Zer egin DBHn ikasteko gogorik ez dutenekin? Nola orientatu ikasle horiek? Nola saihestu eskola porrota?

Galdera hauek egitean, motibazioari buruz galdetzen ari gara azken batean. Pertsona bat motibatzea ez da gauza erraza egoera jakin batetik etekinik atera ezin duela ikusten badu. Baina, hezkuntza esparrutik eta familiatik aurrera egitera bultzatuko duen arrazoiren bat bilatzen lagun diezaiokegu. Berez, pertsona guztiok, gauzak egiteko gogoa izaten dugu, izatez, dinamikoak gara. Beraz, zergatik ez dute haur eta gaztetxo horiek ingurukoek egiten dutena egiteko gogorik? Normalean, ez dutelako helburu zehatzik eta etorkizunik ez dutelako ikusten. Esango nuke, gehiegi esatea dirudien arren, bizitzari berari ez diotela zentzurik ikusten. Eta zerikusi handia du ikasteko gogo faltak bizitzari zentzurik ez ikustearekin. Ikasleek eta pertsonek orokorrean, inguruan dutenari zentzua ikusten diotenean, gauzak egiteko gogoa izaten dute eta besteek beraiengandik espero dutena lortzeko eta gainditzeko gogoa. 
Dena den, bi egoera mota bereizi beharko genituzke: alde batetik, egun jakin batean eskolara joateko gogorik ez duen haurra izan dezakegu eta bestetik, ikasten jarraitzeko gogorik ez duena. Normala da ditugun betebeharrei egunero berdin ez erantzutea, denoi gertatzen zaigu uneren batean, baina orokorra bihurtzen bada, horri heldu eta irtenbidea eman behar diogu. Motibazio falta ez da arazo bat, sintoma bat baizik, eta guk hori gainditzen lagun diezaiokegu bere gauza onak ikustarazten eta dituen arazoak nola gaindi ditzakeen erakusten. Bizitzari zentzua bilatzen, zoriontasuna bilatzen lagundu behar zaio.
Askotariko faktoreak egon daitezke ikasteko gogo ezaren atzean, baina funtsean hiru arrazoi nagusi aurki ditzakegu:
a) ikasleak bere parekoekin dituen harremanak onak ez izatea,
b) familiak behar duen arreta maila ez eskaintzea eta
c) eskolan pedagogikoki hutsuneak egotea.
12-16 urte bitarteko neska-mutilen adina berezia da, berez. Garai horretan helduak izaten hasten dira baina helduak izan gabe amaitzen dute DBH. Adin horretan, normalean, lagunekin egoteko gogo handia izaten dute eta eskola izaten da beraiekin biltzeko toki nagusia, ordu asko ematen baitituzte bertan. Beraz, lagunekin egoteko besterik ez bada ere, eskolara joateko motibazioa izan beharko lukete. Horrela ez bada parekoen artean urruntasuna dagoelako izango da, bai kognitiboki, bai sozialki. Eskolara joateko gogorik ez badute, lanak egiteko gogorik ere ez, atera beharko lituzketen emaitzak eta beraien betebeharrak ez badituzte betetzen… parekoengandik urrunegi daude. Urruntasun hori kognitiboa izan daiteke, irakasleek diotena ulertzera iristen ez denean eta emaitzak onik ez ateratzea ohikoa bihurtze denean; beste batzuetan, nortasuna, ezaugarri pertsonalak dira  urruntasun horretan eta motibazioan eragina izaten dutenak.
Izan daiteke familian arazoak izatea eta jaso beharko lukeen guztia ez jasotzea. Orduan, zergatik ez eman hezkuntza-zentroan? Komunikazioaz, afektibitateaz eta babesaz hitz egiten ari naiz. Etxean askotan lana dela eta bestea dela, arazoei buruz hitz egiteko aukerarik ez dute. Eta beraien gauzei buruz hitz egin beharra izaten dute: sexua, lagunak, droga… Izan ere, gurasoek entzuten ez dutenean eta bi norabideko komunikazioa falta denean, arazoak sortzeko arrisku handia dago.
Bestalde, irakasleak izan daitezke ikasgaiak azaltzerako edo transmititzerako orduan huts egiten dutenak, pedagogia mailan ez denean ikasleari berari dagokion estilorik topatzen eta lehen zailtasunak agertzen hasten direnean, eguneroko irakaskuntza prozesuan ez denean esku hartzen.
Arazoaren jatorria non dagoen jakitea zaila izaten da maiz, esan dugun moduan, eragina ez baitu faktore bakarrak izaten askok baizik. Era horretan, modu globalean egin behar zaio aurre. Ikastetxeari egokitzen zaio askotan arazoari aurre egitea eta orientazio departamentuak izaten du horren ardura. Irakasleek eta pedagogoek elkarlanean aritu behar dutela esan beharrik ez dago.
Porrota
Badira ikasgaiak ozta-ozta gainditzen dituzten ikasleak eta horiei askotan ez zaie jaramonik egiten. Izan ere, aurreikusitakoa gaindituz gero, badirudi porrotik ez dagoela. Eskola porrotari buruz hitz egiten dugu urtez-urte ikasgaiak gainditzen ez direnean edota ikasleak beregandik espero dena lortzen ez duenean. Eta lortu ezean, desmotibazioa egongo da, aurrera jarraitzeko gogorik eza. Baina garrantzitsua litzateke, arrakasta lortzea, txikia izan arren, ikasgai batzuetan bakarrik izan arren. Beraz, lehendabiziko gauza helburu txiki batzuk jartzea eta horiek lortzea izango litzateke. Gauzak egin behar dituzte, ardurak izan behar dituzte baina beti epe motz batera, inguru ezagun batean eta gustuko gauzak egiten. Gauza asko egiteko gai direla sentitu behar dute.
Estatu espainiarrean, azken urteotan ikasleen % 30ek ez du DBH gainditzen eta gu ez gaude oso urrun datu horretatik. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gainera, % 14k DBH gainditu bai, baina ondoren ez du ikasketekin aurrera jarraitzen. Hau da, porrota egon, badago, zeren DBH denek gainditu beharko lukete, derrigorrezko eta oinarrizko gaiak direlako. Ikusten direnean, hutsuneak bete egin behar dira eta pedagogikoki neurriak hartu behar dira: pasibitateari aurre egiteko ardurak jarri, kasu asko egin, kontrolatu egin behar dira… Ezin gara “zuk jakingo duzu!” modukoetan erori pertsona horrekin lan egiteko aukera galduko dugulako. Energia asko behar da beraiekin lan egiteko baina emaitzak lortzen dira eta batzuk bidean geratzen diren arren, gehienak egoera horretatik ateratzen dira. Psikologoek eta pedagogoek badute hori bideratzeko prestakuntza. Prozesu horretan etsiko ez duten irakasleak behar dira eta horrek lana eta balorazioa eskatzen du.
Orientazioa eta tutoretza
Haur eta gaztetxoen arazoak entzuteko espazioa falta da. Irakaskuntzan sarritan maitasuna falta da, ikasleek afektibitatea sentitzea, irakasleak atseginak izatea… Pertsonak hezi behar ditugula esaten dugu, baina kontua ez da matematiketan edo hizkuntzetan onak izango diren ikasleak egitea, baizik eta pertsona bera heztea. Ikastetxeetako orientazio departamentuek bizitzarako egin beharko lukete orientazio psiko-pedagogikoa, ez profesionalki edo akademikoki soilik.
Profesional taldeak pertsona horrentzat egokitutako egitasmo bat egin beharko luke. Egitasmo horretan pasibitatetik ateratzeko epe motzera begira, helburuak jarri beharko lirateke, gustuko izan ditzakeen gauzei heldu behar diegu eta beste gauza guztiak horien inguruan planifikatu. Helburuak jarri behar dira eta ondoren prozesua kontrolatu helburu horiek lor ditzaten. Arrakasta izan behar du, irakasgai batean ez bada, bestean. Arrakasta indibidual hori azpimarratu behar da, gainerako ikaskideek egiten edo lortzen dutenarekin alderatu gabe. Beraz, irakasleek pertsona hori nondik hasi den eta nora iritsi den hartu behar dute kontuan. Erreferente nagusia notak izaten dira eta horren aurrean ezin ditugu begiak itxi, baina ongi neurtu behar dira. Irakasle taldeak ebaluatu egin behar du, ez kalifikatu, eta lagundu egin behar dio ikasleari. Tutoretza orduak erabil daitezke horretarako, tutoreak ez bailuke irakasle-instruktorea izan behar soilik, baizik eta hezitzailea.
Programa edo plangintza  horrek arrakastarik lortzen ez badu, porrota irakaslearena izango da.
Bestalde, orientazio departamentuak ez luke lan egin behar soilik arazoak dituzten haurrekin, arazoei aurre hartu beharko lieke. Hori da benetan orientazioaren funtzioa. Ez da urte betean edo bi hilabetetan egiteko moduko lana, jarraikortasuna eskatzen du, emaitzak epe luzera jasoko ditugu eta orduan ikusiko dugu arrakastarik lortu dugun ala ez. Ikasleak motibazio faltaren eraginez prozesua utz dezake, baina profesionalak ez.
Pedagogook badakigu talde osoarekin egin behar dela lan. Pertsona jakin batzuekin landu behar diren alderdiak daude, baina arazoei aurre hartu nahi badiegu, taldearekin egin behar dugu lan. Motibazioa ikasle guztiei piztu behar zaie eta bosta ateratzen duenari ere lagundu egin behar zaio, agian gehiago ere atera dezakeelako eta motibatuz gero, ziurrenik, lortuko duelako. Agian pedagogoak ikasgelan sartu beharko lirateke, ez eskolak ematera, baizik eta heztera, motibatzera. Tutoretza ere erabil daiteke baina ebaluazioa egiteko eta beste irakasleek zer dioten jakiteko erabiltzen da batez ere.
Beraz, nola saihestu eskola porrota? Ikaslearekin egoten, ardura batzuk jartzen eta  prozesua kontrolatzen. Erakutsi behar zaizkien gauzak erakutsiz eta edukiak barneratzeko zailtasunak badituzte, horretan lagunduz. Pertsona horiek gai direla sinetsi behar dugu. Irakasleok programazioak egiteko gai izan behar dugu, eskolak emateko gai, baina baita afektibitatea emateko gai ere. Alde horretatik guztiz profesionalak izan beharko genuke.