Hizkuntzen irakaskuntza iritsi berriekin

Etorri berriek gure gizartean parte har dezaten eta gurekin batera integra daitezen, guri dagokigu –harrera gizartea garen aldetik– ahaleginik handiena egitea. Argi izan behar dugu egoera honek erantzun orokorra eskatzen duela, hau da, eremu sozio-ekonomiko eta, batez ere, politikoan neurri sendoak perspektibaz hartzea. Ahalegin hori ezinbestekoa da gure gizartean bazterketa-poltsak eta desberdintasun sozial handia nahi ez baditugu; etorkizunean gizarte kohesionatua izan nahi badugu, kanpotik etorritakoei eurena ere baden (edo izango den) gizarteko partaide direla sentiarazi behar diegu. Bestalde, bertan erroak dauzkagunok argi ulertu behar dugu etorkizuna elkarrekikoa izango dela, edo ez dela inorentzat etorkizun onik izango.

Elkar zenbat eta hobeto ezagutu, zenbat eta ezaugarri gehiago partekatu, orduan eta errazagoa izango da elkarbizitza, areago hizkuntza bera hitz egiten badute; eta denon artean eraikiko dugun gizartea, orekatuagoa. Pentsatu behar dugu gaur eskolara datozkigun haurrak hemendik 10 edo 20 urtera herri honetako hiritar helduak izango direla, beren eskubide sozial guztiak aktiboki erabili ahal izango dituzten hiritarrak, herri honen eraikuntzan parte-hartze aktiboa izango dutenak.

Zeregin honetan eskolaren papera ezinbestekoa da. Izan ere, gure artean eskola da haurrak eta haien familiak sozializatzeko tokirik garrantzitsuena. Eta nahiz eta askotan ez den erraza izango, interes handikoa eta zirraragarria izango da. Aukera honek XXI. mendeko gizartean bizitzeko tresnak emango dizkigu.

Eskoletan ikasle berrien sarrerak ezustean harrapatu gaitu. Orain ere, orientabide eta laguntza handirik jaso gabe, lehen erantzunak ematea egokitu zaie ikastetxeei. Irakasle taldeetan tentsioak sortu dira, eta ulertzekoa da, inork ez baitigu irakatsi, ez baikaituzte prestatu beste herrialde, kultura eta hizkuntzetako ikasleekin lan egiteko. Horrek agerian utzi ditu aldez aurretik genituen kontraesanak eta ahuleziak, eta gure segurtasun ezak areagotu ditu.

Ikastetxeetan ere badira hainbat irakasle ahalegin handia egiten ari direnak ikasle horiek eskolatze ona eta probetxuzkoa izan dezaten. Helburu hori lortzeko lanetan Hizkuntza Indartzeko Irakasleak (HIPI irakasleak) dira, batik bat, aitzindari; ikusi besterik ez dago zenbat eta zein irakasle biltzen diren, ikasi nahian, antolatzen diren jardunaldi, ikastaro eta mintegietan.

Foro horietan irakasleon kezka gehienak hizkuntzen irakaskuntzaren inguruan agertzen dira. Izan ere, badirudi ados gaudela denok premiazkoa dela honako galdera hauei erantzutea: zein hizkuntzari eman lehentasuna, nola irakatsi curriculuma hizkuntza berri batean, nola integratu gelan eskolako hizkuntza ez dakien ikasle bat... Irakasleei lan zaila egokitzen ari zaie, ikasle iritsi berrien ikasketak antolatu behar baitituzte, jakin gabe nola bidera daitezkeen, oraindik gure artean eredurik ez dugulako.

Gero eta ikasle etorkin gehiago izango ditugu ikastetxeetan, baina oraindik garaiz gaude hausnartzeko eta planak ondo diseinatzeko. Horretarako, agian –ez baikara hutsetik abiatzen– baliagarria izan daiteke gure sistema elebidunean arrakasta izan duten praktikak kontuan hartzea eta oraindik errotuta dauzkagun hainbat planteamendu oker baztertzea. Beharrezkoa dugu gogoeta sendo egitea. Helburu horrekin ekarpen bat -txikia baino ez bada ere- egin nahi dugu dokumentu honen bidez.

 

Ikastetxean ikasleekin lortu beharreko helburuak

Gainerako ikasleekin bezala, etorri berriei dagokienez ere bi helburu nagusi hartu behar dira kontuan eskolatze prozesua aurrera eramateko:

Haien sozializazio ona lortzea: ikasleek harreman zabalak izan ditzaten, harremanotan eroso senti daitezen, euren hazkuntza ahalik eta harmonikoena lortzeko eta eskolako zereginetan arduradun eta partaide sentitzeko, haien jatorria onartzeaz eta estimatzeaz gain, eskolak bertakotzeko bideak eta ezagutzak eman behar dizkie. Izan ere, ikasleen hazkuntza emozionalaz, etikoaz eta sozialaz arduratu behar du eskolak. Zentzu horretan, bere autoestimua zaintzea ere helburu nagusiarekin lotuta dago: horren barruan jatorrizko kultura eta ezagutzei zor zaien aitortza eta begirunea daude.

Haien eskola arrakasta lortzea: gizarteratzeko egoerarik onenean egon daitezen, ikasleek euren ahalmenak ahalik eta gehien garatzea da eskolak duen beste helburu nagusia. Horrek zerikusi handia dauka eskolaren izaera eta itun sozialarekin. Gizarte demokratikoetan prestakuntza akademikoa da talde sozialen arteko mugikortasuna eta berdintasunerako aukerarik handiena ematen dituen mekanismoa. Eskolak arlo horren giltza eta erantzukizuna ditu.

Familia etorkinen seme-alabek gizarte honetako funtzionamenduaren nondik norakoak ezagutzen ez dituztenez, zenbait gauza ulertzeko, zenbait jokabide egoki izateko, ahuleziak izaten dituzte. Gure funtzionamendu sozialaren nondik norakoaz ez dute ezagumendurik, eta ezta segurtasunik ere. Ez dute, ezta ere, bertan erroak dituen edonork daukan lagun eta familiartekoen sare zabala. Kanpotik etorrita, bere talde soziala herri beretik etorritakoen taldea da gehienetan; talde txikia eta isolatua, maiz.

Eskolak badu zereginik taldeen arteko harremanak posible egiteko, bertan jaiotakoen eta etorri berrien artean zubiak eraikitzeko. Era berean, eskolak erantzukizun handia dauka horien seme-alaben ikasketen arrakastan. Arlo horretan bere konpromisoa ezin daiteke azalekoa izan.

Helburuok bete daitezen, gizartean diren hizkuntzak menderatzea ezinbesteko da. Hizkuntza horiek, ordea, sozializazio horren ondorioa dira, ez baldintza.

Hizkuntzen irakaskuntzan kontuan hartzeko alderdi batzuk

Gure eskolak badaki zer den etxeko hizkuntza ez den hizkuntza batean i(ra)kastea. Hainbat urtean erdaldun elebakarrak euskaldundu ditu murgiltze ereduan (modelo de inmersión). Baina adituak aspalditik esaten ari dira egungo etorkinak gehienetan azpiratze ereduan (modelo de submersión) eskolatuta daudela; eta horren ondorioz, eskola porrota gerta daiteke. Murgiltze programen berezitasuna, hain zuzen ere, gehiengoaren hizkuntzaz hitz egiten duten ikasleek beste hizkuntza batez ikastea da. Azpiratze programetan, berriz, hizkuntza gutxituetako ikasleek gehiengoaren hizkuntzaz ikasten dute: testuinguru horretan beste hizkuntza bat dakarren haurrarentzat berea hizkuntza gutxitua da (inon lantzen ez dena, jatorrizko taldetik kanpo baliorik ez duena...). Bere jatorrizko herrialdean goi mailako estatusa duen hizkuntza baldin bada ere (arabiera, kasu), hemen hizkuntza gutxitua da, gaztelania Amerikako Estatu Batuetan hizkuntza gutxitua den moduan.

Zenbait haur etorri berri (EAEn % 30, gutxi gorabehera) ez dira gaztelaniadunak eta irakasleak ez dauka haiekin hitz egiteko komunikazio hizkuntzarik: ez die ulertzen beren eleaz hitz egiten dutenean, eta hori, irakasleak ikaslearen hizkuntza ez ulertzea, azpiratze eredu bihurtzeko faktore nagusia da. Arazo hori edozein eredutan gertatzen da (A eredua izan, B, D...), eta bere zailtasuna areagotu egiten da etorri berria haur nagusia izanda eta, are gehiago, berau ikasturtean zehar eskolatuz gero.

Orain arte ezagutu gabeko egoera horrek gure programak berriro aztertzeko eskatzen digu. Murgiltze programetan asko ikasi dugu azken 30 urteotan, baina aldi berean, hizkuntzen ikaskuntzari buruz hainbat uste oker ere zabaldu dira gure artean. Eskolaren erronka nagusietako bat da hizkuntza(k), ondo ikasteko, modu eraginkorrean irakastea. Zer hartu kontuan? Nola bideratu irakaskuntza? Beharrezkoa dirudi hainbat alderdiri buruz hausnarketa egitea eta orain arte ikasi duguna berrikustea.

Orain arte ikasi duguna

Murgiltze ereduetan lan egin izanak asko irakatsi digu hizkuntzen irakaskuntzari buruz; ez gara, beraz, hutsetik abiatzen. Gogora ditzagun egiaztatutako hainbat printzipio:

1.- Murgiltze ereduek frogatu dute bigarren hizkuntza bat ikasteko edukien bitartezko hezkuntza dela biderik eraginkorrena. Hizkuntza eta edukiak integratu egin behar dira, bata bestearekin batera ikasten baita. Hizkuntzaren lanketa eta edukiena aldi berean gertatzen dira. Indartze saioetan ere, curriculuma landuz, oinarrizko hiztegia, harremanetarako elementuak eta eskolarako behar diren eduki eta trebeziak ikasten dira. Hala ere, bien arteko oreka zaintzea komeni da, alegia, edukien aldetik ataza errazagoa den heinean, eskakizun handiagoko alderdi linguistikoak lantzea, eta alderantziz.

2.- Hizkuntza elkarrekintzan ikasten da, besteekiko harremanetan. Haurrek horrela ikasten dute lehen hizkuntza. Alabaina, batzuetan beste gela batean kokatzen ditugu –indartze gelan / laguntza gelan / harrera gelan / errefortzu gelan...–, eta han denbora luzea igarotzen dute. Paradoxa handia da ikasle berriak jatorrizko hiztunengandik banantzea. Gogoratu behar da, gainera, faktore afektiboek garrantzi handia dutela hizkuntzen ikaskuntzan. Hizkuntza berriaz mintzatzen diren lagunak izateak ikasteko gogoa eta aukerak bultzatzen ditu.

3.- Hizkuntza ikasteko interesa ez da berez sortzen eta, hortaz, ikasleengan hizkuntza ikasteko gogoa piztu behar da. Zentzugabekeria, sinplekeria edo erronka kognitiborik eza, konexio falta… ikaskuntzaren etsaiak dira ikasle guztientzat eta, logikoki, asperdura besterik bideratzen ez duen eskolako hizkuntza bera ere ez da interesgarri bihurtzen.Ikaskuntzaren eta irakaskuntzaren kalitatea honako honekin dago lotuta: ezagutzak ikasleentzat zentzua izan behar du, eta haratago joateko haien interesa piztu behar du (zerbait aurkitu, zerbait konpondu, zerbait hobeki ulertu, eraiki, aldatu, norberaren irudia hobetu…).

4.- Ama hizkuntzaren garrantzia azpimarratu behar da. Eskolak haurraren hizkuntza ez irakasteak gutxiespen soziala eta ikaslearen autoestimuaren galera ekar ditzake. Argi dago irakasleek ezin dituztela haurren hizkuntza guztiak ikasi eta irakatsi, baina neurriak jarri beharko dira abian azpiratze ereduaren ondorio negatiboenei aurre egiteko. Ikasleen hizkuntzek presentzia izan behar dute eskolan eta irakasleak horretarako erak bilatu beharko ditu.

Haurraren hizkuntzari estimua adierazi behar zaio: irakasleak hitz batzuk ikas ditzake, beste ikasleek ere berak dakien abestiren bat ikas eta kanta dezakete, haurren hizkuntzetan posterrak egin daitezke –ongi etorria emateko, zoriontzeko, agurtzeko...–. Bestalde, lehen hizkuntzan duen gaitasuna garatzeak bigarren hizkuntzaren ikaskuntzari biziki lagunduko dio. Familiari ere euren hizkuntza haurrarekin erabiltzen jarraitzeko aholkatu behar zaio, ahalik eta modu aberasgarrienean. Beraz, posible zaien neurrian, seme-alabei beren hizkuntzaz irakurtzen eta idazten ere irakats diezaietela.

5.- Haurraren eta familiaren motibazioa sustatzea eskolaren erronka da. Zenbait herri eta hiritan, kanpotik etorritakoek ez dute ulertuko beren haurrek zergatik ikasi behar duten kalean sarritan entzuten ez duten hizkuntza bat. Gizarte honetan euskara dela zenbait ateren giltza azaldu beharko zaie, alegia, herri honetan eta zentzu guztietan “bat gehiago” izan daitezen horrek duen garrantzia eta abantaila. Eskolak hori adierazteko ardura dauka, nahiz eta ardura ez den berea bakarrik. Zentzu horretan, familiarekin batera lan egin behar izaten du eskolak, gurasoek haurrari hizkuntza ikasten nola lagundu jakin dezaten. Beste alorretan bezala, hizkuntzaren arloan ere, eskolak familia “hezi” beharko du, haurraren arrakastan laguntze aldera.

6.- Ikaslearen hizkuntzaren ezaugarri nagusiak ezagutzeak irakasleari eta ikasleari ere lagun diezaieke. Jakituria honek interesagarria dirudi ikasleen oztopoei aurre egiteko eta, batez ere, jatorri desberdinetako haurrekin lan egiteko irakasleak beharrezkoa duen sentsibilitate linguistikoa areagotzeko. Adibidez, arabieraz hiru bokal daude, eta ez bost: horrek eragina du hiztun horiek bigarren hizkuntza bat ikasten dutenean. Izan ere, ama hizkuntza bakoitzak eragina izango du ikasleek ikasiko duten euskaran eta gazteleran, eta irakasleon sentsibilitate eta jakituria linguistikoak lagunduko die haurren oztopo horiek identifikatzen eta aurrera pausoak eman ditzaten laguntzeko bideak bilatzen.

Gure artean zabaldutako zenbait uste okerri erantzuteko asmoz

Egiaztatutako printzipioekin batera hainbat ideia oker zabaldu dira hizkuntzen irakaskuntzari buruz.

1.- Hizkuntzaren presentzia hutsak (“asko entzun”) ez dakar hizkuntza ikastea. Entzutea eta ulertzea ez dira sinonimoak. Izan ere, ulertzea da hizkuntzak eta testuinguruak adierazten dituzten edukiak eta euren arteko harremanak prozesatzea, alde kognitiboak egiten duen lana, hain zuzen. Ulertzeko ikasleak erne egoteko jarrera behar du (beraz, interesa), jasotakoa (input) interpretatu eta prozesatu behar du, ezagutza berria jakinaren gainean eraikitzeko estrategiak garatu behar ditu, etab.

Ez dira sinonimoak, halaber, asko entzutea eta hizkuntza horretan hitz egitea. Gela tradizionaletan ikasleek oso denbora gutxi daukate hitz egiteko, eta galdera itxiei eman behar diete erantzuna gehienetan. Entzunez ez da hitz egiten ikasten.

Elkarren arteko diskurtsoa da hizkuntza ikasteko testuingururik egokiena: elkarrizketa, non partaide guztiek berbazko ekarpenak egiten dituzten, nahiz eta partaidetza asimetrikoa den eta alderdi gatazkatsuak izan daitezkeen. Hor gertatzen diren negoziazio prozesuak lagungarriak dira ikaslearentzat. Testuinguru horietan garrantzitsuena jasotakoa edo inputa ulergarria izatea da, elkar ulertzeko. Jatorrizko hiztunak –irakasleak– ikasleen ulermena eta partaidetza errazteko hainbat estrategia erabiltzen ditu, eta garrantzitsuenak hizkuntza eta elkarrizketa moldaketak dira (errepikapena, birformulazioa, argitzeko eskakizuna, ulermenaren kontrola…). Tartean dauden beste hainbat faktorek ere (testuinguruan kokatzea, parte hartzeko benetako aukerak, konfiantza eta onespen giroa…) laguntzen diote ikasleari ulertzen eta hizkuntza berria gero eta hobeto erabiltzen.

Komeni da, beraz, irakasleak elkarrekintzarako aukerak eskaintzea ikasleei: irakaslearekin berarekin eta euren kideekin hitz egiteko aukera asko, eta askotarikoak. Hori egitea komeni da, kontua ez dela edozertaz hitz egitea ahaztu gabe; aitzitik, elkarrekintzaren ardatzak ataza –egiten ari dena– izan behar du. Eta noski, ataza horrek interesgarria izan behar du.

2.- Komunikazioa ez da irakasleok zaindu behar dugun alderdi bakarra, ikasleak gero eta hobeto komunikatzen ikastea ere bada helburua. Hizkuntza era egokian ikasteko eta ideiak koherenteki adierazi ahal izateko, gero eta zuzenago adierazten ikasi behar dute. Horretarako, hizkuntza erabiltzen den egoerari, edukiari eta formari buruzko hausnarketa bultzatu behar da ikasleengan, baina hori egiteko ez dago zertan itxaron ikasleek hizkuntza ondo jakin arte. Elkarrekintza testuinguru ezin hobea da feed-backa eskaintzeko: irakasleak eta ikasleek zenbait mekanismo eta estrategia erabil ditzakete beste hizkuntzetako ikasleengan akatsen eta formulazio arazoen kontzientzia sortzeko.

3.- Adituek argi seinalatzen dute hizkuntza menperatzeko ez dela nahikoa haurrek gaztelaniaz eta euskaraz oinarrizko trebetasunak lortzea, hau da, lagunartean “moldatzea”. Oinarrizko maila horrek ez du esan nahi haurrak eskolako hizkuntza menderatzen duenik, ezta eskolako edukiak lantzeko eta ikasteko gai denik ere. Ez dugu ahaztu behar horretarako urteak behar direla eta eskolak lan sistematikoa egin behar duela ikasleek hizkuntza gaitasun hori lor dezaten.

Ez da ahaztu behar, bestalde, eskolak, euskaraz gain, gaztelaniaz ere irakatsi behar duela. Kasu batzuetan haurrek eskolara iristerako gaztelaniaz jakiteak ez du esan nahi erregistro guztietan moldatzen direnik. Erregistro informaletako gaztelaniaz hitz egiten badute ere, hizkera formala ere ikasi behar dute, euskararekin gertatzen den bezala, hori ere zenbait gizarte esparrutan beharrezkoa da-eta. Etxetik gaztelaniaz ez dakitenekin egin beharko da ahalegina bereziki, ahozko solas erregistroaz gain, ahozko erabilera formalak eta erabilera idatzi guztiak ikasi behar izango baitituzte. Honetan, bai gaztelaniaz eta bai euskaraz, asko irakurri beharko dute. Irakurketen kalitatea eta kantitatea funtsezkoak dira, eta bereziki, beroietan eskainiko zaizkien laguntzak.

4.- Garrantzitsua da materialak adinari egokitutakoak izatea eta gelan landu behar duten curriculumarekin lotuta egotea. Testuak errazegiak badira (hizkuntza eta edukiari dagokionez) ez dute gatazka kognitiborik sortuko. Interesgarriak izateko ikasleak zerbait berria ulertzen edo sortzen ari dela sentitu behar du, oztoporen bat gainditzen duela.

Egokitutako materialekin kontuz ibili behar da; batzuetan haurrei euren adinarekin bat ez datozen edo trataera egokitua ez duten gaiak ematen zaizkie (adibidez, 12 urteko ikasle bati haur txikien ipuinak ematea, edota azalpen eta ariketa sinpleegiak): jokabide horrek eragin gaiztoa izan dezake beraien ikaskizun eta garapenean, eta euren buruaren estimuan.

Materialek garrantzi handia dutenez, ondo begiratu behar zaie beroien alde ikonikoari eta alde linguistikoari, betiere, helburu bikoitzarekin; ikasleen ulergarritasuna erraztea eta euren ahalmen intelektualak ez gutxiestea, alegia.

Zentzu honetan, maiz, ikasmaterialak egokitu egin beharko dira. Kontua ez da beroriek sinplifikatzea, baizik eta berriro lantzea: edukiak ondo uler daitezen, lan horrek askotan edukiak laburrago adieraztea eskatuko du, baina beste batzuetan luzeago adieraztea, edo beste era batez antolatzea. Testuak sinplifikatzen direnean, ordea, hizkuntza artifiziala sortzeko arriskua dago.

5.- Ikasleak gure alfabetoan irakurtzen eta idazten ez badaki, ez dago zertan itxaron haurrak ahozko hizkuntzaren oinarriak jaso arte. Kode idatzia irakasteko eta ikasteko prozesuak berak negoziazio handia behar du, eta ahozko hizkuntza ikasteko testuinguru ederra izan daiteke. Hala ere, ez da ahaztu behar:

a) kodea berez ez dela ezer, ez bada mezuak bideratzeko tresna;

b) idazketa kodea eduki interesgarriak bideratzen dituenean ikasten dela hobekien, bere funtzio sozialari estuki lotuta, hain zuzen;

c) hizkuntza idatziak eskatzen dituen ezagutzak –genero bakoitza eta berau idazteko antolamendua, hartzaile bakoitzaren trataerari dagozkion arau sozialak, hiztegia, sintaxia, ortografia, etab.– benetako funtzioetan erabiliz ikasten eta irakasten direla hobekien. Hau da, letren eta soinuen arteko harremanak modu luzez irakasten ibili beharrean, bide interesgarriagoa izan daiteke, adibidez, ikaslearen eta ikaskideen izenetatik hastea, ohar txikiak, eskolako lehen ezagutzak eta bizitza sozialean erabiltzen diren oinarrizko testuak irakurtzen eta idazten ikastea; horrela, ikasleak lehen mementotik jakingo du ikasten ari den hizkuntza idatziarekin zerbait egiten.

 

Amaitzeko...

Batek baino gehiagok pentsa dezake dokumentu honek ez duela gauza berri askorik proposatzen, eta hala da. Izan ere, hemen azaldutako printzipio didaktikoak hizkuntzen i(ra)kaskuntzaren oinarriak dira, eta ikasle guztiekin dira baliagarriak. Etorkinen seme-alaben kasuan, ezinbestekoak dira