Harreman afektiboen garrantzia lehen adinean

Gizartea aldatzen ari da, eta aldaketa horrekin batera, eskola eta irakaskuntza bera ere aldatzen ari zaizkigu. Aldaketa horien eraginez, irakasleok gure burua birkokatu beharra dugu. Egun, ikaskuntzaren alderdi akademikoa lantzea ez da nahikoa, eta gero eta argiago ageri da alderdi emozionala eta afektiboa akademikoa bezain garrantzitsuak direla ikasle eta irakasleen ongizatearen etorkizunerako… Baina nola landu alderdi horiek guztiak, ordea?

Tamalez, ez dago errezeta magikorik, baina zeregin honetan oso lagungarria izango zaigu zenbait teoria edo ikuspuntu aztertzea. Haurrekin harreman afektiboak lantzen lagunduko diguten zenbait puntu aztertuko ditugu, hala nola: 

- Giza Izate Sexuala: sexua edo sexuaketa prozesua, sexualitatea, erotika eta amatoria. Gizakien arteko harremanak sortzeko beharrezkoak diren afektu eta emozioen garrantzia. Sexualitateaz hainbat eta hainbat gauza entzun, irakurri eta esaten dugu. Denok daukagu gai horretaz zer esana eta zer bizia. Baina askotan, beti ez bada ere, bakoitzak berarekiko esaten duena edota lagun artean komentatzen dena kontraesanean agertzen da gizarteko iritzi orokorrarekin edo, hobeto esanda, gizartean etengabe iritzia sortzen eta garatzen ari diren eragileekin, eta konkretuki, komunikazio eta publizitate sare boteretsuekin; nahiz eta beste askotan, zoritxarrez, eragile horien jokoan jausi. 

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa iruditzen zaigu Giza Izate Sexualari edota gizakion sexualitatateari buruzko ikuspegi zientifikoa eta gaurkotua eraikitzea, bai gizarteko eredu hegemonikoei aurre egiteko eta baita gure ikasleen erotika, afektu eta sentimenduak lantzen eta garatzen hasteko ere. Horretarako, Efigenio Amezuak 80ko hamarkadan giza sexualitateari buruz egindako oinarrizko eredua landuko dugu, eta baita gai horretaz azken urteetan egin diren ekarpen esanguratsuenak ere. 

- Atxikimendu edo lokarri seguruaren eraikuntza: atxikimendua (lokarria) haurrak zenbait pertsonarekin egiten duen afektuzko lotura gisa. Atxikimendua jaiotzez sortzen den jokaera da, haurrak bere zainketa eragiteko hainbat gaitasun eta ahalmen eraikitzeko prozesua. Pertsona batzuekin egiten den lotura afektibo hori era seguruan eraikitzea garrantzitsua da, eragina izango baitu haurrak etorkizunean izango dituen harremanetan eta bizi kalitatean. Atxikimendu segurua duten haurrek besteekiko konfiantzazko harremanak sortzen dituzte, beraien burua baloratzen dute eta besteen maitasuna sustatzeko ahalmena dute. Ondorioz, eragin zuzena du, besteak beste, gizakiaren nortasunean zein autoestimuan. 

- Hasieran atxikimendua pertsona batekin izateko joera badago, gerora ez da pertsona bakar batekikoa izaten. Haurrarentzat aberatsa da atxikimendu irudi anitz edukitzea: ama, aita, aitona-amonak, osaba-izebak... baita irakaslea ere. Ondorioz, bai haurraren garapen egokia sortzeko, bai eta haren irakasleak gusturago lan egiteko ere, irakaslearentzat garrantzitsua da atxikimendua nola eraikitzen den eta zein faktore diren garrantzitsuak aztertzea. Aipatutakoa kontuan hartuz, ikastaro honetan atxikimendu segurua sortzeko, irakasleak lokarria nola eraiki behar duen eta atxikimendu figura izateko zer orientabide dauden aztertuko ditugu: gorputz jarrerak, komunikazioa, eskuragarritasuna, mugarik gabeko maitasuna... 

- Atxikimendu sendoa edukitzeak haurra emozionalki seguru sentitzeko giroa sorrarazten du, eta hori haurraren mundu emozionalean sartzeko lehen pausoa da. Gaur egun argi geratzen da emozionalki gai den haurrak ongizate afektibo eta sozial handiagoa sentitzeaz gain, arrakasta handiagoa duela bai eskolan eta bai ondorengo eremu profesionalean. Bestalde, haurrek gaur egun ordu asko pasatzen dutenez eskolan, askotariko emozioak bizi eta esperimentatzeko aukera dute. Gelan heziketa emozionala lantzeak abantaila asko sortzen ditu: batetik, haurrari bere garapen emozionalean laguntzen dio, baina, bestetik, giroa ere hobetzen du. Ondorioz, irakaslea ere gusturago dago bere lanean. Horrela, irakasleak gelan heziketa emozionala lantzeko zer egin dezakeen aztertuko dugu; alegia, emozio, sentimendu eta afektuak modu burutsuan erabiltzeko behar diren gaitasun edo ahalmenak aztertuko ditugu: 

* Emozio, sentimendu eta afektuak modu burutsuan erabiltzeko behar diren gaitasun edo ahalmenak: emozioen kontzientzia hartzea, sentitzen duena izendatzen jakitea. Emozioak onartu eta ulertu, norberarenak eta besteenak. 

* Enpatia: besteen emozioen kontzientzia hartzea. Enpatiak laguntza sustatzen du eta pertsonen arteko harremanak aberasteaz gain, erasoaren inhibitzailea da. 

* Mugak: emozio guztiak dira zilegi, baina horrek ez du edozein jokabide jorratzeko eskubiderik ematen, ezin baita edozer gauza egin. Espresio arauak ezagutzea eta errespetatzea ezinbesteko izango dugu. 

* Emozioak erregulatzea. Horien intentsitate eta iraupena erregulatzea: modulatzeko mekanismoak. 

- Pertsonaren identitatearen eraikuntza: estereotipoak eta rolak. Sexuen arteko edertasun estereotipoak eta horietako bakoitzak jokatu duen rola ez dira beti bera izan, denboraren poderioz eta interes zehatz batzuen arabera aldatuz joan dira. Zein da, ordea, pertsonaren identitatearen eraikuntza prozesuan faktore horiek egun duten eragina? Are gehiago, zer bilatzen ote dute? 

Galdera horien erantzuna bilatzeko zenbait puntu aztertzea ezinbestekoa zaigu. Horretarako, saioaren hasieran gure ingurune hurbilean gertatzen dena aztertuko dugu. Norberaren esperientziatik abiatuz haurren rolak eta gizarte honen estereotipo esanguratsuenak arakatuko ditugu; ondoren, horren guztiaren aurrean irakasle gisa “diferentzien berdintasuna” deituriko proposamenean hezi ahal izateko zer egin dezakegun landuko dugu. Neskato ala mutikoaren binomio mugatzailea gaindituz, erabakigarria izango dena kontuan hartuz, pertsonaren alderdi intrapertsonala eta interpertsonala garatzeko orientabideak eskainiko ditugu. 

Zutabe horietatik abiatuz, irakasleok gelan haurrekin eta baita haurrek beraien artean ere harreman eta bizikidetza egoki zein gustukoak lortzeko egin dezakeguna aztertuko dugu, betiere metodologia aktiboaren laguntzaz (talde txikietan, talde handian…) eta partaide guztien arteko esperientziak eta elkarrizketa ardatz hartuta.