Erromatar hauek erotuta daude!

Aiako Lardizabal herri eskolako 4. mailako haurrak izan dira Oiasson eta hasieratik erakutsi dute interes handia bertan ikusi eta entzun duten guztiaren aurrean. Hamazazpi ikaslek eta bi irakaslek osatutako taldearekin egin dugu bisita.
Hasteko, erromatar izenak jarri dituzte. Horrela, kanpoan Iker, Alaitz, Nagore edota Joseba zirenak, Augusto, Venus, Tita eta Marcus izan dira museotik atera bitartean.
Ordu laurden irauten duen bideoaren bidez erakutsi diete Oiasson bizitza nolakoa zen; hiri erromatarra portuaren inguruan sortu zela, plazan edo foroan jai publikoak edota hitzaldi politikoak egiten zituztela, termak erabiltzen zituztela, haurrek tortolosetara jolasten zutela, dietaren oinarria arraina izan arren okelik ere jaten zutela, fruta postre moduan jaten zutela…
Ondoren, Oiasson aurkitutako zenbait objektu eta tresna ikusi dituzte: duela bi mila urteko egurra eta sokak esaterako. Pentsaezina dirudi, baina usteldu gabe, egoera onean, iritsi zaizkigu. Txanponak ere ikusi dituzte: bat Augustoren garaikoa, K.a. 27. urtekoa, anforak, amuak, hezurrak (melokotoi edota gerezienak), intxaur azalak, katiluak,  orraziak, bitxiak…
Itsasontziz ere egin dute bidaia geroago. Hiru dimentsiotan ikusteko betaurrekoak jantzi eta itsasuntzia urrutiko agintearekin gidatuz, erromatarrekin batera bidaia egin dute itsasoz Londresetik Oiassora.
Geroago esan die museoko hezitzaileak Oiassok jarri ziola izena Bidasoa ibaiari. Hain zuzen ere, Via ad Oiassonem izenetik dator Bidasoa izena, museoan ikus daitekeenaren arabera. Antzina, inguru guztia Oiasso zela pentsatzen dute eta inguruko izen asko hortik etorri zirela: La Bella Easo (Donostia), Oarsoaldea (eskualdearen izena), Oiartzun, Villanueva de Olearso (gaur egungo Errenteria)…
Eta oraingoan ez dute ikusi, baina nahi izanez gero, Ama Xantalen ermita eta bere aztarnategia ere bisita daitezke. Hilerria topatu dute bertan, 106 hilobi, eta horietako bat museoan dute. Erromatarrek hildakoak errausten zituzten eta errautsak eta hezur pusketak ikus daitezke.
Oiasso hamar hektarea inguruko hiria zen. Eta gaur egun, hiri hura izandakoaren zati bat ikus daiteke, baina gauza asko daude oraindik atera gabe. Termetan indusketak egin dituzte, baina oraindik ezin dira bisitatu. Lanek aurrera jarraitzen dute eta denborak aurrera egin ahala, Oiasso hobeto ezagutzeko modua izango dugu.
OIASSO ERROMATAR MUSEOA
      Eskoleta, 1
      20302 IRUN (Gipuzkoa)
      Telefonoa: 943 639 353
      info-oiassomuseoa@irun.org
      www.oiasso.com
    Oharrak:
      - Bisitak hiru hizkuntzetan egin daitezke: euskara, gaztelera eta frantsesa.
      - Programak: hezkuntza formala, hezkuntza ez formala, familiak, helduak eta 
      behar bereziak dituzten taldeak.
      - Prezioak. Zerbitzuaren arabera aldatzen dira:
- Museora bisita gidatua: 5 euro. Ikasleek: 4 euro.
- Ama Xantalen ermita bisitatzea: 2 euro. Ikasleek: 1,5 euro.
- Tailerrak: 2,5 euro.
- Tailerra eta museoa: 5,5 euro.
Hezkuntza zerbitzua
Ikasleentzako bisita gidatu dinamizatuak
Erromatar hauek erotuta daude!
- Norentzat: Lehen Hezkuntzako ikasleentzat.
- Iraupena: 1 h. 30 min.
- Helburuak: ikasleak erromatar garaira gerturatzea.
- Erabilera arlo nagusiak: Inguruaren ezaguera / Arte Hezkuntza.
Denbora makina
- Norentzat: DBHko ikasleentzat.
- Iraupena: museoa 1 h. 30 min. / museoa + Ama Xantalen ermita 2 h.
- Helburuak: Irun hiria Oiassorekin identifikatzea, arkeologi pieza ezberdinen bidez.
- Erabilera arlo nagusiak: Gizarte Zientziak/ Geografia eta Historia.
Oiasso galduaren bila
- Norentzat: Batxilergoko ikasleentzat.
- Iraupena: museoa 1 h. 30 min. / museoa + Ama Xantalen ermita 2 h.
- Helburuak: Arkeologoen lana ezagutaraztea. Erromatar gizarte, ekonomia, politika  
eta bizimoduaren oinarrizko alderdietara hurbiltzea.
- Erabilera arlo nagusiak: Historia, Latina, Artearen Historia.
Animazio tailerrak
Alea jacta est
Merkurio jainkoa lagun harturik, lau hiri erromatarretatik lehorrez eta itsasoz
abiatuta, Oiassorainoko bidaia egingo dute. Taldeek zenbait proba gainditu
beharko dituzte helmugara iristeko. Bidean, antzinateko mundura hurbilduko dira
eta garai hartako usadio eta eguneroko ohitura batzuk ezagutuko dituzte.
- Norentzat: Ikastetxeak, aisialdi taldeak, familiak, helduen taldeak eta
elkarteak.
- Adina: 6 urtetik aurrera
- Iraupena: 1 h. 15 min.
- Aplikazio arlo nagusiak: Historia, Geografia, Artearen historia.
Museoko eskolak: belaunaldi topaketa
Museoa eskola zen lehen eta duela 50 urte errealitate hura bizi izan zuten helduen
eta gaur egungo haurren arteko topaketak egiten dituzte.
- Erabilera arlo nagusiak: Historia, Baloreen hezkuntza.