Irakasleen erretiroa

Eskualdatzea era egokian egiteko formularen bila 
Datozen hamar urteetan belaunaldi aldaketa garrantzitsua gertatuko da gure ikastetxeetan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan geratuko dira lanpostu gehien hutsik. Nafarroa Garaian aldaketa ez da hainbesterainokoa izango eta Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, ez da halako arazorik gertatuko. Irakasle gazteak dituzte ikastetxe gehienetan eta belaunaldi aldaketa hori progresiboki egingo da, orain arte bezala, bat-batekoa izan gabe.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aldiz, 6.000 irakasle inguruk hartuko du erretiroa datozen hamar urteetan irakaskuntza publikoan eta irakaskuntza pribatuko eta ikastetxe kontzertatuetako profesionalak kontuan hartuz gero, kopuru hori bider 1,7 egin beharko genuke. Hau da, 10.000 lanpostu baino gehiago geratuko dira hutsik, zehazki 10.200 datu horien arabera. Milaka lanpostu bete beharko dira beraz, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan baina baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edota Lanbide Heziketan ere.
Eta horrekin batera bada beste erronka bat: izan ere irakasleak beharko dira, baina ez hori bakarrik, irakasle euskaldunak beharko dira. Gasteizko Legebiltzarrak 1982an onartu zuen Euskararen Legeak, bere 19. artikuluan unibersitateari erronka jarri zion bi hizkuntza ofizialetan (euskaraz eta gazteleraz) irakasteko gai izango ziren maisu-maistrak trebatzeko. 25 urteren ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateak ez du baldintza hori betetzen: ikasleen % 40 inguruk irakasle ikasketak gaztelera hutsean egiten ditu eta ez dira euskaraz irakasteko gai.
Aldaketa dator urte gutxiren buruan eta horren aurrean galdera asko sortzen dira. Irakasle nahikoa izango al da? Administrazioak erraztuko al ditu halako trantsizio prozesuak egiteko moduak?
Sindikatuen kezka
Sindikatuek ere kezka horiek eta galdera horiek dituzte buruan bueltaka. Halaxe adierazi digute LAB eta STEE-EILAS sindikatuetatik.
LABeko Jon Urrusolori kezkagarria iruditzen zaio lekuko hori hartzeko nahikoa irakasle ez izateko aukera egotea. Bere ustez, administrazioak kanpaina egin beharko luke jendeak irakasle lanbidea har dezan. Adibidez, Haur Eskolen Patzuergoan arazoak dituzte zerrendak osatzeko gaur egun. Irakaskuntzaren kudeaketan aldaketak egitea beharrezko ikusten du Urrusolok, kalitate enplegua bermatzeko. Ordezkapenak egiten dituztenei, esate baterako, urte beteko kontratua egin beharko litzaiekela uste du, ordezkapen ezberdinak egiteko, baina ikasturte osoan zehar lana egiteko aukera izango dutela ziurtatuz.
Nafarroan egoera ez da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bezain gordina. Azken urteetan oposaketak izan dira eta irakasle postu dezente bete da. Dena den, 60 urtez gorako 400 irakasle baino gehiago daude, 50-60 urte bitartean ere, kopuru altu samarra eta gehienak 40-50 urte bitartekoak dira.  Arazoa da, orain erretiroa hartzen dutenak perfil gabekoak direla, D eredua zabaldu aurrekoak, eta orain perfila eskatu beharko litzatekeela uste du Mikel Lakasta, LAB sindikatuko kideak. Nafarroan gainera, irakasle guztiak ez daude erretiroa hartzeko baldintza berdinetan. Iruñeako udal eskoletako langileek esaterako, arazoak dituzte erretiroa hartzeko: duela hiru urte arte Iruñeako udaleko langileak izan dira, baina Nafarroako Gobernuko langileak izatera pasa ziren. Orain, Nafarroako funtzionarioak dira, baina ez estatukoak eta orduan, ezin diete espainiar araudia aplikatu. Arazo hori konpontzeko dute oraindik.
Egoera horren aurrean zer egin?
Sindikatuek finean eskatzen dutena da, irakasle berriak poliki-poliki sartzea eta lanordu osoz ez egon arren, irakasle beteranoei erretiroa hartzeko garaia heltzerako orduan, belaunaldien arteko erreleboa egina egotea. Horixe aipatu digu STEE-EILAS sindikatuko Jon Moñux-ek: “Datuak oso deigarriak dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 2-18 urte bitarteko irakaskuntzan 50-54 urte bitarteko irakasle funtzionarioak 3.285 dira, 20.000 langilek osatzen duten kolektibotik. 55-59 urte bitartekoak, 1.894. Guztira 5.179 dira. Laboralen artean, kopuruak txikiagoak dira, baina ehunekoak berdinak edo gehiago. Beraz, funtzionarioen eta laboralean artean, 2006ko irailean, 5.320 ziren. Horrek esan nahi du langileen % 25ean gabiltzala gutxi gora behera. Egiturazko arazoa da, argi eta garbi. Gainera, horri gehitu behar zaio 60 edo 60 urtetik gorako irakasleak, beste 364 direla. Beraz, 50-60 adin tartean eta 60 urtetik gorakoen artean, ia 6.000 irakasle ditugu. Ikastetxe kontzertatuetan egoera ez da hain gordina, baina hala ere badira adin tarte horietan dauden irakasleak”.
Moñux-ek esan digunez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 55 urtetik gorako 10 irakasle baino gehiago dituzten 39 ikastetxe daude. Orain olatu txikia dena, urte gutxiren buruan tsunami bihurtuko dela dio. Tamaina ertaineko ikastetxe batean, 40-50 irakasle dituen ikastetxean, urtero bizpairu irakasle erretiratzea irensgarria da eta prozesu natural gisa eraman daiteke, baina zortzi edo hamar baldin badura, arazoa sortzen dela uste du.
Sindikatuek egiturazko arazo honi aurre egin behar zitzaiola planteatu zutela dio, neurri zehatzak planteatu zituztela eta horien artean nagusiena 55 urtetik gorakoei lanorduak gutxitu gabe, ikastorduak gutxitzea zela, horrela beteranoen irteera eta berrien sarrera era mailakatuan egiteko. “Gure ustez Hezkuntza Sailak ez zion arazo larri horri behar bezala heldu eta aitzakia gisa jarri zuten ez dela jende nahikorik errelebo hori egiteko, baina gure susmoa da horren atzean aurrekontu arazo bat dagoela, inbertsio handia behar delako”, dio Moñuxek.
Erretiroa hartzeko bidean dauden irakasleek esperientzia handia dute, aldaketa eta berrikuntza pedagogiko garrantzitsuak bultzatu dituzte eta jende horrek modu gradualean utzi beharko lituzke eskolak.  Irakasle berriekin ikastetxean bertan, aurrez-aurreko harremana izan beharko luketela uste dute sindikatuek. Irakasle beteranoek perspektiba historikoa dute eta erreferente horiek izatea oso aberasgarria da gazteentzat. 
Mentoringa izan daiteke irtenbidea
Zer da mentoringa? Mentoringa era errazean ulertzeko, tutoretza antzeko bat da. Mentoreak, irakaskuntza arlora eta kasu zehatz honetara ekarrita, zera litzateke: irakasle beteranoak, irakasle berriari bere esperientzia transmititzea, berarekin tutoretza lan moduko bat eginez. Mentorea eta irakasle berria elkarrekin arituko lirateke lanean eta mentoreak bere esperientzia eta ezagutza transmitituko lioke kasu honetan irakasle berriari, azken hori profesional gisa aberas dadin. Horrela, irakasle berriak prestatuta egongo dira beraien zeregin berriei aurre egiteko eta aurrekoek eskuratutako esperientzia eta ezagutza ez dira ahaztuta geratuko.
Mentoring izenaren jatorria greziar mitologian topa dezakegu. Mentor Ulisesen lagun mina zen eta Troyarantz abiatu aurretik, Ulisesek eskaera egin zion bere seme Telemaco  zain eta presta zezan, Itacako errege gisa bere ondorengoa izateko. Mentorrek aita, aholkulari eta eredu lanak egin behar izan zituen Telemaco errege jakintsu, on eta zentzuduna bihur zedin. 
Erretiroa hartzeko era ezberdinak
Hego Euskal Herrian lanean diharduten irakasleek erretiroa hartzeko aukera ezberdinak dituzte.
Eremu pribatuan, errelebo-kontratua delakoa dago indarrean eta 60 urterekin % 85ean erretiroa hartu eta % 15 lanean jarrai dezakete. Espainiako gobernuak legea aldatu nahi du hala ere, eta 61 urtetan jari nahi du muga hori. Bestela ere har daiteke erretiroa 65 urte bete aurretik baina urte bakoitzeko sariaren % 8 kentzen dute eta gainera 1.967 urtea baino lehen kotizaziorik izan behar da.
Eremu publikoan, % 98 funtzionarioak dira eta kasu horretan, 60 urterekin erretiroa hartzean, gobernuak 65 bete arte faltako liratekeen bost urte horiek “oparitu” egiten ditu. Bestalde, 30 urte baino gehiago kotizatuak izanez gero, 18 hileko soldata ematen dute erretiroa hartzeko mementoan bertan. Gainerakoak, % 2, laboralak dira eta hauen kasuan, eremu pribatuan ezartzen diren baldintzak ezartzen dira.
Gauzak horrela daude gaur egun, baina legeak aldatzen den neurrian aldatuko dira baldintza hauek guztiak.
Datuek ez diote gezurrik
Egoera zertan den ikusteko, datuak begien aurrean edukitzea bezalakorik ez da. Ondoren ikus ditzakezuen bi taulek biltzen dituzten datuak egoera nolakoa den ikusteko lagungarri izan daitezke. Araba, Bizkaia, Gipuzkoan eta Nafarroan irakasleek duten adinari buruzko datuak dira guztiak.  Ikus dezakezuenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ia 9.000 irakaslek dute 51 urte baino gehiago, Nafarroan, 50 urtetik gorako irakasleen kopurua askoz ere baxuagoa da, baina 2.500dik gorakoa da, hala ere. Datu hauen arabera, datozen hamar urteotan 10.000 irakasle baino gehiago erretiroa hartzeko moduan izango dira Hego Euskal Herrian. 
Unibertsitatea ere martxan
Unibertsitatetik ere ikusi dute erretiro kopuru handi honek eragina izan dezakeela irakaskuntzan eta gaia aztertzen ari dira. Aldaketak izango dira datozen urteetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako irakasle eskoletan eta bertako zenbait irakasle eskolek eta Eusko Jaurlaritzak horiek guztiak lantzeko foroa eratu dute. Ikasketen erreformaren gaia lantzen ari dira funtsean, baina erretiroen gaiarekin egin dute topo horretan ari zirela eta horri aurre egiteko bitartekoak jartzea beharrezkoa ikusten dute unibertsitatetik. 
Irakasle eskoletako ikasketa plangintzen berrikuntza da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bost irakasle eskolek (Euskal Herriko Unibertsitateak hiru herrialdeotan dituenak, Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatea eta Begoñako Andra Mari irakasle eskola) eta Eusko Jaurlaritzak osatu duten foroaren aztergaia baina horren baitan, erretiroen gaia ere lantzen ari dira.
Luis Mari Elizalde Donostiako irakasle eskolako irakasleak azaldu digu zeintzuk diren beraien kezkak etorkizunari begira. Gaur egun indarrean dauden ikasketa planak duela 20 bat urte egin ziren, geroztik gauza asko aldatu da hezkuntza sisteman eta titulu horiek berritzeko garaia iritsi da. “Europatik datorren olatuaren eraginez gure ikasketak hiru urtekoak izatetik lau urtekoak izatera pasako dira. Hori aukera bat da guretzat. Ikasketak berritu eta formatu berrietara egokitu behar zirela ikusita, edukien aldetik zer aldatu beharko genukeen ikusi genuen. Horretan genbiltzala, titulu bakoitzean eta perfil bakoitzean zenbat irakasle beharko diren atera zen, arazo gisa ikusten baita urte gutxi barru langileen ehuneko handi bat berritu beharra. Irakasle asko sartu zen duela 25-30 urte sisteman eta horiek erretiratzeko bidean daude. Beraz, irakasle asko kualifikatu behar ditugu eta gainera, perfil jakin batzuetan”, dio Elizaldek.
Beteranoak eta hasiberriak
Urte gutxiren buruan milaka irakasleren beharra izango da eta horrek kuantitatiboki arazoa ekarriko duela uste du Elizaldek. Baina hori baino okerragoa iruditzen zaio klaustroa deskapitalizatu egingo dela: “Eskolan lidergo pedagogikoan eta berrikuntza askotan aritutako jendea da, ikastolak sortu zituzten eta urte haien hasieran aritu zen jende askok hartuko du erretiroa. Horiek bandera garrantzitsua izan dute, egitasmo horien jabeak eta motorra izan dira. Erretiratzen direnean, erreferentziarik gabeko jendea sartuko da,  esperientzia gutxikoa eta beste eskema batetik, beste heziketa sistema batetik, beste uste batzuetatik… Horrek krisialdia sortuko du sisteman, ikastetxe guztietan. Nik uste dut horri beldurra zaiola, ez delako ikusten nola helduko zaion.
Gaur egungo beteranoek paper garrantzitsua beteko dute prozesu horretan Elizalderen iritziz. Hasiberriek ez dituztelako beteranoek dituzten erreferente eta identifikazio prozesu guztiak eta lan handia egin beharko dela eta administrazioak horretarako baldintzak sortu beharko dituela dio: “Ez dakit pertsona horiek liberatu beharko dituen, baina gazte hasiberrien mentore edo tutore lanak egitea izango da beraien zeregin nagusietako bat. Lider izan beharko dute eta urte askotan naturalki gertatu den prozesua sistematizatu egin beharko da, bat-batean jende asko sartuko delako. Uste dut irakasle berrien txertatze prozesu horretan erronka oso polita dugula”.
Mentoring prozesu horiek egitea, irakasleak orain arte bezala ez ibiltzea eskatuko du Elizalderen arabera: “Horrek eskatuko du irakasleak orain bezala ez ibiltzea, 5-6-7 urtez ordezkapenak egiten toki askotan, inorekin identifikatu ezinik, zuloak betetzen… Hasiberriei pare bat urteko egonaldiak bermatu beharko litzaizkieke ikastetxearen martxa hartu eta proiektuaren gora beherak ezagutu eta sakonago lan egiteko, eta beterenoen baldintzak horretara bideratu beharko lirateke. Ikastetxe bakoitzak harrera sistematizatu beharko luke, irakasle berrien baldintzak egokituz, egonkortuz… Mentore edo beteranoekin lanean jarri beharko lirateke mintegi egonkor batzuk antolatuta, lanean bertan treba daitezen”.
Irakasle nahikoa izango ote da?
Belaunaldi aldaketa hori egiteko irakasle nahikoa izango dela uste du Elizaldek, besteak beste, irakasle eskoletan kupoak urtero betetzen direlako. Kantitatean baino, erronka kualitatean dutela uste du Elizaldek: “Kualitatiboki eskatzen zaigu aldaketa eta urrats izugarria egin behar dugu. Azken urte hauetan sistemak urrats handia egin du berrikuntza alorrean eta gu atzean geratu gara. Ikasketa berriak garai berrietara egokitu beharko ditugu”. 
Usurbilgo Udarregi ikastolaren esperientzia
Usurbilgo Udarregi ikastolan hasiak dira horrelako trantsizio prozesuak egiten. Erretiroa hartzekotan zeuden irakasleak, irakasle berriekin denbora batez egotea komenigarria izan zitekeela pentsatu zuten. Pentsatu eta egin. Aukerarik izanez gero, behintzat, horrela egiten dute lan eta eskualdatze prozesuak irauten duen bitartean, irakasle berriak ikastolako martxa hartzen doaz. Mariaje Imaz, Udarregi ikastolako zuzendariak eman digu Usurbilgo esperientziaren berri.
Irakasle asko ari al dira erretiroa hartzeko adinera iristen Udarregi ikastolan?
Bai, badira batzuk, izan ere, langileen bataz besteko adina 40 urtetik gorakoa da. 55 irakasle ditugu ikastolan eta horietatik 18, 50 urteko mugan eta hortik gora gaude. Egoera horrekin kezkatu egin gara, izan ere, jende berria sartzea berrikuntza bideratzeko aukera ona izan daiteke, baina irakasle beteranoen esperientzia oso baliagarria da. Eta horiek ikastolen hezkuntza ondarea transmititzeko lanean, zeregin garrantzitsua dute. 
Hori dela eta, irakasle berriak kontratatzen ditugunean, ikastolen hezkuntza proiektuarekin sentsibilizazio edo atxikimendua azaltzen duten pertsonak izan daitezen saiatzen gara. Zentzu horretan, ikastolak irakasleen formaziorako apustu handia egin du, ikastolaren hezkuntza proiektuan aurrera egiteko ezinbesteko tresna dela ikusten dugulako.
Urteko kudeaketa planaren gidoian lehentasunezko helburu batzuk jartzen ditugu. Alde batetik, irakasleen artean formazio jarduerak eta mintegiak sustatzea. Urte horretan irakasle berriak hartu baditugu eta ikastoletako dinamikarekiko atxikimendua lortzea interesatzen bazaigu, beraiek ere horrelakoetan parte hartzea bultzatzen dugu. Horrek ikastola barneko dinamikan azkarrago txertatzen laguntzen die, ziklo baten baitan dauden proiektuak ezagutzeko aukera dute eta ikastolen mugimenduarekin zerikusia duen formazioa jasotzeko aukera dute. 
Zein da Udarregi ikastolaren egoera egun?
Irakasle batzuk erretiroa hartzen ari dira. Azken urteetan badira bost, sei, zazpi irakasle errelebo kontratuarekin eta horien ordezkoak hartzeko garaian ikastolarekin lotura izan duen pertsonak hartzen saiatzen gara pentsatzen dugulako modu horretan errazago lortzen dela proiektuari jarraipena ematea, berritzea eta sortzen diren arazoei erantzuna ematea.
Trasmisio hori egitea garrantzitsua da eta ongi legoke ateratzen den irakasleak eta sartzen denak aukera izatea tarte batean elkarrekin aritzeko, sei hilabatez edo urte betez. Baina, jakina, horretarako baliabideak behar dira.
Hemen egin duzue hori…
Bai. Arazorik ez bada eta egingarria baldin bada, denboraldi batez erretiroa hartuko duen irakaslea eta irakasle berria elkarrekin egon daitezen saiatzen gara, gelan egon daitezen eta irakasle berriak lagun diezaion taldea eramaten, bestela talde batean bat-batean sartu eta galduta sentitzen zara. Urrian adibidez, ikastolako irakasle batek erretiroa hartu du eta ikasturte hasieratik pertsona bat egon da berarekin. Gure ikasle ohia da, praktikak ere ikastolan egin zituen eta ikastolako mugimendua eta dinamika ezagunak zituen. Irailetik hona elkarrekin egon dira, taldearekin, eta pixkanaka joan dira eskualdatze hori egiten. Hasieran irakasleak zuen gidaritza, pixkanaka berriari gero eta gauza gehiago egiten utzi dio, bileretan ere parte hartzen zuen, lan taldeetan ere bai… Horrela, haurrek ere ezagutu dute, Haur Hezkuntzako taldea da eta beraientzat aldaketa ez da hain handia izan. Oso esperientzia ona izan da. Hasieran adibidez, irakaslea aurretik joaten zen, taldea ondoren eta atzetik irakasle berria eta ondoren, aldatu egin zuten nolabait adieraziz irakaslea aurrekoa zela eta horrela, ikasleak bisualki ohitzen joan dira. Etorri berriarentzat ere garrantzitsua da babes hori izatea.
Beste kasu batean, irakasle bat lanaldi erdian ari da eta beste erdia bere ordezkoa izango denak egiten du. Eta batzuetan, erretiroa hartzen duten irakasleek ere laguntzen digute. Adibidez irteeretan edo zerbaiterako pertsona gehiago behar ditugunean, laguntzeko prest egoten dira. Hori ere polita da, ikastolarekin duten harremana ez dutelako guztiz apurtzen. Batzuek erretiroa hartu eta gustura geratzen dira baina beste batzuei bat-bateko eten hori gogorra egiten zaie eta gustuko dute beraiek kontuan hartzea.