Autonomiak garrantzia du, baina ez da hezkuntza sistemak dituen gaitzen irtenbidea

Eskola autonomia. Zer ezkutatzen da kontzeptu zabal horren atzean?
Modan dagoen gaia da. Autonomiaz, askotan, ez da oso zehatz hitz egiten; pertsona batek edo bestek erabili, esanahia aldatu egiten da.
Hezkuntza sistemak funtzio berriak ditu, etengabe aldatzen ari da eta etengabe egokitzen ari zaie aldaketa sozialei. Gaur egun, gainera, hezkuntza sistemak prestakuntza ideologikorako zuen funtzioaren zati handi bat galdu du. Estatuaren ideologiarekin bat datozen herritarrak prestatzeko funtzio hori, Frantzian eta AEBn ikusi da batik bat. AEBko eskolen helburu nagusia haur eta gazteengan nazionalismoa sustatzea izan da, eta, gaur egun, funtzio horrek balioa galdu du. Ideologia uniformea transmititzeko funtzio horrekin lotuta, hezkuntza sistema eta denentzako berdina izango den curriculuma krisian sartu dira. Hori horrela da eskolatzea populazio osora zabaltzeak gastu handia dakarrelako eta era zentralizatuan kudeatzea zaila delako. Gainera, epe motzera behintzat, ez du hauteskunde onurarik ekartzen. Beraz, alderdi horiek guztiak kontuan izanda, esan dezakegu estatuak, orokorrean, hezkuntza transferitzeko joera duela. Estatuak ez du desegin nahi, baina hezkuntza sistemari lotutako zenbait betebehar gainetik kendu nahi ditu.
Eta zer gertatzen da orduan?
Profil profesional jakin batzuk prestatzeko funtzioa ere aldatu egiten duela hezkuntza sistemak. Gaurko produkzio sistemarentzat, industrializazio garaian oinarritutako prestakuntza uniformea ez da egokiena. Orduan, muntatze kateek beren korrespondentzia zuten heziketa zentroetan: ikasle guztiek zituzten jarraibide berberak ordu beretsuetan, eta irakasleek heziketa prozesuen kontrolatzaile papera betetzen zuten, errepikakorrak, mekanikoak, berdinak denentzat. Hori guztia lan munduan islatzen zen gero. Haurra eskolatik produkzio kate batera iristen zen eta gauza bera egin behar zuen zortzi ordutan, sormenerako inolako aukerarik gabe. Baina orain ezagutzaren gizartean sartzen ari gara, eta gutxieneko kualifikazioa duen edozein langilek sormena izan behar du, aldatzeko eta egokitzeko gaitasunak izan behar ditu, eta testuinguru horretan, hezkuntza sistemak ezin ditu denentzako jarraibide eta curriculum berdinak zabaldu.
Bestetik, hezkuntzaren orokortzea dugu, zalantzarik gabe, lorpen sozial handia izan dena. Horrek ikasleen aniztasunera egokitu beharra dakar. Hezkuntza sistema populazioaren % 100 hartzen duen instituzio sozial bakarra da gaur egun. Hau da, herritar guztiok erabiltzen dugu osasun zerbitzua uneren batean, baina soilik hezkuntza sistemak du urte askotan pertsona batzuk bere baitan biltzeko aukera. Lorpen sozial horrek ikasleen aniztasuna kontuan hartzea eskatzen du, espektro sozial osoa dugulako bertan, marjinazio gordinenetik hasita, prestakuntza kultural handiko mailetara arte. Bada hezkuntzaren orokortzeak sortzen duen beste fenomeno bat, hain zuzen ere, derrigorrezko hezkuntza sisteman lortzen diren tituluek merkatuaren baitan balioa galtzen dutela eta prestakuntza selektiboagoak eskatzen direla, elitistagoak, promozio sozialarekin lotzen direnak eta populazio guztiaren eskura ez daudenak. Beraz, alde batetik populazio osoa eskolan dugu, baina, beste alde batetik, kalitate elitistagoa eskatzen da. Jada ez da nahikoa guztientzako hezkuntza zerbitzu publikoa egotea.
Beraz, gizarte desberdintasunek isla dute eskolan?
Bai. Hezkuntza sistema gizarte desberdintasunak errepikatzen dituen agertoki bihurtzen ari da. Haur guztiek dute curriculum bera edota ikasliburu bera baina, egiaz, eskolatik kanpoko desberdintasunak (bai familiarrak, bai sozialak…) errepikatu egiten dira eta eskolako porrota edo arrakasta, porrot edo arrakasta soziala bihurtzen da ia-ia. Horixe da gertatzen dena, arrakasta-porrota binomioa eskala indibidualean aurkezten dela hezkuntza sisteman; ez duzu gainditu, besteak bai, ez zara saiatu… Profil sozial bertsuko gaixo asko daudenean, izurritea dugula esan nahi du, ez sintometan bat egiten duten gaixotasun desberdinak ditugula. Hori ikustea kosta egiten da, ordea, eta hezkuntza, gaur inoiz baino gehiago, berdintasun sozialaren alde lan egiteko gunea da. Ikastetxeen autonomia, batez ere, izan ditzakeen ondorio sozialengatik balioetsi behar da.
Desberdintasunak alde batera utziko dituen hezkuntzaren alde egin behar dugu orduan, kalitateko hezkuntza baten alde. Zein dira hezkuntza kalitate horren balioak?
Hezkuntza kalitatearen balioak kanpokoak eta barnekoak dira. Indar gehien dutenak kanpokoak dira: familiaren maila soziala eta ekonomikoa, familiaren maila kulturala eta heziketa maila, eta ondoren etorriko lirateke hezkuntzan inbertitutako bitartekoak edo baliabideak, baina hirugarren maila batean.
Bestalde, sistemarenak berarenak diren barne faktoreak izango genituzke; hezkuntza sistemaren antolaketa eta ikasketa zentroa, esaterako, haur edo gazte bat ez baita bera izango ikastetxe batean edo bestean. Heziketa prozesuak ere garrantzia izango luke, irakasleak bertan esku hartzen baitu ikasleekin. Adituak beti saiatu izan dira horietatik guztietatik pisu gehien dutenak zein diren aztertzen. Colleman-en azterketa ere hor dugu. Horrek, eztabaidagarria den arren, erakutsi zuen ikastetxeak ez dituela apenas jatorrizko alde sozialak aldatzen. Tesi hori asko eztabaidatu zen, baina ez zuten guztiz baztertu, eta duela gutxi egindako azterketa batek dio ikastetxeak % 12 tik % 15era bitarteko eragina duela ikasleen emaitzetan. Datua ez da gutxiestekoa, eragin hori positiboa edo negatiboa izan daitekeelako. Horrekin esan nahi dut, autonomia, hezkuntza sistemaren antolakuntzan koka genezakeela, baina ez dela sistemaren arrakastaren edo porrotaren panazea izango. Ez da komeni eskolako autonomia eskola porrotaren erremediotzat jartzea, ez delako horrela. Eskola porrota ikuspuntu askotatik begiratu behar da, eta horien artean antolakuntzari dagokion atala ere aztertu behar da, baina kontua ez da eskola porrotari aurre egiteko eskola autonomia sustatzea. Hori gehiegikeria da. Autonomiak badu garrantzia, baina ez da hezkuntza sistemako gaitzen irtenbidea.
Hortaz, hainbat ikuspuntutatik landu daitekeen kontzeptua da.
Bai. Eskolako autonomia ikastetxe batek bere heziketa proiektua lantzeko eta kudeatzeko duen gaitasuna dela uler dezakegu, zeina ikasleen emaitzak hobetzera bideratuta dagoen. Dimentsio asko ditu; baliabide ekonomikoak, baliabide pertsonalak, curriculuma, eta abar. Ikuspuntu politiko-administratibotik begiratuta deskonzentrazio bati buruz hitz egin daiteke, adibidez, Frantziako estatuaren ereduaren kasuan. Eredu zentralizatuen kasuan, kudeaketarako nolabaiteko transferentzia badago, baina erabakitze ahalmenari dagokionik ez. Ordezkaritzan berriz, autoritate transferentzia dago, baina hori delegatzen duen autoritatearen araberakoa. Eskualdatzeen kasuan, kudeaketarako independentzia duen unitate bat transferitzen da, baina baliabideak autoritateak ematen dizkio. Eta autonomiaren azken mailak pribatizaziora eramango gintuzke, hau da, estatuak autoritatea eta baliabide propioak transferitzen dizkio erakunde bati; osasun zerbitzua izan daiteke, hezkuntza sistema… Kasu horretan, sistema pribatu batean geundeke.
Eta, non koka dezakegu guri dagokiguna?
Gu bigarren mailan koka gaitezke. Funtzio batzuen ordezkaritza dugu, transferentzia autonomiko batzuk jaso dira hezkuntza ministeriotik, autonomiek ministerioak baino kudeaketa gaitasun handiagoa dute, eta curriculumean elkarren artean banatutako eskumenak daude. Curriculumaren % 55 ministerioarentzat, % 45 hizkuntza propioa duten  erkidegoentzat, gutxi gorabehera. Baina gai politiko-adminis-tratibo horiek niri ez zaizkit bereziki interesatzen. Ikuspuntu soziologiko batetik hitz egin dezakegu.
Zer dakar ikuspegi soziologiko horrek? Nola ulertzen da autonomia horren arabera?
Autonomia ikuspuntu korporatibista batetik uler dezakegu, hau da, erakundeak bertan lan egiten duten profesionalek kontrolatzen dituzten kasuari buruz ari naiz. Nik uste dut kasurik argiena unibertsitatearena dela; autonomia du, baina praktikan korporatibismo gehiegikeria izan da, plazak banatzerakoan, curriculumen diseinuan… Hezkuntzan lan egiten duten profesionalak, beraiek kudeatutako baliabide publikoez jabetu dira. Hori osasun erreforma bat sendagileen eskuetan uztea bezala litzateke, eta sendagileak errespetagarriak dira, jakina, baina hori ez da bidea.
Eskola autonomiaren bigarren mota bat ere badugu, neoliberala, eta zentroen arteko lehiarekin zerikusia duena. Eta, azkenik, badugu beste eredu bat, autonomiarekin eta ongizate gizartearekin bateragarria dena, eta lehiarik ez duena: integratua eta integratzailea.
Orokorrean esan dezakegu, beraz, eskola autonomia ez dela kontzeptu zehatza. Gure kulturak, gainera, autonomia balio positiboekin lotzen du, askatasunarekin, demokraziarekin, eta, ondorioz, karga positiboa duen kontzeptua da, bere alde jartzen gaitu. Nik uste dut hori alde batera utzi, eta zertaz ari garen zehaztu beharko genukeela. Autonomia mota desberdinen artean bereizketa egin behar da, eta martxan jartzeko asmorik baldin badugu, zer egiten ari garen, izan ditzakegun arazoak… aztertu behar ditugu.
Zertan aldatzen da egoera estatu batetik bestera?
Alde batetik, deszentralizatzen doazen estatuak ditugu eta, bestetik, zentralizaziora jo dutenak. Finlandia, adibidez, hezkuntzari dagokionez, munduan herrialde onena dela esaten da, eta oso pauso deszentralizatzaileak eman ondoren, zentralizaziorako pausoa eman du. Esate baterako, curriculum nazionala du. Finlandia ez da nabarmentzen ikastetxeek erabaki ahalmen handia dutelako. Beraz, ezin dugu korrelazio zehatzik aurkitu zentroaren autonomiaren mailaren eta hezkuntza sistemaren arrakastaren mailaren artean. Autonomia hor dago, baina oraindik zaila da esatea zein ehunekotan dagokion herrialdearen emaitza globalari, onerako edo txarrerako. Dena den, orokorrean ikusten dugu herrialde gehienek deszentralizaziora jotzen dutela, eta gutxi batzuek hartzen dutela zentralizaziorako bidea. Europan, Grezia da zentralistena, eta beste muturrean Herbehereak ditugu. Estatu espainiarra zentralizazioaren aldean kokatuko genuke. Espainiako estatuan, zer erabakitzen du zentro bakoitzak? Bada, Bigarren Hezkuntzan, adibidez, ministerioak ez du ia ezer kudeatzen, baina bai autonomia erkidegoek, probintziako ordezkaritzak eta udaleko administrazioak. Ikastetxeak % 28ko erabakitze ahalmena du, eta Finlandiarekin parekatuta dago.
Zein ataletan erabakitzen du ikastetxeak?
Ikastetxeak erabakitze maila altua du arlo pedagogikoan edo curriculumean; ikasleak nola taldekatuko diren, zein metodologia jarraituko den, zein ikasliburu erabiliko dituzten, zein ebaluaketa irizpide erabiliko den… Erabaki horiek guztiak zentroak hartzen ditu bere hezkuntza proiektuan. Beraz, atal horretan Frantziako estatua baino hobeto dago Espainiako estatua. Baina, langileen kudeaketari dagokionez, zentroak ez du langileak kontratatzeko ahalmenik, langileei dagokien politiketan parte hartzeko ahalmenik… Sistema funtzionariala da eta administrazio autonomikoak erabakitzen ditu gai horiek.
Baliabide materialetan ere defizita dago. Beraz, Espainiako estatuko zentroak oso gutxi erabakitzen du. Kanpotik esleitutako edo emandako aurrekontu batzuekin funtzionatzen du, eta tarte edo aukera gutxi dute gero hori egokitzeko edo bestelako diru sarrerak izateko. Beraz, esan dezakegu konbinazio arraroa dugula: curriculumari dagokion autonomia maila dezente altua, baliabide batzuk kudeatzeko eskumenarekin bat ez datorrena. Estatuaren zentralizazioa alde batera geratu da, baina zentralizazioarekin jarraitzen dugu, erkidegoetan bada ere. Nik dakidanez, ordea, inongo autonomia erkidegok ez du bigarren deszentralizaziorik egin, herrietara edo zentroetara transferentziak egiteko.
Zein dira autonomia ereduak edo mailak?
Autonomia maila bat neoliberala edo konpetentziazkoa izango litzateke, mundu anglosaxoiarekin lotura duena. AEBn eta Erresuma Batuan, adibidez, merkatuko legeak aplikatzen dira hezkuntzan. Hori Tatcherren garaitik dator, baina Blairrek ez zuen aldatu. Ikastetxeen ebaluazioa egiteko, gobernu zentralak kontrolatutako irizpide bat finkatzen da, eta, ondoren, ebaluazio horren emaitzak jakitera ematen dira. Komunikabideen bidez zabaltzen dira, eta, era horretan, familiek ikastetxe bakoitzak zer emaitza lortu duen jakiten dute. Jakina, euren seme-alabak matrikulatzerako orduan, informazio horrek pisu handia izaten du. Matrikula kopuruaren arabera ematen zaizkio baliabideak ikastetxeari; hainbeste ikasle, hainbeste diru. Beraz, ranking horretan hobekien geratzen direnek ikasle gehiago izaten dituzte. Ongi dagoenak hobetzera jotzen du, baina gaizki geratzen denak hortik ateratzeko zailtasunak izango ditu, eta ikastetxea itxi egiten dute azkenean. Enpresa politika ezartzen da: enpresa defizitarioa bada, itxi egiten da. Hori da autonomia mota horren aplikazioa: ikastetxeak, zuzenean edo zeharka, ikasleak hartzea edo ez hartzea erabakitzen du, zer motatako familietako ikasleak joango diren, irakasleak kontratatzen ditu, soldatak zehazten ditu, curriculuma alda dezake, aurrekontua erabaki dezake, eta akordio ekonomikoak egin ditzake hainbat enpresarekin edo nahi duenarekin, eta hortik diru sarrerak handi ditzake. Eredu horretan, zuzendariak botere ikaragarria du, ikastetxeak aurrera egin dezan lan egin behar du, bestela bere lanpostua kolokan egongo da. Beraz, enpresa bateko politika mimetikoki aplikatzen zaio ikastetxeari.
Kudeaketarako konbinazioa ere bada. Erabaki autonomia oso handia da arlo guztietan, baina kanpoko kontrola ere badago. Hau da, kontrol zuzena urrutiko kontrol batek ordezkatzea deitzen dutena: askatasuna ematen dizut, egin nahi duzuna, baina, ondoren kontuak eskatuko dizkizut, ea zer emaitza lortzen dituzun. Nire iritziz, horrela lan egiteak ikastetxeen arteko alde handiak sortzen ditu, batez ere, ikastetxe bakoitzak duen testuinguru sozialetik datozenak. Heziketa sistemak alde sozialak errepikatzen eta handitzen ditu. Aukera horren alde egitea, gizarte zatiketa sortzen duen autonomia baten aldeko apustua egitea da.
Eta zein dira gainerako ereduak?
Eredu latinoa, zentralizatzailea, litzateke beste bat. Frantziako estatuan eta, ondoren, Espainiako estatuan, Italian eta Portugalen ezarri dena. Administrazioak dekretuz hartu du deszentralizatzeko eta ikastetxeei autonomia emateko erabakia. Hau da, adibidez, datorren urtetik aurrera Italiako ikastetxe guztiek neurri jakin batzuk hartu beharko dituztela esatea. Hori ez da gauzak egiteko era, dena antzerki hutsa besterik ez delako azkenean eta arautze falta, nahasmendua, dakarrelako. Beraz, baditugu gauzak nola egin behar ez diren ikusteko adibideak. 
Frantziako estatuaren kasuan, zentralizazio maila altua da oraindik, ideologia errepublikar jakobinoak justifikatua. Estatuaren zerbitzu osoaren zentralizazioa herritarren berdintasunaren bermetzat hartzen da. Frantziako ikastetxeak Hezkuntza Ministerioaren menpe daude, eta ez dute eskumen autonomikorik.
Espainiko estatuaren kasuan berriz, nahasketa dago. Alde batetik, lehen esan dudan moduan, pedagogian eta curriculumari dagokionez autonomia handia dago, baina hori ez da administrazioaren oparia izan, trantsizio- urteen eta erreformaren fruitu izan da, maila handi batean. Ikastetxeek administrazioak begi onez ikusten ez zituen irtenbideak bilatu eta kudeatu zituzten, eta, azkenean, administrazioak onartu egin behar izan zituen. Irakasleek euren arazoak konpontzeko erabakiak hartzen joan behar izan zuten, eta horrek erabakitzeko ahalmen handiagoa eman zien ikastetxeei.
Beraz, alde batetik, autonomia pedagogikoa dugu, eta, bestetik, baliabideen zentralizazioa, irakasle funtzionarioak eta baita beste gauza bat ere: autogestiotik gertu dagoen kudeaketa eredu bat, asanblearioa, trantsizioaren urteetatik datorrena eta eskola kontseiluan mamitu dena. Hori arraro samarra da Europan, Portugalen izan ezik ez baita horrelakorik. Beraz, oso koherentea ez den nahasketa da. Oso gutxitan egoten da argi bakoitzak zer egin behar duen, eta azkenean dena zuzendariaren eskuetara joaten da; denek agintzen dute eta denek exijitzen dute, baina ardura eskatu behar den garaian zuzendariarengana jotzen da.
Eskandinavian oso onak dira eskolako emaitzak. Ikastetxeen autonomia mailak ba al du zerikusirik horrekin?
Eskandinaviako eredua, niri gehien gustatzen zaidana, konbinazio bat da. Ikastetxeak autonomia du, baina udalei oso lotua. Holandan ere antzeko zerbait gertatzen da: autonomia handia dute, ikastetxeak dena erabakitzen du, eta hori migrazio tasa altuekin batera gertatzen da. Bertan bi eskola mota daude: zuriak eta beltzak. Zuriak bertako ikasleak hartzen dituztenak dira, eta beltzak etorkinak hartzen dituztenak. Autonomia handia, izaera babeslea duen estatuarekin, ongizate gizartearekin, bateratu dute, eta eskola bakoitzak bere bidea egin dezan eta maila sozialeko zailtasunak bere kabuz konpondu ditzan saiatzen dira. Gutxiengo etnikoetako ikasleek eta zailtasun sozialak dituztenek besteek jasotzen duten diru kopuru bikoitza jasotzen dute. Dena den, eskola banaketa horrek ez du ezinbestean banaketa soziala ekartzen, eta Pisa foroetan lortutako emaitzek frogatzen dute ez dagoela halako alderik eskola batzuen eta besteen artean, emaitzak berdintsuak direla eskola txuri eta beltzetan.
Eskandinaviako herrialdeetan, berriz, Finlandiak esaterako, immigrazio tasa oso baxua du, eta bertako ezaugarri nagusia ongizateari lotutako munizipalizazio hori litzateke. Eskolak programa sozialetan parte hartzen du eta ikasle batek duen edozein arazori buruz (familiarra, soziala…) ikastetxea bera arduratzen da. Auzoak edota herriak ere esku hartzen du eskolan. Elkarlana dago eta eskolak babes handia du udalen aldetik. Han ere, deszentralizaziorako prozesu motela egin zen, hezkuntza itun egonkorra egin zen eta aurrera jo zuten autonomia erlatibo maila hori lortu arte. Ikastetxeak udalerrian integraturik daude eta lurraldeko hezkuntza proiektuetan egiten dute lan; beraz, inguruko ikastetxeek proiektu horretan bertan parte hartzen dute, eta bakoitza ez dabil bere kasa. Horrek ikastetxeen arteko aldeak saihesten ditu. Eskola publikoaz ari gara hitz egiten batez ere, pribatua oso murritza delako. Kontuan hartzeko eredua izango litzateke, ikusteko nola, eskola autonomiak ez duen ezinbestean alde sozialik ekartzen. Ikastetxe autonomoak dira; beraien zuzendariak eta irakasleak dituzte, ezagutzaren gizartearen aldeko apustua egiten dute…
Finlandian krisi ekonomikoak hezkuntzako aurrekontua haztea ekarri zuen. Zerbaiten aldeko apustua egin behar zuten, hezkuntzaren aldekoa izan zen eta oso ongi atera zaie. Beraz, hezkuntza kalitateari dagokionez, adibide da, ikasle gehienentzat berdintasuna lortzen baitute.
Nola banatuko lirateke baliabideak benetako eskola autonomiarik balego?
Gu zentralizatutako tradizio batetik abiatzen gara. Horren ondorioz, dena estandarra da, eta ikastetxe bakoitzari diru kopuru jakin bat dagokio. Teorian, ikastetxe guztiek diru kopuru berdina jasotzen dute, baremo batzuen arabera. Baina benetako autonomia badugu, baliabide horiek beste era batera banatu behar dira. Ikastetxe bakoitzak bere beharretara egokitutako baliabideak izan beharko lituzke eta horrek aldaketa kulturala eskatuko luke. Irakasleek ulertu beharko lukete bere ikastetxetik hiru kilometrora dagoenak berak baino diru gehiago jasotzen badu, bere egoera bestelakoa delako dela. Baina hori ulertzea zaila da. Askotan esaten dugu: autonomoak bai, baina denak berdinak, eta hori ez da posible. Gauza bat ala bestea.
Ikastetxe guztiak autonomoak badira, beraien artean gaur egun baino alde handiagoak egongo dira. Autonomiakalde horiek areagotuko lituzke eta familiek ere aukeratzeko askatasun handiagoa izango lukete.
Maila berekoa izan al daiteke autonomia, ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta itunpekoetan?
Bai. Hiru sareen arazoa ere hor dago. Nik esango nuke lehen arazoa irakaskuntza publikoan aritzen diren irakasleen arazoa dela, batez ere. Funtzionarioak diren irakasleak hezkuntza sistema osoa beraien inguruan biraka dabilela uste dute. Hau da, ikastetxeak tren geltoki edo aireportu antzekoak dira, eta bertan profesional batzuk elkartzen dira; baina ikastetxeak ez du aukerarik profesional horiek komeni zaizkion ala ez esateko. Irakasle askok plaza jakin batzuk ongi datozkielako hartzen dituzte, eta, berdin zaie ikastetxearen proiektua zein den.
Eta, sistema autonomoan, irakasleak, zuzendaria eta zuzendaritza taldea ikastetxeak berak aukeratzen ditu. Ikastetxeko partaide sentitzen ez den jendea sartzen bada, horrelako proiektu bat bideraezina da. Nik argi eta garbi diot: eskola autonomia eta irakasleak funtzionarioak izatea bateraezinak dira. Ura eta olioa dira.
Autonomia horrek izango al luke eraginik ikastetxearen ebaluazioan?
Bai. Bistakoa da, autonomia handiagoa izateak, erabakitzeko ahalmen handiagoa izateak, ondoren kontuak eman behar izatea dakar. Ebaluazioa egin behar da, baina beti ere erlatiboa, hau da, ikastetxeak izan ditzakeen zailtasunetatik abiatuta. Agian, ikastetxea ez da iristen Euskal Herriko ikasleen batezbestekora, baina abiapuntua oso zaila baldin bada eta hobekuntzarik izan badu, ahalegin hori aitortu behar zaio eta oso positibotzat hartu behar da.
Autonomia proiektu bat martxan jartzerakoan helburu batzuk ezarri beharko lirateke, eta ikastetxeari erabakitzeko ahalmena eman beharko litzaioke. Amaieran, helburuak lortu diren ala ez ikusi beharko da, baina prozesuak kontrolatu gabe. Jendeari helburu jakin batzuk lortzera nola iritsi nahi duen erabakitzen utzi behar zaio, ikastetxe bakoitzak erabaki dezakeen antolaketa eran esku hartu gabe. Autonomia ezartzeko erritmoa azkarregia da sarritan, ikastetxe asko dira, eta azkenean, horrekin zerikusirik ez duten plan estrategiko batzuekin nahasten da autonomia.
Autonomia interesgarria izan daiteke, betiere desberdintasunerako tresna bihurtzen ez bada. Beste gauza askorekin bateratuta, irakasleen politikarekin edota berdintasun sozialarekin adibi-dez, konbinazio ona izan daiteke. Baina autonomiak bakarrik, bere kasa, ez du ia ezer ekartzen, eta aurrez ditugun baino arazo gehiago sor ditzake.
Autonomiari buruz, kontuz hitz egin behar al da orduan?
Bai. Zehaztu beharko litzateke zein autonomia proiektu eraman nahi den aurrera. Erritmo motelean egin behar da, prozesua begiratzen joatea ahalbidetuko duen erritmo motel eta etengabean, nola doan zuzentzen, hobetzen… ikusteko. Bestalde, ikastetxeen beharretatik sortuko den autonomia izan behar da. Ez du balio goitik esatea memento batetik aurrera  denek era jakin batean funtzionatuko dutela. Izan dadila ikastetxe baten heltze prozesu baten modukoa. Aldaketa, berrikuntza eta hobetze fase batean sartu den eta proiektu hori aurrera ateratzeko berezko antolakuntza moldeak behar dituen ikastetxe batean. Errezeta erraza da, ez du misteriorik: proiektua ongi pentsatu, martxan jarri eta babes guztiarekin eta kontuz nola doan begiratzen joatea.