DAVILA, Paulí: Hiri hezitzaileak

Beste hiri mota bat posible delako ideia hirigile, hezitzaile, arkitekto, artista, politikari… askok dute buruan, eta baita hiriarekin sufritzen edo hiriaz gozatzen duten hiritar askok re. Hiri bat krisian sartzen denean, beste mundu bat irudikatu behar dugu, beste gizarte mota bat. Alegia, hiria ezeztatzen duen utopia asmatu behar dugu, dena geldirik mantenarazten baitu, hiriko espazio baten ezaugarri den dinamika bizitik urrunduz. Hiriak gizakien arteko harremanen aldaketaren adierazpen direlako sortu ziren eta irauten dute, harreman ekonomikoen, harrizko sinesmen eta ideologien, topaketen eta bizikidetzaren adierazpen direlako. Eta horrekin batera, badakigu bertan bizi den gizartearen erakusgarri ere badela, bere gatazkak eta esperantzak islatzen dituela, eta, gainera, ikasteko aukera ematen duen espazio sozial bat dela.Esan dezakegu hiria hiritarren arteko bizikidetzarako eskolarik onena izan daitekeela. Horregatik hitz egiten dugu hiri hezitzaileez.
Esan dugun guztia bistakoa da, gutxi gorabehera horren jakitun gara. Horregatik, egin nahi dugun planteamendua hiritartasunaren ingurukoa da, politikari askoren buruhaustea dakarrena: nola hurbildu hiria hiritarrengana? Nola lortu hiria bezalako eguneroko espazioa hiritarrek beren sentitzea? Zer egin gune baztertuak “duintzeko”? Hau da, nola eman giza arnasa harreman sozialetarako ortutako hiri espazioari? Hiriak eskaintzen dituen eraikin enblematikoek, egitura handiek, azpiegitura onek edo zerbitzuek noiz hartzen dute beren benetako dimentsioa? Bertan bizi diren gizon eta emakumeen, haurren, helduen, ezinduen eta gazteen eskura daudenean horiek denak. Aldi berean, hiria gizonek eta emakumeek euren historian zehar osatu duten kultura txertatzeko ohorezko lekua da; gure giza naturaren adierazpena da, gure ingurumena.
Hiria eta giza eskubideak
Horrelako galderei erantzuteko erarik onena, erraz ulertzen eta transmititzen a den oinarri batetik abiatzea da. Oinarri hori giza eskubideena da. Izan ere, giza eskubideen oinarria duintasunean dago, eta horrek boterearen ariketa orekatzen du. Horrekin batera, giza eskubideen alde benetako apustua egiten dutenak dira hiri duinak. Hiriak gizatiartu egiten bagaitu, hiria gizatiartzeko gauza ere izan behar dugu; hiriko bizikidetza eramangarria izateko, beharrezkoa den komunikazio hori transmititzeko gai izan behar du. Baina hain oinarrizko dirudien abiapuntu horrek ikuspegi teorikoan zein pragmatikoan oinarritu behar du. Horretarako, giza eskubideetan oinarritutako hiri hezitzailea planteatzeko, Nazio Batuen hainbat dokumentutan agertzen diren kontzeptuetatik abia gaitezke. Kontzeptu horiek zenbait eskubideren gozamenari buruzkoak dira, besteak beste, etxebizitza, elikadura eta hezkuntza eskubideen gozamenari buruzkoak1.
Eskubide horien egoera aztertu ahala, mutatis mutandi, zenbait kontzeptu sendotuz joan dira eta baliagarriak izan daitezke hirien egoera eta hiriek giza eskubideak kalitatez eta errespetuz betetzen dituzten ikusteko. Zehatzago esanda, 4 As 2 eskemari buruz ari gara. Eskema hori hezkuntzaren eskubidea ikertzeko eta ezagutzeko baliagarria izan daitekeela ikusi da, eta aztertzen ari garenerako interesgarria da. Hortaz, horren ezaugarriak ikusiko ditugu labur-labur hezkuntzan, gero hirira aplikatzeko:
Eskuragarritasuna:  alderdi honetan oso zuzenean daude inplikatuta Estatuaren betebeharrak. Izan ere, hezkuntzaren eskuragarritasuna bermatu behar du, beharrezkoa eta doakoa izan dadin. Edonola ere, horrelako gaiek Estatuaren teoria bat eskatzen dute, ongi ezagutzeko estatuaren esku-hartzearen mugak, gurasoen aukeratzeko eskubidea, eskola publikoaren eta pribatuaren funtzioa edo curriculuma. Horrela, eskuragarritasunak bi alderdi hauek ditu:
1- Gobernuaren bi betebehar:
- Derrigorrezko eta doako hezkuntza eskuragarri dela ziurtatzea.
-  Gurasoek euren seme-alabentzat nahi duten hezkuntza bermatzea, eta irakaskuntzako instituzioak ezartzeko eta gidatzeko askatasuna bermatzea.
2- Gurasoek euren seme-alaben hezkuntza aukeratzeko duten askatasunari buruz:
- Ezartzeko, arautzeko eta kontrolatzeko boterea du Estatuak.
- Derrigortasuna haurrentzat.
Sarrera: sarrerak ez du esan nahi Estatuak Lehen Hezkuntzako sarrera soilik bermatu behar duenik, baizik eta etapa guztietakoa, askotan ordaindu egin behar baita. Beharrezkoa da sarrera hori diskriminaziorik gabekoa izatea eta eskola inklusiboa bideratzea. Nazioarteko akordio askotan aipatzen da edozein diskriminazio motaren aurreko jarrera negatiboa. Era berean, hezkuntzan egiten diren diskriminazioak ere aipatzen dira hainbat txostenetan. Hezkuntzarako sarreran egiten diren diskriminazioek neskei, ezinduei edo etnia gutxituetakoei eragiten diete batez ere. Bi alderdi eduki behar dira kontuan:
1- Dauden eskola publikoetarako sarrera bermatu. Diskriminaziorik eza hartu printzipiotzat. Progresiboki ezarri.
- Hezkuntza ereduak: derrigorrezko hezkuntzak doakoa izan behar du, eta derrigorrezkoaren ondorengoa (bigarren mailakoa eta goi mailakoa) doakoa izan daiteke edo ez.
2- Estatuaren bi betebehar:
- Irizpide diskriminatzaileetan oinarritutako bazterketak kentzea.
- Hezkuntza eskubideaz gozatzea saihesten duten oztopoak identifikatzea.
Bazterketa ikusarazi egin behar da, eta baita bazterketaren hainbat kausa ere. Era guztietako diskriminazioak debekatu behar dira, ez ezabatu soilik.
Onargarritasuna: onargarritasuna kalitateari eta osasun eta segurtasun baldintzak betetzeari dagokio. Horrekin batera, heziketa prozesuan “hezkuntzarako eskubideaz” gain (eskuragarritasuna eta sarrera), “hezkuntzako eskubideak” ere (onargarritasuna eta moldagarritasuna) bermatzea bilatzen du. Lehen aipatu dugu gutxituek eskolan euren hizkuntza erabiltzeko duten eskubidea; bada, eskubide horrek hezkuntzan onargarritasun handiagoa eskatzen du. Baita haurren lanak ere, eskolara joatea eragozten dien indarkeria mota bat baita. Hemen ere bi alderdi azpimarratu behar dira:
1- Hezkuntzako kalitatearen irizpideak biltzen ditu eta progresiboki zabalduz joan da. Estatuaren bi betebehar:
- Giza Eskubideekin bat datozen ezaugarriak dituen hezkuntza bultzatzea.
- Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak Giza Eskubideekin bat datozela ziurtatzea.
2- Giza Eskubideak hezkuntzan sartzea elementu giltza da hezkuntzaren kalitaterako.
- Irakasleen eskubideak eta askatasunak. Irakasteko bitartekoak. Hezkuntzaren edukiak. Eskolako metodoak eta diziplina.
Moldagarritasuna: haurraren interesari lehentasuna emanez (hori da Haurraren Eskubideen Hitzarmenaren printzipio nagusietako bat), moldagarritasunak ahalegin sortzaile handia eskatzen du  eskolak haurren beharretara egoki daitezen. Beste A-es-ekin gertatzen den moduan, moldagarritasuna diskriminazioaren alderdiekin erlazionatuta dago, baina baita kultura, erlijio… aniztasunarekin ere. Horregatik, moldagarritasunak hezkuntzaren bidez giza eskubideak hobetzea berma dezan eskatzen da. Giza eskubideen gaineko programak eskatzen dira, munduan zein eskolako praktikan. Askotan giza eskubideen heziketa hiritarrentzako irakaskuntza bilakatu da, eta horrek hezkuntzak aniztasunari erantzun behar ote dion zalantzan jarri du, hori baita moldagarritasuna bermatzeko modurik onena. Bi alderdi nagusi azpimarratuko ditugu:
1- Eskola  haurren beharrei eta giza eskubideei egokitu behar zaie. Estatuaren hiru eginbehar:
- Eskolaz kanpoko ekintzak eskaintzea.
- Hezkuntza “haurraren interesetara” egokitzea (1989ko Haurraren Eskubideen Hitzarmena).
- Giza Eskubideak hobetzea hezkuntzaren bidez: zatiezintasuna
2- Aniztasunera moldatu.
- Eskolan sartzeko dauden oztopo guztiak identifikatzea eta bistaratzea.
- Aniztasuna onartzea eta diskriminazioa eta biktimizazioa babestea.
- Diruaren beharra haur guztiei kalitatezko hezkuntza ziurtatzeko.
Orain arte esandako guztia  1. taulan  ikus daiteke.
Laburpen moduan, prozesu honetan eragile garrantzitsuenetako bat Estatua dela esan dezakegu. Estatuak betebehar batzuk ditu eta, besteak beste, inbertitu egin behar du hezkuntzan, bai azpiegituretan, bai mantenuan. Baina, horrez gain, ikastetxeen eskuragarritasuna ziurtatu behar du beraien behar guztiekin. Kolektibo guztien sarrera ziurtatu behar du, diskriminaziorik gabe, bai eskola barruan, bai sarrerak onartzerakoan. Modu berean, Estatuak hezkuntzako arauak ezarri behar ditu, hezkuntzak giza eskubideak onar ditzan eta kulturaniztasunera molda dadin.
Proba gisa, kategoria horiek berak jarraitzen dituen hiri bat plantea genezake. Hezkuntzarako balio dutela ikusi da, eta hezkuntzaren egoera aztertzeko ere baliagarri direla. Beraz, hiri batentzat ere egokiak izan daitezke. Ikus dezagun.
Hiri inklusiboa
Analisi eta proiekzio politikoaren proposamen honek hiri inklusiboa defendatzen dela esan nahi du, hezkuntza inklusiboaz hitz egiten dugunean bezala. Nazioartean garrantzi handia hartzen ari da 3, helburua berbera baita bai hezkuntzan, bai hirian: askotariko arrazoiengatik desberdinak diren hiritar guztien inklusioa. Gure hirietako errealitatea horri lotuta dago, egunetik egunera gehiago. Hiri inklusiboa bertako hiritar 4 guztien eskura jartzen den hiria izango litzateke, baina bereziki integratzeko arazoak dituzten, ezintasunak dituzten, baztertuak dauden eta behar bereziak dituzten pertsonen eskura. Pertsona horiek normalean gainerakoek baino zailtasun gehiago izaten dituzte euren eskubideez gozatzeko. Bi proposamen osagarri aipa daitezke: bata, “hiritartasunerako eskubidean” oinarritua, eta bestea, “hiriko eskubideetan”. Lehenengoak zera adierazten du: hiritar guztiek, hiritar izate hutsagatik, hiritartasun duina izateko eskubidea dute. Horrek esan nahi du herriko agintariek betebehar batzuk dituztela. Eta bigarrena, aldiz, ekintza positibo bat da, eskubideak hirian ager daitezen. Horrela, hiritartasunerako eskubideak hiri eskuragarria eta sarrera duena izatea ahalbidetzen du, eta hiriko eskubideekin hiria onargarria eta moldagarria dela suposatzen da. 2. taulan zehaztasun gehiagorekin azalduko dugu gaia.
Hiri eskuragarria: hiri eskuragarria egitea edo beharrezkoa den erabilgarritasuna edukitzea da hiri batek bete behar duen lehen baldintza. Hiriek euren gobernu zereginak bete behar dituzte, parte-hartzea bultzatzeaz gain. Beraz, zera azpimarratu behar dugu:
1- Udalen bi betebehar:
- Azpiegiturak eta zerbitzuak eskura eta erabilgarri egon daitezen ziurtatzea.
- Hiritarren parte-hartzea bermatzea.
Sarrera duen hiria: hiri batek azpiegiturak eta zerbitzuak baldin baditu, horiek hiritar guztien eskura egon behar dute, hiritar guztiek horietaz baliatzeko aukera eduki behar dute, bazterketarik gabe eta batez ere diskriminaziorik ezaren printzipioa azpimarratuz, nazioarteko hitzarmenetan agertzen diren arrazoiak tarteko: arraza, adina, sexua, ezintasuna eta abar. Horretarako, eskubide horiek erraztu eta bermatu egin behar dira, eta baita betebeharrak ere.
1- Dauden zerbitzuetarako sarrera bermatu. Printzipiotzat diskriminaziorik eza hartu. Progresiboki ezarri.
- Kolektiboen araberako ereduak erabili.
2- Udalen bi betebehar:
- Irizpide diskriminatzaileetan oinarritutako bazterketa guztiak ezabatzea.
- Hiritartasunaren eskubideaz gozatzea eragozten duten oztopoak identifikatzea.
Bestalde, bazterketa bistaratu egin behar da, eta baita bazterketen kausak ere. Horretarako, ezabatu ez ezik, debekatu egin behar dira diskriminazio mota guztiak.
Hiri onargarria: hiri onargarriaz hitz egiterakoan, hiriko kalitate irizpideak hartu behar dira kontuan. Irizpide horiek progresiboki handituz joan behar dute, baina, batez ere, giza eskubideak aintzat hartzea da garrantzitsua. Hiri bat hainbat eta onargarriagoa bihurtzen da gobernuaren edo udalaren arlo guztietan giza eskubideak bultzatzeko ekintzak egiten direnean. Horretarako, oso garrantzitsua da zerbitzuetan esku hartzen duten eragileen eskubideak eta askatasunak errespetatzea eta, giza eskubideetan oinarritutako ekintza programak aurrera atereaz, hiri hezitzailea ahalbidetzea.
1- Udalen bi betebehar:
- Giza eskubideekin bat datozen zerbitzuak bultzatzea.
- Hiritarren bizikidetza giza eskubideekin bat datorrela ziurtatzea.
Hiri moldagarria: azkenik, ikuspegi honek hiritarren eta instituzioen arteko harremanak aldatzea dakar. Hiritarrek hirira “egokitu” behar dutela pentsatzen da, hori dela “integrazioa” lortzeko modurik onena. Aitzitik, benetako integrazioa hiria hiritarrengana, euren beharretara, euren aurreikuspenetara eta euren parte hartzeko aukeretara egokitzen denean gertatzen da, betiere aniztasuna eta giza eskubideak errespetatuz. Beraz, kontua ez da hiri “tolerantea” egitea, baizik eta giza eskubideak errespetatzen dituen hiria egitea. Tolerantziak, askotan, hiritarren arteko bizikidetzan gertatzen denarekiko axolagabetasuna dakar; errespetuak, aldiz, aniztasuna onartzea eta giza eskubideak modu eraginkorrean defendatzea.
1- Hiriek talde sozial askotarikoetara eta giza eskubideetara egokitu behar dute, eta ez alderantziz.
2- Udalen hiru betebehar:
- Ekintza hezitzaileak eta hiritarrak sustatzea.
- Hezkuntza eta hiria “hiritarren interesetara” egokitzea.
- Giza eskubideak hobetzea, hiriko heziketaren bitartez: zatiezintasuna
3- Aniztasunera egokitu
- Hiri duinaz gozatzeko aukera oztopatzen duten traba guztiak identifikatu eta bistaratu.
- Aniztasuna onartu eta diskrimina-zioaren eta biktimizazioaren aurka ba-bestu.
Esan dugun guztia laburtzen duen adibide bat garraio publikoarena izan daiteke, hiriko instituzioek eskaini behar duten zerbitzua baita. Beraz, erabilgarritasuna betetzen da, denentzat sarrera izan behar duena. Zentzu horretan, horrelako garraio gehienek oztopo arkitektonikoak gainditu dituzte ezinduek erabil ditzaten, edota helduei zein beste kolektibo batzuei prezio bereziak eskaintzen dizkiete. Bi baldintza horiek betetzen badira, hiri duina izateko baldintzak betetzen direla esan nahi du. Onargarritasunari dagokionez, posible da garraio publiko horietan irudiak eskaintzea hiriko informazioa emanez, edo osasunari edo giza eskubideen kontzientzia hartzeari buruz. Beraz, horrekin onargarritasuna aseta egongo litzateke. Azkenik, eta berau izango litzateke behin betiko proba, garraio horiek kolektibo guztien interesetara egokitu behar dute, giza eskubideetan eta beraien beharren aniztasunean oinarritutako ildoarekin.
Beste adibide batez ere balia gaitezke ikusteko hiri batek giza eskubideen adierazle diren ezaugarri horiek betetzen dituen edo ez: kolektibo sozial baten lekuan jar gaitezke; adibidez, haurrenean. Aipatutako kategorien arabera, galdera hauek erantzun beharko lirateke: ba al dago haur guztientzako adina parkerik? (Erabilgarritasuna) Haur guztiak irits al daitezke inolako diskriminaziorik gabe? (Sarrera) Antolatutako ekintza ludikoak giza eskubideen ikuspegitik planteatuta al daude? (Onargarritasuna) Haurraren interesak gidatzen al ditu jolaserako eskubidearen planteamenduak? (Moldagarritasuna) Ezinduekin, etorkinekin, pertsona helduekin eta abarrekin antzeko galderak egin genitzake. Horrelako taldeak aipatu ditugu, horiekin egin behar baitira ahalegin handienak hiri inklusiboa lortzeko.
   1- Nazio Batuetako txostenak Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Batzordearen web gunean kontsulta daitezke: http://www.ohchr.org/spanish/ bodies/cescr/index.htm
   2- K. Tomasevki izan da Nazio Batuetan Hezkuntza Eskubideari buruz idatzi duen lehen aditua (1998-2004), eta haren ekarpenak funtsezkoak izan dira munduan eskubide hau garatzeko. Eskema horrek egiten duen lehen erreferentzia Idazki Bereziko atariko txostenean daukagu: E/CN:4/1999/49. Geroztik sakondu egin du hainbat argitalpenetan; adibidez, K. TOMASEVSKI, “El derecho a la Educación, panorama internacional de un derecho irrenunciable”, in L. M. NAYA (koord.): La educación y los Derechos Humanos, Erein, Donostia, 2004, 693-690 or. edo K. TOMASEVSKI, Human Rights Obligations in Education. The 4-As Scheme. Wolf Legal Publishers, Nijmegen, 2006.
   3- AINSCOW, M.: Desarrollo de escuelas inclusivas, Nancea, Madril, 2001.
   4- Ezin dugu ahaztu globalizazioaren gaur egungo gizarteetan hiritarrak hiri batean sartzerakoan egiten direla bazterketarik handienak. Hiritarrak ezeztatzen dira, edo zailtasunak jartzen zaizkie euren eskubideak ez onartzeko.