Denon parte-hartzearekin eta elkarlanarekin ziur guztiok bukatuko dugula gustura

Konturatzerako urtea pasa da eta hemen gaude, VIII. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoen atarian. Ilusio eta gogo berrituarekin ekiten diogu urtero ikastaroak antolatzeari, bai baitakigu asko eta asko zaretela horren esperoan zaudetenak eta guk adinako ilusio eta gogoa jartzen duzuela zuek ere zeuon etengabeko prestakuntza hobetzeko.

Jakin badakigu prestakuntza horrek kolore askotarikoa izan behar duela, denon beharrak eta interesak ere hala baitira. Urteek aurrera egin ahala, gero eta nabarmenagoa da Informazio eta Teknologia Berrien erabilpena gehitzen ari dela eskoletan. Aurten horri lotutako sekula baino ikastaro gehiago eskaini ditugu eta denek izan dute erantzun ona. IKTak arkatza eta arbela bezain garrantzitsuak bihurtzen ari diren seinale. 

Hizkuntza informatikoarekin batera, gure betiko komunikazio hizkuntza ere hor daukagu. Horri ere garrantzi berezia eman ohi diogu topaketetan, beti baitago zer landua, zer eztabaidatua eta zer ikasia. Horren adibide dira aurten eskainitako ikastaroak: ahozkotasuna lantzeko bata, bigarren hizkuntzaren jabekuntza eta ikas-irakaskuntzaz eztabaidatzeko bestea, idazketaren didaktikari lotua hirugarrena eta ongi idazten irakasteko pautei bideratua laugarrena. 

Espresioarekin zerikusia duten ikastaro sorta ere oparoa da, urtero legez: musika, dantza, antzerkia, masajeak, eskulanak, psikomotrizitatea... Uda garai honetan eta ikasturteko lan astunak arintzeko-edo, asko estimatzen dira horrelako saio mugituak eta atseginak. Bidez batez, heziketarako garrantzitsuak diren alderdiak jorratzeko aukera emten dute. 

Bada garrantzitsua iruditzen zaigun beste alderdi bat ere: sormena. Hainbat eta hainbat ikastetxetako hezkuntza proiektutan agertzen da haur eta gazte sortzaileak heztea dela xedeetako bat. Horregatik iruditu zaigu interesgarria heziketa sortzaileari buruzko ikastaroa eskaintzea. Baina ez da aurrera atera, ez aurten eta ez iaz. Kezkagarria ote? Arduratzekoa? Normala? Gu behintzat ez gaitu axolagabe utzi. 

Beste apustu bat Reggio Emiliako ikastaroa izan da aurten. 2005ean bertako haur eskolen esperientzia ezagutzeko jardunaldiak antolatu genituen. 2006ko urrian bidaia pedagogikoa antolatu genuen hara. Han ikasitakoari jarraipena ematera dator ikastaro hau. Ez da Reggio Emiliako pedagogoekin izango dugun lehen kontaktua, hasitako harreman eta elkarlanaren jarraipena baizik. 

Topaketak beraiek bezalaxe. Zortzigarren edizioa izango da aurtengoa. Zortzigarren aldi honetan ere ziur gaude denon parte-hartzearekin eta elkarlanarekin gustura bukatuko dugula guztiok.