Antzerkia

Hezkuntza prozesuan antzerkiak izan dezaken garrantzia handia da eta lantzen den tokian hala egiaztatzen dute. Gure ustez, hain baliagarria den bitartekoa ez da ia erabiltzen. Horren gabeziak hezkuntza aukera handiak galtzen dituela esatera garamatza.

Irizpide teorikoa izango al da gurea?

 Galdera horren erantzuna ezezkoa dela deritzogu, praktikan urte dezentetan frogatzeko bidea izan baitugu. Biok urte asko daramatzagu adin desberdineko haur eta gazteekin antzerkia lantzen eta garbi esan dezakegu hizkuntza lantzeko, espresioa garatzeko, harremanetarako, jendearen aurrean aritzeko, barruko beharrak eta indarrak kanporatzeko, norberaren psikoa askatzeko eta abar luzerako baliagarria dela.
Eskainiko dugun ikastarorako honako helburu hauek jarri
ditugu:
- Irakaskuntzako maila desberdinetan zer antzerki mota egin beharko litzatekeen ezagutzea.
- Oinarrizko antzezlanak eta materialak ezagutzea bakoitzak bere ikasleekin egiteko.
- Pertsonaien sormenetik abiatuz antzerkiko oinarrizko teknikak ikastea. Ikasleekin erabiltzeko joko eta teknika askotarikoak ezagutzea.
- Pertsonaiak sortu eta testuekin jolastuko dugu, gero bakoitzak bere ikasleekin lantzeko.
Helburu horiek lortzen laguntzeko hainbat teknika eta material erabiliko ditugu. Ikastaroa zeharo praktikoa izango denez, ikasleekin guk erabiltzen ditugun testuak, bitartekoak eta abar eskainiko ditugu. Taldekideek eskatuko dituzten beharrei erantzuten ahaleginduko gara. Horretarako, taldea txikia izateak eta bi irakasle aritzeak aukera eskaintzen du modu pertsonalizatuagoan aritzeko. Dena den, landuko ditugun eduki orokorragoak hauek izango dira besteen artean:
- Hainbat testuren lanketa.
- Antzerki teknikak ezagutu eta adin bakoitzean zer egitea komeniko litzatekeen ezagutu.
- Testuetan oinarritutako antzezlan txikiak egin.
- Inprobisazioetan oinarritutako antzezlan motzak gauzatu.
- Parte-hartzaileek ezagutzeko interesa duten teknikak landu (klown...).
Antzerkia lantzen Lehen hezkuntzako ikasleekin hasten bada ere, irakasleentzat egokia izan daiteke edozein adinetako haurrekin lanean arituta. Irakasleek haurren aurrean antzertu dezakete eta antzerkiaren mundua ezagutzeko lagungarria izango da ikasleentzat.

Hori guztia kontuan hartuz, honako metodologia hau proposatzen dugu:

- Ikastaroa guztiz praktikoa izango da.
- Gorputza berotzeko eta esnatzeko hainbat ariketa egingo dira; espazioarekin eta lagunekin harremanetan jartzeko jokoak; pilotarekin, espazioan ibiltzen, imitazioak, ahotsaren lanketa eta abar.
- Teknika atalean, berriz, animalietatik pertsonaietara iristeko ariketak, emozioen ariketak (barrea, beldurra, naturako elementuak eta antzezteko behar den energia aurkitzeko ariketak landuko dira).
Amaitzeko, gure esperientzia ikastaroan parte hartuko dutenen eskura jartzeko guztiz irekiak gaudela esan besterik ez.
Ea antzerki orduei probetxu ona ateratzen diogun denok.
Gozatzera goaz!