Hezkuntek

Euskaraz hezi, euskaraz bizitzeko
Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan, Euskal Herriko gainerako herrialdeen moduan, laborantza izan da mendeetan zehar ekonomiaren ardatzerako bat. Baina egungo gizartearen eraginez, laborari kopurua urrituz joan da eta gero eta gehiago izan dira kanpora lanera joan behar izan dutenak edota Euskal Herrian bertan erdaraz, frantsesez, lan egin behar izan dutenak.
Ekonomia egoera horrekin eta euskararen erabilera eskasarekin kezkaturik jarri zuten martxan Hezkuntek proiektua duela lau urte eta arduradunak gustura daude gaur arte jaso duten emaitzarekin. Tokian tokiko ekonomia garatzeko, beste urrats bat izan nahi du Hezkuntek proiektuak.
Iparraldetik Hegoaldera
Hezkuntek egitasmoari esker, Iparraldean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu duten ikasleek aukera dute Hegoaldeko hiru herrialdetan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan) Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloak egiteko. Baita unibertsitate arloko ikasketak egiteko ere; eta Lanbide Heziketa amaitu eta ingeniaritza ikasketak egin nahi dituztenei ere laguntza ematen baitiete. Teknika arloko ikasketak egin ditzakete egitasmoan parte hartzen duten ikasleek, gehienak industriari lotuak, nahiz eta merkataritza edota laborantza ere eskaintza horretan sartzen diren. Ez dituzte beraz Goi eta Erdi Mailako Heziketa Ziklo guztiak eskaintzen.
Iparraldean Goi Mailako Lanbide Heziketa frantsesez egiterik baino ez dago eta eskolak Frantzian dira, gainera. Gazteok Hegoaldean ikasteak eta lan egiteak ikuspegi nazionala indartzen duela uste dute arduradunek. “Euskaraz hezi, euskaraz bizitzeko” lelorari jarraitzen diote eta gazteek euskaraz ikasi eta lan egiteko aukera izan dezaten nahi dute.
Azken helburua, enpresa euskaldunak sor ditzatela da; Iparraldeko gazte multzo bati ikasketak eta lehenbiziko lan esperientziak Hegoaldean eginez, biharko enpresak sortzen eta gaurkoak suspertzen laguntzea. Enpresa horiek euskaldunak izatea nahi dute baina ez hizkuntzari dagokionez bakarrik, baita kulturari eta filosofiari dagokienez ere.
Egitasmoa ezagutzen
Arduradunek Iparraldeko ikastetxeetan aurkezten dute proiektua eta interesa duen ikasle orok eman dezake izena Hezkuntek-en. Lehen urratsa, ikasleei Heziketa teknikoa ezagutaraztea da, Euskal Herrian dauden eskolak, sareak, euskarazko formazioak… zein diren azaltzen diete. Hegoaldean euskaraz ematen diren heziketa teknikoen zerrenda proposatzen diete ikasleei eta herri, eredu eta hezkuntza zikloei buruzko xehetasunez gain, Goi edota Erdi Mailako formakuntzak diren zehazten zaie.
Ondoren, lortutako tituluak Iparraldean zein Hegoaldean lan egiteko aukera ematen du.
Elkarlanean egindako proiektua
Eusko Jaurlaritzarekin sinatu zuten akordioari esker dute Iparraldeko ikasleek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ikasteko aukera. Gipuzkon aritzen dira gehienbat, alde batetik gertutasunagatik eta bestetik, euskarazko eskaintza ere zabalagoa delako herrialde horretan.
Hasieran, bi urtez jaso zuten Euskadi-Akitania erakundearen laguntza, hiru urtez Kutxak eman zien laguntza eta ondoren izenpetu dute akordioa Euskao Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin.
Hezkuntek Iparraldeko elkartea da baina Hegoaldeko elkarteekin aritzen da elkarlanean. HETEL Heziketako Teknikoko Elkartea eta IKASLAN Lanbide Heziketako Institutu Publikoen Elkartea ikastetxe sareak Hezkuntek-eko partaide dira.
Ikasleen gastuak bere gain hartzea da Hezkuntek egitasmoaren berezitasunik handienetako bat arduradunek azpimarratzen dutenez, izan ere, ikasleek dirulaguntzak jasotzen baitituzte egitasmoa aurrera eramateko. Ikasleen matrikulazio eta egonaldi gastuak bere gain hartzen ditu elkarteak.
Aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen diete ikasleei eta jarraipen pertsonalizatua dute ikasturte osoan zehar. 
Helburu nagusiak
www.hezkuntek.com web orrian argi eta garbi azaldu dute zein diren Hezkuntek egitasmoaren
helburu nagusiak, nolabait ere proiektuaren filosofia biltzen dutenak:
- Kalitatezko formakuntza euskaraz
- Bizi, hezi eta lan egin Euskal Herrian
- Langabeziari aurre egin
- Enpresa txikiak sortu; enpresa zaharrak berritu
- Etxetik hurbil euskaraz ikasteko aukera
Hezkuntek egitasmoaren eskaintza
Erdi Mailako Heziketa Zikloak:
- Administrazioa
- Ibilgailu autopropultsatuen mantentze lanak
- Elektrizitatea eta elektronika
- Elikagaigintza
- Eraikuntza eta obra zibilak
- Fabrikazio mekanikoa
- Informatika
- Kimika
- Mantentze lanak/ekoizpen zerbitzuak
- Merkataritza eta marketinga
- Laborantza jarduerak
- Zurgintza
- Altzarigintza
Goi Mailako Heziketa zikloak:
- Erdi Mailako Zikloen eskaintza bera, elikagaigintza izan ezik
Unibertsitate eskaintza:
- Teknika arloari lotutako titulazioak
Mixel Etxeberri: “Herri ikuspegi batetik berrindartu nahi dugu industria Iparraldean” 
Mixel Etxeberri Seaskako lehendakaria izan zen eta lan horietan ari zela hasi zen gai honen inguruko hasnarketa egiten. Baina, teknika arloan aurrerapausoak emateko oztopoak zituzten. Ikasle kopuru txikiak dira Lapurdi, Behe Nafarroan eta Zuberoan D ereduan eta bertatik ateratzen direnak ez dira aski eskola bat sortzeko. Ikasle guztiak Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaituta, frantses eskoletara joaten zirela ikusita, zerbait egin beharra ikusi zuten gazte horiek bideratu eta euskaraz ikasten jarraitzeko aukera izan zezaten.
Eskura zituzten tresnak baliatuz, aurrera jo zuten eta HETEL eta IKASLANekin harremanetan jarrita, Hezkuntek elkartea sortu zuten Iparraldean.
Seaskako Lizeoetako eskoletako ikasleak bideratzen dituzte baina beste ikastetxe batzuetatik ere animatzen dira ikasleak, euskaldunak direlako eta euskaraz ikasteko aukerarik badutelako. Ez dira asko egoera horretan, baina batzuk badira.
Mixel Etxeberrirekin hitz egin dugu Hezkuntek egitasmoaren inguruan.
Duela lau urte jarri zen martxan Hezkuntek proiektua. Nolako erantzuna izan du?
Bi urteak hartuta (bi urte egiteko sartzen dira), dozena bat ikasle baditugu orain; aurten zuloa izan da, ikasle asko unibertsitatera joan direlako. Gure helburu estrategikoa teknikariak formatzea da baina helburu nagusia da, herri ikuspegi batetik Iparraldean industria berrindartzea. Ikasle horiek Euskal Herrian ikas dezaten nahi dugu, euskaraz, gerora hemen bertan euskal enpresak sortzeko.
Lehen promoziokoak hasi al dira enpresak sortzen edo lanean?
Enpresak sortzen ez, baina lanean bai. Bigarren faseari begira, helburu nagusiari begira lanean hasi gara eta gauzak nola antolatu behar ditugun ikusteko bilkurak egiten ari gara.
Enpresak sortzeko ere, ikasleek jasotzen al dute zuen laguntzarik?
Hala izatea nahi dugu, bai. Ez dago zehaztua oraindik, baina pauso hori eman nahi genuke. Aurrera begira hori da erronka nagusia; alde batetik, gero eta ikasle gehiago izatea eta bestetik, aholkularitza mota hori zehaztea. Ikusten dugu akaso trebakuntza gehigarri batzuk ere behar direla, zeren gauza bat da oinarrizko ezagutza izatea eta beste zerbait da enpresa bat gidatzea. Horretarako formazioa bada eta hori ari gara aztertzen orain.
Hezkuntek egitasmoan parte hartzen duten ikasleek euskaraz ikasten jarraitzeko aukera dute, baina zer gertatzen da gainerako ikasleekin?
Askok Frantziara joan behar izaten dute ikastera eta pena handia da. Batxilergoko nota hartzen dute eta zati bi egiten dute Hegoaldean ikasi ahal izateko batezbesteko nota ateratzeko. Hori ez da bidezkoa zeren ez dute ikasleak egindako lana kontuan hartzen. Ikasle bat ezagutzen dut adibidez, nere lagun baten alaba, nota oso ona zuen, 14, baina Hegoaldean hori zati bi egin eta 7 geratu zaio. Arkitektura egin nahi zuen Donostian baina 7,6 eskatzen ziotenez, azkenean Bordelera joan behar izan du ikastera. Pena handia da, pertsona euskaldunak ikastera Frantziara joan beharra. UNEDekin dugun arazoa hori  da, beraiek kontrolatzen dituzte unibertsitaterako sarrerak eta ikasle asko kanpoan geratzen dira. 
Gorka Elizetxe eta Iker Goienetxe
Hezkuntek proiektuan parte hartzen ari diren ikasleak
Bidarraitik eta Uztaritzetik Donostiarako bidea egin dute. Bertan bizi dira orain aste tartean eta asteburuetan bueltatzen dira etxera Gorka Elizetxe eta Iker Goienetxe. Gorkak Donostian ikasten du Informatika Ingenieritza (lehenik Goi Mailako heziketa zikloa egin zuen Eibarren: Informatika Aplikazioen garapena) eta Iker Andoaingo soinu eskolan dabil. Gustora daude Donostian, esperientzia polita izaten ari dela diote eta oraingoz bertan geratzeko asmoa dute. Frantzia aldera joan beharrean, Euskal Herrian geratzeko aukera eman die Hezkuntek proiektuak eta ez dute zalantzarik egin: etxean, atzerrian baino hobeto.
Zer dela eta animatu zineten Hezkuntek proiektuan parte hartzera?
Gorka: Batxilergoko azken urtean orientazio saioetan ezagutu nuen Hezkuntek egitasmoa. Ni Donibane Garazin ikasten ari nintzen eta eskolara etorri ziren arduradunak proiektuaren berri ematera; interesgarria iruditu zaitzaidan eta beraiekin harremanetan jarri nintzen. Txikitatik ikasi dut euskaraz, Batxilergoko hiru urteak salbu, frantses eskola etxetik gertuago bainuen. Euskaraz ikasten jarraitzeko nahia nuen eta Hegoaldean ikasteak gaztelera ikasteko aukera ere eskaintzen dit.
Iker: Gure kasuan ere Lizeora etorri ziren aurkeztera. Nik soinu ikasketak egin nahi nituen eta Frantzian baino ezin nituenez egin, animatu egin nintzen. Ez nuen beste aukerarik, Donostiara etorri edo Parisera igotzea. Bestela Bordelera, Tolosara… joan behar izaten dugu.
Beraz, arrazoi nagusia euskaraz ikastea baino, gustuko zenituzten ikasketak egin ahal izatea izan zen.
Iker: Bietatik. Dena den, niri hasieran ikasketak euskaraz zirela esan zidaten eta beranduago ohartu dira gazteleraz direla, baina behintzat Euskal Herrian ikasten ari naiz. Euskaraz errealizazio klaseak bakarrik ematen dituzte, gaizki ulertua izan zen eskola eta Hezkunteken artean, baina tira. Euskal Herrian egotea eta euskaraz ikastea, horiek izan dira niretzat arrazoi nagusiak.
Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Iker: Oso ona. Oso giro ona dugu.
Eta zer asmo duzue ikasketak amaitu ondoren? Etxera bueltatu eta bertan lan egiteko asmorik duzue?
Gorka: Lehen urtea da eta oraindik ezin dut ezer esan. Baina lehen urteetan Hegoaldean lan egitea gustatuko litzaidake. Hasieran Baionan edo inguruan lana aurkitzea zaila izango dela iruditzen zait eta gorago joan beharko nukeela, Bordelerantz edo, eta aukeran, nahiago dut Euskal Herrian geratu.
Iker: Nik aurten amaitzen dut eta ikusiko dut ikasten segi edo lanean hasiko naizen. Eta lana dagoen tokian egongo dut lan. Gero ikusiko dugu. Enpresaren bat sortzea ez dut guztiz baztertzen, baina oraingoz ez dut horrelakorik buruan.
Oraingoz beraz, ez duzue enpresarik sortzeko asmorik. Baina bideragarria izango litzatekeela uste al duzue?
Iker: Pentsatzen dut sektorearen arabera izango dela.
Gorka: Nik, Baionan informatika enpresa bat sortzea zaila ikusten dut. Hasieran ez da hori nire asmoa. Baditut lagun batzuk Frantzian ikasten ari direnak. Horietako batek ekonomia ikasten du eta aipatu zidan enpresa sortzearen ideia, baina ideia bat besterik ez da eta nik beranduago hitz egingo dugula erantzun diot.
Hezkuntza arloan desberdintasun handirik ikusi al duzue lehen ibiltzen zineten eskolen eta oraingoen artean?
Gorka: Nik, etorri eta lehen egunetan, aldaketa handia sumatu nuen, hasteko, hizkuntzarekin. Hizkuntzarekin galduta nengoen; nik ulertzen nituen besteak baina ni ulertaraztea ezinezkoa zen. Euskaraz hitz eginda ere, inork ez zidan ulertzen eta azkenean nire euskalkia alde batera utzi eta euskara batuan hitz egin behar izan dut euskaldunekin elkar ulertu ahal izateko. Bestalde, ikasle eta irakasleen arteko harremana aurkitu dut; ni ibili nintzen Lizeoan ez zen ikasle eta irakasleen arteko harremanik. Irakaslea eskolara joaten zen, klasea ematen zuen eta kito, hor amaitzen zen guztia. Hemen Goi Mailako zikloetan beste harreman bat aurkitu dut, gertuago daude eta hori oso ona iruditzen zait.
Iker: Nik hori ez dut hainbeste antzeman. Bigarren Hezkuntzako ikasketak ikastolan bertan egin nituen eta irakasleekin harremanak gutxi gora behera berdinak dira. Baina azterketei dagokienez, gure sistema bestelakoa da. Urtean zehar azterketa txiki batzuk egiten ditugu baina ikasturtea gainditzeko, urte amaierako froga gainditu behar da eta hemen hiru hilabete oro azterketak ditugu.
Gorka: Unibertsitateko kreditu sistema ere berria da guretzat. Bestalde, ikasketen konparaketa egin nuen Frantzian ikasten duen lagun batekin eta badirudi gutxi gora behera berdintsu ikasten dugula baina Goi Mailako zikloetan, Frantzian maila altuagoa da. Baina tira, funtsean hezkuntza, hezkuntza da toki guztietan.