Ahotsaren erabilpen egokia

Gaur egun, zenbait ikerketaren arabera, irakasleen % 62k ahots arazoak dituela esan dezakegu. Kopuru horretan arazo organiko bat duten eta bestelako sintomatologia dutenen arteko bereizketa egin behar da. Horien artean, % 20k ahots kordetan hainbat patologia ditu, baina beste % 42k disfonia funtzionala du. Hau da, ahots kordetan ez dute gaitzik, baina ahots desegokiaren zenbait sintoma sentitu dituzte.

Ahots arazoen ondorioz baja kopuru gehien hartzen duen lantaldea da irakasleena.

Bi hitzetan laburbiltzeko, arazo horiek arrazoi hauengatik sor daitezke: 

- Ahotsaren gehiegizko erabilera (abusua): asko hitz egitea, oihu egitea, eztula... 

- Ahotsaren erabilera desegokia: intentsitate edo tonu desegokian hitz egitea, arnasketa ez ondo koordinatzea… 

Beraz, irakasleek ahotsarekin zerikusia duten arazoak badituztela baiezta dezakegu. Gure ahotsa nekatzea eta ahots esfortzu handia egitea honako egoera hauen ondorioz izaten da: haur kopuru handia duten taldeen aurrean hitz egiteagatik, talde zaratatsuak izateagatik, arnasketa egokiaren kontzientzia ez edukitzeagatik, segidan ordu gehiegiz hitz egiteagatik, intentsitatea ez kontrolatzeagatik…

Komeni zaiguna zera da: ahots esfortzua gutxitzea eta ahotsak dituen aukera zabal guztiak barneratzea. Eta horretarako, ahots teknika egokia erabiltzea interesatzen zaigu.

Lehenik eta behin, ahots hitz eginaren erabileraren oinarri bat izatea lortu nahi dugu. Nola lortuko dugu teknika egokia, ez badakigu ahotsa zer den eta nola lortzen den edo ez baditugu ahotsaren ezaugarri nagusiak ezagutzen? 

Ezin dugu gure ahotsaren kontrol egokia eduki, ez badakigu intentsitatea zer den, eta nola kontrola dezakegun ez badugu ikasten… Gauza bera gertatzen da ahoskatzeaz, erritmoaz, elkarrizketarako ohiko tonuaz edo ahotsaren proiekzioaz aritzen bagara.

Bestalde, norberak bere ahotsa ezagutzeak ere garrantzi handia du, norberaren ahotsa noraino irits daitekeen eta egoera bakoitzean ahotsaren erabilerak nolakoa behar duen izan jakiteko. 

Pertsona bakoitzak bere ahotsa du, eta ahots horrek ezaugarri berezi batzuk ditu. Tinbreak, tonuak eta intentsitateak ematen diote bakoitzaren ahotsari identitatea. Horietako batek huts egiten badu, honako ondorio hauek dakartza: 

- Hitz egitean haize hotsa entzutea. 

- Intentsitate baxuan ahotsa ateratzeko zailtasunak edukitzea. 

- Eguna bukatzean ahotsa nekatuta sentitzea. 

- Ahotsa indarrik gabe edukitzea. 

- Hitz egitean ahotsa puskatzea. 

- Eztarrian zerbait arraroa sentitzea (presioa, bola bat…). 

Sintoma horiek guztiak norberaren gorputzean bereizten eta ahal den neurrian saihesten ikasiko dugu. 

Bereziki, azken urte hauetan ahots arazoek eta disfoniak haurrengan izan duten gorakada nabarmena aipatu nahi nuke. Horretan inguruko giroak, zaratak, imitazioak… eragin handia izan du. Hori dela eta, irakasleak nola jokatu jakin behar du: jolas garaietan eta gela barruan ahotsa kontrolatu, norberak ahotsa egoki erabili haurrek eredu izan dezaten saiatuz… 

Gaur egun irakasleengan sortzen diren patologia ezagunenak ere landuko ditugu:

laringitisak, noduluak, polipoak, edemak, korditisak, banden hipertonia…

Ikastaro honetan ahotsa egoki erabiltzen ikasiko dugu, praktika eginez. Honako hauek izango dira landuko ditugun atal nagusiak: 

- Arnasketa egokia nolakoa den ikasiko dugu. Diafragmaren mugimendua eta euskarria, fonazio denborak nola luzatu, zer egin airerik gabe ez gelditzeko, botatzen dugun airea nola erregulatu… 

- Erlaxazioa: tentsio muskularrak gutxitzen saiatuko gara, lepo eta sorbaldako erlaxazioaz gain, orokorra ere egingo dugu. 

Hitz egiteko orduan postura egokia mantentzeak duen garrantzia ere ikasiko dugu. Horrek guztiak airea urdailetik bultzatzea errazten digu. Presio gehiago lortzen dugu eta airea hobeto aprobetxa dezakegu. 

- Artikulazio eta erresonantzia egokia erabiltzen badugu, ahotsa esfortzurik gabe eta era lasaian aterako zaigu. Horrela, intentsitate egokian, ondo ahoskatuz eta erritmo egokian hitz egiten eta ahotsaren proiekzio egokia lortzen ikasiko dugu. 

- Prebentzio neurriak: inguruko zarata ahal den eta baxuena izatea, ez erretzea, hidratazio maila ona mantentzea… Eta gure ahalmenaren gainetik ez hitz egiten, ahots baliabideak ondo erabiltzen, gehiegizko oihuak saihesten, eztula ez egiten saiatzen... ikasiko dugu. 

- Azkenik, ikasi duguna eguneroko ahots hitz eginean aplikatuko dugu. Ikasgai bat ahoz aurkezten, irakurtzen, haur kantak abesten, ipuinak kontatzen… 

Azken finean, eguneroko eginbeharretan ahotsa ahal den eta erarik erlaxatuenean eta nekerik gabe erabiltzen ikastea izango da gure helburu nagusia.