122:Hainbatetan bezala, oraingoa ere une

Ikasturte berrian bete-betean sartuak gaudenean ingurua behatzea besterik ez dago aurtengoa ere, ikasturte garrantzitsua dela ohartzeko.
Asko aldatzen ari da hezkuntza mundua. Herrien garapenak eta jendartearenak erronka berriei ongi erantzuteko egokitu beharra dago.
Euskalduntzea eskaintzen duten ikastetxeak gainezka daude. Herritarrek beren ondorengoek euskara ezagutzea nahi dute, euskara ezagutzeak ez baitakar berarekin inongo kalterik, aberastasun kulturala eta erraztasun kognitiboak baizik.
EAEn, hizkuntz ereduen garaia gainditu da. Nafarroan, euskaraz eskaintzen diren ikastetxeak gainezka daude, eta eskaintzen uzten ez dituzten zonaldeetan eskainiz gero erantzun ona jasoko luketela adierazten dute datuek. Iparraldean, administrazioak euskararen zabalpenean lagundu beharrean trabak jartzeari ekiten dio,eta hala ere etengabe doa handitzen.
Euskal Herri osoan urrats berriak emateko garaian gaude, ezagutza denen eskura jartzeko eta erabilpena areagotzeko. Hortan, prestakuntzak, metodologiak eta bitartekoak ezinbestekoak dira aurkitzen ari garen hesiak gainditu ahal izateko.
Curriculumak aldatzen ari dira. Europako irizpideei jarraituz, egokitzen ari dira estatuak eta erkidegoak. Euskal curriculuma ate joka ari da, herri bezala dagokiguna askatasunez garatzeko bidean. Hizkuntzak bere kultura behar baitu elikagai eta besarkatzaile gisa.
Unibertsitatera ere aire berriak iritsi dira. Une ezinhobea dela deritzogu geure ikerketa, prestakuntza eta izaera propioa garatzeko euskal unibertsitatearen eraikuntzan.
Ahalegin horiek guztiak bere etekina eman dezaten, antolaketa egokia, funtzionamendu parte-hartzailea, herritarren beharren zerbitzura arituko den hezkuntza eta abar beharrezkoak dira. Hori da, hain zuzen, Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioak mahaigaineratzen duena.
Aurreko ikasturtean, akordio bera aurkeztu zuten eta ezagutaratze lana egin zuten. Ikasturte honetan, zabalpen lanean jarraitzeaz gain, heziguneen Elkargunea izango denaren diseinuan arituko dira.
Guztia aldatzen ari den honetan, dena hain azkar doanean, prestakuntzak izugarrizko garrantzia hartzen du. Etengabeko prestakuntzan ongi aritzea ezinbestekoa bada, irakasle berrien hasierako prestakuntzan ongi asmatzea gako baliotsua da.
Aldaketak direla-eta, berrikuntzak ez al du orain arte ongi egindako oinarrietatik abiatu behar? Hori da logikoena, ezta? Utzi behar al ditugu erretirora besterik gabe pasatzen hain ezagupen handia eta lan on egin duen hainbat irakasle? Nola egin horiek metatutako esperientzia eta jakinduria irakasle berriei transmititzeko?
“Erronka handiek, neurri sakonak.”