Kronika

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Bigarren Hezkuntzarako eta Lanbide Heziketarako 614 lanpostu betetzeko LEPa deialdian egingo du azaroan. Hasieran 550 postu proposatu zituen baina CCOOrekin sinatutako hitzarmenera hurbiltze aldera, eskaintza handitu du. LAB, ELA eta STEE EILAS sindikatuek hainbat kritika egin dituzte prozedura horren aurrean. Izan ere, postu gutxiegi direla diote eta  irakasle interinoen egoera hobetzea eta “sistema egonkortzea” nahi bada eskaintza handiagoa egin behar dela salatu dute. Bestalde, ez zaie denei Bigarren Hizkuntza Eskakizuna exijituko. Sindikatuen ustez,  hau ez da hezkuntza sistema euskalduntzeko bidea eta atzerapausotzat hartu dute. Hizkuntz Eskubideen Behatokiko arduradunek hutsune nabariena Lanbide Heziketan ematen dela diote: “Lanbide Heziketako hiru irakasletatik batek ez du klaseak euskaraz emateko gaitasunik behar”.
EAEko Curriculum berria eta Gorputz Hezkuntzako orduen murrizketa
Hezkuntza Sailak egin duen Curriculum berriak, hainbat aldaketa proposatzen ditu gorputz-hezkuntzaren irakasgaiari dagokionez. Gutxieneko orduak ezarri dira eta eskola bakoitzaren esku gelditzen da moldaketak egitea.
Orain arte, Lehen Hezkuntzan gorputz-hezkuntzari 2,5 ordu eskaini zaizkio eta Bigarren Hezkuntzan, ikasturte bakoitzean 2 ordu. Orain ordea, gutxieneko kopurua Lehen Hezkuntzan 1,5ekoa da eta Bigarren Hezkuntzan, lehen hiru urteetan  2 ordu eta laugarrenean bakarra. Hortaz, Lehen Hezkuntzan orduen % 40 eta Bigarren Hezkuntzan   % 37 murriztu dira.
Irakasle, guraso eta zuzendariak kezkaturik agertu dira murrizketa horren aurrean. Soin Hezkuntza beste irakasgaiak bezain garrantzitsua dela diote, batez ere egungo pasibotasuna eta gehiegizko pisua bezalako arazoen aurrean.
Bada denbora gorputz-heziketako hainbat profesional kexatu direla, irakasgaiaren bazterketa salatuz: “Nazioarteko jarraibideak kontuan hartu beharko lirateke eta gorputz-hezkuntzaren ariketa eta garapen arautua bermatu”. Horrez gain, lan etorkizuna ere jokoan dute, 600 lanpostu baino gehiago galtzeko arriskua aurreikusten baita.
Gorputz-hezkuntzako lizentziatu-en elkargoak, abokatuei eskatu die curriculum dekretuaren aurkako helegitea jartzea, “ikasleen osasunari erasoa” egitea leporatuz. Elkargoko idazkari Maria Jose Lagartosen ustetan honakoa ez da erabaki arina. Haurrak gero eta gutxiago ateratzen dira etxetik kalera eta gutxiago jolasten eta mugitzen dira. Horrek sortzen dituen arazoak kontuan izanik ez da egokiena murrizketa hori ematea.
Hezkuntza Sailak ere erantzun die kexa hauei. Curriculum berriak, gutxieneko ordutegia ezartzen duela dio, horiek finkatuz. “Dena den, ikastetxeek 5 ordu izango dituzte gutxieneko ordutegi hori handitzeko… Gorputz heziketa 2,5 orduak mantendu ahalko dira eta hala erabakiz gero, ordutegi hori gainditu. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarekin gauza bera gertatzen da”. Hortaz, ikastetxe bakoitzaren esku gelditzen da ordu kopurua zehaztea.
Nafarroan eskola hastean gero eta gehiago dira D eredua hautatzen dutenak
Aurtengo datuei erreparatuz gero, agerikoa da urteak pasa ahala eskolan D ereduan izena ematen dutenak gero eta gehiago direla. Batxilergoan ikasleen % 24 matrikulatu da D ereduan, DBHn  % 23, LHn % 26 eta HHn % 28.  A ereduak antzeko bilakaera izan du baina G ereduak ostera, kontrakoa, Batxilergoan % 70, DBHn %65, LHn % 47 eta HHn % 42. Datu hauek eman zituen Carlos Perez-Nievas Hezkuntza kontseilariak.
Nafarroan ikasiko duten ikasleen kopurua igo egin da aurten. Pasa den urtean baino 1.424 ikasle gehiago izango dira, 90.403 guztira. Datu orokorrei so eginez, D eredua 1,2 puntu jeitsi da eta G eredua 2,7 puntuz igo. Kontuan hartu behar dira, besteak beste igoera horretan zerikusia dutela emigrazioak eta Lanbide Heziketa kontuan hartzeak, (izan ere Lanbide Heziketan D ereduaren eskaintza urria da).
0-3 zikloaren dekretua
Perez-Nievas-ek, bestalde, 0-3 hezkuntzaren eskaera osoa beteko duela esan du. Egun, 79 eskola eta 5000 haur daude 0-3 zikloan, eta espero dute 2008an beste 500 toki gehiago izatea. Helburu hori lortze aldera, atal berezi bat sortu dute Hezkuntza Departamentuan. Gainera, udalekin partzuergo bat osatzea pentsatzen ari dira, 0-3 hezkuntzaren inguruko guztia kudeatzeko.
Irailaren bukaeran, Sortzen-Ikasbatuaz, LAB eta EILAS sindikatuek helegitea jarri zuten 0-3 ziklorako dekretuaren aurka. Haien ustez, Nafarroako dekretuak ez du bat egiten Espainiako Gobernuak onartutako LOErekin. Izan ere, LOEk izaera hezitzailea ematen dio 0-3 ziklo osoari. Dekretu horretan ostera, bi motatako zerbitzuak desberdintzen dira. Alde batetik, izaera hezitzailea dutenak, eta bestetik, bestelako zerbitzuak, aisialdiarekin lotzen dituenak. Plataformaren ustetan bereizketa horrek LOEren kontra egiten du. “ Bereizketa horren bidez, gainera, dekretuak ez du bermatzen 0-3 zikloa beti baldintza egokietan eskaintzea”.
Herritartasunerako heziketa ikasgaiaren harira, kontzientzia eragozpena egiteko asmoa adierazi diote Nafarroako 100 gurasok Hezkuntza Departamentuari. Iruñea, Tutera, Azkoien, Cascante eta Monteagudoko 18 ikastetxetako gurasoak egin dira kontzientzia eragozle. “Gurasoak gure seme-alaba eta hezkuntza askatasunaren defentsan elkartuko gara”, esan zuen Teresa Jaurrieta Askatasunean Hezi Nafarroako elkarteko koordinatzaileak.  “Administrazioak konstituzioak jasotzen dituen eskubideen araberako heziketa galarazi nahi digu, eta, gainera, kontzientzia eragozpena gure eskubidea da”, gaineratu zuen. Jaurrietaren arabera, ikasgai hori euren sinesmen antropologikoen, etikoen eta moralen aurka doa, ideologia zehatz bat sortuz: “ Guraso guztiak, ideologia batekoak izan edo bestekoak, bat gatoz gure seme-alabak guk hezten ditugula esatean”.