Reggio Emiliako haur eskolak

Ikastaro honek Reggio Emiliara gerturatzeko aukera emango du. Hango 0-6 urteko haur eskoletako esperientzia erreferente da mundu osoan. 2005ean esperientzia hori ezagutzeko jardunaldiak antolatu zituen Hik Hasik Donostian. 2006ko urrian bidaia pedagogikoa egin zen Reggio Emiliara bertara. Ikastaro honek orain arte jasotako ezagutza eta informazioa sakontzeko balioko du. Helburu nagusia da Haur Hezkuntza hezitzaileek (0-3 eta 3-6 urte bitarte) eguneroko lanean hainbat hobekuntza egiteko hausnarketa gunea eskaintzea.

Horretarako hiru hizlari bilduko gara: Reggio Emiliatik Maddalena Tedeschi pedagogoa etorriko da, Iruñetik Alfredo Hoyuelos Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan doktorea eta Malaguzzi pedagogoari buruzko tesiaren egilea eta Ana Araujo Iruñeko Egunsenti Udal Haur Eskolako hezitzailea. Hirurak ere oso murgilduta eta lotuta gaude Reggio Emiliako lan egiteko moduarekin eta filosofiarekin, eta ikuspegi hirukoitzak aberastu egingo du parte-hartzaileei eskainiko zaiena. Hainbat gaitan sakontzearekin batera, parte-hartzaileek euren kezkak eta eguneroko lanarekin lotutako zalantzak argitzeko aukera paregabea izanen dute.

 

Proiektuak

Hasteko, Reggio Emilian proiektuen bidez lan egiten dutela aipatu behar da. Proiektuak eta programazioak ez dira gauza bera. Programazioa aurrez zehazten da haurrak lortu behar dituen helburuen eta horiek gauzatzeko egin behar dituen ekintzen bidez. Proiektua, aldiz, zehaztugabea da. Proiektuak edo haurraren eraikuntza eta ikasleak prozesuak nola garatuko diren aurrez jakitea ezinezkoa da. Gauzak horrela, desberdintasun horiek azalduko dira ikastaroan eta proiektu baten azalpenarekin argituko dira.

 

Dokumentazioa

Bigarren eguneko ardatza dokumentazioa izanen da. Dokumentazioa oinarrizko elementua da. Funtsezkoa da bai haurren eta bai helduen ikasketa prozesua ezagutzeko. 

Zer da dokumentazioa? Oharrak, irudiak, argazkiak, bideoak, haurrek egindako marrazkiak edo bestelako oharrak... Hau da, haurrak egiten dituzten galderak, egiten ari diren lanak eta kezkagarria den guztia ulertzen lagundu dezaketen elementu guztiak. Ez da helduak haurrari buruz egiten duen argazkia eta hori azpimarratzea garrantzitsua da. Helduak haurrarekin batera eraikitzen duen argazkia da, hau da, haurraren ikuspegia aintzat hartzen da. Nolabait esateko, eztabaida baten abiapuntu bihurtzen da dokumentazioa eta konbergentzia batera iristen da haurrak ere bere ikuspegia azaltzeko aukera duelako eta heldua berari buruz egiten ari den irudia ulertzeko. Beti haurren eta helduen artean partekatutako ekintza da. Dokumentazioak informazioa ematen du eta horrela helduak eta haurrak ardatz berean birkokatzeko balio du.

Beraz, partekatutako erlazio edo ikuspegia da eta gero lankideekin edo familiekin parteka daiteke. Hau da, haurren ikasketa prozesuari buruzko eztabaidarako oinarri izan daiteke. 

Alde batetik dokumentazioaren oinarri teorikoa azalduko da, eta bestetik ikasleen etxekoekin partekatzeko egunerokotasunean oinarritutako dokumentazioaren adibideak emango dira.

 

Espresio tailerra

Hirugarren egunean espresio tailerrari buruzko hausnarketa egingo da. Reggio Emiliako haur eskola bakoitzak tailer bat du bere taileristarekin. Malaguzzik sortu zuen figura da. Hark uste zuen pertsona bakoitzak bere ikuspuntua duela haurrak ikusteko, eta hezitzaileek, euren formazioaren eta deformazioaren ondorioz, haurra era zehatz batera ikusten dute. Horrenbestez, gurpil zoro batera iristen gara. Hori eragotzi behar zela zioen Malaguzzik, normaltasun gehiegi zegoela eskoletan eta hori apurtu egin behar zela. 

Horretarako, aldamenean beste norbait behar dugula ohartu zen, ikusten dugunaren beste ikuspegi bat emango digun norbait. Hortik sortu zuen tailerista. Esate baterako, hezitzaileek txoko bat diseinatzen dutenean funtzionaltasuna bilatzen diote (psikomotrizitatea lantzeko izango da, joko sinboliko batentzat, eraikuntza lantzeko…). Artistak, ordea, instalazio edo espazio gune moduan ikusten du.

Baina, gauza guztien gainetik, pedagogia bera hausteko sortzen da, hezitzaileei lana oztopatzeko beren planteamenduetan hain eskematikoak izan ez daitezen. 

Hezitzaileak eta taileristak elkarlanean jarduten dute.

 

Lehen Hezkuntzan jarraipena

Bestalde, Haur Hezkuntzak Lehen Hezkuntzarekin beharko lukeen jarraipenaz ere hitz egingo da. Izan ere, Reggio Emiliako esperientzia 0-6 urtera mugatzen da. Lehen Hezkuntzako zenbait ikastetxerekin harremanak eduki dituzte eta horren berri emango dute. 

Azkenik, ondorioetarako tartea ere egongo da.