Adimen emozionala-umorea

Ongi etorriak:

Denok dakigunez, edozein ikastarotan, ongi pasatzeaz gain, hainbat tresna praktiko eskuratu nahi izaten ditugu. Horixe izango da gure helburua ere! Kasu honetan zein tresna praktiko eskuratuko dugu? Bada, umorea! 

Eta zertarako? Bada, hezteko tresna, hazteko tresna eta bizitzeko tresna delako.

Batzuetan umorerik ez dugula pentsatzen dugu, baina denok daukagu geure umorea: serioa, barrezalea, sakona, isekaria, inuxentea ... 

Horrez gain, umorea ikasi egiten da, eta ikasi egin behar da: tresnaz gain, egunero bizitzeko filosofia da, eta ikusiko dugunez, bizitza arintzeko, edertzeko eta gozatzeko modu egokia da. 

Nola landuko dugu gai hau? Bada, modu dibertigarrian. 

Beharko dugun teoria ikusiko dugu, noski, baina denbora gehiena jokoak eta dinamikak egiten igaroko dugu, noski. Gure lanean zerbait erabili behar badugu, hoberena aurretik guk geuk probatzea da! 

Partaide bakoitzak joko zerrenda luze bat eskuratuko du, baina horrez gain, eta garrantzitsuagoa dena, joko bakoitzaren nondik norakoa ezagutuko du: helburuak, metodoa, prestakuntza, materiala, dinamizatzailearen jokaera... 

Zein da ekarri behar den materiala? Arropa erosoa, urtean zehar jaso ditugun tentsioak kentzeko gogoa, eta, nola ez, irribarrea beti prest!