Hiztun neurketak: adierazle eta akuilu

Iritsi gara ikasturtearen azken hondarretara. Luze zirudienak eman du berea. Garaitsu honetan ematen diogunez erreparatu bat egindako bideari, eta aldi berean egiten dugunez baita, datorrenari buruzko lehen aurreikuspena ere, beharrezko irizten diogu kezkatzen gaituen hizkuntzaren erabilerak zein bilakaera izan duen ezagutzeari.

Asko dira ikasturtean zehar abian jartze ditugun ekimenak, zenbateraino eragiten dugu baina, horien bitartez haur eta gazteen hizkuntz portaeran? Hiztun neurketarik egin ezean, ezinezkoa izango dugu erantzutea. Hizkuntza Normalkuntzako plangintzaren eraginkortasuna ezin izango dugu neurtu aurrez ezarritako ebaluazio adierazle zenbait izan ezean.

Gaurkoan hiztun neurketak hartuko ditugu gure esku-hartzearen adierazle kuantitatibotzat. Modu jakin eta helburu zehatzez eta aldi berean erregulartasunez burututako neurketek baino, ez digute balioko gure helburua lortzeko, hots: normalkuntza plangintza abian jarritakoan zein erabilera genuen eta horrek urtez urte zein bilakaera izan duen zehaztasunez jakitea.

Hiztun neurketak modu diferentez egin litezke, bada ordea, edozein neurketa burutu aurretik aintzat hartzea komeni zaigun zenbait alde: ikasleak harreman librean ari direnean duten jokamoldea arakatzea (irakaslearen eraginpean ez direnean), eurak ez jakitun izatea, neurketak oharkabean burutzea, alegia, neurgarria den unibertsoaren erdia behintzat neurtzea eta neurketa horiek erregularki egitea urtean bitan edo, eta urtez urte. Eta zalantzarik gabe, urtez urteko bataz bestekoen erregistro zehatza eramatea. Beste zenbait alderdi, neurketa burutzen dutenen helburu zehatzen arabera, aldakorrak izan daitezke: neurtuko diren guneak (sarrera-irteerak, jolasaldiak, eskola orduz kanpoko kirolak,…), adin tarteak nola zehaztu (urteka, zikloka, etapaka), neska-mutilen arteko bereizketa egitea,…

Hiztun kontaketa egiteko moduari buruz zehaztasun handirik emateko tarterik ez dugu hemen baina, labur bada ere, esan dezagun bi modu orokor badirela. Bata elkarrizketa kopuruak zenbatzea, zehaztuz zenbat neska eta zenbat mutil ari diren euskaraz eta gaztelaniaz eta bestea hiztun kopuruak soilik biltzea, genero bereizketarik egin gabe.

Hiztun kontaketa hauek unibertso osoan ez ezik, talde kualitatiboki bereziagoetan ere egin litezke. Demagun, lagun taldeka egiten ditugula, kasu honetan datu bilketa zaildu egiten zaigu baina emaitzei eman dakiekeen erabilgarritasuna areagotu. Esku-hartzea bera ere zehatzagoa ahalbidetzen baitigu.

Dena den, hiztun neurketak mintzagramak eginaz ere burutu litezke. Teknika honek baditu bere alde-kontrak. Norberak aukeratzen duenez norekin (gelako, lagun taldeko,…) egiten duen nagusiki gaztelaniaz eta norekin nagusiki euskaraz datuak ez dira objektiboak, baina jasotzen dugun informaziotik euskal/erdal hiztun aktiboak/pasiboak nor diren ezagutzeko aukera ematen digu eta baita hiztun isolatuak ere. Era honetara, mintzagrama aplikatu dugun talde horrekiko esku-hartze anitzak bidera ditzakegu euren arteko harreman sarea zer-nola egituratuta dagoen ezagutzeko parada ematen baitigu eta konpromiso esanguratsuak harrarazteko bidea jorratzen lagun diezaguke.

Bukatzeko, aipa dezagun hiztun neurketak egite hutsak ez duela errealitate linguistikorik aldatzen. Honenbestez, dugun erabilera erreala ezagutzen laguntzen digu eta garatzen dugun plangintzaren eraginkortasuna neurtzen. Horretaz gainera, beste etekinen bat ere atera dakieke: ikasleen (irakasleen arteko eskola esparruko harreman libreak ere bide beretik neur litezke!) artean ezagutaraziz hausnarketak bideratzeko aitzakia polita izan ohi dira eta baita konpromisoak hartzeko abiapuntua ere. Beti ere, hurrengo ikasturteko lan ildoa zein izan litekeen finkatzen lagunduko digu.