Obedientzia

Urduña, 1950.

Egia esan, txirrinak jo orduko jartzen ginen ateari begira. Txirrinak noiz joko zain ematen genituen azken minutuak, maisuari kasurik egin gabe, liburuak eta koadernoak bilduta, erlojuari so egin eta pupitreen artean zutik, korrika abiatzeko prest. 

-Hemendik ez da inor altxatuko harik eta txirrinak jo arte! –esan zuen maisuak, bezperako irten-behar eta arrapaladagatik oso haserre. 

Ateari begira geratu ginen. Baina txirrinak ez zuen funtzionatu egun hartan eta bertan geratu ginen. Eguraldi hotz, ilun eta edergarririk gabea egiten zuen.

Ordua pasatu zen eta ez genuen txirrina entzun. Kanpora joateko gogoa genuen, baina ez ginen jaikitzen ausartu, eta harri isiltasunez geratu ginen zain luzaroan, bakoitza bere ikasmahaian, ateari eta leihoari begira. Txirrina apurtuko zen, beharbada. Obedientzia zentzua barruan genuen. Maisuak Filosofia lezioa azaltzen jarraitu zuen, harik eta boza laztu zitzaion arte. 

Maisua isildu zenean ere ez ginen irten, eta hala luzatu zen klasea egunetan, astetan, hilabetetan, urtetan. Maisuak burua lantzean behin altxatu eta, bere nekaduratik, Filosofia lezio zatiren bat azaltzen zuen. Guk ez genion jaramonik egiten, baina han egoten ginen, koadernoak besapean, pupitreen kontra jarririk, gure erloju zaharrei giltza ematen. 

Txirrina apurtu bazen, ez dute egundo konpondu, memoriaren sakonean galdu zaigu haren soinua, umetako sasoi lausoan. Hogeita hamazazpi urte pasatu dira eta hementxe gaude oraindik, ateari begira, txirrinak noiz joko duen zain. Maisua hil da, baina ez da entzun txirrinik. 

Ia ez dugu solasik egiten gure artean, mututasun triste hori urratuz gero hatz erakusleak ikusiko ditu ezpainetan, isiltzeko agintzen. Ulertezina da baina, hainbeste denbora elkarrekin pasatu arren, ez dugu batak bestearen konfiantzarik irabazi. 

-Uste duzu egundo amaituko dela klase hau? –galdetu diot Edurneri ahapeka.

Bera ere luzetsirik dago, ilea urdindu zaio. Jadanik atsoa da, baina ume-zalantza igartzen zaio zoritxar handiaren aurrean. 

-Ez dakit –dio Edurnek. 

Hatz erakusleak ezpainetan, isiltzeko agintzen. Antzinako kutsua du denak ikasgela itxian, isiltasunak areagotzen duena eta maisuaren hezurdurak.•