Idazketaren didaktika baterantz

Piagetar/vigotskiar konstruktibismotik planteatutako hizkuntza idatzia lantzeko proposamenak eta irakurketa-idazketa metodoen ikuspegia elkarren kontrako ikuspuntutzat hartu izan dira.

Piagetar/vigotskiar konstruktibismotik planteatutako hizkuntza idatzia lantzeko proposamenetan, idazkera, haurrak 7/8 urte dituenetik aurrera, umezurtz gelditzen da. Hau da, konstruktibismoak idazkera alfabetikora arteko eraikuntzaren deskribapena egin izan du eta estrategia didaktikoak badaude, baina idazkera alfabetikotik aurrerako ikerketak eta estrategia didaktikoak urriak eta lausoak dira (hitzen tarteak barneratzeko, letren loturak eraikitzeko…). 

Bestalde, esanahiaren alde eraikitzaileei soilik erreparatu diete, eta idazkeraren alde figuratiboaren eraikuntza (alde teknikoa, mekanikoa, periferikoa, formala, scriptio, kaligrafia…) airean gelditu da. Egile batzuek kontuan hartzen duten arren, proposamen zehatzik ez dut aurkitu. Teberosky-k2 dio (1993): 

(...) Garrantzitsua iruditzen zaigu hizkuntzaren ikasketa ikuspegi konstruktibotik planteatzea, baina alderdi figuratiboa ahaztu gabe. Eskolatzearen hasieran funtsezkoa da haurrek hizkuntza idatzia ikertzeko espazioa edukitzea (hizkuntza idatzia gehi idazkera sistema –edo idazkera-). Poliki-poliki modu konbentzionalean idatziz joango dira, hau da, modu alfabetikoan. Modu alfabetikoan idaztera iristen direnean, orduan hasi behar dugu, gure ikuspegiaren arabera, alderdi figuratiboei garrantzia ematen (ortografia, hitzen banaketa, grafia...). 

Idazketa metodoekiko ikuspuntu zabalago batean kokatu behar direla iruditzen zait, ez soilik kodearen, idazkeraren jabetzan. Hizkuntza idatziaren barruan, «akatsak» prozesu baten barruan ulertuz, mailakatzearen eta automatizatzearen filosofiarekin, baina fitxak «egin egiteagatik» horretan erori gabe. 

Konstruktibismoaren ildoari jarraitu edo idazketa metodoen filosofiari jarraitu, idazkerak plano, osagai… zenbait dituela eta horiek progresio, sistematizazio batean (ez denak aldi berean eta bi ikasturtetan) jorratu behar direla argi edukitzea erabakigarria iruditzen zait idazkera txukun eta arinak edukitzeko. 

Ikastaro honetan konstruktibismoa eta idazkera metodoetan idazkera kokatu ondoren, Haur eta Lehen Hezkuntzan zehar idazkera lanketaz arituko gara, bereziki lehen zikloan sakonduz. 1 eta 2. mailan idazkeraren plano desberdinak nola landu aztertuko dugu: hitzak bereizteko, letra larrietatik txikietarako urratsa emateko, letren arteko lotura gidatzeko… estrategia didaktikoak landuko dira. Hezitzaileak argi baldin badauka zein plano lantzen dabilen, ikasleari ere argi eskatuko dio zeri erreparatuz idatzi behar duen. Esate baterako, idazlan bat sortzen baldin badabiltza, “tatxoiak” normalak dira; esanahia eraikitzen baldin badabiltza, hitzen tarteak banandu gabe egotea itxaroteko modukoa da; letren arteko lotura bat-batean lortzea ia ezinezkoa da… etab.