121: Estatu dekretu baten bidez onartuagoa geratu da Hego Euskal Herriko andereño historikoen lana

Batzuetan, ezagutzen dugun hura betidanik horrela izan dela iruditzen zaigu .
Memoria historikoa oso laburra dugu, gero eta laburragoa beharbada, eta ahaztu egiten zaigu hain egoera ilunean, gogorrean, beste estilo bateko eskola eredua ezarria zegoenean, andereño batzuek nola sortu zuten herriaren erraietatik eskola berria, herriz herri eraikitako ikastolak.
Halako garai zailetan hainbat lan egindako andereño haiek ereindako haziak, orduan txikia iruditu arren, lortu dute gaur egun gure inguruan ikus dezakegun fruitua.
Hazi horrek fruitu eder eta on asko eman ditu, zalantzarik gabe, baina ez ditu nahi adina eman. Asko falta da egiteko oraindik, Euskal Herriko ikasleriaren erdiak besterik ez baitu gure hizkuntzaren eta kulturaren ondarea jasotzen eskolaren bidez.
Tarteka, ona da gelditu eta egoera zailetan bidea abiarazi zuten haiek gogoratzea, egindako lana kontuan hartzea eta eskerrak ematea, jakinda inoiz ez diegula behar adinakoa emango.
Garai hartako prozesua oso interesgarria izan zen. Irakasleen gogoa eta pedagogo berriak ezagutzeko eta gurera egokitzeko egindako bidea, gurasoen inplikazioa eta lana, herritarren parte-hartzea, herriaren beharrei so egin eta sortzen ziren bitartekoekin erantzuten ahalegintzea eta abar ikusi genituen.
Denen artean lana egiteko estilo bat jarri zuten martxan, askok mantentzen, egokitzen eta  garatzen jakin dutena, beste askok, aldiz, ondorengo ibilbidean galdu egin dutena.
Gaur egun, Europatik datozen aire berriak garai haietan egiten zutena ekartzen digute gogora. Teknologia berriak garatu egin dira eta bitarteko berriekin lan egin dezakegu ikasleak bizitzarako prestatzeko. Baina, funtsean, informazioa bilatzean, ikertzean, taldean lana egiten ikastean, egunerokotasunean gertatzen diren egoerak aztertzean, eztabaidatzean eta ikuspegi kritikoa sortzean ari gara gaitasunak garatzen. Eta hori guztia ez al zuten egiten hasierako andereño “berri” haiek?
Inguruan gertatzen ari zenari adi zeunden,eta sentitzen zituzten beharrei erantzuten ahalegintzean, bide zuzena hartu zutela deritzogu.
Sakon ikertu beharko genuke andereño haiek erdal ikasleak euskalduntzeko erabiltzen zuten gertutasuna, goxotasuna, herri txiki baten partaide izatearen sentimenduaren transmisioa eta abar ongi ulertzeko.
Ona da, bestalde, Europatik datozen ildo nagusei jaramon egitea. Eta, garbi izan behar dugu herri bakoitzak bere lan egiteko estiloa behar duela. Eredu onak kontuan izatekoak dira, baina besterik gabe kopiatzea eta gurera ekartzea porroterako bideari alfonbra gorria jartzea litzateke, ezta?
Eskerrik asko egindako guztiagatik, andereño eta maisu maiteak!